AOZARAZA ikastetxea, Oñati: Literatura bizitzeko modu bat

2004-01-01
 
 
"Irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko asmoz"

Sarri, komunikabideetan zabaldu izan da gazteek ez dutela behar adina irakurtzen, gero eta gutxiago hartzen dutela liburu bat eskuetan. Gainera inkesta guztiek adierazten duten legera, errealitate gordina dugu: adin honetara iritsirik, irakurtzen duten gazteek gaztelaniaz irakurtzeko joera bereganatzen dutela. Erakundeek (udalek, foru aldundiek, Eusko Jaurlaritzak, eta abar), arazo horretaz kezkaturik, irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko eta sustatzeko kanpainak bideratu izan dituzte; hobeto edo okerrago, ekinaldi guztiak ontzat jo behar dira, beti arazo bati aurre egiteko sortuak izan direlako; alegia, irakurtzeko zaletasunaren harra gazteen artean pizteko. Eragozpen bakarra zera litzateke: kanpainetan gastatzen den diru kopurua handia denez, kudeatzailei zaila izan zaiela emaitza egokiak lortzea kualitatiboki eta kuantitatiboki; hau da, irakurleen zenbatekoa gehitzea kuantitatiboki, eta irakurtzen denaren kalitatea eta irakurle berriei eusteko ahaleginak eta ekinaldiak kanpaina emankorretan burutzea.

Irakurleak behar dira, ez pare bat soilik, zenbat eta gehiago hobeto. Baina, irakurleen kopurua "hazteko", aldez aurretik ondo ezagutu behar dugu irakurlea: adin guztietan zer kezka dituen, gizarteak eta komunikabideek egiten dizkioten eskaintzak zein diren, ikastetxeetan irakurtzeko zaletasunari buruz ikasle-irakasleen artean egiten den lanaren nolakotasuna, arazo horri aurre egiteko sakonetik ganoraz "hezten" ote dugun/ditugun gure balizko irakurlea/ak...

Erakundeei, kudeatzaileei, kanpainei, irakurlearen nolakotasunari eta irakurtzeko zaletasuna sustatzeko egiten ditugun ahaleginei gaineratzen badiegu gizartean balizko irakurleek eta irakurle konbentzituek hartuta dauzkaten hainbat ohitura aldrebes (liburuak ez erosteko joera, liburuak fotokopiatzeko joera makurra, hitzaldietan, ekitaldietan eta emanaldietan idazlea ezagutzeko galtzen ditugun aukerak), aurrez aurre dugun ikusmira ez da oso itxurosoa. Baina, lehen esan bezala, arazoak beti irtenbide eta hausnarketa bide izateko sortuak izan dira. Esate baterako, zenbait erakundetan -Euskal Idazleen Elkartean, esaterako- idazlea beste gizakien artean gizaki urrun eta berezia ez dela erakusteko programa berezi bat bultzatu eta bideratu izan dute ikastetxeetan. Idazleak ordu eta erdian gutxi gorabehera burututako ekinalditxoan bere bizitzaren, obraren, literatur tankeraren, eta pasadizo eta bitxikerien berri eman izan die ikasleei eta horiek, konfiantza hartuz, galderak egin idazleari. Modu dinamiko eta bizi horren bidez, idazlea hurbilagotik ezagutzeko aukera izaten dute ikasle-irakasleek ikastetxeetan.

Horrelako ekimenak oparoak gerta litezke baldin eta ikasle-irakasleek liburuaren egilearen bizitzari buruzko zertzeladak eta liburuak modu intentsiboan irakurri izan badituzte eta gelan landurikoa era aktiboan egin izan bada. Lan horrexek, behar bezala burutzeko, denbora, gogoa eta ardura eskatzen du (ikasle-irakasleen eskutik, jakina).

Lan hau hainbat beharri aurre egiteko sortu da. Batetik, irakurtzeko zaletasunaren txinparta piztu eta bere garra areagotzeko beharrari. Bestetik, irakurtzearen ondorioz idazlearen obra, idazlea bera eta bere herria ezagutzeko premiari. Gogoan izan behar dugu idazlea inor bada, ez dela bakarrik bera delako, bere herriari eta jaio eta hazten ikusi duen inguru eta herritar horiei esker ere badela. Ondotxo azaltzen zuen hori Bitoriano Gandiagak bere Hiru gizon bakarka liburuan (40. or.):

Orpo herririk gabe/ ez dago gizonik

Idazlea ezagutzea ez da nahikoa, ingurua usaintzea, behatzea, aztertzea eta Joxan Artzek bere"Baztan" olerkian zioenez, "Baztan izatea" lortu behar dugu, xede aberats hori geure ikasleongan haragiarazteko. Hori erdietsiz, ikasleek gizartearen amaraun zabalean ikuspegi kritikoa garatzen ikasiko lukete eta gizarteak (herriak) proposatzen dituen ekimenetan parte-hartzaile aktibo izateko oinkadak ere urratuko lituzkete.

Abentura erakargarri honen arrakasta eta porrota gurea da, hezitzaileona. Baina, hezitzaile hitzaz aritzean zentzu zabalean ari naiz, hezitzaileak guztiok baikara ikasle bati, herritar den ikasleari, ahalmen fisikoak eta intelektualak garatzen laguntzen eta gizabidea erakusten ari garen unetik. Hezitzaileok hor dugu benetako erronka, ikasleek Batxilergoan beren autonomia sendotu behar dute eta izan ditzaketen arazoak (beldurrak, lotsak ...) gainditzen lagundu behar diegu, sormenaz gero eta gehiago baliatzeko, lozorroan duten sentiberatasuna ernarazteko. Sentiberatasun hori lozorroagotzen badugu eta behar diren baliabideak jartzen ez baditugu, zertan ari gara esaten gaurko gazteek ez dutela inongo kultur ekitalditan esku hartzen? Tiriki-taukika etsipen kolpez eta ukaldika lantzen bazuen Oteizak harria, gure ekimen honetan borondate berbera erakutsi behar, emaitza antzurik lortu nahi ez badugu. Zer nahi dugu, herri bateko gazteak norbait izatea eta herri horri norbait herri deitzea ala egun, telezabor-jakiz elikatutako gazte ziztrinak izatea ?







Olerkia



Bazen Xherrian Xgizona.

Xgizona Xherrian Xgizon beste-

rik ez zen.

Xgizonak lan egin zuen,

ta Xgizona

Norbait gizona bihurtu zen.

Gaur NORBAIT da.

ETA

kanpoko jendeak dio,

Xherriak Xherri iraungo zuela

NORBAITgizona barik,

ta NORBAlTgizonari esker

Xherria, NOR.BAITherri bihur-

tu dela,

NORBAlTgizonagatik.

ETA

gaur,

Xherria NORBAITherria dela

NORBAlTgizonaren herRi dela-

kotz.



AHAZTUAZ

Xherririk gabe

NORBAITgizona

Xgizona besterik ez zela izango.

(B . Gandiaga, Hiru gizon bakarka, 33. or)







Esperientziaren nondik norakoak



Duela bost urte "Kultur jardunak" prozesua jarri zuten abian Oñatiko Mikel Aozaraza ikastetxean. Prozesu haren xedea zera zen: ikasleek gela barruan ikasten dutenaren erabilgarritasuna egiaztatzea eta balioestea, beren autoestimua hobetuz ikasteko gogoa piztea eta areagotzea, kultur eragile aktiboak izan daitezkeela erakustea eta izan daitezen trebatzea.

Zentzu horretan, hainbat ekimen egin dituzte, eta iazko ikasturtean euskal literaturaren eta irakurtzeko zaletasunaren munduan murgildu ziren 17 urteko 36 gazte.

"Euskal literaturaz blai. Irakurzaletasuna sustatuz" izenez bataiatu zuten prozesuak hainbat fase izan zituen. Hasteko, literatur euskalkiak landu zituzten. Herriko euskalkitik abiatu ziren, hots, oñatiarrek erabiltzen zuten azpieuskalkia nolakoa zen aztertzeari ekin zioten. Horrela, ikasleek beraiek hitz egiten zuten hizkera ikertu zuten. Ondoren, literatur euskalkiak behatzen hasi ziren, alegia, bizkaiera, gipuzkera, lapurtera eta zuberera. Euskalki bakoitzaren ezaugarriak ikusiz, Euskaltzaindiak argitaratutako hizkuntza atlasetik Euskal Herriko hainbat herritako testuak aztertzen aritu ziren. Lan honen ostean, ondorio bat atera zuten ikasleek: hizkuntza bera hitz egin arren, hainbat adar dituela, (euskalkiak) eta baita adarñoak ere (azpieuskalkiak). Beraz, Axularrek zioena frogatu ahal izan zuten; hau da, mendez mende aldaketak gertatu arren, hizkuntzak dituen euskalkietan hitz horiek bizi-bizirik dirautela:

"Zeren anhitz moldez ea diferentki mintzatzen baitira euskal herrian. (...) Batak erraiten du behatzea eta bertzeak so egitea. Batak aserretzea, bertzeak samurtzea. Batak ilkitzea, bertzeak ialgitea".(Axular, Gero, 16. or.)

Bigarren ebaluazioan testu motak landu zituzten. Ikastetxean bertan sortutako testuak eta beraiek sortzen zituztenak hainbat helbururekin egindakoak zirela ohartu ziren. Andoni Salamero irakasleak halaxe baieztatzen du: "Administrazioko eta kazetaritzako hainbat testu aztertu genituen. Eta testuak iruzkintzen ere jardun ginen, eta ez azaletik, sakonean eta dinamikoki baizik. Esate baterako, etxean egindako iruzkinak ikasle batek gidatzen zituen gelan, eta era berean, beste bik hark izandako hutsuneak edo gabeziak argitzen zituzten. Gelan geunden besteok hiru ikasleek egindako lana biribiltzen genuen bakoitzak ekarpenak eginez". Modu horretan, arreta ikasleengan zentratzen zen eta irakaslearen presentzia gutxitu egiten zen, behatzaile bihurtuz eta esaten ziren gauza egokiak eta desegokiak idatziz.

"Eta era berean, XVI. mendetik hasita XXI. mendera arte gure euskararen euskalkiak, lore preziatu horiek, gorde izan dituzten lorezainak ere egon zirela eta badirela konturatu ginen. Garai horietan hitz lauz idatzi izan duten hainbat eta hainbat idazleri buruz ari naiz. Idazle horiek egindako lanari esker, ohartu ginen euskalkiak doitu, itxuratu eta aberastu egin zirela" gaineratzen du Andonik.

Hirugarren ebaluazioan aurreko bi ebaluazioetan ikasitakoa lan batean bildu zuten. Beste modu batera esanda, teorian ikasitakoa praktikan jarri zuten. Lauko taldetan banaturik, talde bakoitzak gustuko zuen idazle bat aukeratu zuen eta bere hainbat liburu aukeratu ere bai irakurtzeko. Aukeratutako idazleen artean zeuden Andoni Egaña, Jose Mari Velez Mendizabal, Ramon Saizarbitoria, Juan Martin Elexpuru, Jon Sarasua, Joxean Sagastizabal, Juan Luis Zabala eta Fernando Morillo. Horien inguruan egindako lanak hainbat zati izan zituen:

- Idazlearen bibliografia aztertu zuten Interneten eta entziklopedietan eta liburuak irakurri eta aztertu ere bai.

- Jasotako informazioaz eta irakurritakoaz baliatuz, elkarrizketa prestatu zuten eta baita egin ere idazlearekin aurrez geldituta. Elkarrizketa guztiak zintaz edo bideoz grabatuta gelditu ziren.

- Elkarrizketa egunean idazlearen herria bisitatu zuten. Aldez aurretik herriari buruzko informazioa jaso zuten Interneten, entziklopedietan, udaletxean, herriko erakundeetan, eta abar. Horrekin batera, herriari buruzko erreportaia bat egiteko datuak eta bitxikeriak jaso behar zituzten, herrira bertara joan zirela aprobetxatuz. Elkarrizketatuari bere herriko gustuko txokoei buruz ere galdetu zioten eta horietara ere hurbildu ziren. Noski, desberdina da informazio bulegoetatik jasotako datuekin bisitatzea herria edota idazlearen eta bere liburuen erreferentziak gogoan izanik ezagutzea.

- Herriaren inguruko gida bat egin zuten.

- Lanari buruzko albistea idatzi zuten.

- Lana gainerako ikasleen aurrean aurkeztu zuten.

- Ondoren idazleen herrietara joateko txangoa prestatu zuten eta zehazki hiru herritara joan ziren: Azkoitira, Zarautzera eta Donostiara. Juan Luis Zabalarekin, Andoni Egaña eta Ramon Saizarbitoria landu zituzten, hurrenez hurren.

- Txangoa egin ondoren, egunaren inguruko bizipenak, sentipenak eta esperientzia txosten batean bildu zituzten.



Zer lortu zuten esperientzia horrekin?

Lan horrekin bi gauza lortu zituztela baieztatu digu irakasleak. Bata euskara kontzienteki, ahoz zein idatziz, erabiltzea harreman guztietan (erakundeekin, idazleekin, taldekideekin...), eta ondorioz, bizi eta biziaraztea. Eta bestea, idazlearen lanak irakurriz, jaio eta bizi izan zuena ezagutzea eta idazlearen beraren izaera hurbiletik aztertzea.

Nolanahi ere, helburu nagusi bi horiez gain, ikasleek beste hainbat gauza ikasi zituzten. Esate baterako, erakunde administratiboekin harremanetan jarriz, egin beharreko eskaerak bideratzen ikasi zuten, hizkuntza administratiboaren eta literarioaren desberdintasunak gogoan izanez. Era berean, kalean entzungo dituzten euskalkietan erreparatzen eta hizkuntza beraren zati direla jakinik estimatzen eta preziatzen ere ikasi zuten. Idazleari dagokionez, haren jaioterria eta gustuko txokoak ezagutzerakoan egungo giroa eta idazleak bizi izan zuen garaia aztertu zituzten. Txokoak, pertsonekin bizitako uneak, ametsak eta sentimenduak, idazten ari garen liburu baten zati direla edo lehen beste batzuentzat hala izan zirela jabetu ziren. Azken finean, liburuek eskaintzen dizkiguten leiho anitzetan bezala, guk ere geure mundu propioak sortzen ditugula ikasi zuten, leiho horiek norberak irekiz, barruko munduak gozatuz eta ireki dituzten beste hainbat pertsonarekin esperientzia aberats horiek partekatuz. •