Hezkuntza sistemen trukea: Euskal Herria eta jatorrizko herriak
Hango eta hemengo hezkuntza sistemak ezagutuz
Goizean hezkuntza sistemen aurkezpenei eta horien azalpen saioei egin zitzaien leku.
Euskal Herriko hezkuntza esparruko ordezkari bezala Endika Rodriguez euskal hezkuntza esparruko adituak eta STEE-EILAS sindikatuko batzorde nazionaleko kideak hitz egin zuen. Endikak bere jarduna zazpi ataletan banatu zuen: Euskal Herriko hezkuntza sistema kokatu; euskal hezkuntza sisteman parte hartzen duten hizkuntzak eta horien balioa komunitate bakoitzean (EAEn, Nafarroan eta Iparraldean); hezkidetza; ikasgelako ohiturak, dinamikak...; zein ikasgai lehenesten dira?; hezkuntza komunitatea nork osatzen dute?; eta bukatzeko, aisialdia. Saioa gure hezkuntza sistema ezagutzen ez zuten etorkinei begira aurkeztu zuen.
Kolonbiako hezkuntza esparruko ordezkari bezala Daniel Ruiz Ortiz Kolonbiako Unibertsitate Librean Hezkuntza Zientzietan lizentziatua etorri zen. Danielek hainbat gai ukitu eta azaldu zituen: Kolonbiako hezkuntzaren helburuak, hezkuntza formala, hezkuntza formalaren mailak, hango hezkuntza sistemaren egitura, derrigorrezko eta oinarrizko arloak, eskola gobernua eta aisia eta astialdiaren garrantzia Kolonbiako hezkuntza sisteman... Bere esanetan, Kolonbiako hezkuntza sisteman kultura eta hizkuntza aniztasunaren lanketak, giza balioek, ingurumenaren lanketak eta arte plastikoek berebiziko garrantzia dute. Horrek lotura zuzena dauka Kolonbiak bizi duen errealitate kultural, ekonomiko eta politikoarekin. Hezkuntza publikoa Lehen Hezkuntzara arte baino ez da ematen, horrek biztanleriaren gehiengoari, arrazoi ekonomikoak bide, ikasten jarraitzea galarazten diolarik. Indigenen kulturak eta hizkuntzek hezkuntzan duten lekuaren inguruan ere aritu zen. Gaur egun, indigenek beraien hezkuntza sistema propioa dute, bertako irakasleak indigenak direlarik.
Ostean, Marokoko hezkuntza esparruko ordezkari Moha Aalla aritu zen. Marokoko hezkuntza esparruko aditua da eta Bizkaiko hainbat eskoletan bitartekari ere bai haur marokiarrekin. Berak, lehendabizi, Marokoko hezkuntza sistemaren historia azaldu zuen, bukaeran, gaur egungora iristeko. Gaur egun, Marokon, derrigorrezko hezkuntza 7 urtetik 13ra mugatzen da. Neskek, oro har, adin horrekin uzten dituzte ikasketak eta mutilek, etxean dirua baldin badago, Bigarren Hezkuntza egiten jarraitzen dute. Hala ere, desberdintasun handiak daude Marokoko lurralde batetik bestera haurren eskolatze mailari begira, beti, kaltetuenak Saharako haurrak direlarik. Hezkuntza sistemako hizkuntza ofiziala arabiar klasikoa da. Bigarren hizkuntza bezala, 8 urtetik aurrera frantsesa erakusten da, eta 15-16 urte ingururekin, hirugarren hizkuntza, ingelesa. Ikasgai garrantzitsuenak historia, geografia, matematika, etika, hezkuntza nazionala, arabiar hizkuntza eta islamiar erlijioa dira. Hezkuntza fisikoak eta aisialdiak ez dute garrantzirik. Irakaskuntzaren didaktika memoriaren lanketan baino ez da oinarritzen; horregatik, haur marokoarrei nekeza egiten zaie talde dinamikan lan egitea, ikasgelan parte hartzea, logikazko ariketak egitea... Gurasoen parte-hartzea ikastetxean hutsaren hurrengoa da. Bereber hizkuntzari dagokionez, aurten, lehen aldiz, bigarren hizkuntza bezala sartu dute hezkuntza sisteman, baina gehiengoa bereber hizkuntzaz mintzo den eskualdeetan soilik.
Bukatzeko, Franss Conde Hinojosa Ekuadorreko Unibertsitate zentralean Arte plastikoetan lizentziatuak, idazleak eta poetak hartu zuen hitza. Franssek Ekuadorreko hezkuntza sistemaren inguruan hitz egin zuen, bere esperientzia propioan oinarrituz.
Esperientzia zehatzak
Goizaren bigarren eta azken saioan trukeekin jarraitzeko, batetik, Euskal Herrian aurrera eramaten ari diren bi proiektu aurkeztu ziren: Donostiako Intxaurrondo ikastolaren esperientzia:"Balioetan heztea" eta Zumarraga-Urretxuko esperientzia:"Etorkinentzat euskarazko errefortzu saioak"; eta bestetik,"Brasil: kultur aniztasuna irakatsi ala aniztasunean bizi?"esperientzia.
Intxaurrondo ikastolaren esperientzia,"Balioetan heztea", Jon Ibarzabal Ondarrak eta Maite Berzosa Urretabizkaiak aurkeztu zuten. Proiektua elkartasuna eta garapenerako hezkuntza lantzeko da. Sentsibilizazio lana egin nahi da hezkuntza komunitate osoarekin. Bost helburu nagusi dituzte:
1. Garapenaren aldeko hezkuntza gauzatzea eta ikastetxeko hezkuntza proiektuaren barruan aipatzen diren helburuetan eta edukietan zehaztea.
2. Adierazpen askatasunean, arduren bereganatzean, ezadostasunak adosteko bide bezala elkarrizketa erabiltzean, injustizi egoerak kritikatzean, eta giza taldeen artean sortzen den aniztasunaren aurrean errespetuzko jarrerak bultzatzean oinarritutako hezkuntza garatzea.
3. Kulturen arteko harremanak sendotzea eta aberastea, eta harreman horien lanketaren bidez hainbat herrialdetako egoerak ezagutzea, aztertzea eta elkartasuna bultzatzea.
4. Belaunaldien arteko harremanak garatzea, desberdintasunak eta errespetua landuz.
5. Sentsibilizazio prozesuan era sistematiko eta aktibo batez aurrerapausoak ematea gurasoak, irakasleak eta auzokideak inplikatuz. Proiektu honen hartzaileak Intxaurrondo ikastolako ikasleak, irakasleak zein gurasoak, senidetuta dauden eskolako kideak eta auzokideak dira.
Zumarraga-Urretxuko esperientzia,"Etorkinentzat euskarazko errefortzu saioak" , aisialdian aditu eta egitasmo honen koordinatzaile Nerea Alustizak aurkeztu zuen. 2003ko urtarriletik ekainera eta 2003ko urritik 2004ko maiatzera bitartean udalerri horietan haur etorkinen integrazio kulturalari nahiz linguistikoari begira aisialdi proiektu bat jarri zen martxan. Aisialdi proiektu horretan 30 bat haur etorkinek parte hartzen dute hiru taldetan banaturik: 6-8 urte bitarteko haurrak; 9-11 urte bitartekoak; eta 12-15 urte bitartekoak (16 urtetik gorako haurrak Urretxuko udal euskaltegira joaten dira). Proiektu horrek hiru xede nagusi ditu: Euskal Herria ezagutzea; euskal kulturaren hurbilketa egitea; eta haur nahiz guraso etorkinek euskara eta euskal kulturarekiko jarrera positiboa izan dezaten lortzea. Aisialdi proiektu hori lantegi, jolas, bideo... bidez gauzatzen da, ahozko erabilera sustatu nahi delarik.
Jarraian Diana Ramos de Oliveirak"Kultur aniztasuna irakatsi ala aniztasunean bizi?" NBEk bultzatutako eta Brasilgo Gobernuak sustatutako esperientzia azaldu zuen. Brasilen gaur egun 210 etnia indigena baino gehiago bizi dira elkarrekin. Bakoitzak bere nortasuna du, aniztasun soziokultural aberatsa sortzen duelarik horrek. Era berean, afrikarren ondorengoek osatutako biztanleria itzela dago, bakoitza bere kultura eta erlijio tradizioarekin. Errealitate hori kontuan izanda, proiektu honekin, bai ikastetxeetan, bai aisialdi taldeetan, kultura eta hizkuntza aniztasuna dantza, abesti, kirol... bidez lantzen dute haurrekin. Izan ere, proiektu honen zuzendarien aburuz, kultur aniztasunaren haurrean jarrera positiboa izateko, batez ere, bizi eta gozatu egin behar da aniztasunean.
Proposamen ugari atera dira
Arratsaldeko saioa"Hezkuntzaren esparruan: erronkak, proposamenak eta planteamenduak" izendatu zen. Bertan hiru lan talde egin ziren:
1.- Unitate didaktikoen azterketa eta horien egokitzapenari buruzko planteamenduak.
2.- Sentsibilizazio eta matrikulazio kanpaina bateratua egiteko planteamendua.
3.- Sentsibilizazio jarduera baten sorrera eskolaren eremurako.
Bukaeran, lan taldeetan egindako proposamenen aurkezpena eta berauen arteko osagarritasunaren inguruan hitz egin zen.
1. Unitate didaktikoen azterketa eta horien egokitzapenari buruzko planteamenduak
Kulturen arteko elkarbizitza lantzeko material erabilgarria nonahi badagoela nabarmendu zen tailer honetan eta ez dela lehentasunezkoa material berria sortzea, baizik eta dagoena era dispertsatu batean biltzea eta gurera egokitzea.
Gai horien inguruan irakasleei formazioa ematearen eta areagotzearen premia ere nabarmendu zen.
Hortaz, sortua dagoen materiala bildu, bildutakoa sailkatu eta ikastetxe bakoitzeko errealitatera egokitu beharra ikusi zen.
Sor daitezkeen lanak eta ekimenak lehendik martxan dauden xede berbereko egitasmoetan txertatu beharko liratekeela esan zuten bildutakoek; hau da, hik hasi aldizkariko eta Ulibarri proiektuko dinamikan txertatzea proposatu zuten.
2. Sentsibilizazio eta matrikulazio kanpaina bateratua egiteko planteamendua
Lan talde honen zio nagusia etorkinei zuzendutako matrikulazio kanpaina gorpuztuko duen lan taldea eratzea izan zen. Bertatik, besteak beste, ondorengo ondorioak eta proposamenak atera ziren:
- Matrikulazio kanpaina etorkinen haurren matrikulazio joeretan kokatu behar da, A ereduan matrikulatzeko joeran, hain zuzen ere.
- Eraginkorra izan dadin, baditu data jakin batzuk: otsaila eta martxoa.
- Kanpaina honi begira, ikusten diren beharrak, batez ere, ondorengo hauek dira: 1. Etorkinentzako ezezaguna den informazio bat bideratzeko premia (hezkuntza ereduen inguruan batik bat). 2. Zeregin honetan etorkinen elkarteekin elkarlanean aritzeko beharra, jasotzaileekiko komunikazio emankorra lortzeko. 3. Ahalegin honetan, eskola bakoitzeko hezkuntza komunitatea osatzen duten partaide guztien inplikazioaren beharra.
3. Sentsibilizazio jarduera baten sorrera eskolaren eremurako
Tailer honetan atera ziren ondorioak eta aurrera begira egin beharrekoak, besteak beste, ondorengo hauek dira:
- Eskolaren eremuan dauden kultura anitzen ezagutza eza handia da; hezkuntza komunitateko eragileen artean, elkarlanean aritzeko kontzientziarik ez dago; heterogeneotasunaren garrantzia lantzeko ez dago ezer;... Errealitate hori aldatzeko kanpaina bat antolatzea proposatu zuten.
- Elkarren arteko ezagutza ezaren oinarrian, elkarbizitzarako zubiak eraiki behar dira, elkarrekiko informazioan eta motibazioan oinarrituak.
- Ikastetxeko Proiektu Kurrikularraren barruan, aipaturiko alderdiak sartu beharko lirateke.
- Etorkinei zuzendutako harrera plan egokirik ez dago. Ondorioz, tokian tokiko harrera planak egitea proposatu zen.
- Alderdi horiek lantzeko beharrezkoak diren giza balabideen eta materialen gabezia dago. •
Oharra: Topaketa honen inguruko informazio gehiago nahi duenak, dei dezala Joxemi Zumalabe Fundaziora:943 275 561