Muga guztien gainetik... euskaraz! ARANGOITI ikastola, Irunberri. Elkartasunaren ikastola

2004-01-01
Orain arte Irunberriko arroileko saiek biologoen, ornitologoen eta zaleen arreta erakarri izan badute ere, aurten euskaldun guztiona bereganatu du Arangoiti ikastolakoak. "Harriz herri, Irunberri" leloarekin irrifarrez agertu zitzaigun iazko urte hasieran Nafarroa Oinezeko jaia iragarriz. Zoritxarreko eguraldiaren festa eguna bertan behera gelditu eta gero, "euroak euri, eutsi ametsari" esanez laguntza eskatu zigun.

Euskal Herri osotik Irunberrira ailegatutako euroei esker Arangoiti ikastolak eraikin berria egin ahal izango du.

Baina ikastola eraikina baino zerbait gehiago da. Proiektu pedagogiko sendoa, irakasle saiatuak, guraso langileak eta ikasle gogotsuak dituen ikastola da. Txikia izan arren, badu zer erakutsia. Inplikazioa eta partaidetza azken muturreraino eramaten dituzte, eta eskola eredugarria da horretan.
 
 
Iazko Nafarroa Oinezek uste baino oihartzun handiagoa izan zuen komunikabideetan eta jendearen artean. Urteetan gogoratuko dugu eguraldi txarrarengatik bertan behera gelditu zen festa eguna, eta baita ondoren jendeak eman zion laguntza ere.

Baina Arangoiti ikastola ez zen egun horretan ireki. 24 urteko ibilbidea egina zuen ordurako, eta oraindik ere aurrera jarraitzen du. Urteen poderioz, sendotuz eta haziz joan den ikastola da. 1980. urtean sortu zen zazpi ikaslerekin. Bi urte beranduago herriko ikasleen %20 joaten zen bertara, eta gaur egun, aldiz, %80. 2 eta 12 urte bitarteko 120-130 haur inguru daude Irunberrin, eta horietatik 88 ikastolan dabiltza.

Herrian bada eraikin berria eta egokia duen eskola publikoa, baina jendeak ikastolaren aldeko apustua egin du. Zergatik? Euskararen alde daudelako, bertako langileen inplikazioa handia delako eta horrek animatu egiten dituelako, herriari begira ekitaldi ugari egiten dituztelako, eta azken finean, ikastolako proiektuan sinesten dutelako.



Ikastolako proiektuaren berezitasunak

Ikastolan egiten den lanak eta lana egiteko moduak erakartzen ditu gurasoak ikastolara, dudarik gabe. Nora Uribetxeberria zuzendariak dioenez, "erabiltzen dugun metodologia oso aktiboa da. Haurrek aktiboki hartzen dute parte ikas prozesuan". Orain dela urte batzuk eleanitz proiektuan sartu ziren, eta ingelesaren ezarpen goiztiarrak ere erakartzen ditu gurasoak. "Musikari eta dantzari ematen diogun garrantzia ere balioesten dute. Urtero joaten gara haur kantari txapelketara. Dantza eta txistu taldea ere baditugu, eta urtero egiten dugu dantza emanaldi bat herrian".



Gurasoak dira zutabe

Arangoiti ikastolako gurasoek ikastolan zuzeneko partaidetza dute. Denek egiten dute zerbait, batean ez bada bestean. Eta erabakiak ere beraiek hartzen dituzte. Ikastola kooperatiba bat denez, erabakiak asanbladan hartzen dituzte. Norak dioenez, "familia baten moduan funtzionatzen du ikastolak; gurasoek zer egiten den ikusten dute, eta elkarreragin handia dago".

Ikastola txikia izateak gurasoen partaidetza erraztu egiten duela uste du zuzendariak. "Zenbat eta jende gehiago egon, zaildu egiten da inplikazioa lortzea, eta partaidetza ziurtatzea ere bai. Zeren jendeak gaur egun mila gauza ditu. Hemen ere gertatzen zaigu hori. Askotan esan izan dugu ez dakigula zenbat eskatzen diegun gurasoei, bakoitzak bere lanak eta gauzak baititu. Eta hala ere batzordeetan sartuta daude". Azken bi urteetan, Nafarroa Oinezen antolaketa zela eta, buru belarri aritu dira lanean, denak. "Ezin ziren etxean geratu".



Pedagogia Batzordean gurasoak ere bai

Gurasoek hainbat batzordetan hartzen dute parte: ekonomia, mantenua, pedagogia, erlazio instituzionalak eta ekitaldiak.

Pedagogia batzordearen bitartez, gela barruan egiten dutenaren nondik-norakoak erabaki ditzakete irakasleekin batera. Norak azaltzen digunez, "batzorde horretan egin genuen azken lana ikastetxeko hezkuntza proiektua birpasatzea izan zen. Ondoren, asanbladan aurkeztu zen, gurasoek ikastolako filosofia zein zen jakin zezaten".

Irakasleen klaustroan proiektu kurrikularra lantzen ari zirenean ere, batzorde horretan zenbait puntu eztabaidatu zituzten.

Hurrengo lana balioen gaiari heltzea izango da. "Beti kezkatzen gaituen gaia da", dio Norak. "Hezkuntza proiektuan zehaztuta daude zein balio landu nahi ditugun: norberarekiko errespetua, besteekiko errespetua, naturarekiko errespetua... Baina zertan zehaztu eta nola transmititu hori gurasoek aktiboki parte har dezaten? Horrek kezkatzen gaitu. Zeren, askotan tutoretzan lantzen dira balioak, baina gurasoen lana ere ezinbestekoa da". Nahiz eta oraindik dena zehaztu gabe eduki, puntu konkretu batzuen inguruan halako txantiloi edo eredu batzuk banatuko dituzte gurasoen artean euren iritzia jasotzeko. "Horrekin gurasoek zer balio transmititu nahi dituzten jakin nahi dugu, zein diren garrantzitsuak beraientzat, nola ulertzen duten transmisio hori, zein lan iruditzen zaien eskolak egin beharrekoa, zein den beraien edo familien lana... Hori guztia eztabaidatu nahi dugu elkarrekin. Nik uste dut gauza horiek guztiak bizirik egon behar dutela eta behin eta berriz birmoldatu behar direla, orain dela 10 urte egindako eta erabakitako gauzen berri ez baitaki sartu berri den gurasoak".



Herrian aldeko giroa, udaletxean ez

Irunberriko giroa ez da euskalduna, baina orain dela 24 urte ikastola abian jarri zutenak euskararen alde zeuden. AEKra guraso asko joaten dira egun, eta ikastolatik 12 urterekin ateratzen diren ikasleek Zangotzako ikastolan jarraitzen dute euskaraz ikasten. Ondoren, Batxilergoa euskaraz egin nahi baldin badute Iruñera joan behar dute. Iaz eta aurreko urtean atera ziren ikastolako ikasle guztiak Iruñean euskaraz ikasten jarraitzen dute, hots, ikasleen %100ak.

Herriko haur eskola ikastetxe publikoan baldin badago ere, asko dira han ibili ondoren 2 edo 3 urterekin ikastolara jotzen dutenak.

Urteetako lanaren ondorioz, herritarrek ikastolan egiten den lana ikusi dute, eta horrek aldeko jarrera eragin du. Udalaren jarrerak, ordea, berdin jarraitzen du: oztopoak jartzen. "Orain daukagun eraikin zaharra udalarena da" azaltzen du Norak. "Berogailuarentzako egurra eta argia ordaintzen ditu, eta kito, besterik ez. Argindarrararen potentzia gehiago ere ez digu jartzen". Udalaren jarrera argia dela dio ikastolako zuzendariak. "Ez da gure arazoa, esaten dute. Zuek nahi duzuelako zaudete hor".

Herritik kanpo ere txanponaren bi aldeak ikusten dira. Zonaldetik laguntza handia jaso zuten Nafarroa Oinezen antolaketarako, eta euskararen inguruan biltzen den jendea, sentsibilitatea eta gaitasuna badagoela ohartu ziren. Nafar Gobernuaren aldetik, ordea, guztiz kontrakoa.



2005erako legeztapena

Euskararen Legea egin zenean, Irunberri eremu ez euskaldunean gelditu zen. Horrek, eskola publikoan D eredua irekitzeko bidea itxi zuen. Ikastolako gurasoek euskarazko eta ikastolako ereduarekin jarraitu nahi zuten, baina printzipioz ezinezkoa zenez, legea aldatzeko saiakera egin zuten. "Lehendabizi D eredua eskatu nahi genuen, eta behin hori lortutakoan, ikastolaren ereduarekin jarraitzeko negoziatzea. Bagenekien utopikoa zela, baina probatzea erabaki zen" gogoratzen du Norak. "Partidu guztiekin elkartu ginen eta gaia Parlamentura iritsi zen, baina ez zen ezer lortu".

Hala ere, ikastolarekin aurrera egitea erabaki zuten. Beraz, Arangoiti ikastola alegala bihurtu zen, Bianakoa, Tuterakoa eta Sartaguda-Lodosakoa bezala. Ikastola horiek administrazioarentzat ez dira existitzen, eta beraz, ez dute diru laguntzarik jasotzen Hezkuntza Departamentutik, Hizkuntz Politikatik baizik. Eta aurten, hori ere nahiko lanekin.

Egoera horri irtenbidea emateko, Nafar Gobernuak esan du 2005ean legeztatuko dituela. Horretarako, ezinbestekoa da eraikinak legeak dioen baldintzak betetzea. "Beste hiru ikastoletako eraikinek baldintza horiek betetzen dituzte, baina gureak ez. Horregatik eraiki behar dugu ikastola berria, eta urtebete daukagu horretarako" dio Norak.

Dena dela, legeztapenak ez du esan nahi etorkizuna eta bideragarritasuna ziurtatuta dauzkatenik. Legeztapena zein baldintzatan egiten den ikusi behar da (ratioak, Heziketa Berezirako eta testu liburuetarako laguntzak, eta abar). "Bideragarritasunik gabe legeztatzen bagara ez dugu ezer lortzen. Legalak izango gara, baina bizitzeko dirurik ez baldin badugu...".

Edonola ere, Norak etorkizun osasuntsua ikusten dio ikastolari bideragarritasuna ziurtatuz gero.



"Eskerrak ematen jarraitzen dugu"

"Euroak euri, eutsi ametsari". Eta bai, Irunberriko haurrek ametsa egi bihurtuta ikusiko dute. Nafarroa Oinezen eguneko eguraldi txarraren ondorioz festa bertan behera gelditu zen. Malkoz busti ziren haurren, irakasleen eta gurasoen begiak. Bi urteko lana zapuztuta gelditu zen.

Hurrengo asteetan, ordea, uholdeak jarraitu zuen. Baina ez euri uholdeak, elkartasun uholdeak baizik. Euskal Herri guztitik jendeak euroak bidali zituen. Azkenean 1.500.000 euro lortu zituzten. Horietatik 420.000 euro urriaren 19ko kalteak ordaintzeko bideratu dituzte, eta beraz, ikastola berriarentzat 1.080.000 euro izango dituzte.

Hasieran eraikuntza egitea soilik pentsatzen zuten, baina lortutako diruarekin jolas lekua eta futbol zelaia egiteko aukera ere izango dute. Eta horrez gain, hasieran ikastola zaharreko mahaiak eta aulkiak eramatea pentsatzen bazuten ere, lortutako diruarekin agian historian lehenengo aldiz mahai eta aulki berriak estreinatuko dituzte.

"Benetan, eskerrak ematen jarraitzen dugu. Ez dakigu nola erantzungo diogun jaso dugun guztiari. Horrelako egoera berezian gertatu denez dena, ikastola ere egoera berezitik sortuko da. Elkartasunaren ikastola izango da". •