AUCOUTURIER, Bernard:

2004-01-01
Praktika psikomotrizitatearen aita da Bernard Aucouturier frantsesa. Euskal Herrian jarraitzaile asko ditu, Bergarako UNEDeko Psikomotrizitate Eskolaren inguruan mugitzen direnak, batik bat. Eskola horrek behin baino gehiagotan ekarri izan du Euskal Herrira, eta iaz ere Gasteizen azaroaren hasieran ospatu ziren jardunaldietan aritu zen.

Txikitatik giro pedagogiko irekian hezia izan zen. Aita irakaslea zuen eta antzerkia asko gustatzen zitzaiona. Freineten laguna zen, eta haren pedagogia jarraitzen zuen. Ama, berriz, ezkerreko militantea zen, gai sozialekin oso konprometitua zegoena eta politikan murgildua zebilena. Giro horretan, gurasoek inoiz ez zuten behartu eskolara joatea, eta nahi zuenean joaten zen.

Haur eskoletan asko ibilia da eta urte askotako eskamentua du. Arlo teorikoan zein praktikoan jarduna da. Liburu berri bat argitaratzekoa da laster: Praktika psikomotrizitatean soilik zentratu gabe, haurraz, pedagogiaz eta hezitzaileen jarreraz asko hitz egiten du liburuan. Grau argitaletxeak jarriko du gure eskuetan gutxi barru.
 
 
Zer da zuretzat psikomotrizitatea?

Modurik sinpleenean esanda, mugimenduaren eta psikismoaren arteko erlazioa azaltzen duen terminoa. Haurraren kasuan, termino horrek agerian jartzen du haurraren garapen psikologikoan mugimenduak duen garrantzia. Hau da, psikomotrizitateak gorputzaren mugimenduaren bidezko haurraren garapenean jartzen du arreta. Haurraren garapen psikologikoa gorputzaren mugimenduaren bitartez ematen da. Gorputzaren bitartez, baina kanpoko munduarekin harremanetan.



Nolako eboluzioa izan du psikomotrizitateak bere sorreratik gaur egun arte?

Eboluzio interesgarria egon da. Eta eboluzio hori, nahitaez, 68ko maiatzetik pasatzen da. Garai hartan adierazpen askatasuna maila guztietan egon zen, baina askatasun hori pixkanaka murriztu egin da. Nahiz eta gaur egun ideia zoragarri haiek oraindik egon badauden, buruan soilik gelditu zaizkigu, ez praktikan, ez eguneroko bizitzan. Ez dute aplikazio praktikorik gure egunerokoan.

Oso zaila da berrikuntza pedagogikoa gauzatzea. Aurrerapausoak eman genituen, baina gero gelditu eta atzeraka joan gara. Begira Frantzian zer egin zuten instituzio freinetiarrarekin. Freinet formazio ofizialak errekuperatu du, eta haren filosofia eta pedagogia desegin ditu. Egun ez da existitzen.

Freineten pedagogiak bazituen berrikusi eta aldatu beharreko gauzak, baina gauza da filosofia desagertu dela. Jada ez dago mugimendu pedagogikorik Frantzian.



Zenbat baliosten da psikomotrizitatea gaur egun?

Uste dut gaur egun ez zaiola behar adinako garrantzirik ematen gorputzaren mugimenduaren bidezko garapen psikologikoari. Ez da kezka pedagogikoaren ardatz. Egun ezagutza kognitiboari garrantzi handiagoa ematen zaio. Nire irudiko, gehiegi baliosten da alderdi kognitiboa eta emozioekin, jolasarekin, ekintzarekin zerikusia duen oro mugatzen du. Eta sarritan ez gara ohartzen arlo kognitiboa gorputzarekin eta kanpoko munduarekin dugun harremanaren bitartez garatzen dela. Haurrak duen lehen ezagutza ez da kognitiboa, korporala baizik.

Presioak daude gurasoen eta instituzioen aldetik haurra ahal den azkarren irits dadin gizaki kognitibo eta afekturik gabekoa izatera.



Zergatik uste duzu ez zaiola garrantzi handiagoa ematen?

Lehendabizi, mundu arrazional batean gaudelako. Bertan, haurrak berehala bihurtu behar dira heldu. Segituan pentsatu eta jokatu behar du heldu batek bezala. Ahaztu egiten dugu haurrak bere benetakotasun eta berezitasun propioa duela eta ez duela helduarenarekin zerikusirik. Haurraren heldutze bat dago. Jakina haurrak heldu bat behar duela garatzeko, baina ez diezaiola presarik sartu.

Haurraren originaltasunari dagokionez, espresioz, emozioz eta akzioz betetako gizakia da; hori da haurra.

Bestalde, egia da gure gizartean haurrek enbarazu egiten dutela; gurasoei enbarazu egiten diete, irakasleei enbarazu egiten diete... ez daukatelako direna izateko eskubiderik, benetakoak izateko eskubiderik.



Nola eman geniezaioke horri buelta?

Benetan, eskolan beharko litzatekeen iraultza da haurra ebidentzian jartzea bere emozioekin. Eskolan, orokorrean, ez guztietan, ez dira kontuan hartzen emozioak eta haurraren bizitza emozionala. Zenbait hezitzailek ulertu dute haurrari hitza eman behar zaiola, baina orokorrean, haurrari ez zaio hitzik ematen. Ez zaio uzten bere emozioak, beldurrak adierazten. Emozio hori edonolako adierazpenaren bidez, ahozkoa zein ez ahozkoa, agertzen ez bada, barruan erreprimituta gelditzen da, eta horrek ez dio uzten haurrari ikaskuntzara bideratuko duen lasaitasuna eskuratzen eta mundura irekitzen. Eta hori da arazo handiena, baita praktika psimotrizitateari buruz hitz egiten ez badugu ere. Praktika psikomotrizatateaz haratago ere haurra bere originaltasunean errespetatu behar da. Bere emozioak adierazten utzi behar zaio, haurra batez ere emozioz betetako gizakia baita.



Zer desberdintasun dago emozioak adierazten uzten zaien eta uzten ez zaien haurren artean?

Emozioek bere baitan dutena erreprimitzeak gorputza ezegonkortzen du eta gorputzaren funtzioak ezegonkortzera irits daiteke, hala funtzio begetatiboak nola harremanekoak (ibili, gauzak hartu...).

Aldi berean, emozioak gordetzeak funtzio psikikoak ezegonkortzen ditu. Zeren haurrak ez baitu kanpoko mundua den bezala ikusten. Barruan dituen emozio desitxuratuen bitartez baino ez du ikusten mundua. Kanpoko munduaren ikuspegi murriztua dauka. Izan ere, emozioak bere baitan bilduta edukitzean, bere egonezin emozionalean zentraturik egongo da eta kanpoko munduari itxita. Ondorioz, mundu horrekin duen harramana oso murritza da; bai komunikazio gaitasunean, bai buruko irudiak mugitzeko gaitasunean, bai gaitasun kognitiboetan. Niretzat, hemen garrantzitsua den kontzeptu bat agertzen da: dezentrazioa.



Zeri deitzen diozu dezentrazioa?

Dezentrazioa kanpoko munduaren eta norbanakoaren arteko distantzia jakin bat hartzeko gaitasuna da. Niri dagokidanaren eta kanpoko munduaren artean banaketa garbia egiteko gai baldin banaiz, ni naizenaren eta kanpoko mundua denaren artean, oso erraz azter ditzaket kanpoko munduaren parametroak. Haatik, kanpoko mundua nire emozioen eskakizunen bitartez soilik ikusten baldin badut, are gehiago, isilarazi egin diren emozioen eskakizunen bitartez, ezin dut kanpoko munduaren analisirik egin. Oso barruan nago, nire afektuetan oso zentratua, eta beraz, ezin dut mundua objektibotasunez ikusi.

Haurrari dezentrazio bide horretan joan dadin laguntzeko, oso kontuan hartu behar den prozesu pedagogiko bat dago. Bertan, praktika psikomotrizitatea oso bitarteko ona da. Eskola barruan beste bitartekoekin batera erabil daitekeen tresna da.



Nola gauzatzen da praktika psikomotrizitatea? Esplika iezaguzu laburki.

Haurrari heldutasun psikologikoko ibilbide bat egiten laguntzen zaio ekintzatik eta jolasetik abiatuta. Beste modu batera esanda, egitearen plazeretik abiatuta.

Hori marko konkretu eta zehatz batean garatzen da, hots, psikomotrizitate aretoan eta ordubetean. Bertan bi txoko daude eta horietan haurrak inbesti dezake. Horrek ahalbidetuko dio haurrari gorputzaren plazer libretik hizkuntzaren edo irudiaren bidez adierazteko plazerera pasatzea. Hau da, gorputzetik hizkuntzara doan heldutasun ibilbidea egiten du.

Heldutasun ibilbide horrek haurraren eboluzioa laburbiltzen du gutxi gorabehera hiru urtetan zehar. Horregatik, praktika psikomotrizitatea egiten dutenean oso azkar eraldatzen dira, heldutasun ibilbide bat eginarazten zaielako denbora gutxian.

Horri guztiari, noski, hezitzailearen eta haurraren arteko erlazioaren kalitatea gehitu behar zaio. Arreta, entzumena, prest egotea, komunikazioa eta proposamenen argitasuna gehitu behar zaizkio. Hezitzaileak ere segurtasun testuinguru horren parte izan behar du. Horrek ez dio mugatzen hezitzaileak memento konkretu batean mugak jartzea eta "hori ez egin" esatea. Zenbat eta gehiago errespetatu haurra, orduan eta errazago onartuko du hezitzailearen ezezkoa. Zeren ez baita hezitzailearen sadismotik datorrez ezezkoa. Haurrari bere pentsamenduaren egituraketa sinbolikoa garatzen laguntzen dion ezezkoa da. Hau da, ez da diziplinazko ezezkoa, ezezko egituratzailea baizik. Hezitzailearen egiturazko estalkia deitzen diot horri.



Hezitzailearen jarrera oso garrantzitsua da. Zer ezaugarri azpimarratuko zenuke zuk?

Komunikazioa da funtsezko ezaugarria. Baldintza hori ezinbestekoa da. Komunikazioa, noski, norbait entzuna denean sortzen da, ez bestela. Hezitzaileak haurrari hitza eman behar dio eta bere buruaz mintza dadin lagundu behar dio, horrek lagunduko baitio haurrari idatzizko komunikazioari gustua hartzen.

Idazketaren ikaskuntza guztiak hitzaren eta komunikazioaren ikasketatik pasa behar du ezinbestean.



Praktika psikomotrizitatea landu al liteke gazteekin eta helduekin?

Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako 1. mailan lantzen da, hor dauka bere osotasuna. Zergatik? Aktibitate guztiak ez direlako egokiak adin guztietarako.

Praktika psikomotrizitatea ekintzarako eta jolasteko plazer bezala ulertuta, bitarteko ezin hobea da haurrari bere estualdiak arintzeko. Estualdia niretzat ez da gutxiesgarria edo peioratiboa, denok bizi izan baitugu.

Haurraren estualdiak gutxi gorabehera 7 urtetik aurrera arintzen dira. Haurraren garapen psikologikorako garrantzitsua den etapa horretan, 6-7 urte arte proposatzen zaizkio jolasak eta ekintzak eta hor hartzen du garrantzia praktika psikomotrizitateak.

Egia da geroago ere haurrak arazoekin aurkitzen direla: jarrera arazoak, ikasteko arazoak... Berriro adierazpen emozionalaren gabeziarekin egiten dugu topo. Kasu horietan praktika psikomotrizitatea erabil daiteke, baina talde txikietan soilik. Horrela, Lehen Hezkuntza osoan praktika daiteke praktika psikomotrizitatea, baina modu berezian eta talde txikietan baino ez.

7 urtetik aurrera haurra beste adierazpen modu batzuez balia daiteke bere garapen prozesuan: antzerkia, musika, aktibitate kolektiboa... adierazpen artistiko guztiak. Askoz ere zehatzagoak eta bideratuagoak dira. Esate baterako, ez da ahaztu behar kirol aktibitate kolektiboa funtsezkoa dela Lehen Hezkuntzan. Kasu horretan, garrantzitsua da kirola egiterakoan erabiltzen den pedagogia. Zeren kirol kolektiboa plazera elkarrekin hartzeko da, ez besteak kanporatzeko. Hori da filosofia. Futbolean jokatzen dugunean ez dugu hamaikak hamaikaren aurka jokatzen, 22k jokatzen dugu, denok elkarrekin. Kontzeptu hori garrantzitsua da.



Bada, hori gizarte osoari esplikatu beharko litzaioke.

Noski, eskola gizartearen isla baino ez da. Are gehiago, pedagogia gizartearen isla dela esango nuke.



Praktika psikomotrizitateko gelan modu batera jokatzen da, baina hortik at, beste geletan, beste modu batera. Nola ikusten duzu koherentzia falta hori?

Praktika psikomotrizitatearen kontestua, maila pedagogiko hezitzailean, Haur Hezkuntza osora hedatu behar da. Zeren heldutasun ibilbidea ez baitago praktika psikomotrizitateari atxikituta soilik. Haur eskola guztietan aintzat hartu beharko litzatekeen helduasun ibilbidea da. Gorputzetik hizkuntzara, ekintzatik sinbolizaziora, eszentrikoa izaten laguntzeko gaitasuna, hori da heldutasun ibilbidea.

Edozein modutan, eskola batean ez da beharrezkoa metodo bat, baizik eta hezitzaileak hartu behar duen bideari norabide bat ematea. Garrantzitsuagoa da jarrerak lantzea metodoak baino.

Egia da praktikan zailtasun handiak daudela praktika psikomotrizitatearen eta gela arrunteko praktika pedagogikoaren artean koherentzia lortzeko. Psikomotrizitate ikastaroa egiten duten hezitzaileek koherentziari buruzko mintegi bat egin ohi dute. Bertan, bi urteko prestakuntzan ikasitakoa eskolan praktikan ezartzeko garaian zerekin topatu diren komentatzen dute. Eta denek aipatzen dute lankideekin eta instituzioarekin nolako zailtasunak dituzten. Ikastaroa egin ondoren, haurrak beste modu batera ikusten dituztela esaten dute, beste modu batera lan egiten saiatzen dira, baina hortik aurrera ezin dute ezer egin.

Zentro askok praktika psikomotrizitatearen eskaintza egiten dute matrikulak erakartzeko, baina gero barruan ez dago koherentziarik.

Zenbait kasutan eskolaren edo beste instituzioen presioak ere oztopatu egiten du, baina presio handiena filosofia aldaketa da. Zuk ideia bat eduki dezakezu eta araudi bat egin. Baina gero, filosofia soziala dago, ez instituzionala soilik, ez gobernuarena soilik, baizik eta gizartearena. "Egin, egin, egin" esaten du gizarteak eta ez dago haurraren ulerkuntza eta entzuketaren filosofiarik. Beraz, filosofiak huts egiten duenez, beste guztiak ere huts egiten du. Zeren nik ez badut zerbaitetan sinesten, ez du elementurik eraikitzen hori egiteko.



Psikomotrizitate ikastaroa egiten dute hezitzaileek haurra beste modu batera ikusten dutela aipatu duzu. Zer dute ikastaro horiek?

Prestakuntza pertsonala. Prestakuntza hori lantzen da eta eraldatuta ateratzen dira. "Profesional bezala, jada beste leku batean nago" esan ohi dute. Haurrari begiratzeko modua aldatzen zaie.

Irakasle eskoletan prestakuntza pertsonala ez dago diseinu kurrikularrean sartuta, ezta pentsatuta ere. Ez dut esaten zer-nolako prestakuntza pertsonala egin behar den, horrek ez dio axola, baina gutxienez planteatu egin behar da, eta egun egon behar duenik ere ez da planteatzen. Hori akats handia da.

Planteatzen dugun hori ez da utopikoa. Irakasten duten pertsonen eraldaketa bat eskatzen du eta hezitzaileentzat zer den garrantzitsua definitzea.



Etorkizunera begira, zein dira psikomotrizitatearen ikerketa ildoak?

Ikerketa norabide batean baino gehiagotan doa. Batetik, praktika psikomotrizitateak haurrari buruzko ikerketa bat irekitzen da: zer den haurra. Beste modu batera esanda, haurraren garapen psikologikoaren ulermena gorputzaren eta ekintzaren bitartez. Gertaera horrek haurrari eta hezitzaileari haurraren sozializazioaren bilaketa eta ikerketa irekitzen dizkie.

Izan ere, niretzat eskolak haurra hiritar bezala prestatu behar du. Aldi berean, funtsezko aktibitate kognitiboak ere prestatzen dizkio, ahaztu behar ez direnak, noski.

Norabide berean doan beste ikerketa ildo bat eta profesionalen prestakuntzan asko aipatzen ez dena hezitzailearen jarrera da. Izatearen eta irakastearen plazerean oinarritu behar du. Pentsa zer esan nahi duen izatearen eta irakastearen plazer horrek hezitzaileen prestakuntzan; zerbait potoloa.

Zeren gaur egun irakasle edozein izan daitekeela pentsatzen da. Edukiak baldin baditu eta buru argia, irakasle izan daiteke. Eta ez. Beharrezkoa da prestakuntza pertsonala izatea, ezinbestekoa da.