Bertso antzerkia: Inaxitoren ametsak

2004-01-01
Bertso antzerkiaren formula erreakzio kimiko hau sortu nahian asmatu dute: 6 urtetik 12ra bitarteko haurrari belarri ertzean bertso bat jartzea eta gozatzea, hitza jolas dibertigarri gisa kateatzea. Ekainetik hona eskaini dituzten emanaldietan zientifikoki frogatu dute umorearen ukendu eraginkorra dela bertso antzerkia. Bertsoa oso dosi txikian du, hitzezko elkarrizketak dira nagusi.

Agertokian hiru bertsolarik hamaika pertsonaiaren larruanjarduten dute: Xabier Sukia, Ibai Esoain eta Gorka Toloxa dira bertsolari-antzezleak. Ordubetean munduan barrena bidaiatzera eramaten dute ikuslea.
 
 
Ekainean estreinatu zuten Inaxitoren Ametsak bertso antzerkia, eta ordutik 20 herritako areto edo eskoletan eskaini dute emanaldia. Hiru bertsolari gazteen ideia izan zen ikuskizuna. Hirurak ere antzerkizaleak dira, parte hartu izan dutenak herri mailako antzezlanetan. Xabier Sukiaz, Ibai Esoainez eta Gorka Toloxaz ari gara. Gidoia ere eurek egin zuten, Joxe Luis Urdangarin bertsolariaren laguntzarekin. Gero, ordea, testua agertoki gainera eramaten asmatu behar; antzezpena zaintzen Ixabel Agirresarobek lagundu die. Musika, berriz, Oiartzungo Musika Txokoari esker lortu dute, hainbat kontinentetako musika hautatu beharra izan baitute. Horretan Juan Mari Beltran eta Iñaki Eguren musikariek lagundu diete. Azpiegitura jartzeaz eta kontaktuak egiteaz LANKU zerbitzua arduratu da. LANKU Bertsozale Elkarteko zerbitzua da, bai bertsolariak kontaktatzeko eta bai formatu bereziko saio hauek eskaintzeko lana egiten duena.



Bertsoa haurrentzat erakargarri

Zaila da bertso saio arruntekin haurrengana iristea. Saioetan gaiak eta bertsoak entzule helduari zuzenduta daude eta hori guztia hieroglifiko errimatu bat soilik izan daiteke txikienentzat. "Mahoma ez badoa mendira, mendia doa Mahomagana", horixe bertso antzerki honen filosofia. Bertsoa eramatea haurrengana, eurentzat interesgarri diren gaiei buruz jarduteko, eurek erabiltzen duten hizkeran eta eurek ulertzeko moduko arrazoiekin.

Ez dute bertso betekadarik sortu nahi, ordea. Askorentzat bertsoak entzuten dituen lehen aldia izango denez, gozatzeko adinako dosi txikian sartu dituzte bertsoak. Haurrentzat ezagunak izan daitezkeen doinuak hautatu dituzte, eta puntuak oso bisualak dira, mugimenduaren bidez laguntzen dituztenak, istantean barneratzeko. Euskaraz ulertzeko zailtasunak dituztenentzat ere ez da zaila haria jarraitzea, ekintzak laguntzen baitio hitzari.



Ametsetan munduan barrena

Inaxito lo seko gelditu da geografiako liburuaren aurrean. Ametsetan, munduko mapan irakurtzen zituen herrialdeetara egingo du bidaia. Kontinente bakoitzean xelebrekeria bat gertatuko zaio, eta bertako pertsonaia tipikoren bat ezagutuko du, tarteka bertsotan ere mintzatzen dena. Inaxitok haurren laguntza beharko du estutasunetatik irteteko.

Bideokliparen aroko haurrak ez aspertzeko, erritmo biziko esketx laburrez osatu dute ordubeteko ikuskizuna. Formatua oso bisuala da. Agertokian elementu berriak azaltzen dira aldiro. Ekintza asko dago, eta gehiegikeriak begi-zabalik edukiko du jendea. Umorea egoeretan topatu dute, baina baita pertsonaia bakoitzaren hizkeran ere. Ikuslea ikuskizunaren parte izan dadin saiatu dira, galdera zuzenak eginez edo pertsonaiak oholtzatik jaitsi eta entzule artean murgilduz. Une batean areto osoa "Taichi" egiten jarriko dute, eta haurrek hara zer intentzio jartzen duten "hartzaren", "sugearen" edo "otarrainaren" mugimenduak zehatz egiteko.



Inprobisazioa

Antzerkian ez dute bat-bateko bertsorik botatzen, jarritako bertsoak dira denak. Baina inprobisatu beharra ere gertatu izan zaie, memoriak huts egiten duenean. Behin errimatu gabeko bertso batek ere alde egin omen zion "Inaxitori", baina haurrek ez omen zuten ezer arrarorik sumatu. Bertsolari izanda inprobisatzeko duten gaitasuna baliatu nahi izan dute agertoki gainean ere. Ez omen dira gidoiarekin itsutzen, ez dute testua hitzez hitz memorizatzeko beharrik ere. Atzean badago gidoi bat, baina agertoki gainean aldiro elkarrizketak natural irteten zaizkien bezala egiten dituzte, gaur modu batera esango dute eta bihar beste hitz batzuekin. Horretan ere eragina du zein herritan ari diren antzezten, zer ikusle mota duten.

Bestetik, entzuleak haurrak izateak ere behartu egiten omen ditu inprobisatzera. Haurrek erantzun egiten dutelako, eta zer erantzungo duten beti ezin duzulako aurreikusi. Ibai Esoainek badaki ongi zer den haurren erreakzioei boteprontoan erantzun beharra. Pasarte jakin batek trantze bat baino gehiago ekarri dizkio. "Zein dira mundu guztira iristen diren hiru gauza?" galdetu, eta behin haur batek oihuka: "Nik badakit! Eguzkia!" erantzun. Esoain tripak jaten barrutik, "Ederra egin diagu, orduan lau gauza dituk jada!". Beste behin, "horietako gauza bat Coca-Cola da" esanez jarraitu zuen Esoainek, eta orduantxe akabo: haur batek hamar minutuko azalpenekin erantzun omen zion, esanaz halako herritara Coca-Cola ezberdin bat bidaltzen dutela, gasik gabea, txartela kolore gorrikoa ere ez duena eta zapore txarrekoa, han pobreak direlako. Esoainek nolabait erantzun behar, "Ez dakit, ni behin ere ez naiz han izan...".

Inprobisazioarekin eta antzerkiarekin gozatu egiten dute hiru artistek, konplizitate handia dute, ondo pasatzen dutelako egiten dute ikuskizuna. Horren adibiderik garbiena behin Orion egin zutena da: entseatzen ari zirela, noizbait aspertu eta dibertitzeko zer egingo? Bata pinguinoz jantzi, bestea zezenez eta hirugarrena mexikarrez mozorrotu, eta kalera irten ziren, nor bere pertsonaian sartuta, "ea kalean zer gertatzen den". Topatzen zuten jendearekin mementoan atera bezala jokatzen zuten. Batzuek barre ederrak egin zituzten, beste amonaren batek kargu hartu ere bai, "Alde hemendik, haurrak izutzen ari zarete eta!" esanda. Hala zebiltzan, harik eta herritarrek Ibai Esoain ezagutu zuten arte. Ez zen hain zaila asmatzea ere. Izan ere, zenbat jende dago bere herrian mozorrotuta kalera irteteko eta festa jartzeko gai dena? •