Kronika

2004-01-01
 
 
Hezkuntza Berezirako langileei ez diete euskara jakitea eskatuko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 2002. urtean 121 plaza berri sortzeko deialdi publikoa egitea hitzartu zutenean patronalak eta sindikatuek, 2. hizkuntza perfila eskatzea erabaki zuten. CCOO sindikatuak, ordea, erabaki horren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen eta EAEko Auzitegi Nagusiak balio gabe utzi du aurrez hitzartutakoa.
Hori dela eta, sektorean gehiengoa duten EILAS, ELA eta LAB sindikatuek agerraldia egin zuten CCOOren jarrera kritikatzeko. Prozesu judizialak "euskararen aurka erabiltzea" eta Hezkuntza Berezirako langileen negoziazio kolektiboa "zapuztea" leporatu zioten.
EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki hori hartzeko erabili duen argudioa zera da: Heziketa Bereziko irakasleek ez dutela dozentziari eskaintzen. Hori hala izanagatik, ikasgeletan egoten dira premia bereziak dituzten haurrei laguntzen eta horretarako beharrezkoa da irakasleen azalpenak ulertzea.



Euskal Unibertsitate Legerik ez dago
Aldizkariaren erredakzioa isteko unean euskal Unibertsitate Legea airean zegoen. Abenduaren erditik aurrera gauza anitz gertatu ziren politikarien artean.
Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordea Unibertsitate Lege berria eztabaidatzen eta adosten jardun da azken hilabeteotan, baina abenduaren 11n ordura arte egindako lana kolokan gelditu zen, Martin Aranburu Batzordeko bozeramaileak Batzordea bertan behera uzteko erabakia hartu ondoren. "Barne arazo larriak" argudiatu zituen erabaki hori hartzeko.
Hasieran SA, PSE-EE eta PP alderdiek zuzenketak egin zizkioten Unibertsitate legearen proposamenari. Azken asteotan egindako bileretan Hirukoak SAren 50 zuzenketa inguru onartu zituen, eta PSE-EEren beste hainbeste. Gerora, baina, PSE-EEk eta PPk atzera bota zituzten euren zuzenketak. Orduan, SAren zuzenketak soilik gelditu ziren eta haren zuzenketekin soilik aurrera jotzeari ezezkoa eman zioten EAJk eta EBk abenduaren 6an. EAk, aldiz, SAren zuzenketak onartu zituen.
Ondorioz, legea inolako zuzenketarik gabe onartzeko bidean jarri zen.
Unibertsitateko irakasleen sindikatuek gaiaren politizazioa salatu zuten, eta Donostiako Ibaetako campusean hainbat ikasle eta kolektibok itxialdia egin zuten Unibertsitate Legearen ondorioei buruz eztabaidatzeko.
Aurretik ere unibertsitate eta hezkuntza munduko eragileek hainbat aldaketa egiteko eskaera egin zuten, eta baita euskal unibertsitatea sortzeko lege proiektua aurkeztu ere Gasteizko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan. Batak zein besteak, ordea, atzera bota zuten herri ekimena, tramiteraonartu ere egin gabe.
Horregatik, proposamen horien berri emateko, agerraldi publikoa egin zuten aipatu eragileek. Orain Hezkuntza Batzordean eztabaidatzen ari diren Unibertsitate Legeak LOU legearen "erabateko menpekotasuna" erakusten duela salatu zuten. Egoera horri buelta eman eta Euskal Herriak bere osotasunean behar duen unibertsitatearen alde ausardiaz jokatzeko eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari.



Udal haur eskoletako langileak greban gurasoen eta haurren babespean
Iruñeko udal haur eskoletako langileek greba egin zuten abenduaren 10ean. Greba egitearen arrazoia ez zen izan soldata igoera eskatzea, baizik eta 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzat kalitatezko hezkuntza eskatzea.
Greba deialdiak erantzun zabala izan zuen; 110 langiletik 9 baino ez baitziren lanera joan. Gurasoen aldetik ere, babes handia jaso zuten; 680 neska-mutiletatik 56 soilik joan ziren haur eskoletara.
Udala hartzen ari den neurrien aurrean kezkatuta agertu ziren langileak zein gurasoak. Batetik, udala eskoletako hainbat zerbitzu pribatizatzen ari dela azal du zuten, besteak beste, garbitzaile eta sukaldari postuak. Bigarrenik, hezitzaile gehiagoren beharrean daudela aldarrikatu zuten. Martxoan egingo diren oposaketetan 20 lanpostu eskainiko dira, eta langileen ustez 41 behar dira. Eta azkenik, udalak euskara baztertzeko duen joera ere salatu zuten.
Udaletxe aurrean egin zuten elkarreratzean Iruñeko udaleko EBko, PSNko, EAko eta Aralarreko ordezkariak alboan izan zituzten. Alderdi politiko horiek idatzi bat hitzartu zuten. Haien ustez, gurasoek eta langileek zentro horiek kudeatzen dituen patronatuan ordezkaritza izan beharko lukete.
Ez ziren izan, ordea, egun horretan elkarreratzea egin zuten bakarrak. Izan ere, Arrotxapea auzoko haur eskola euskarazkoa izan dadin eskatzen duen plataforma ere han bildu zen. Gaur egun, bi haur eskola dira auzo horretan, biak gaztelaniaz, eta gurasoek euskarazko zentroa edukitzeko nahia agertu dute. Gurasoen %71 euskarazko haur eskolaren alde agertu da eta 2.100 sinadura bildu dituzte.
Iruñeko udalak, euskarazko haur eskola eskaintzeko partez, gaztelaniazko eta ingelesezko eskaintza elebidunaren alde egin du, gurasoen eskaerari muzin eginez. Euskarazko eskaera eta eskaintzaren artean dagoen desoreka salatu zuen plataformak.



Eskoletan erlijio ikurrak debekatzeko lege baten alde agertu da Jacques Chirac, Frantziako lehendakaria. Frantzian 1905ekoa da laikotasunaren legea; berau indartu egin nahi duela esan zuen argi Chiracek, eta eskolari dagokionez, debeku zehatzak jarri nahi ditu lege berri baten bidez. Eskolan ezingo dira erabili erlijio sinesmenak agerian jartzen dituzten jantzi eta ikurrak (esaterako, beloa). Baina, ikur guztiak ere ez omen ditu debekatuko: tamainaren arabera bereiziko omen da "zilegi" dena eta ez dena. Chiracen hitzetan, "ikus daitezkeen ikur ttipiak, hala nola Daviden izarra, gurutzea eta Fatimaren eskua, ez dira debekatuak izanen". Argitu ez duena da, nola bereizten den handiaren eta ttipiaren artean.
Eskola egutegian bi festa egun berri finkatzeko proposamena ere egin zitzaion Chiraci: musulmanentzat Aid-El-Kebir eguna eta juduentzat Kippour eguna eskatzen zuten. Chiracek ez omen ditu bi festa horiek eskola egutegian sartuko ofizialki, hala argudiatuz: "bi festa egun horiek sortuko bagenitu eragozpen handiak eraginen genizkieke egun horietan lanean ari diren gurasoei". Dena den, eskuzabalak izateko eskatu zien eskolako zuzendariei, esanaz egun horietan eskolara joaten ez diren ikasleei azalpenik ez eskatzeko eta azterketarik ere ez jartzeko egun horietan bertan.
Lege berria datorren ikasturterako jarri nahi du indarrean Chirac lehendakariak. Laikotasunaren izenean hartutako erabakiok ez ditu, ordea, eskolara mugatu nahi izan: zerbitzu publikoetan ere arau irmoak finkatuko dituztela iragarria du.