Saharako ikasleak Zornotzan<br />Hizkuntzen oasia

2004-01-01
Euskadiko familiatan bizi diren 29 ikasle saharar elkartu ziren Zornotzako aterpetxean, asteburu pasa. Haur horiek Argeliako Tinduff kanpamendutik etorriak dira Euskal Herrira, ebakuntza baten premiak edota ikasketak burutu beharrak ekarrita. Denbora daramate hemengo familiatan bizitzen, baina herri desberdinetan daudenez ez dute elkar ezagutzen, eta euren hizkuntzan mintzatzeko aukerarik ere ez dute. Zornotzako egonaldiak aberkideak ezagutzeko eta hassanierari zein euskarari lekua egiteko balio izan du. Ekimena EHIGE guraso elkarteak antolatu du, Saharako eskolen aldeko kanpainaren barruan.
 
 
Hizkuntza oasia zen Zornotzako aterpetxea, abenduaren 5etik 8ra hassaniera eta euskara hitz egingo zuen komunitatea osatu baitzuten. Eguneroko bizitzan hassanieraz hitz egiteko aukerarik ia batere ez dute haurrok. Euskarari dagokionez, denetik dago: batzuek ulertu egiten dute, beste batzuek hitz egin ere bai aise. Izan ere, haurron artean badira duela 8 hilabete heldu zirenak eta badira 4 urte bertan bizitzen daramatzatenak. Batzuk A ereduan dabiltza, besteak euskara hutseko ereduan. Dena dela, haur denek ageri dute euskararekiko jarrera ona, eta ikasteko abildade izugarria omen dute, gainera. Hala zion begirale batek, Alex Hernandezek: "Hizkuntza hartzeko duten trebetasuna da gehien harritu nauena. Euskaraz maila desberdinak ikus daitezke euren artean, baina mailarik baxuena ere oso altua da".

Bizkaiera dotorean liluratu gaitu begi-bixi batek. Lau urte daramatza Euskal Herrian eta gaur gehien menperatzen duen hizkuntza euskara du. Hassaniera ahaztu omen zaio. Lagun batek azkar aurkitu dio esplikazioa: "Izan ere, hainbeste kontzentratu da euskaran, bere hizkuntza ere ahaztu egin zaiola!". Hassaniera ulertu egiten du oraindik eta Saharara itzultzen denean azkar asko hartuko du berriz hizketarako gaitasuna. Baina lanak biharko uztea ez da komeni. Tinduffetik etorritako haurrak elkartzeko gunea bilakatu dute Zornotzako egonaldia, hassanieraz eta euskataz hitz egiteko aukera izan dezaten.



Kultur trukea

Hiru begirale euskaldunak dira, eta Saharako begirale bi ere ekarri dituzte hassanieraz jarduteko eta arabierazko idazketan laguntzeko haurrei. Saharar begiraletako batek ezagutzen zuen lehendik Euskal Herria, 4 urte igaro baitzituen bertan, hanka sendatzera etorrita. Esperientzia hau oso ona iruditzen zaio, eta hala nabarmendu du: "Gauza gehiago egin behar ditugu haurrek euren hizkuntza eta ohiturak ahantz ez ditzaten".

Kultura eta hizkuntza arteko trukea bultza nahi izan dute, begiraleengandik hasita. Alex Hernandezek argi du: "Begiraleok ere ikastera etorri gara. Euren abestiak eta ohiturak ikasi ditugu. Gure izena arabieraz idazten ikasi dugu, eta "ogia" , "egun on" eta eguneroko hitz batzuk esaten ere bai. Haurrak ez dira ikasi behar duten bakarrak, guk ere badugu zer ikasia eurengandik". Helburuak lortzeko jolasak eta eskulanak ez dira falta izan. Gutunak idatzi dituzte Saharara bidaltzeko. Gabonetako postaletan gehien idatzi duten desioa begi-bistakoa da: "askatasuna eta bakea Sahararentzat". Haur bakoitzak argazki marko bat ere egin du eskuz, taldeko argazkia etxera eramateko, egindako lagun berriez akordatzeko. Gauetan diskotekak egin dituzte Saharako eta Euskal Herriko musikarekin, eta behin ohera bidalita ere ez zaie juergarik falta izan, begiraleak logelatik irten orduko. Baten batek gaua pasilloan pasa behar izan omen du, zigortuta, isilik egon ez zen seinale...

Haurrak zoratzen daude esperientziarekin, eta Euskal Herrian dauden artean halako topaketa gehiago egin nahi dituztela esan digute argi. Saharara itzultzeko gogorik ere ez zaie falta, jakina. Harrituta gelditu gara ikusita hango azken albiste guztien jakinen gainean daudela haurrok; Interneten egunero begiratzen dutela kontatu digute. Gainera, bi astean behin deitzen diete gurasoei, gutun bidez ere komunikatzen dira, eta hemengo familiek ere arretaz jarraitzen omen dituzte irteten diren albiste denak. Haur gutxi izango da bere herriko azken orduko egoeraz hauek hainbeste dakienik.



"Ikasle bat, adreilu bat" kanpaina

Zornotzako egonaldia "Ikasle bat, adreilu bat" kanpainaren barnean sartzen da. Kanpainaren helburua, Dajlako Lehen Hezkuntzako bost ikastetxeri laguntzeko dirua biltzea da, bai eraikuntzak berritzeko eta baita aulkiak edo mahaiak bezalako altzariak erosi ahal izateko. EHIGEk antolatu du kanpaina, miresten baitu zer ahalegin egiten duen SAEDeko gobernuak hezkuntzan. Eguneko oso kaloria gutxirekin bizi den herrialde honetan, biztanleriaren %100 dago eskolatua.

Kanpainaren barruan hainbat ekimen antolatu dituzte. Hitzaldiak eskaintzen dituzte ikastetxeetan euskal ikasleak hango haurren egoeraz kontzientzia daitezen . Ikasleek euro baten truke adreilu bat erosteko aukera ere badute, proiektuaren partaide senti daitezen. Lagundu nahi duten gurasoek, 5'10 eurotan eros dezakete adreilua. Hezkuntza Sailari eta Foru Aldundiei zein Udalei ere laguntza eskatu diete. •