Izena batzuek, eta izana besteek.<br />Nork inposatzen du hemen bere hezkuntza?

2004-01-01
Euskal Herriko eskoletan eta ikastoletan ahalegin handia egin da eta egiten ari da gure Herri ezaugarriak garatzen eta aberasten. Horrek, berarekin, gure eskola propioa indartzera garamatza, eta pixkanaka, gure hezkuntza sistema propiorako oinarriak finkatzera.
 
 
Abenduaren 19an Euskal Herriko ikastetxeetako ikasle, irakasle eta langile gehienak oporretan zeuden, jada. Hala ere, horietako asko izan ziren hurrengo egunean Iruñera gerturatu, eta Parisko eta Madrilgo gobernuek inposatzen dituzten hezkuntza neurriei ezezko biribila eman ziotenak.

Euskal Herriko eskola komunitateak urte asko daramatza bere eskola mota diseinatu nahian. Batzuetan modu oso kontzientean egiten du, eta beste batzuetan, hain era kontzientean ez bada ere, eguneroko jardunean berak ulertu eta gertukoa sentitzen duen hori garatzen ahalegintzen da.

Denborak, bestalde, eskolan konfidantza jartzen duten horiek bide zuzenetik doazela erakusten du, ikasleentzako gertutik diseinatutakoak emaitza ona ematen duela erakutsiz.

Zertara dator, bada, gertuko gestioa, antolaketa, erabakiak hartzea eta abar oztopatzen ibiltzea? Edozein azterketa objektibok garbi erakusten du: zerikusi zuzena duten kideek parte aktiboa hartzen badute, eta erabakitzeko ahalmena baldin badute, ezarritako helburuak errazago eta hobeto lortzen dira.

Zertara datoz prozesuak ezartzera, kontrolatzera, baldintzatzera, eskolen ibilbide hausnartua eta naturala oztopatzera; azken finean, itotzera? Zertan oinarritzen dira hainbeste muga jartzeko, egia ezkutatzeko eta halako izua sortzeko?

Euskal Herrian bizi direnentzat, bertako hizkuntza, euskara, jakin dezaten bitartekoak jartzeko asmoa agertzen den bakoitzean, komunikabideetan kontrako presioa eta hainbat iritzi agertzen da, ez dakigu zer inposatu nahi dela eta abar adieraziz.

Jaio diren herritik joakinak izan eta Euskal Herrian etorkinak direnentzat/garenontzat euskalduntzeko eskola-planifikazioren bat azaltzen den bakoitzean, edozein deskalifikazio botatzen da egitasmoa desitxuratzeko eta indargabetzeko.

Frantziako estatuak, berdintasunaren izenean, bertan bizi diren guztiak behartzen ditu frantsesa ikastera. Derrigorrezkoa dute denek frantsesa jakitea eta erabiltzea, administrazioaren hizkuntza bakarra horixe baita. Espainiako estatuak ere, konstituzioaren arabera, denak behartzen ditu gaztelania jakitera. Geratzen al da Iparraldean frantsesa ez dakien inor? Eta, ba al da leku publiko edo pribaturik hizkuntza horretan edonori erantzuten ez zaionik? Hegoaldean, ez al da gauza bera gertatzen gaztelaniarekin?

Euskaldun izan nahi dugunoi, aldiz, ukatu egiten zaigu aukera hori. Horregatik Iruñean, "Hezkutzan, inposaketarik ez!" aldarria. Eta horrekin batera, "Euskal Herriak Bere Hezkuntza". Munduari, bere ekarpena egin nahian.