KRAKOVIAko haur eskolak, Polonia: Krakoviako haur eskolak ezagutzen

2004-04-01
Polonian, Europako beste herri batzuetan bezala, derrigorrezko hezkuntza 7 urterekin hasten da; 7 urterekin hasi eta 18rekin bukatu. Tradizioz horrela da, nahiz eta gaur egungo joera hezkuntzaren derrigortasuna 6 urtera jaistekoa izan. Polonian bertan, datorren urtean jarriko da indarrean lege berria, eta ondorioz, derrigorrezko hezkuntza 6-18 urte bitartekoa izango dute.
 
 
Polonian, ordea, badute hezkuntzatik kanpo dagoen beste sare bat (Osasun Sailaren pean dagoena) haur txikiak eskolatzeko. Komunismo garaian hedatutako sarea dute, ikuspegi sozial batetik langileei (amei, batez ere) laguntza emateko asmoz eratua.

Baina, Polonian aldaketa asko izan dituzte. 1989/90 urtetik aurrera hasi ziren euren ekonomia modua, osasun sistema, gizarte mailako antolaketa, hezkuntza eta abar aldatzen. Eta aldaketen barruan, besteak beste, 90eko maiatzean lege berria atera zuten haur txikiak hezten zituzten zentroei hezkuntza izaera handiagoa emateko. Funtsean, ordea, 3-7 urtekoei besterik ez zien eragin erreforma horrek: irakasle tituludunak eskatu zituzten eta hainbat hezkuntza programa ezarri. Horrekin batera, gurasoen parte-hartzeko eta erabakitzeko aukera gehitu nahi izan zuten, eta sistema dezentralizatu ere bai, eskualdeari eta udalari boterea emanez.

Hezkuntza Departamentu Nazionalak eratzen du curriculuma eta Toki Administrazioren esku dago zentro guztien sostengu ekonomikoa eta kudeaketa. Diru iturria egonkorra da. Gurasoen esku dago eskola bakoitzean eman beharreko espezialitateak aukeratzea (demagun dantza, ingelesa, musika, erlijioa... eskola bakoitzak berea duena), eta espezialitate horiek gurasoek ordaintzen dituzte oso-osorik.



Krakoviako haur eskola publikoak

Krakovian, Poloniako beste hirietan ez bezala, komunismo garaiko zentro guztiak itxi gabe mantendu dira. Udala da horien erantzule. Legez arautua dago 0-7 adin tartea, eta udalaren esku geratzen da eman nahi zaion trataera ematea; alegia, hezkuntza trataera ematea edo osasun trataera ematea. Krakovian 0-7 urteko zentro guztiak hezkuntzaren barruan daude, nahiz eta gero ikusiko dugun bezala, desberdintasun ikaragarriak egon batzuetatik besteetara.

Udalak bere aurrekontuko %10 gastatzen du zeregin honetan. Sortzen den auzo bakoitzean zentro berri bat irekitzen du. Gaur egun eskaera guztiei egiten zaie aurre eta, paradoxa badirudi ere, eskaera baino eskaintza handiagoa dago herrian. Horren arrazoia langabezian dago. Egia esan, ez dago haur txiki guztiak eskolara eramateko tradiziorik (0-3an, %40 hutsik dago). Oraindik orain, haur txikiek etxean egon behar dutela pentsatzen dute edo, beharra izanez gero, amonaren laguntza bilatzeko joera dute. Hemen gertatzen zaigun bezala, haurrek adinez gora egin ahala, gehiagok jotzen dute eskolatzera. Ideia bat egiteko, 6 urtekoen eskolatze maila %90ekoa da eta hortik behera gero eta gutxiago2.

Hainbat modalitatetako haur eskolak daude Krakovian (unitarioak, adinez desberdinduak, Lehen Hezkuntzakoen ondoan irekiak...) eta finantziazioari dagokionez, 0-3 urtekoak eta 3-7koak desberdindu egiten dira. Lehenengoetan, gurasoen kuota gutxi gorabehera %45koa da. 3-7ko zentroetan, aldiz, bost orduko eskola eskualdeak ordaintzen du; beraz, 5 ordu doan dira eta hortik pasatzen dena gurasoek beren poltsikotik ordaindu behar izaten dute. Haur bakoitzaren egonaldia 11 orduz luza liteke3, baina familiako ahalmen ekonomikoak ere badu eragina egonaldi horretan. Janariaren prezioa gurasoek erabakitzen dute zuzendariarekin batera.

Zentroen egituran zuzendariak pisu handia du. Pertsonal kopuruaren aldetik aberatsak dira. Adibidez, 0-3ko eskola batean 64 haur eta 22 langile (zerbitzuetakoak barne) zituzten.

Nahiz eta ordutegi zabala izan, erratio oso onarekin dituzte haurrak. Talde bakoitzean hiru profesional mota daude: hezitzailea, laguntzailea eta erizaina, eta hirurak batera egoten dira talde bakoitzean. Erratioa, batez beste honakoa da:

- 6-18 hilabete ........... 3

- 18-30 " ................ 5

- 30-42 " ............... 6

- 42tik aurrera ........... 8/9



Integrazioko haurrak 10 urte arte egon litezke haur eskoletan. Zentro espezializatuak badaude eta bertara bideratzen dira diagnostikoa egin eta gero.

Langile asko dira eta horrek haurren arreta pertsonala egokia izatea ziurtatzen du; azken finean, haur txikien hezkuntza egiteko ezinbestez bete beharreko lehen baldintza da. Eta Krakoviako haurrak oso giro lasaian eta gozo ikusten ziren.

Baina haratago joanda, irakasleen formazioaren aldetik akats eta hutsune nabariak daudela ere esan behar. Oro har, osasun kutsua mantentzen dute oraindik (haur txikienekin gehiago). Profesionalen artean erizainen bat dago gela guztietan eta ikastetxeetan sendagilearen gelak ikus daitezke, nahiz eta orain, erreforma politikoaren ondorioz, erabili ez. Sendagilea kendu izana atzerapauso modura bizitzen dute osasun sistema txarra duen herrialde honetan.

Dena den, eta berriro errepikatuz, alde handia dago 0-3 eta 3-7ko zentroen artean. Lehenengoek, lehengoan jarraitzen dute, osasun ereduarekin, eta hezkuntzarako saltoa egiten hasi gabe daude oraindik. Aldiz, 3-7ko zentroetan, beste bide bat da ireki dutena, hezkuntza eredurarekin antzekotasun handiagoa duena.



* 0-3ko zentroak:

a. Haurraren babesa da helburu. Curriculum espezifikorik ez dago, baina horrek ez du esan nahi irakasleak programarik eduki behar ez duenik. Hala izatea bakoitzaren kontua da. 30 hilabetetik aurrera hasten dira ekintza osagarriak ezartzen arlo zehatzak lantzeko; adibidez, dantza erritmikoa. Kasu horietan espezialista etortzen da astean ordubetez. Ingelesa ikasteko aukera badago, betiere gurasoek ordaintzen badute. Ikasketa hauek eskola orduan izaten dira.

b. Lanaldi osoa (astean 40 ordu) haurrekin egiten dute hezitzaileek. Haurrekin zuzenean egiten duten lanetik kanpo ez daukate beste inongo ardurarik edo erantzukizunik.

c. Zuzendariaren ardurapean dago dena. Ez dute kanpoko esku-hartzerik edo ikuskaritzarik. Gurasoen parte-hartzea ez da bideratzen.

d. Titulaziorik altuena erizainena da (hala da zuzendariari dagokionez). Gero batxilergo pedagogikoa dutenak daude eta, laguntzaile modura, batxilerrik gabe hiru urteko ikasketak dituztenak.

e. Ez dago formazio iraunkorrik.



* 3-7ko zentroak

a. Hezkuntza curriculuma badute. Ahalegin horretan hainbat metodo erabiltzen hasiak dira, eta garrantzi handia ematen diote.

b. Tutore lanetan irakasleak daude, nahiz eta gela guztietan laguntzaileak eduki.

c. Astean 25 ordu egiten dute lan.

d. Irakasleak formatzaileak izateko aukera dute, eta kasu horietan astean 18 orduko lanaldia dute.

e. Udalaren ardura da formazioa bideratzea eta zeregin horretarako 35 pertsona dauzka.

f. Irakasle eskolak ere antolatzen du formazioa, eta kasu honetan 170 orduko ikastaro trinkoak izaten dira.



Pribatizazioaren bidean

Leku guztietako arra dugu hauxe, eta Krakovian ere bide horrekin tentatuak daude. Mementoz haur eskoletako zuzendariei luzatu die eskaintza (horretarako aukera ematen duelako ordenantzak), ea nor animatzen den haur eskola bereganatzera eta udalak emango dion %75eko finantziazioarekin aurrera egitera. Udalak jartzen duen baldintza bakarra kuotak asko (sic) ez igotzea da. Udalak nahi bai, baina apenas izan duen erantzunik proposamen horrek. Ikusi egin behar zein bide hartzen duen.



Oharrak:

1 0-3an ez dago eskaintza pribaturik eta 3-7an %10 besterik ez.

2 0-3an 1.700 haur daude eskolatuak eta 23 zentrotan eta 3-7an 16.000 haur 124 zentrotan.

3 Erreformaren aurretik barnetegiak ohikoak ziren.

4 2002an arautu zen irakaslearen formazioa. Lau maila aurreikusten dira eta maila bakoitzean lau urtez egin behar dute lan.

1) Laguntzailea: urtebeteko proban dagoen irakasle berria. Denbora horretan garapen pertsonaleko proiektu bat aurkeztu behar du.

2) Irakaslea: proiektua aurkeztu eta gainditu duena.

3) Irakaslea: antzinatasunarekin gehitzen den maila.

4) Izendatua: antzinatasunaz gain, garapen zienfitikoa erakutsi duena. Maila hau batzorde batean erabakitzen da.