SUKARRIETA Taldea: Ingurumen hezkuntza. XXI. mendeko moda ala erronka?
Nazioartean ere onarpen zabala dauka jadanik Garapen iraunkorraren beharrak. Kontzeptu hori aurreko mendeko 60ko hamarkadan sortu bazen ere, 1987an hedatu zen, Brundtland txostenak bere interpretazioa ezagutzera eman zuenean: "Garapen iraunkorra garaiko belaunaldiaren beharrak asetzen dituen garapena da, hurrengo belaunaldien beharrak asetzeko ahalmena murriztu gabe". Kontzeptu horrek zehaztasun eza handia badu ere, ezaugarri hauetan oinarritzen den filosofia bat bultzatzen du:
- Natur baliabideak kontserbatu beharra dago.
- Mugagabeko hazkundea ezinezko bihurtzen duten muga fisikoak daude.
- Beharrezkoa dena helburu sozialen lorpena da eta ez helburu indibidualena.
- Belaunaldi barruko eta belaunaldien arteko elkartasuna ezinbestekoa da.
Eta horren alde egiteko, beste hainbat eragileren artean, Ingurumen Hezkuntza agertzen zaigu protagonismo nagusiarekin. Bere azken xedea inguruan sortutako ingurumen arazoei aurre egiteko estrategia bat garatzea da. Izan ere, 1972an Stockhol-meko NBEren Konferentzian Giza Ingurumenaz esandakoari jarraituz, "ezinbestekoa da gazteei zein nagusiei zuzendutako hezkuntza lana egitea ingurumen arloan, pribilegio gutxien dituen biztanleen sektoreari behar besteko arreta emateko, ondo informaturiko iritzi publikoaren oinarriak zabaltzeko eta norbanako, enpresa zein kolektibitateen jokabide arduratsua bultzatzeko ingurua babesteko eta hobetzeko, haren gizatasun neurri osoan".
Bide beretik doaz, besteak beste, Belgradeko Nazioarteko Mintegian (1975), Tblisiko Gobernuen arteko Konferentzian (1977) eta Rio de Janeiroko Lurraren Goi Bileran nahiz Foro Globalean (1992) egindako adierazpenak, baita geroago sortutakoak ere, hala nola Salonikako Ingurumen eta Gizarteari buruzko Nazioarteko Konferentziakoak (1997) eta Johannesburgen izan zen Garapen Iraunkorrerako Munduko Goi Bilerakoak (2002).
Esandakoaren ildotik, Garapen Iraunkorrerako Hezkuntza etorkizunerako hezkuntza da, aldaketa sozialak ulertzeko eta haien aurrean erantzuteko ahalmenak garatzen dituena, eta etorkizunari buruz era sormentsuan eta kritikoan pentsatzen irakasten duena. Kontzeptu dinamikoa da, hezkuntzari buruzko ikuspegi berria bultzatzen du eta adin guztietako pertsonak hezten ditu etorkizun jasangarria sortzeko.
Ikusten dugunez, azken urteotan Ingurumen Hezkuntzari buruzko oinarri teorikoa garatu eta sendotu da. Adostasun batzuk daude bere zergatien eta zertarakoen gainean, baina ez zaio pareko arretarik eskaini egiteko erari. Nola egin Ingurumen Hezkuntza? Ekimen bat abian jartzerakoan edo programa bat diseinatzerakoan, zeren arabera jakin hezitzailea eta benetan ingurumenaren aldekoa ote den? Zein irizpiderekin neurtu eman daitezkeen aurrerapenak? Ez al da egia "hezkuntzak" "ingurumenak" baino pisu txikiagoa izaten duela Ingurumen Hezkuntzako programetan?... Eskola, kultur etxe, nekazaritza eskola eta abarretan martxan jartzen diren programak beti al dira hezitzaileak? Globalizazioa, Garapen Iraunkorra edo birziklapena gai izanik antolatzen diren ekimenak, sentsibilizazio kanpainak edo egun bereziak beti al dira ingurumenaren aldekoak? Zein eratara zuzendu daiteke jendearengana Ingurumen Hezkuntza programa bat, hezitzaile izan nahi baldin badu?...
Zeri buruz hezi?
Ingurumen Hezkuntza hiru jarduera maila hauetan jorratzen da: "Ingurunean bertan", "Inguruneari buruz" eta "Ingurunearen alde". Horrez gain, bere lan eremua ezin da mugatu naturaren alderdi fisiko/naturalak soilik aztertzera. Ingurunea konplexua den neurrian, kontuan izan behar da faktore ugariren eragina (ekonomikoak, kulturalak, soziopolitikoak... ) eta horien arteko harremanak.
Klima aldaketa, ozono geruzaren suntsipena, nekazaritzako lurren galera, basamortuen hedapena, basoen hondamendia, bioaniztasun galera, ozeanoen kutsadura, hondakin kantitate handien pilaketa eta -arazo haiekin lotuta- baliabideen agorpena dira, besteak beste, gaur egun munduak dituen ingurumen arazo larrienak. Haiekin batera, gizarte arazoak ere agertzen dira: aberats eta txiroen arteko polarizazio gero eta handiagoa, gudak eta beraien ondorioak, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko erlazio desorekatua... Horrek guztiak berez erantzuten dio "zergatik egin Ingurumen Hezkuntza?" galderari.
Arazoen zerrenda ikusita, argi dago badagoela nondik heldu Ingurumen Hezkuntzari. Izan ere, ia-ia edozein gai har dezakegu aitzakiatzat programa baten diseinuan. Mementoak, kokapenak, interesak, parte-hartzaileen adina, prestakuntza, baliabideak, gertaera hurbilak eta abarrekoak izango dira, beraz, gaiaren egokitasuna markatuko dutenak, baina betiere kontuan izanik ez gaudela elkarrekin lotu gabeko arazo multzo baten aurrean, arazo sistemiko handi baten aurrean baizik. Beraz, egiten diren planteamenduetan, arazoen ondorio negatiboetara mugatu beharrean, arazoen jatorrian jarri beharko da arreta berezia, hau da, onura eta zerbitzuen produkzio, erabilpen eta kontsumo sisteman, iraultza industrialarekin jaio zenean eta gaur egun nagusitzen denean, Lurraren Goi Bileraren inguruan sortutako Brundtland txostenak eta Agenda 21 delakoak aldarrikatzen duten bezala. Bestetik, Ingurumen Hezkuntzaren azken helburua arazoak konpontzeko erabakiak hartzea eta ekimena bultzatzea bada ere, ezin da lortu, aurretik betetzen ez badira problematikarekiko sentsibilizazio, ezaguera eta kontzientzia hartzearekin lotutako helburuak. Beraz, lau fase hauek izan behar dira kontuan:
- Sentsibilizazioa: arazo batera hurbildu eta jakin-mina sortzea haren inguruan.
- Ezaguera: arazo hori ulertzeko behar diren ezaguerak eskuratzea.
- Kontzientzia hartzea: hezten ari dena arazoaren barruan dagoela konturatzea.
- Ekimena: hezten ari denari aukerak eskaintzea, ekimenen bidez arazoen konponketan parte har dezan.
Nola hezi?
Gure ustez, galdera honen erantzuna aurrekoarekin koherentzia bilatzean aurkitu ahal da. Ingurumen Hezkuntzako Euskadiko III. Jardunaldietan (Donostia, 2002) Daniella Tilbury-k zioenari jarraituz, garapen iraunkorra soilik lortuko da ikaste prozesu bezala ulertzen baldin bada eta, horrela, berebiziko garrantzia du nola eta zer ikasi kontzeptuak bat etortzeak.
Ingurumen Hezkuntzak aspaldi egin zuen ihes transmisio ereduetatik eta ezaguera konplexuaren eraikuntzaren parte-hartzean konprometituta dago. Konstruktibismoak dioenez, ikastea pentsamendua eraikitzea da. Horretarako, ikasitakoak esanguratsua, hau da, zentzuzkoa izan behar du. Lehendik ikasitakoarekin lotu eta beste esparru batzuetara aplikagarria izan behar du. Hori lortzeko ezinbestekoa da ikaslearen aurretiazko ideietatik abiatzea, ezaguera berriak eraiki eta gaitasunak garatzeko, betiere haren garapen-zona hurbilaren barruan. Ikaskuntzak ikaslearen autonomia bultzatu -ikasten ikastea, alegia- eta ikaslea bere ikaste prozesuez jabetzea lortu behar du. Barne prozesu sendo baten bidetik, ikaslea bera izango da bere garapenaren autoerregulatzailea -jarrerak barne-, prozesuko une guztietan jakingo du non dagoen eta nora doan erabakitzeko ahalmena izango du.
Egungo zenbait kanpaina, iragarki edo ekimenetan planteamendu konduktista hutsak antzematen dira. Gehienek azturak aldatzea dute helburu eta batzuk, gainera, pertsonengan sortzen duten beldurrean daude oinarrituta. Horrelako ekimenek, nahiz eta egoera konkretu batzuetan eraginkorrak izan daitezkeen, indar hezitzaile pobrea dute eta, ingurumenaren alde egitearen aldetik ere, zalantzazkoak dira. Izan ere, ingurumena aldatzeko, etorkizuna erabaki nahi dutenengandik beren borondatean gerta daitezkeen aldaketen gaineko iritzi kritikoa izatea espero dezakegu eta ez mezu-hartzaile hutsak izatera mugatzea, nahiz eta mezuak ingurumenaren aldekoak izan.
Bestalde, ez dugu ahaztu behar azturak behin eta berriro errepikatzen ditugun ohiturez osatuta daudela, baina horien aldaketa norberaren borondatetik datorrela hein batean, eta hor arrazoiak garrantzi handia duela. Konstruktibismoak arlo horretan jartzen du arreta berezia. Hain zuzen ere, ikaspen berriak aurretiazko ideien eta ideia berrien artean sortzen den gatazka kognitiboaren emaitza direla dio, eta aurrerapausoak aldaketan aurrerapen edo abantailaren bat ikusten baldin bada soilik gertatzen dira.
Aipatutako ideia pedagogikoen lurrartzea proposamen metodologiko hauetan gauzatzen da, besteak beste: aurretiazko ideiak ikertzeko probak, ikasitakoa adierazteko eduki sareak, berdinen arteko ikasketa, talde lana, elkarkidetza, aniztasuna, hezkidetza eta ludikotasuna kontuan hartzen dituzten estrategiak, errealitate hurbilarekin elkarrekintzarako irteerak, parte-hartzea garatzeko jarduerak...
Nola ebaluatu?
Edozein Ingurumen Hezkuntza programak ebaluazioa beharko du bere eraginkortasuna ezagutzeko, betiere ebaluazio prozesuaren hobekuntzarako tresna bezala ulertuta. Baina ebaluazioak zentzua izango du programa diseinatzen den mementotik bertatik kontuan izan eta jaso baldin bada. Ikuspegi jakin batetik pentsatutako programak beren jatorriarekin eta prozesuarekin zerikusia ez duten beste batzuetatik ebaluatzeak ezer gutxi eransten dio programari berari.
Bestetik, ebaluazio sistemaren emankortasuna ebaluazioak berak heziketa prozesuari ematen dion bultzadaren indarrean neurtuko da. Ildo horretatik, ebaluazioa aberasgarria izango da bi helburu hauek betetzen dituen heinean:
- Heziketa prozesua piztu, suspertu eta -beharrezkoa denean- zuzendu.
- Heziketa prozesuaz jabetuz hezten ari denaren ikaspen metakognitiboa erdietsi.
Era horretan ulertutako ebaluazioak, etengabeko feedbackaren eraginez, hezten ari denaren barne prozesuarekiko inplikazioa eta ardura izatea erraztuko ditu eta, bestetik, heziketa prozesuan emango diren aldaketen "autoerregulazioa" ekarriko du.
Ebaluazio eredu honek Ingurumen Hezkuntza programa osoa blaituko du. Beraz, ebaluazio sistema diseinatzerakoan edozein irakaste-ikaste prozesutan ematen diren hiru fase nagusiak izango ditu kontuan: hasierako diagnostikoa, prozesu fasea eta fase batukorra.
- Hasierako diagnostikoaren helburuak motibazioa, sentsibilizazioa eta landuko den problematikaren aurkezpena dira. Ebaluazioari dagokionez, heziko direnek landuko den gaiari buruz dituzten usteak eta aurretiazko ideiak ikertu beharko dira. Horrela soilik jakin daiteke zein diren heziketarako abiapuntua eta ikaste prozesuan daudenen "garapen hurbileko zona".
- Prozesu fasean helburu nagusiak ezaguera, kontzientzia hartzea eta planifikatutako jardueren garapena izaten dira. Ebaluazioari dagokionez, oso garrantzitsua izango da hezkuntza programan parte hartuko duten guztien arteko helburuen adostasuna eta irudikapena, ekimenaren aitzinapena eta planifikazioa eta prozesuan egingo den ebaluazio irizpideak ere adostea (Zer egingo dugu? Nola egingo dugu? Zertarako?). Esandako guztia hasieran egitea komeni bada ere, prozesu osoan zehar txertatu beharko dira hausnarketa uneak, behar izanez gero prozesuak eskatuko lituzkeen norabide aldaketak burutu ahal izateko.
- Fase batukorraren helburu nagusia programatutako heziketa prozesuan izandako aurrerapenak baieztatzea da. Fase honetan berebiziko garrantzia dute konpromisoak, jarrera hartzeak eta ikasitakoaren komunikazioak. Ebaluazioaren aldetik, haien azterketak emango dizkigu argibide esanguratsuenak.
Ingurumen Hezkuntza programaren jarduera multzoa gurpil baten moduan ikusiko bagenu, esandako mekanismoak gurpilaren erradioak izango lirateke, gurpila bera helburuen ardatzarekin lotuko luketenak. Gurpila eta ardatzaren arteko lotura sendoa izanez gero, ez da orekarik galduko eta heziketa prozesuak hobeto egingo du aurrera.
Bestalde, zer esanik ez ebaluazio sistema honek bere baitan izan behar dituela programan parte hartzen duten eragile guztiak: hezitzaileak, hezten direnak, planifikatutako programa bera, baliabideak...
Zertarako?
Artikuluaren hasieran egungo ingurumen problematika zehaztu dugunean, geure burua lehenaren eta orainaren ondorioetan kokatu dugun moduan, orain geroan kokatu behar dugu. Etorkizunaren balizko eszenatokietan pentsatuz, jar ditzagun aurrez aurre egungo gizartearen bilakaerarekin itxaron dezakeguna eta guk nahiko genukeena. Ingurumen Hezkuntzaren azken xedea eta XXI. mendeko erronka espero dezakegun eszenatokia nahi dugunera hurbiltzea izango da.
Adierazi dugunak lotura handiagoa dauka Garapen Iraunkorra ulertzeko era berriekin, ekologia edo zientziarekin baino. Garapen Iraunkorrak zientziak, politika eta ekonomia biltzen ditu, kultura berri bat osatuz. Gizakiak munduarekin dituen harremanak sumatzeko eta balioesteko modua dira bere arreta gune nagusiak, eta horregatik eskatzen du orain arte gure pentsaera eta ekimena bultzatu dituen eredu mentalari buruzko hausnarketa kritikoa, bere osotasunean. Hori guztia da UNESCOk izendatu duen Ingurumen Hezkuntzarako Hamarkadan (2005-2015) sendotu nahi dena.
Une honetan, Ingurumen Hezkuntzak Garapen Iraunkorrarekin estutu behar ditu harremanak. Hezkuntza honek gure ulertzeko eta pentsatzeko erari buruzko hausnarketa bultzatu behar du, eta neurri berean gure jokatzeko era. Hots, hezitzailea den praktika bultzatu behar du eta ez irakatsi soilik egiten duena. Horrela lortuko da Ingurumen Hezkuntzaren funtsezko betebeharra: gaur egun nahiz etorkizunean suerta daitezkeen ingurumen arazoei aurre egiteko irtenbideak asmatzeko ahalmena duten pertsonak heztea, eta ez errezetak aplikatu besterik egingo ez dutenak.
BIBLIOGRAFIA
- MAYER, M.: "Ingurumen Hezkuntzarako erronka berriak", in CENEAM karpeta, 2003ko otsaila (2001), Madril.
- NOVO, M.: Educación ambiental. Bases éticas, conceptuales y metodológicas, Universitas, Madril, 1998.
- SUKARRIETA TALDEA: Aurretiazko Ideiak eta Ingurugiro-Hezkuntza, BBK Fundazioa/Eusko Jaurlaritza-Hezkuntza Saila, Bilbo, 1998.
- SUKARRIETA TALDEA. "Ebaluazio eredu bat aniztasunari ekiteko" in Hik Hasi, 78 (2003).
- TILBURY, D.: "Ingurumen Hezkuntza Johannesburgo-2002 ostean". Ingurumen Hezkuntzako Euskadiko III. Jardunaldiak (2002). Hitzaldia. Donostia.