GARAGORRI, Xabier:
Eskolaldirako Euskal Curriculumaren aurkezpen publikoa egin berri dute. Orain, proposamen horri eskolek bereziki, baina baita gizarteak ere zer onarpen maila ematen dion ikusi beharko da. Ahal beste ikastetxetan proiektua eztabaidatzea eta baloratzea da euren helburua, irailean bertan hasita. Euskal curriculumak zabalduko dituen ateen berri jakiteko irrikaz hurbildu gara Xabier Garagorrirengana.
Muinetara joanda, azken-azken helburua litzateke erabakitzea derrigorrezko eskolaldia bukatutakoan Euskal Herriko ikasle guztientzako oinarrizkoa eta komuna zerk izan behar duen. Gure errealitatea, gustatu-ez gustatu, bi estatu eta hiru administraziotan banatuta gaudela da; baina horrek ez du izan behar aitzakia konturatzeko herri honek ere baduela bere nortasun propioa, bere kultura propioa, eta eskubide guztia duela bere kultura (beste edozein herrik egiten duen bezala) belaunaldi batetik bestera ziurtatzeko. Kultur transmisio horretarako, eskola instituzio indartsua da. Eskola da biztanle guzti-guztiak, hasi gutxienez 6 urtetik eta 16 urtera arte, biltzen dituena. Hori ahalmen ikaragarrizko tresna da, gure kasuan euskal kultura belaunaldi batetik bestera ziurtatzeko, eta aprobetxatu egin behar dugu.
Euskal curriculuma proposatzen dugunean ez gara esaten ari Estatu frantziarretik eta espainiarretik datozen derrigorrezko curriculumei uko egin behar dietenik gure eskolek; ez da gure eginkizuna horretan sartzea. Baina gutxienez nahi duguna da gure eskola guztiek ziurtatzea, Zuberoako, Goierriko eta Errioxako ikasle batek, oinarrizko elementu bateratu batzuk izango dituztela, horrek egiten baitu gutasuna. Nahiz egoera politiko-administratibo desberdinak izan, gutasun minimo hori ziurtatu nahi dugu.
Horrekin ez ditugu ahaztu behar bakoitzaren berezitasunak. Euskal curriculumak lekuan-lekuko errealitate kulturaletik abiatzea eskatzen du, eta baita ukipeneko kulturak kontuan hartzea ere. Azkenik, ofizialak diren curriculumak ere nolabait besarkatu beharko lirateke, eta Europako eta Unibertsoko dimentsioa ere besarkatu behar litzateke.
Estatuen curriculum ofizialak ere nolabait besarkatu behar dituela diozu. Suposatzen da egun, Estatu espainiarreko curriculum ofizialean hizkuntza propioa duten autonomia erkidego bakoitzak % 55 jartzen duela beretik. Zer alde legoke horren eta euskal curriculum "besarkatzaile" baten artean?
Ehunekoek % 45 edo % 55 izan ez du gaia asko argitzen. Azkenean curriculumek antzekotasun handiak dituzte; badirudi Estatu espainiarrekoak eta frantziarrekoak oso desberdinak direla, baina funtsean antzekotasun handia dute, eta Europako curriculumek berdin. Kontua gehiago da pilotaren kixkia nork jartzen duen. Kixkiak zer material eta zer neurri eduki, pilotak halako ezaugarriak izango ditu. Gurera etorriz, nik ez daukat inongo kezkarik Europako edo beste inongo curriculumak gurera ekartzeko, baldin eta gu ardatza jartzeko gai bagara.
Euskal kulturan guztiongan komuna zer den definitu beharko da, beraz. Baina, eta zer da euskal kultura?
Hainbat ikuspegi daude kultura zer den eta zer ez den definitzerakoan, eta gu Barandiaranen ikuspegian oinarritu gara. Bere esanetan, gizabanakoak eta gizataldeek dauzkaten beharrei ematen dizkieten erantzunak dira kulturak. Barandiaranek zazpi behar bereizten ditu; oinarrizko beharrizanak dira, leku eta garai guztietako gizaki orok dituenak. Baina behar horiei ematen zaizkien erantzunak desbedinak dira inguruaren eta garaiaren arabera.
Barandiaranek, beraz, zazpi behar bereizten ditu: nola lortuko dut janaria, edaria eta osasuna; nola babestuko naiz; nola lortuko dut mundua ezagutzea eta bere baliabideak nire zerbitzura jartzea; nola lortuko dut nire antzekoen laguntza eta nola antolatu gizarte bizitza; nola komunikatuko naiz nire antzekoekin; nola egingo ditut atsegin eta gustuko zaizkidan gauzak (festak, dantza, artea); nor naiz ni, zer da gizartea, zein da nire xedea (mitoaren mundua, erritoarena, erlijioarena).
Euskal Herrian ere badaude oinarrizko behar horiei erantzuteko era espezifikoak, era askotarikoak eta dinamikoak, euskara izanik guztien artean esanguratsuena. Baina mundu globalizatu batean gaude, eta gure bizitzeko erak lotura zuzenak ditu munduko beste era guztiekin. Partikularra eta unibertsala lotzea da euskal curriculumaren ezaugarri nagusi bat ("Herritik mundura eta mundutik herrira" du lema).
Zein izan dira curriculuma diseinatzeko urratsak?
Egoeraren diagnostiko bat egin genuen eta marko teoriko bat planteatu. Hori izan zen lehenengo urratsa. Baina fase horrek izatez ez du mugarik: marko teorikoan sartzen zarenean, curriculuma zer den, "euskal" zer den, zurrunbilo horretan sartzen zarenean, horrek mugarik ez dauka.
Behin eztabaidatuta, hurrengo urratsera pasa ginen: zer egin eta nondik hasi. Lehen aldia zenez euskal curriculum bat hemen barrutik eta gure kabuz definitzen hasi ginena, eta biderik egokiena Euskal Herriko adituengana jotzea zela iruditu zitzaigun, eta haiei honako hau galdetzea: zure jakintza esparrutik, esaiguzu zer den Euskal Herrian bizi den pertsona kultu batek (ez zen eskolari begira, bizitza osoari baizik) zure jakintza arloaz gutxienez ezagutu behar duena, egiten jakin behar duena, eta behar dituen balioak. Horri deritza "Euskal Curriculuma: kultur ibilbidea. Adituen ekarpena", eta jada argitaratua dago (bertan zehazten dira pertsonaren garapenerako hiru dimentsio, hamar gai multzo, 50 gai). Ikuspegi orokorra du: hezkuntzaren eginkizuna bizitza guztirako dela, ez dela eskola garairako soilik, alegia.
Erreferente horretan oinarrituz, hirugarren urratsean sartuta gaude buru-belarri: eskolaldirako euskal curriculuma egiten ari gara. Galdera aldatzen da, beraz: "zer da Euskal Herriko 16 urteko gazte batek, derrigorrezko eskolaldia bukatzen duenean, garatu eta erakutsi behar dituen konpetentziak eta Euskal Herriaz eta munduaz jakin behar duena".
Zein da hezkuntzaren xedea bizitza osoari begira, eta zein eskolaren egitekoa?
Curriculum guztiek euren hezkuntzaren xedea definitzen dute. Gure abiapuntua pertsonaren garapenaren ikuspegia da. Pertsona gizabanako gisa, gizartekide gisa eta izadikide gisa osatzen da. Hiru dimentsio horiek elkarlotuta daude. Hezkuntzaren funtzioa, beraz, pertsonaren hiru dimentsio horiek garatzea izango da. Eginkizun hori bizitza guztirako da.
Zentzu horretan, eskolak egin behar duena da bizitza guztirako erronka den horretarako prestatu, hau da, hezkuntzaren xedeak bete ahal izateko prestatu. Zein da ezinbesteko ekipamendua gazte batek bizi ibilbideari modu egokian ekiteko eta hezkuntzaren xedeak lortzeko? Gure ustez, gazte batek bizitzako behar bezalako prestakuntza izango du, baldin eta pentsatzeko eta ikasteko, komunikatzeko, elkarrekin bizitzeko, norbera izateko eta ekiteko gai bada. Horiek dira, gure ustez, hezkuntzako konpetentzia orokorrak, eta ikas arlo guztiek konpetentzia horien zerbitzura egon behar dute. Curriculumaren diseinua egiterakoan, aditu bakoitzari zera eskatu diogu: zehaztea bere arloak (esaterako, matematikak) zer ekarpen egiten dion horietako konpetentzia bakoitzari.
Pertsonaren konpetentzietan oinarritzea ekarpen berria da curriculumetan, ezta? Estatu espainiarreko eta frantziarreko curriculumetan ez dira hortik abiatzen.
Gaia ez da hain berria. Hezkuntzarako konpetentzia orokorrena Europako herrialde guztietan planteatzen ari diren zerbait da. Unibertsitate mailan ere, Bologniako adierazpenaren ondoren, nabari da horrantzako joera dagoela (une honetan plangintzak-eta aldatzen ari gara). Beraz, euskal curriculuma Europako mugimenduarekin eta unibertsitatearen berrikuntzarekin sinergian dago.
Beharbada, gure ekarpenaren berrikuntza oinarrizko konpetentzia horiek eta ikas arloak uztartzea izan daiteke. Bestetik, orientazioa eta tutoretza ikastarlo bezala planteatuko ditugu, eta hori ere gauza berria da. Beraz, diseinu aldetik ere berrikuntzak dakartzala pentsatzen dugu. Kalitatezko hezkuntza proposamen bat egin nahi dugu, batetik gure helburuak lortzeko eraginkorragoa izan dadin, eta azken batean, hezkuntzaren kalitatea hobetzeko ere. Hori euskal curriculumaren balio erantsi bat izango litzateke, oso inportantea.
Horrek gelara aldaketa batzuk ekarriko ditu.
Handiak. Hezkuntzaren ikuspegia aldatzen du. Txipa aldatu egiten du, eta irakasle guztiok gara, nolabait, hezitzaile. Jada abiapuntua ez da diziplina edo materia bakoitza; abiapuntua pertsonaren osotasuna da, eta horri arlo bakoitzak zer ekarpen egiten dion ikuspegi hezitzailetik.
Hemendik aurrera zer?
Ikasturte honen bukaeran eskolaldirako euskal curriculum proposamen bat izango dugu. Datorren ikasturtean, irailetik urtarrilera bitartean, proposamen horren sozializazioa, hausnarketa eta balorazioa jarri nahi dugu martxan. Prozesu hori zenbat eta zabalagoa izan, zenbat eta ikastetxe eta gizarte eragile gehiagok parte hartu, hobe; azken batean, curriculum baten balioa edo legitimitatea gizartearen atxikimenduak ematen du. Curriculumaren erabakia ezin baita soilik oinarritu irizpide teknikoetan edo zientifikoetan, alderantziz, funtsean oinarri moral eta politikoetan hartzen den erabaki bat da. Beraz, atxikimendua zenbat eta handiagoa izan, bere legitimitatea orduan eta handiagoa izaten da. Munduko diseinurik onena edukita ere ez badugu lortzen bereziki hezkuntza komunitatearen inguruko hausnarketa eta balorazioa, azkenean paper polit bat soilik izan daiteke.
Gizarteratze horretan, bi azpifase aurreikusten ditugu. Lehenengo, curriculuma bere osotasunean baloratuko da. Horrela, proposamen horrek batez beste zer onarpen maila duen jakingo dugu. Ez dugu eztabaida moduan planteatu nahi, bukaerarik gabeko bide batean sartzea bailitzateke; hezkuntzaren xedeak gure proposamenean jarri ez diren beste batzuk izan daitezke, eta proposamen guztiak izan daitezke oso koherenteak; baina hor azkenean erabaki bat hartu beharra dago. Beraz, proposamen horren onarpen maila da neurtuko dena. Behin hori ikusita, azken helburura iritsi behar dugu: guztiontzako oinarrizkoa eta komuna den curriculumaren proposamena egitera. Guztiok elementu komun batzuk adostea da helburua; asko izan, gutxi izan, arrakasta handia litzateke guztiok zerbait elkarrekin adostea.
Hortik aurrera, jada euskal curriculuma indarrean jartzeko oinarriak izango genituzke. Gero ikusi beharko da zein diren irakasleen prestakuntza beharrak, zer baliabide falta diren, edo ikasmaterial osagarriak... Eta hori, eskolari begira. Baina esaten badugu euskal curriculuma bizitza guztian zehar garatu beharreko zerbait dela, horrek eskola garaian beste kultur eragileekin ere harremanetan egotea eskatzen du; beharbada eskolak ezin ditu euskal curriculumeko esparru guztiak berak bakarrik landu. Herri honetan kultur eragile asko daude (herri honek bere gorabeherak izango ditu, baina horretan aberatsa da), eta erakunde horien eginkizuna ere bada euskal curriculuma garatzea.
Hezkuntza erakundeen artean konpetentzia handia egonagatik, proiektu honi elkarlanean heldu diozue.
Hasieran ikastolen mundutik sortu zena une honetan egitasmo askoz zabalagoa da; adituak hautatzerakoan ere asko zaindu dugu zabaltasun hori orekaz islatzea (lurralde desberdinetakoak izatea, eta hezkuntza erakunde desberdinetakoak; unibertsitateetako irakasleekin, berdin). Zuzendaritza teknikoan gaude Kristau Eskolako kidea, Sortzen-Ikasbatuazekoa, Euskal Herriko Ikastolen Elkartekoa eta EAEko Hezkuntza Saileko beste bat. Elkarlan horrek beste dimentsio bat ematen dio curriculumari. Ez dut esan nahi Ikastoletatik soilik egin izan balitz ez lukeenik eraginik izango, edo beste ikastetxeetara ere ez litzatekeenik zabalduko. Baina aberastasun handia litzateke herri honetan gizarteari erakustea, hezkuntza munduan gure desberdintasunak izan baditugun arren, lehiakortasun horren gainetik, gai izan garela elkarrekin lan egiteko. Ikas bezate beste batzuk ere.
Curriculumari balioa atxikimenduak ematen diola esan duzu. Administrazioek ez badute bide horrekin bat egiten, zer?
Gizarte erakundeetatik, alegia, azpitik datorren mugimendua da hau, eta bidean EAEko Hezkuntza Saila uztartu zaio. Nahiago nuke Nafarroako Gobernuarekin eta Parisekin ere lan egiterik bagenu. Poztuko nintzateke bere garaian administrazioak hau berea egingo balu. Baina ez da ezinbesteko baldintza bide honek aurrera egiteko.
Hezkuntza berrikuntzak ez dira goitik behera soilik gertatzen; ahal dela biak behar dira, baina asko etortzen dira behetik gora (urte batzuk badaramatzat irakaskuntzan eta badakit ikastoletatik hasi ditugun zenbait berrikuntza, pixkanaka-pixkanaka nola joan diren beste hezkuntza sareetara zabaltzen). Gure artean konpetentzia handia dago, eta horrek ere eragiten du iniziatiba bat begi onez ikusten bada eta arrakasta badu, besteak ere berehala sartzea horretan.
Anjeles Iztuetak curriculuma sinatzeko pausoa eman zuen. Orain EAEko sailburua aldatuko balitz, akordio hori atzera botatzeko arriskua ikusten al duzue?
Nik ez nuke hainbeste esango. Datorrenak bere erabakiak hartuko ditu. Orain, nik, sailburu banintz, zer egingo nukeen? Bada hor daukazu karamelotxo bat ikaragarri goxoa. Hezkuntzaren gizarte eragileak ados daude elkarrekin lan egiteko; hori kontuan ez hartzea itsukeria litzateke. Azken batean, administrazioko eragileen zailtasun handietako bat gizarte eragileen atxikimendua lortzea izaten da. Kasu honetan, bonboia hor dauka. Pasatzen da ados egon behar duela planteamenduokin, eta gu ez garela nor administrazioko Hezkuntza arduradunak zer egin behar duen erabakitzeko.