Beldurraren aretoa, Galtzagorri Elkarteak beldurrezko ipuinen inguruan osatutako erakusketa

2006-03-01

Beldurraren aretoa ez da txikienek izua sentitzeko aretoa: hemen ez da argia joaten, ez mamurik azaltzen. Hau beldurra zerk ematen digun hausnartzeko leku bat da. Helburua da beldurra normalizatzea, bizitza osoan zehar guztiok dugun sentimendu natural gisa ikustea, horretaz lotsatu beharrean. Ikus, entzun, uki, dasta dezagun zerk ematen digun beldurra, eta jakin beldur horiek lantzeko zer ipuin dauden euskaraz.

 
 

Aretoan sartu eta sukalde bat aurkitzen dugu: Jonasen sukaldea da. “Jonas eta hozkailu beldurtia” ipuina kontatuko digute, lekuan kokatzeko (J. K. Igerabidek idatzia, Mikel Valverdek ilustratua). Garbigailutik soinuak datoz, labean gauza higuingarriak daude, xukaderan irudi beldurgarriak, hozkailuan dastatzeak nazka ematen duten gauzak... Gailuz gailu, zentzumenen ibilbidea egingo dute haurrek talde txikitan. Aparailu bakoitzak atzean sorpresa bat du gainera: ipuinez betetako apala. Bertan beren beldurrak lantzeko idatzi izan diren euskarazko ipuinak dituzte aukerako.

Gaurko beldur berri gehienak telebistak sortuak dira
Haurrek beren beldurrez hitz egiten dute jarduera honetan. Erakusketaren dinamizatzaile Alaitz Murok kontatu digunez, ohiko beldurrez gain (bakardadeari, iluntasunari, arrotzei zaien beldurra), badira beldur batzuk oso zehatzak eta gaurkoak direnak: urakanei edo marrazoei zaien beldurra, esaterako. Horiek, begi bistakoa denez, telebistak sortuak dira: hemen ez baitugu sekula urakanik ezagutu, eta marrazoa aipatzen zuen haurra Iurretakoa zen. Baina ikusi bai, hori dena ikusi egin dute, telebistan. Alaitz Muroren hitzetan, “haurrek etxean bakarrik gelditu behar dutenean, telebista piztuta uzten ditugu askotan, lasaiago egon daitezen. Eta alde batetik egia da lasaitzen direla, baina bestetik, beldur asko eta asko telebistan ikusita sortzen zaizkie”. •

Fitxa teknikoa

· Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoei zuzendua.

· Erakusketan dinamizatzaile batek gidatzen du jarduera osoa.

· “Jonas eta hozkailu beldurtia” ipuinean oinarrituta dago (J. K. Igerabidek idatzia).

· Helburua da haurrek hausnartzea zeri dioten beldur, eta beren beldurrei buruz euskaraz dauden ipuinak erakustea.

· Erakusketa liburutegi, kultur etxe, udal, eskola edo erakunderen batek alokatu nahi balu, jo Galtzagorri Elkartera (943 471 487. E-posta: galtzagorri@galtzagorri.org).

SUKALDEAN ZEHAR, ZENTZUMENEN IBILBIDEA

Erakusketaren hasiera

· Talde osoa elkarturik, beldurrari buruz hitz egiten dute: bizitza osoan zehar denok sentitzen dugun sentimendu natural gisa aurkeztuz. Bakoitzak bakarrik gelditu zeneko lehen aldi hura gogora ekartzen du.
· ”Jonas eta hozkailu beldurtia” ipuina kontatzen zaie, ordenagailu baten aurrean DVD bidez, animaziozko marrazkiekin.

Ibilbidea, Jonasen sukaldean barna

Talde txikitan jarrita, sukaldeko gailuz gailu ibilbidea egiten dute.
Xukadera: ikusmena
“Zer ez duzu zure begi bistan ikusi nahi?”
Sei irudi beldurgarri erakusten zaizkie, izu gehien ematen diena hautatzeko.
· Xukadera atzean, beren beldurrari lotutako ipuinak begiratuko dituzte.
· Fitxa batean beren amets gaiztoa marraztu behar dute.

Labea: ukimena

“Zer ez duzu ukitu nahi?”
Sei poltsa beltz daude: horietan eskua sartu behar dute, begiratu gabe, eta barnekoa atera gabe. Higuin handiena eman dien poltsa hautatu behar dute. Arrakasta handiena duen froga da.
· Labearen atzealdera joz, beren beldurrari lotutako ipuinak begiratuko dituzte.
· Fitxan marraztu eta idatzi behar dute zeri dioten higuina, eta zergatik.
Garbigailua: entzumena
“Zer ez duzu inon ere entzun nahi?”
Sei soinu entzungo dituzte, eta beldur handiena ematen diena hautatu.
· Garbigailu atzean, beren beldurrari lotutako ipuinak begiratuko dituzte.
· Fitxan idatzi behar dute hautatu duten soinu horrekin zer irudikatu duten.

Hozkailua: dastamena

“Zer ez duzu inola ere jango?”
Hozkailuan 6 objektu higuingarri daude potoetan (tarantulak, begiak, igela...). Pentsatu behar dute, zer ez luketen inola ere jango.
· Fitxan, idatzi behar dute ea zerbait beldurgarria gogoratu duten.

Amaiera emateko

· Talde osoa elkartu, eta ibilbidean zehar sentitu dutenaz mintzatzen dira.
· Horma-irudi erraldoi batean haur bakoitzak marrazkia egiten du, “zeren beldur zara?” galderari erantzunez.