Eskola eta gazte hizkera

2006-03-01
 
 

Denok konturatu gara: gazteen artean euskararen ezagutza asko handitu da, erabilera, aldiz, gutxi handitu da. Denon ahotan dago: gazteek eskolan euskaraz hitz egiten dute baina lagun artean, kalean, jolas orduetan eta aisialdian erdaraz aritzen dira. Denok dakigu datozen urteetako erronkak zein diren: erabilera, erabilera eta erabilera.

Erabilera handitzeaz hitz egiten denean, lagunarteko hizkera aipatzen da. Gazteek, orokorrean, gabezi handienak lagunekin bat-bateko egoeran erabiltzen duten hizkeran dituzte. Hori litzateke Estibaliz Amorrortu ikerlariaren ustez gazte hizkeraren definizioa: gazteek aisialdian, lagunekin daudenean bat-bateko egoeran erabiltzen duten hizkera. Gazteek, beraiek, onartzen dute euskara ez dela eraberritu. Hala adierazi zuten Azpeitian ospatutako gazte hizkerari buruzko jardunaldietan. Bertan, bildutako gazteen iritziz gazte hizkera kalean sortu behar da eta gazteek indartu behar dute. Gazteek hizkera kolokiala zuzenean irakaskuntzarekin lotzen ez badute ere, eskolan gazte hizkera zeharka lantzeko beharra ikusten dute. Jakina da eskola ez dela esparru egokiena hizkera ez formala lantzeko, lagunarteko hizkerarekin jolasteko edo kaleko hizkera sortzeko. Baina, Andoni Egañak aipatu zuen bezala, “hizkuntza normaldua duten tokietan, Murtzian adibidez, non ikasten dute umeak iraintzen? Kalean, noski. Hemen, berriz, eskolan erakutsi beharko zaizkie euskarazko irainak. Baliabideak eman behar dizkiegu ume eta nerabeei, euskaraz goxo bizi daitezen”.

ZER EGIN

. Ahozkotasuna sustatu: gazteen artean euskarazko ahozko erabilera handitzea nahi badugu, gazteak ahal bezainbat mintzatu beharko dira euskaraz.
. Hizkera motak landu: eskolan garrantzizko zeregina da hizkera jasoa erakustea; hala ere, beste hizkera eta erregistro motak badirela ohartaraztea ere garrantzizkoa da. Gazteek ohartu behar dute haur batekin hitz egiteko erabiltzen den hizkera edo adineko batekin erabiltzen dena ez direla berdinak, edo aisian lagunartean erabiltzen den erregistroak ez duela antzik unibertsitatean erabiltzen den erregistroarekin.
. Hizkera ez formala erabiltzeko eta lantzeko uneak bilatu, erabili eta planifikatu: eskolak lagunarteko hizkera erabiltzeko aukera ugari eskaintzen ditu: jolas garaietan, autobusean, txangoetan...Beraz, hizkera ez formala sustatzeko horiez baliatzea izango da eskolaren zeregina. Horretarako, eta lana eraginkorra izango bada, ezinbestekoa da planifikazioa.
. Eskola orduetan lagunarteko erregistroa landu: aurreko puntuetan aipatutako lanak indartzeko geletan lagunarteko erregistroa lantzeko tartea uztea komeni da. Horretarako, hainbat argitalpen eta proposamen erabil ditzakegu: Mantxut, Frexkue, Gazte Hizkerarekin Jolasean...