Usurbilgo haur eskola: Haurdun dauden amak haur eskolan

2006-05-01

Usurbilgo haur eskolan esperientzia berri bat jarri dute abian: gurasoak edo haurdun dauden amak haurra jaiotzen den unetik joaten dira haur eskolara, eta horrela, egokitzapen prozesuari haurra haur eskolan hasi aurretik ekiten diote. Haurraren eta amaren arteko lotura ez hausteko modu egokia dela deritzote. Eta horrez gain, haur eskolaren eta gurasoen arteko komunikazioa estutu egiten dela.

 
 

Ikasturte honetan hasi dira egokitzapen prozesu berri horrekin. 0-1 urteko haurren bi gela dituzte, eta 0-1 txikien gelan jarri dute martxan, hau da, 2005eko apirila eta abendua bitartean jaiotako haurrekin.

Taldeko lehen bi haurrak urrian hasi ziren haur eskolara joaten, baina aurretik, gurasoekin haur eskolan egonak zeuden. Amak oraindik amatasun bajan zeudela aprobetxatuz, presarik gabe, nahi zutenean edo ahal zutenean joaten ziren haur eskolara. Han, beste haurrekin egon, hezitzaileei lagundu, ikusi, ezagutu, zalantzak argitu eta abar egiten zuten. Azken finean, haur eskola ezagutu eta euren seme edo alabarekin batera egon bertan.
Gero, amatasun baja bukatu ostean, haurrak bakarrik utzi zituzten, eta lasai, leku ezagun batean, hezitzaile ezagunekin eta konfiantzazko giro batean. Hala kontatzen du Maier Tapia gurasoak: “Hasieran ordu pare baterako etortzen ginen haurrarekin batera. Gero bakarrik uzten genuen ordu erdi batean, eta pixkanaka denbora hori gehituz joan gara. Orain dela hiru hilabete itzuli nintzen lanera, eta oso lasai. Haurra bera ere lasai gelditzen zen. Nolabaiteko lotura ezarri duela esango nuke”. Kontxi Carbayeda ez da oraindik lanean hasi; beraz, egokitzapen prozesu horretan dago. “Azken hilabeteetan haurrarekin batera etorri gara: hasieran ordu t´erdi, gero hiru eta bukaeran sei. Lanean hasten naizenean, lasai hasiko naiz. Haurrarekin egon naiz eskolan eta ikusi dut nola moldatzen den. Horregatik noa lasai”.
Komunikazioa eta lasaitasuna
Egokitzapen prozesu honekin hasteko arrazoiak argi eta garbi dituzte Usurbilgo haur eskolako hezitzaileek. Betidanik eman diote garrantzia haurraren eta gurasoen arteko komunikazioari eta eskolaren eta gurasoen artekoari. Iaz guraso eskola sortu zuten eta Joxe Ramon Mauduit psikologoaren laguntzarekin gurasoen zalantzak argitzen saiatzen dira. Garrantzitsua ikusten zuten ekosistema osasuntsua sortzea gurasoen, haur eskolaren, hezitzaileen eta haurren artean. Horretarako, funtsezkoa ikusten zuten haur eskolaren eta familiaren arteko horma haustea. Eta hori lortzeko bidea, komunikazioa. Horrela, 0-1 urteko haurrekin eta haien gurasoekin komunikazioa sakontzeari heldu diote.
Zergatik 0-1eko adin tartean? Haurra haur eskolara joan aurretik etxean egoten da, ezaguna den lekuan, gurasoekin, anai-arrebekin edo ez…, hitz batean esanda, babestua. Ondorioz, haur eskolara joaten den lehen unea nahiko bortitza izaten da, oro har. Adituen arabera, jakina da 0-1 urte bitarteko haurrek babesa eduki behar dutela eta une oro haurra ulertua sentituz gero, gerora egingo duen ingurunearen esplorazioa sakona ea kalitatezkoa izango dela, ziurtasuna izanik abiapuntua. Hori jakinda hasi ziren adin horretako haurrekin eta gurasoekin egiten duten egokitzapen prozesua luzatzen.
Joxe Ramon Mauduiten esanetan, “haurdun dagoen ama haur eskolara etortzen bada, bertan egon eta hezitzailearekin harremanak izan, gerora jaioko den haurrak hizkuntzaren modulazioa edo tonua barneratu egiten ditu, eta gero, jaiotzen denean, ingurunea ez zaio erabat arrotza egiten”.

Hezitzaileak ere lasaiago

Hezitzaileak ere lasaiago sentitzen dira, haurra pixka bat ezagutzen dutelako eta lasaiago eta hobeto moldatzen direlako. “Gurasoekin etorri direnean, poliki-poliki haurrak ezagutuz joan gara: zer jateko ohiturak dituen, zer postura, haize asko dituen edo ez…” dio Edurne Urdanpilleta hezitzaileak.
Horrez gain, gurasoekin ere lasaiago sentitzen direla aitortzen du, eta batez ere harreman estuagoa sortu dela. “Talde berri bat hartzen duzunean eta guraso guztiak berriak direnean, kosta egiten da hezitzaileen eta gurasoen arteko harremana sortzen. Hauen kasuan, ordea, aurretik gelara lasai etortzeak eta egoteak beste komunikazio bat sortzea ahalbidetu du”.
Gurasoen artean oso giro polita sortu da eta beraien arteko iritzi trukaketa ere sarritan ematen da. “Egunero fitxa bat betetzen dugu haurra zer moduz egon den azaltzeko, eta gurasoek atzeko aldea betetzen dute. Bada, talde honetako guraso guztiek beteta ekartzen dute. Kontziente dira haurraren jarraipena garrantzitsua dela bai etxean eta bai haur eskolan. Eta hori oso garrantzitsua da”.
Gurasoen partaidetza ere igo egin da. Gelara haurrarekin etortzean, ez baitira euren semearekin edo alabarekin bakarrik egoten edo ikusle modura soilik egoten. Parte hartzen dute beste haurrak hartuz, hezitzaileari lagunduz… “Hasiera-hasieratik hori lantzen bada, hiru urtean zehar partaidetza aldetik fruitua emango duela pentsatzen dugu”.

Onura gehiago ere izango dira agian

Aipatu dituzten abantaila eta lorpen horiez gain, beste batzuk ere egon daitezke aurrera begira. “Aurten 1-2 urteko gelan dauden hezitzaileek zerrenda bat egin dute haurrek zein gaixotasun izan dituzten ikusteko eta horien aurrean gurasoen jarrera zein izan den baloratzeko. Datorren urtean, orain 0-1 urte dutenek eta egokitzapen prozesu berri honetan egon direnek 1-2 urte izango dituzte eta konparaketa bat egingo dugu ea gaixotasun berberak izan dituzten edo ez ikusteko”. Izan ere, Mauduitek dioenez, “0-1 urteetan ahalik eta maitasun eta kontaktu gehien emanez gero haurrari, ondoren gaixotasun gutxiago azaleratzen dira”. •

PSIKOLOGOAREN IRITZIA

Jose Ramon Mauduit

Psikologoa, gorputz terapeuta eta oinarrizko prebentzioan aditua

Zer dakar egokitzapen prozesua lehenago hasteak?

- Gurasoen eta haurraren arteko harremana ez haustea
Egokitzapen prozesuaren funtsezko oinarria amaren konfiantzari eustea da. Zertarako? Haurraren heziketa prozesuan amarekiko kontaktuari eusten bazaio, haurraren prozesua ez da hausten. Horregatik da garrantzitsua amak haurra haur eskolan uzten duenean haustura sentsazioarik ez sentitzea eta harremana mantentzea. Eta noski, horretarako, inguruneak ere lagundu diezaiola maitasun hori ez hausten.
- Etxearen eta haur eskolaren artean harreman estuagoa sortzea
Orain arte etxea eta haur eskolaren artean bereizketa bat egon da, bakoitzak bere funtzioak eta rolak oso zehaztuta zituelarik. Egokitzapen prozesu berri honekin beste planteamendu bat egiten da eta gurasoek beste modu batera ikusten dute haur eskola. Beraien artean askoz gehiago komunikatzen hasten dira eta ez dute ikusten haur eskola haurra utzi eta hartzeko gune gisa, beraiek ere parte hartu behar duten espazio baten moduan baizik. Haurrak hori sentituz gero, konfiantza eta patxada sumatzen zaizkio eta horrek aldaketa izugarria ekar dezake. Esate baterako, etorkinen kasuan. Normalean emakume etorkinek ez dute laguntza askorik izaten haurdun daudenean edo haurra jaiotakoan. Aldiz, haur eskolara joaten hasten badira eta beste gurasoekin eta hezitzaileekin erlazionatzen hasten badira, esperientziak, arazoak, gorabeherak eta abar partekatuko dituzte eta lasaitu egingo dira.
Dauden behar sozialak ikusi eta horiei erantzuteko pertsonak prestatu behar dira. Gauzak horrela zaintzen eta mimatzen baldin badira, beste etorkizun bat izango dugu.