Birziklatuz sortu

2006-07-01
 
 

“Birziklatu plastika eta ingurunea lotuz”.

Lehen Hezkuntzan, birziklatze zein plastika arloan hutsunea zegoela eta irakasleriaren formazio eskaerak bazeudela ikusita, tailer hauen ideia sortu zen.
Argi dago bai etxeetan eta bai eskoletan zabor asko sortzen dugula, eta gure haurrei zabor bakoitza bere eduki-ontzira botatzeko edota horrenbeste zabor ez egiteko erratea soilik ez dela nahikoa. Baina zabor horiei beste erabilera bat ematen badiegu eta hainbat material zein teknikekin diseinu propio bat sortu, bi arlo hauek uztartuko ditugu: birziklatzea eta plastika.
Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleek beraien ikasleei modu praktikoan (hau da, plastikaren bitartez) birziklatzea zer den erakustea da gure proposamena. Beraz, ikastaroa erabat praktikoa izango da eta esperimentazioa izango da oinarria. Modu horretara, sortu ahala, materialen baliabide plastikoaz ohartuko gara eta hainbat teknika ikusiko ditugu.
Ikastaroaren edukiak honako hauek dira:
1.- Bolumena landu: egunkari paperarekin,komuneko paperaren kartoiarekin eta plastikozko poltsekin.
2.- Maskarak egin:kartoizko kaxa eta arropa zaharrekin.
3.- Txotxongiloak eta pertsonaiak sortu: latak eta plastikozko ontzi desberdinekin.
4.- Objetuak (lanparak, mugikorrak, markoak eta abar): kartoia, ontziak eta traste zaharrak erabiliz.
Horrekin guztiarekin bete nahiko genituzkeen helburuak hauek izango lirateke:
* Haurtzarotik birziklatzea modu praktikoan landuz, inguruneaz gehiago jabetzea.
* Gaur egun bizi dugun “erosi eta bota” kultura kontsumitzaile honetaz hausnartzea.
* Botatzen ditugun objektuei erabilera berri bat emanez, bere balioaz ohartzea.
* Birziklatzean diseinu berriak landuz sormena zein trebetasuna sustatzea.
* Birziklatzean sortzen diren arazo tekniko zein estetikoei aurre eginez, plastika “kontzeptuan” sakontzea.
* Zabor artean, esperimentazioaren eta jolasen bidez irudimena lantzea.