Ordenagailu gelara? Zertara?

2006-07-01
 
 

Inoiz, ematen ditudan ikastaroen inguruan galdetu didatenean, normalean zer programa “irakasten” ditudan jakin nahi izan dute euren burua kokatzeko. Nagusiki Paint eta Word programak lantzen ditudala entzundakoan, harridura edo interes eza izan da erantzuna. Beste batzuetan, Paint aditzean, zera esan didate:

- Baina programa horrekin oso gauza gutxi egin daitezke.
Edo beste hau:
- Zure ikastaroa hasiera mailakoa da, orduan, ia-ia ezer ez dakiten irakasleentzat.
Askotan, nire ekarpena benetan interesgarria izan den edo ez zalantzan jarri dut. Ez ote nuen Photoshop edo izen arraroa duen programa bat hartu, “JavaMegaKidPixKlik”, esate baterako, eta hura munduan barna zabaldu behar mesias berri baten moduan?
Konturatuko zinetenez, IKTen inguruko prestakuntza ehuneko handi batean programetan oinarrituta dago. Programak dira ardatza, irakasleek programa asko menderatu behar dituzte; zenbat eta programa gehiago kontrolatu, hobe. Irakasle batzuk, IKTen inguruko jakin-mina ase nahian eta borondate onenarekin, ikastaro batean edo bestean izena ematen dute, programa bat ikasi, eta gero ez erabiltzeko. Agian programa ez delako eurek uste zutena, edo ez delako oso erabilgarria, edo ez dutelako programa erabiltzeko denborarik, edo euren ikastetxeko ordenagailuek ez dutelako hori erabiltzeko potentzia nahikorik…
Bestalde, IKTetan ere modaren menpe edo lilura teknologikoaren menpe bizi garela dirudi. Garai batean Klik zen ikasi beharrekoa, orain Linux edo blogak egiteko tresnak. Badakigu etengabe ari direla programak eta Internet bidezko zerbitzu berriak ateratzen, batzuk oso interesgarriak eta hezkuntzan aplikatzeko aukera asko dituztenak. Teknologia Berriak ziztu bizian aldatzen ari dira; gure eskolen eta ikastolen martxa, ordea, beste bat da. Hainbeste berrikuntzak zorabioa sortzen dio irakasle ordenagailuzale prestuenari ere!
Itzul gaitezen lehen aipatutako Paint programara. Programa xumea, mugatua, ez oso erakargarria, alde batetik, baina eskola guztietan dagoena, bestetik. Xumea dela esan dut, bai, paperezko orrialde bat bezain xumea. Margolari batek orrialde eta arkatz bat besterik ez du behar margotzen hasteko, eta bi tresna horiekin maisulan bat egiteko gai da. Horrekin zera esan nahi dut: programak berdin zaizkigula. Margotzeko mila programa daude eskuragai: Tuxpain, KidPix, DrawPekes, Disney Studio… Batzuk doan lor daitezke eta beste batzuk ordaindu egin behar dira. Programak hor daude, eta horiek erabiltzen ikastea ez da batere zaila; horrek ez gintuzke kezkatu behar. Arduratu behar gaituena da programa horiekin egingo ditugun hezkuntza jarduerak, horien planifikazioa eta hezkuntza helburuekin izango duten uztarketa; baina horretaz gutxi hitz egiten da egiten ditugun ikastaroetan.
Kontua da, programa gelara eramaten dugunean, edo hobe esanda, ikasleak programarekin aritzeko ordenagailu gelara eramaten ditugunean, gauzak konplikatzen hasten direla. Berdin da programa zaila izan edo 3 urteko haur batentzat diseinatuta egon, problemak izango ditugu. Demagun, imajinatzea zaila bada ere, teknikoki dena primeran dabilela (ez egin barre, gerta daitekeen zerbait da), eta gelakoekin marrazki bat egitera joaten garela ordenagailu gelara (zerbait erraza jartzeagatik), eta inon idatzi gabeko lege hau beteko da: erotu egingo gara, eta arazo bat edo beste sortuko da, seguru. Adibidez: marrazkia inprimatzerakoan konturatuko gara, 21 ikasle izanda, marrazki guztiak inprimatzeko ordu erdia beharko dugula (eta 5 besterik ez ditugu izango), edo erraza zirudien programa ez dela horren erraza; eta ikasleek gure izena behin eta berriro errepikatuko dute laguntza eskatzeko (berdin izango zaie zu okupatuta egon edo ez), eta zure izena berrehun eta hamaika aldiz entzundakoan, hauxe pentsatuko duzu: zergatik ez ote dizkiet papera eta margoak eman marrazki madarikatu hau egiteko? (Batzuei beren gurasoek zergatik ez ote zuten beste izen bat aukeratu bururatuko zaie, bidenabar). Hori guztia saihestea erraza da, jarduera behar bezala antolatzen bada eta gerta daitezkeen eta gertatzen diren hainbat arazo aurreikusten badira.
Programetan oinarritutako prestakuntza batetik, hezkuntzak dituen beharretan oinarritutako batera pasa behar dugu. Bestela, eskema berbera errepikatuko dugu gure ikasleekin: programen funtzionamendua erakutsi ganorazko ezer ez egiteko. Horretaz kexatu egiten gara gero irakasleok: testu prozesadorea edo Interneteko nabigazioa menderatu bai, baina, gero, gure ikasleak ez direla gai testu on bat idazteko edo egokia den formatua ipintzeko; eta denbora gehiegi pasatzen dutela izenburuaren kolore konbinazioa aukeratzen…
Bukatzeko, ez dugu ahaztu behar, IKTek ez dutela helburu izan behar, bidea edo, hobeto esanda, hezkuntza hobetzeko baliabide baizik. Garbi dago azken urteotan familia, irakasle, ikasle, ikastetxe eta administrazioen aldetik arreta eta interes berezia jasotzen ari direla Teknologia Berriak. Dena den, denborarekin eta ordenagailuen erabileraren sistematizazioarekin batera, ordenagailuek “ikusezin” bihurtu beharko lukete. Ez lukete aldeko edo kontrako jarrera sutsurik sortu behar, geletan egunero erabiltzen ditugun arkatz, klarion edo liburuek sortzen ez duten bezala. Hori noiz ailegatuko da?