Idazketaren didaktika baterantz:Konstruktibismoa eta kaligrafia

2006-07-01
 
 

Posiblea al da konstruktibismoa eta kaligrafia koadernoak adiskidetzea?

Baiezkoan nago. Konstruktibismoa eta kaligrafia elkarren kontrako ikuspuntutzat hartu izan dira, dilema moduan planteatu izan da bien arteko harremana. Baina hori gainditzeko unea iritsi dela uste dut. Ikastaro honetan adiskidetze proposamena landuko da, hau da, ikuspuntu biak hurbiltzen saiatuko gara.
Idazketaren arloan Emilia Ferreiroren ikerketa eta hausnarketek eragin handia izan dute Euskal Herrian. Ferreirok Piageten konstruktibismoa kultura idatziari aplikatu zion. Ferreiroren ikuspuntuan subjektuari ematen zaiola garrantzia, berak egiten ditu eraikuntzak. Harekin formatu izan dira hemen ikastaroak eta hitzaldiak ematen jardun izan direnak. Baina denborarekin itxuraldatu egin da hasierako planteamendua. Askok ez dute sekula Ferreiroren libururik irakurri. Sorkuntzari eta esaldiak egiteari garrantzi gehiegi eman diote eta ikuspegia murriztu egin dute. Kopia izatetik sorkuntzako jardun bat izatera pasa da idazketa, dena dela beharrezkoa ahaztuz. Musika tresna bat jotzen ikasten hasiberria denak ezin du konposatzen hasi. Horregatik, garrantzitsua deritzot berriro sustraietara jotzea. Normala da eta ondo dago bakoitzak bere eraikuntzak egitea, baina lan hori erraztu egin behar da gauzatxo batzuk kontuan hartuta. Haurrari erraztu egin behar zaio.
Irakurketa-idazketa metodoan idazkera kopia edo berregitearen ikuspuntutik ulertzen da. Irakasleak erakutsi eta ikasleak hartu.
Nik beste diziplina batzuen bitartez aztertu izan dut idazkera eta iruditzen zait gainditu egin behar dela polemika eta dilema hori. Idazteak berak hainbat elementu lantzeko aukera ematen du: atzamarren bidez egiten da, burua erabiliz, ergonomiak ere badu zeresana… Hasieran pixka bat idazkera mekaniko gisa ez bada planteatzen, hor gelditzen dira beste norabide batzuk eta zenbait ohitura txar. Horregatik, uste dut lehendabizi mugimendua automatizatu egin behar dela eta gero sortu, edo sortu ahala automatizatu. Alegia, batak ez duela bestea kentzen.
Hori kontuan izanda, idazkeraren garapena, ergonomia, grafologia, psikomotrizitatea, grafomotrizitatea… inguruan dauden diziplina horiek ere kontuan eduki behar dira idazketan, zeren idaztea ez da marraztea, ez da margotzea, arau batzuk daude eta jarraitu egin behar dira: ezkerretik eskuinera eta goitik behera idatzi behar dugu…
Azken batean, egiten dudan adiskidetzearen proposamena zera izango litzateke: haurrak sortzen joan behar du, eta bere eraikuntzak egiten, baina idaztearen kontzientzia hartzen ere joan behar du, hau da, norabide bat barneratzen, hitzen arteko espazio bat mantentzen eta abar. Kontzientzia hartzeak esan nahi du ez errepikatzea errepikatzeagatik, baizik eta kontzientzia hartze horrek idazketa argia eta egiten erraza lortzen lagunduko duela. Hasieran kontzientzia hartzea lortzen bada, azkenean konturatu gabe idatziko dute haurrek, modu errazean.
Finean, orain arteko polemika gainditu egin behar da eta ikuspegi zabalago batekin ulertu behar da idazketa.

Urtez urteko lanketa

Idazketa ez da urtez urte lantzen, eta hori egin beharko litzateke. Ez bada urtez urte helburu konkretu batzuekin lantzen, hor gelditzen dela. Haurrek, metodo desberdinak tarteko, idaztea lortzen dute, baina ez dute lortzen idazketa ulerterrazik. Horregatik, helburu batzuk jarri behar direla iruditzen zait, gauza konkretu batzuk landu behar direla urte bakoitzean, ez asko. Nik 3-4 urtetik 8-9 urtera bitartean zer landu behar den planteatzen dut. Adibidez, hasieran garrantzitsua iruditzen zait orriari eustea edo norabidea lantzea. Adin bakoitzean oinarrizko helburu batzuk ezartzen ditut. Horrek ez du esan nahi horrela izan behar denik, baizik eta progresio baten barruan kokatu behar da. Progresio baten gisa ulertzen dut helburuak jartzea.
Horrek guztiak haurrari era askean idazten lagunduko dio. Bestela, hor egongo dira beti idazketari begiratzen. Eta nahiz eta konstruktibismoaren bidetik joan, kaligrafia koadernoetara bideratuko dira ikasleak. Horregatik, urtero egin behar da lan pixka bat, eta ikuspegi global batetik, eta ez lehendabiziko urteetan soilik.
Hori guztia lantzeko eta ikusteko, Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzaraino, urtez urteko idazketa plangintza bat planteatuko da (orri motak, norabidea, neurriak, loturak ... kontuan hartuta).

Zer egin idazkera “txarrarekin”?

Sarritan ez da jakiten nola bideratu idazkera txarrak. Euskaraz ez zegoen idazkera txarren diagnostiko bat egiteko tresnarik, eta Mikel Haranburu eta biok horretan gabiltza. Ajuriagerraren disgrafia testuetan oinarrituta, 3. mailatik 6. mailarako haurren idazkerak hartu ditugu eta ikusten ari gara zein diren txarrak, zein puntutik aurrerakoak diren txarrak eta horiek nola bideratu. Gure asmoa ez da tresna bat edo test bat egitea, ez eta “disgrafia dauka” edo “ez dauka” esateko tresna bat egitea. Baizik eta ikustea haurrak zein puntutan ez daukan idazkera argia: presioan, loturan, letra forman… Eta horiek argiago egiteko tresna eskaintzea.
Lehen aipatu moduan, idazkera ez da era sistematikoan lantzen eta normala da lerroak goraka, beheraka, letra arraroak eta ulergaitzak egitea. Hori bideratzeko tresna bat egiten gabiltza, beraz.
2006-2007 ikasturtean eskola batzuetan ikerketa bat egiten hasiko gara idazketaren kontzientzia hartzea lantzeko. Mementoz bi eskola aukeratuta dauzkagu, baina agian ikastaroaren ondoren gehiago ere animatuko dira edo zarete.