Antzerkia

2006-07-01
 
 

Hezkuntzan edo aisialdiko taldetan antzerkia lantzea nahi dugu, gogoa dugulako, edo tokatu zaigulako, edo zer den jakin nahi dugulako. Eta noski, ez dakigu nondik hasi, antzezlanak non bilatu, ez dakigu gure ikasleentzat egokiak izango diren, eta gero lanketa nondik hasi, nola landu pertsonaiak, zer estilo jorratu, nola egin mugimendu eszenikoa eta abar. Horretarako planteatzen dugu ikastaro hau, galdera horien erantzuna bilatzen laguntzeko. Horregatik, ikastaro guztiz praktikoa izatea espero dugu, zuen zalantzak asetzeko proposamenarekin jaio dena.

Hasieran maila edo talde bakoitzean zer landu daitekeen ikusiko dugu, LHko 3. mailan edo Batxilergoan antzerkia ematea ez baita gauza bera. Zergatia landuko dugu eta bakoitzak bere iritzia azaldu, eztabaidatu eta agian adostu. Era berean, hainbat tekniken azaleko errepasoa egingo dugu: mimoa, klown-a, naturalismoa, fartsa, inprobisazioak…
Estiloak aukeratu eta gero, nola landuko dugun erabaki behar da: irakurketa dramatikoak, pertsonaiak lantzeko erak, mugimendu eszenikoen oinarri sinpleenak eta antzezlanaren kriterio pedagogiko eta estetikoak uztartzea. Horretarako, ikastaroan zaudetenok eszenak landu eta zuzendu beharko duzue, beste ikaskideei pertsonaiak bilatzen lagundu (nola mugituko diren, fisikoki nolakoak diren, zer ahots izango duten, zer ezaugarri eta berezitasun…). Gero hori dena oholtzara altxatuko dugu, eta mugimendu eszenikoak landuko ditugu (bizkarra ez eman ikusleei, pertsonaiak espazioan kokatu eta modu orekatuan mugitu). Horrekin batera, musikak edo dantzak edo bertsoak edo nahi dugun guztia sartuko dugu.
Azken egunean besteei erakutsiko diegu, eta jarraian, eztabaidatu, eta adostu, edo ez. Bibliografia ere bilatuko dugu (antzezlanak, teknikak) eta agian bideoz beste esperientziak ikusi.
Aurretik, beti motibatzeko jokoak eta kontzentratzeko joko eta teknika berriak ikasiko ditugu. Eta noski, ondo pasa, dibertitu eta ikasi.