Blogak irakaskuntzan

2006-07-01
 
 

Aspaldi honetan Web 2.0 izenpean Interneten gertatzen ari diren aldaketen berri jasotzen ari gara hedabideetan. Kontzeptu honen definizioa ikuspegi askotatik enfoka daitekeen arren, ikastaro honetan irakaskuntzari begira Web 2.0 delakoak lekarkeenaren inguruko azterketa egingo dugu, mugimendu berri honen buruan blogak kokatuko genituzkeelarik.

Zalantzarik gabe, 2005. urtea blogen iraultzaren urtea izan da. Blogarien hazkundea izugarria izan da, une honetan 40 milioi blog baino gehiago aurki daitezkeelarik. Horren ondorioz, sarean zehar aurki daitekeen informazioa inoiz baino ugariagoa da eta inoiz baino sakabanatuago dago. Garai bateko atari tematiko edo direktorio erraldoi haietatik (informazio guztia erabat zentralizatuta aurkezten zuten webguneak) mikroinformazioa nagusi den Internetera pasa gara. Informazioaren sakabanatze horren ondorioz, behar bezala kudeatu nahi badugu, ohikoak ez diren tresna berriak erabiltzera behartuta gaude: horien artean RSS gehigarriak, informazioa etiketatzeko sistemak, gogokoak partekatzeko aukerak… Hori izango da, beraz, ikastaroaren lehen atala.
Sarean zehar topa daitezkeen blogen izaera anitza izanik, hauetako asko helburu didaktikoekin sortu dira. Hauek dira, hain zuzen ere, edublog izenez ezagutzen direnak. Egia esan, ez dira gutxi blogak irakaskuntzan erabiltzeko egon daitezkeen arrazoiak:
1) Erabilterrazak dira.
2) Multimediak dira, alegia, testua, irudiak, animazioak, ahotsa eta bideoa biltzeko euskarria eskaintzen dute.
3) Ikaslearen partaidetza bultzatzen dute: tresna eraginkorrak dira metodologia eraikitzaile baten barnean.
4) Gure egunerokoan erabiltzen ditugun beste hainbat baliabideekin konbinatuz, aurretik finkatutako helburu didaktikoak lortzeko oso baliagarriak dira.
5) Blogak eta horien inguruan erabil daitezkeen aplikazio guztiak doakoak dira.
Blogaz gain, Web 2.0 berri honetan badira beste hainbat tresna hezkuntzan erabilgarritasun aparta eduki dezaketenak. Horietako gehienak lankidetzan oinarritutakoak dira, informazioaren trataera era partekatuan gauzatzeko balio dutenak. Hor daude wikiak, Writely edota View bezalako aplikazioak. Horiek guztiek, taldeko lanean oinarrituta, ekoizpen mota askotarikoak lantzeko aukera aparta eskaintzen digute. Horretaz gain, ikasleen artean ikuspuntu demokratikoagoa zabaltzea ahalbidetzen digu.