Harremanak gelan: gatazkak, tratu txarrak... esku hartzeko moduak

2006-07-01
 
 

Ikastaro honen helburu nagusia irakasle eta ikasleen arteko harremanek eraikitzen dituzten espazio berriez mintzatzea da, non errespetua, onarpena eta elkar ulertzea bideratzen diren.

Gelako harremanez ari garenean, bizikidetzaz edo gatazken ebazpenez ari gara. Eskola, haurraren garapen sozial, afektibo eta moralerako inguru egokia da, etengabeko ikasketa esparrua baita. Bertan ikasleak bere jokabideak, emozioak, trebetasunak, arauak eta abar praktikatzen ditu.
Ikaslearentzat ikastetxea eta, batez ere ikasgela, bere gizarte txiki bihurtu dira, hor landuko baititu bere gaitasunen garapena, trebetasun sozialak eta parte hartzeko eta bestearekiko errespetuzko balioak.
Ikastetxean bizikidetza lantzeko eta giro egoki bat lortzeko, gatazken ebazpenean eta bake kulturan oinarritzen den hezkuntza landu beharko litzateke. Horrek eskolan aldaketa sistemiko bat sortuko luke, eta ez soilik aldaketa kurrikular bat (Ramón Alzate).
Eskolan sortzen diren harremanak lantzeko, Bizikidetza Eredu Global bat proposatzen dugu. Eredu horrek, esku-hartze hezigarrian oinarrituz, eskolaren bizikidetza ereduaren aldaketa proposatzen du. Eredu horren helburua, gatazken eraldapen baketsuak eta aniztasunaren printzipioak ikastetxean gertatzen diren harreman guztietan eragina izatea da. Eredu honek, prebentzio eta eraldaketarako ikuspuntua izanik, ikastetxeko elkarbizitzaren bost eremuetan du eragina: diziplina sisteman, curriculumean, pedagogian, eskolako kulturan eta familian. Hori guztia burutzeko hainbat programaz osaturik dago: Lehen eta Bigarren Hezkuntzarako eta Batxilergorako gatazkak eraldatzeko curriculum programa, irakasleen prestakuntza programa, sendiaren bizikidetza programa, diziplina positiboa programa, gatazkak ebazteko lankidetza-prozedurak (bitartekaritza, negoziazioa, kontsentsu prozesuak…), programa psikosozialak (droga-mendekotasunen prebentzioa, berdinen arteko erasoaren aurkako programa…), hezkuntza sozioemozionala eta lankidetza ikaskuntza.
Ikastaro honetan bi esparru ukitu nahiko genituzke. Alde batetik, esku hartzeko programa psikosozial bat landuko da, berdinen arteko erasoaren aurkako programa; eta bestetik, gatazkak ebazteko lankidetza prozedura bat, bitartekaritza programa.
Pertsonen arteko harremanetan oinarrituta dagoen hezkuntza egoki bat lantzeko oso garrantzitsua eta beharrezkoa da ikasleari argi eta garbi agertzea indarkeria eta gehiegikeriazko jokabideak onartezinak direla, gatazkak konpontzeko desegokiak eta psikologikoki eta moralki mingarriak direla. Indarkeria fenomeno sozial eta psikologiko bat da; soziala, pertsonen arteko harremanetan garatzen delako, eta psikologikoa, parte hartzen duten pertsona guztiengan eragin ezkorrak dituelako: biktimarengan, erasotzailearengan eta ikusleengan. Biktimek autoestimuaren eta autokontzeptuaren narriadura sufritzen dute. Erasotzaileak ezkutuko kontzientzia batekin erlazionatzen dira, beren garapen soziopertsonalean eta moralean eragin handia izanik eta jokabide kriminaletara gerturatuz. Ikusleak ere moralki inplikatuta daude, eta beldurrezko eta erruzko sentimenduak izaten dituzte. Beraz, bullying-aren aurka esku hartzen duen programa batek, biktimak, erasotzaileak eta ikusleak kontuan izango ditu, denek parte hartzen dutelako eta indarkeriak guztiengan ondorio ezkorrak dituelako.
Bestalde, gatazka prozesu natural bat izanik, interes eta behar desberdinak daudenean gertatzen da, baina ez du beti indarkeria sortzen. Hori kontuan izanik, gatazkak konpontzeko hainbat lankidetza prozedura daude; haien artean Bitartekaritza dago. Bitartekaritza programak partaidetzan, elkarlanean eta elkarrizketan oinarriturik daude, eta horien helburu nagusia eskolan gertatzen diren gatazkak konpontzearena da.
Ikastaro honetan hemen aipatutako kontzeptuak eta lan ildoak garatuko dira. Gai horiek lantzeko, esperientziak irakatsi digunari eta irakasle gehiengoak eskatzen duenari jarraiki, praktikotasunean oinarrituko gara.