Eredu berri bat ikasteko: proiektuak garatzen enpresetan bezala. (IMH Elgoibarko Makina Erraminta Insititutua)
Mendi malkartsuen artean dago Elgoibar, Makina Erremintaren hiriburua. Hiri aglomerazio handi honetan, pilatutako etxebizitzak eta eraikin industrialak nahasten dira, iraganaren eta orainaren lekuko. Bertan egiten dira estatu espainiarrean erabiltzen diren makinen %30, eta aldi berean, estatu espainiarra munduko zortzigarrena da. Testuinguru honetan, eskualdeko industria beharrei begira sortu zen IMH proiektua.
1986an metalgintzako ikasketak desagertzear zeuden. Hori zela-eta, Lanbide Heziketako zuzendaritzan zegoen talde bat bildu eta IMH Fundazioa eraiki zuen, enpresa eta erakunde askotarikoen laguntzaz.
Makina erremintaren erabiltzaile eta fabrikatzaileen sektorearen premiei erantzuteko prestakuntza eta teknologia berrikuntza zentroa da IMH.
Hedapen teknologikoarekin eta enpresei zerbitzuak eskaintzearekin batera, prestakuntza teknikoa da eginkizun nagusietakoa, eta horren barruan, hauek eskaintzen ditu: langile eta langabeentzat prestakuntza iraunkorra, Elearning, Ingeniaritza eta goi mailako eta erdi mailako heziketa zikloak.
Zikloetan guztira 240 ikasle daude, eta Mekanizazio bidezko produkzioan, 40 ikasle. Hor eraman du aurrera POI esperientzia (Proiektuetan Oinarritutako Irakaskuntza) Imanol Iturria, Ander Elola eta Juan Ignacio Irizar irakasleek osatutako taldeak.
Guneka: POIren abiapuntu
Guneka proiektua izan zen POIren abiapuntua. Ikastetxeen antolakuntza eta kudeaketa eredu aurreratuak garatzen dituen R5 sarearen partaide da IMH, beste 4 lanbide eskolarekin batera. 2000. urtean burututako hausnarketaren ondorioz sortu zen Guneka, eta 5 lanbide eskolak osatzen dute.
Horretarako, orduko enpresa aurreratuenak aztertu zituzten, eta zikloaren osotasunaren garrantzia ikasgeletara ekartzen saiatu ziren. “Adibidez, Irizar enpresan autobusak egiten dituzte eta horretarako “mini fabriketan” banatzen dira. Autobusa ez doa sekzioka, sei lineatan doa eta talde bakoitzak autobusa hasieratik bukaeraraino egiten du”, dio Imanol Iturriak.
Kudeaketa unitatea GUNEA da, hau da, antolaketa guztia guneetan egiten da: adibidez, ikasgunea ikasleek eta irakasleek osatzen dute, alorgunea departamendua deitzen zaionak, gidagunea zuzendaritza taldeak, eta abar.
”Ikasgunea zera da, irakasle talde batek ikasle talde bat hasieratik bukaeraraino hartzen du eta irakasle talde horrek kudeatzen ditu prozesu horrek biltzen dituen ekintza guztiak: ikasleei harrera egin, atazak programatu, irakatsi, ebaluatu, orientatu eta enpresan daudenean prestakuntza kudeatu”, dio Iturriak. “Hala, irakasle taldea batu egiten da eta zikloaren hasieratik bukaerara beraiek aritzen dira, ikasle taldearekin proiektuak aurrera eramaten”.
Irakaslearen rola ere guztiz aldatzen da. Ezagutzak dituen irakaslea izan ordez, ezagutzaren irakasle izatera pasatzen da. Bere lana zeregin eta atazak antolatzea eta horien inguruan erabakiak hartzea da: zereginak diseinatzeko, kudeatzeko, irakasteko… autonomia dute, eta berritzeko eta hobetzeko grina.
Guneka antolatzeko egitura hau aurrerapauso bat izanik ere, oraindik ere hutsune nabariak zeuden ikasleen ikaskuntza prozesuan, beheko taulan ikusten den moduan.
Testuinguru horretan, ISO kalitate programarekin eta Guneka proiektuarekin, aldaketa sakonagoak egin behar zirela konturatu ziren, jauzi handiagoa egin behar zela. Eta urrats bat gehiago emanez sortu zen POI esperientzia: proiektuen garapenean oinarritutako irakaskuntza.
“Beste herrialde batzuetako zentroetan nondik mugitzen diren ikusi genuen, aztertu eta ideia horiek gure modura zentratu genituen. Arazoetan oinarritutako irakaskuntzaren inguruan garatutako Eskandinaviako ereduak interesgarriak iruditu zitzaizkigun. Gauza batzuk erabilgarriak ziren guretzat, eta beste batzuk ez. Eta gure egunerokoa kontuan hartuz, arazoetan oinarritzeak baino proiektuetan zentratzeak zentzu positiboagoa zuen”, dio Iturriak.
POIren funtsa: proiektuak
Ikasleen eginbeharra proiektuak burutzea da, hasieratik bukaeraraino, hots, eskari batetik abiatu eta ekoizpenaren kudeaketa osoa egitea. Horretarako, irakasle taldeak proiektu bakoitzerako testuinguru bat prestatzen du, eta ikasleen lana da hori aurrera eramatea, pausoz pauso.
Beraz, ikasleen denbora irakasgaietan banatu ordez, prozesu honetara bideratzen da eta prozesuak berak barneratzen ditu irakasgai horien edukiak. “Ordutegiak hiruhilekoetan edo urteka antolatzen dira. Orduan, gure ikasleak enpresetara joaten direnean, goizeko 8:00etan marrazketa, 9:00etan kalitatea, 10:00etan lantegiko lanak eta 11:00etan automatismoa egiten al dituzte? Ez. Zertan ari dira enpresetan? Proiektu bat aurrera eramaten. Orduan, zergatik jarraitzen dugu eskoletan ordutegi horiekin? Horrek esan nahi du eskola guztiok ordutegia ez dugula ikaslearen ikuspuntutik egiten, baizik eta irakaslearen ikuspuntutik, eta hori arazo bat da”.
Proiektu zailagoak, eduki sakonagoak
Landu beharreko edukiak modu praktikoan lantzen dituzte, eta errealitatetik hurbilago. “Ikasketa progresiboa da. Dena ez dugu lantzen lehen proiektuan. Poliki-poliki goaz: adibidez, lehen proiektuan piezak, prozesuak eta planoak egiten dira; bigarrenean, planoak, hornikuntza, prozesuak, piezak eta kontrola; eta hirugarrenean, hori dena gehi denboraren estimazioa eta ekoizpen programazioa… Eta beti gehitzen. Bosgarren proiekturako dena sartzen dugu osorik”. Guztira, ikasturte batean zazpi proiektu egiten dituzte.
Ikasturte hasieran, inguruneko enpresek mekanizazio bidezko produkzioa nola aurrera eramaten duten ikusteko beta ematen zaie ikasleei. “Lehen, enpresetara bisitak teoria ikasi ondoren egiten genituen, aplikazioa ikusteko. Orain, ostera, hasieran egiten dira eta bisita dezente egiten dira, bizkarrezur hori bere osotasunean nola gauzatzen den ikustera, testuinguruak ikustera”.
Ikasturtearen hasieran indartze saioak egiten dituzte. “Teorikoki denak datoz maila berdinarekin, baina praktikan ez. Beraz, lehen bi egunetan ikasleen maila ebaluatzen dugu, eta ondorengo hiru egunetan indartze saioak egiten ditugu”.
Jarreren garrantzia
Horrez gain, azken bi urte hauetan garatutako esperientzia honetan, ikaslearen jarrera lantzeak berebiziko garrantzia hartu du. Enpresek, jarrerei garrantzi handia ematen diete eta jarrerazko edukiei ez zaie behar besteko garrantzirik ematen eskolan. Horregatik, ikasleak ebaluatzerakoan garrantzia du eguneroko lanak. “Azken esprint horretan gauza asko gainditzen dira eskolan. Enpresetan, aldiz, ez. Ez dugu ezagutzen enpresarik irailean hasi eta abendura arte ezer egin gabe egoten denik, gero dena presaka egin eta urte bukaeran entregatzeko. Enpresa batean ezin badugu hori egin, zergatik irakasten diegu hori eskolan?”
Ebaluatzeko orduan, jarreraren inguruan nota ugari pilatzen dira ikasturte bukaerarako. Izan ere, egunero jartzen zaie ikasleei jarreraren inguruan nota, eta gero, urte bukaeran, batez bestekoa ateratzen da. Eta gainditzeko, 9ko bat behar da, ez da gutxi. Emaitza orokorrari dagokionez, jarreraren nota % 40 da, proiektuaren txostena eta piezak % 30, eta azterketarena % 30. Beste horietan, 5ekoarekin nahikoa da. Irizpide horien bitartez egituratzen da ikaslearen ebaluazioa. •