RICHARD STALLMAN

2007-01-02

Informatika munduan oso ezaguna da Richard Stallman, software librearen erreferente nagusia. Despistatu itxurako jenioa, batera eta bestera bidaiatuz bizi da, mundu osoan zehar software librearen filosofia eta balioak ezagutarazten.

Harvard-eko ikasle zelarik, Massachussets Institute of Technology-ko (MIT) Adimen Artifizialaren sailean egiten zuen lan. Zeregin horiek utzi eta beste erronka bati heldu zion 1983an: ordenagailu sistema oso eta libre bat sortzea, lizentziarik eta monopoliorik gabeko sistema, alegia. Horrela, GNU proiektua martxan jarri zuen, horren baitan, askatasuna eta elkartasuna oinarri dituen sistema eragile libre bat garatzeko. Sortu zenetik Software librearen komunitatea hedatzen ari da, ez bakarrik erabiltzaileari eskaintzen dizkion abantaila praktikoengatik, baizik eta, batez ere, erabiltzailearen askatasuna bermatzen duelako. Stallmanekin bildu gara software librearen inguruan hitz egiteko. Hezkuntzak duen zereginaz aritu gara, ikastetxeek, irakasleek eta ikasleek software libreagatik egin dezaketenaz eta baita software libreak haiengatik egin dezakeenaz ere.

 

 
 

Software librearen aitatzat zaituzte. Beraz, egokiena zuri galdetzea izango da: zer esan nahi du software libreak?

Erabiltzailearen askatasuna eta elkartasun soziala errespetatzen dituelako deitzen zaio software librea. Software librearen definizio zehatza, ordea, oinarrizko lau askatasunek osatzen dute:

0. askatasuna: programa nahi duzun moduan erabiltzeko askatasuna da.

1. askatasuna: programa aztertu eta aldatzeko eskubidea da. Horretarako beharrezkoa da iturburu kodea ezagutzea, kodea publiko izateak programak aldatzeko askatasuna ematen baitu.

2. askatasuna: kopiak egiteko askatasuna izanez, lagun hurkoari laguntzeko gai izatea da.

3. askatasuna: programa hobetu eta hobekuntzak publiko egiteko eskubidea da, hobekuntza horiek komunitate osoak aprobetxa ditzan.

Lau askatasun horiekin erabiltzaile bakoitza librea da, eta erabiltzaileen arteko elkartasun soziala posible egiten da. Norbera libre izan daiteke eta, aldi berean, komunitate bateko partaide.Programa pribatiboa delako oinarrizko askatasun horietako bat falta denean, ordea, erabiltzaileak software pribatiboaren eta berau garatzen duten enpresen menpe gelditzen dira. Programa horien erabiltzaileen askatasuna mugatu egiten da. Hori bidegabea da, ez du horrela izan behar. Software pribatiboak ez du existitu behar.

 

Zer alternatiba eskaintzen du software libreak bidegabekeria horren aurrean?

 

Komunitate libre bateko kide izateko aukera ematen du. Horixe zen, hain zuzen ere, nik nahi nuena, eta horregatik abiatu nuen software librearen aldeko mugimendua, 1983an. 1984ko urtarrilean hasi nintzen sistema eragile librea, GNU deitzen dena, garatzen.

 

Zein dira software libreak, oro har, gizarteari eskaintzen dizkion abantailak?

Abantaila askatasuna da. Baina abantaila hitza ahulegia da askatasunari buruz hitz egiteko. Zeren askatasuna funtsezkoa baita, lan eta sakrifizio handia eskatzen dituena, eta beraz, abantaila deitzen badiogu, beste gauza hutsalagoekin konparatzen dugu, eta hori ez da zuzena.Egia da programa libre batzuek abantailak dituztela, abantaila praktikoak: oso fidagarriak dira, gaituak, eraginkorrak, akatsak (daudenean) berehala konpontzen dira, doan lor daitezke, ez da lizentziarik ordaindu behar, ez da programa erabiltzeko baimenik behar… Horiek guztiak software libreak eskaintzen dituen abantaila praktikoak dira.Baina auzi hori bigarren mailakoa da. Garrantzitsuena komunitate libre batean parte hartzeko aukera da.

 

Orain arte software pribatiboa erabili da eskoletan. Zer eragin izan du horrek?

Microsoft-ek eta horrelako enpresek eskolak erabiltzen dituzte ikasleak euren produktuetara engantxatzeko. Programa pribatiboen doako kopiak banatzen dizkiete eskolei, eta ikasleek horiek erabiltzen ikasten dute. Lehenengo dosia, beraz, doan da, ikasleak menpean hartzeko eginkizuna duelako. Ikasleek ikasketak bukatzen dituztenean mendekotasuna dute eta, noski, orduan, ikasle ohiei eta haiek lan egiten duten enpresei ez dizkiete kopiak doan banatzen. Gizarte osoa programa pribatiboen eske jartzeko erreminta da eskola.Hori dela eta, ikastetxeek trikimailu horretan parte hartzeari uko egin behar diote. Ez diete utzi behar enpresa pribatuei nahi erara erabil ditzaten, ikasleak produktu jakin batzuen menpe jartzeko. Microsoft-ek edo horrelako beste enpresa batek eskoletan bere softwareak erabiltzea lortzen duenean etorkizuneko langileriaren jabe izatea lortzen du.

Horrez gain, amarru gehiago erabiltzen al dituzte?

Bai, batzuetan arduradunak “erosten” dituzte, edo baita estatuak ere, onurak eskainiz eta euren leialtasuna sarituz. Esate baterako, Microsoft-ek garapen zentroak ireki izan ditu hainbat herrialdetan, eta horren truke gobernutik diru gehiago jasotzen du. Danimarkako egunkari batean argitaratutakoaren arabera, Microsoft-ek gutun bat bidali zien hango ministroei esanez Microsoft babesten ez bazuten, ez zituela patenteak babestuko Europan eta 3.000 langileko enpresa bat Danimarkatik beste herrialde batera lekualdatuko zuela. Xantaia horren aurrean, gobernuak amore eman zuen. Merkatu librearen ondorioa da. Merkataritza libreko itunak zertarako egiten dira? Gobernuen boterea enpresen eskuetan uzteko. Horregatik dira bidegabeak.

 

Nola konbentzituko zenituzke hezitzaileak software librea erabil dezaten?

Konbentzitu ez dakit egingo ditugun, baina software librea erabiltzeko arrazoiak eman diezazkieket.Lehenengo arrazoia da azalekoena: dirua aurrezten da. Software librea erabiltzeko ez dago hura erosi beharrik; software pribatiboa erabiltzeko bai, ordea. Bigarrena, eskolak software librea balia dezake ikasle gaituak eta ongi prestatuak bultzatzeko. Alegia, askatasunaren bidea aukeratuz gero, gizarte libre batean herritar libre modura bizitzeko gai diren ikasle prestatuak heziko dira. Izan ere, eskolek hurrengo belaunaldiak hezteko funtzioa daukate. Nola? Askatasunaren bidea erakutsiz.Software librea erabiltzeko hirugarren arrazoia, berriz, heziketa informatikoarekin lotuta dago. 14 urterekin, gutxi gorabehera, gazte batzuek ordenagailuaren funtzionamendua ikasi nahi izaten dute. Programa bat erabiltzen baldin badute, nola funtzionatzen duen jakin nahi izaten dute. Baina ikasle batek irakasleari programak nola funtzionatzen duen galdetzen dionean, pribatiboa baldin bada, irakasleak ez daki erantzuten; inork ez baitaki programa horrek nola funtzionatzen duen. Sekretua da. Beraz, heziketa prozesua eten egiten da, ikasleak ezin duelako gehiago ikasi. Aldiz, software librea baldin bada, irakasleak guztia azal diezaioke: “Begira, hemen daukazu programaren iturburu kodea; irakur ezazu eta dena ulertuko duzu”. Eta noski, dena jakin nahi duen ikasle horrek egin egingo du. Hori da, gainera, ongi programatzen ikasteko bidea edo modua. Ikasle horiek ez dute programazioa ikasi beharrik izango, beraientzat oso argi dagoelako. Beharbada, kodea ondo idazten ikasi beharko dute, kode asko idazten baitira. Baina, hori egiteko aukera software libreak soilik ematen du.Eta azkenik, software librea erabiltzeko laugarren arrazoia, sakoneko arrazoia, heziketa etikoa da. Herritar zintzoak izateko, eskolak arau hau bete behar luke: “Gelara programa bat ekartzen baldin baduzue, ezin duzue zuentzat gorde, gainerako ikaskideekin partekatu behar baituzue”. Eta noski, eskolak eredu izan behar du. Hortaz, eskolak ere, dauzkan softwareak partekatu egin behar ditu.

 

Prestakuntza berezirik jaso behar al da software librea erabiltzen hasteko?

Bai eta ez. Instalatzeko ez da ezer jakin beharrik, beste norbaitek instala dezake. Baina ondoren, bai, erabiltzen ikasi behar dute. Ez da zaila eta laguntza eska daiteke. Hemen Euskal Herrian jada jende asko dago software librea erabiltzen duena. Eta Extremaduraren laguntza ere eska daiteke. Izan ere, han hezkuntzako arlo guztietan erabiltzen dute, eta horregatik, ezagutza eta esperientzia handia dute. Alde horretatik, Extremadurako esperientzia eredugarria da. Autonomia Erkidego horretan software librearen aldeko apustua egin dute, denek. Mundu mailan hainbeste orokortu den esperientzia bakarra da. Brasilen ere badaude software librea erabiltzen duten institutuak, baina ez da orokortu. Katalunian ere ari dira zabaltzen, baina ez dakit zein puntutaraino iritsiko diren. Extremaduran erabat egin dute, etikan oinarritutako erabaki politiko bat izan delako.

 

Dena dela, ikastetxe batzuetan aldaketa hori egiten saiatu diren arren, nahiko etsigarria izan da. Zer egin daiteke hori saihesteko?

Extremadurakoekin harremanetan jarri, adibidez. Han jauzia eman dute eta urteak daramatzate ongi funtzionatzen. Ez da zaila. Gauza bat eduki behar da argi: software pribatibotik software librera emigratzeko, askatasuna baloratu behar da, eta horretarako borondatea behar da. Baina ez zalantzaz betetako borondatea, borondate irmoa eta kementsua baizik. Borondate ahula baldin baduzu, edozein zailtasunen aurrean amore emango duzu; aldiz, borondate irmoa bada zurea, izan ziur lortuko duzula.

Nork eduki behar du borondate hori? Irakasleek? Ikasleek? Agintariek?

Batez ere agintariek, politikariek eta instituzioek. Alegia, aldaketa egiteko adina botere dutenek. Eskola batean erabaki hori hartzeko adina erantzukizun duen norbaitek borondate irmoz jauzia ematea erabakitzen badu, jauzia eman daiteke. Irakasle batek software librera migratu nahi badu eta horretarako gogo irmoa baldin badu, software librea jar diezaieke bere gelako ordenagailu batzuei. Ikasleek ere software librea behin eta berriro eskatzen badute, agian lor dezakete egoera aldatzea.Borondate irmoz edozein oztopo gainditzeko moduak aurkitzen dira. Denok izaten ditugu oztopoak bizitzan zehar, baina borondate irmoarekin, gainditzen ditugu. Zalantzan baldin bagabiltza, ostera, oztopoek beraiek gainditzen gaituzte. Hori hala da.

Zer diote enpresek honetaz guztiaz?

Nire ustez, erabaki politikoak dira garrantzitsuak, erabaki ekonomikoak baino gehiago. Politikan erabakitzen da nola bizi, gizarteko arauak hor zehazten direlako. Oso gai garrantzitsuak dira horiek. Erabaki ekonomikoek, berriz, ez dute politikoek bezainbesteko garrantzirik. Arazoa da, ordea, gaur egun enpresek eskuratu dutela botere politikoa. Eta horrek ez luke horrela izan behar. Enpresek ez lukete inolako botere politikorik eduki behar. Gaur egun politikako oso gai garrantzitsuak ekonomiaren menpe jartzen dira. Eta alderantziz izan beharko luke.Askatasunaz eta komunitateaz ari garenean, batez ere, gai ekonomikoek askoz ere garrantzi gutxiago hartu behar lukete. Askok, ordea, garrantzitsuena den hori bigarren mailara bihurtzen du, eta behin eta berriz errepikatu behar izaten dut garrantzitsuena askatasuna eta elkartasun soziala direla.

Etorkizunari begira, hemendik 10 urtera ikastetxeetan software librea erabiliko dela uste al duzu?

Ez dakit, hori zuen esku baitago. Askatasunaren aldeko borroka batean murgilduta gaude, eta gudu-zelaia ikusten da: askatasunaren aldeko borroka globala enpresen boterearen aurka. Horren aurrean, bi aukera ditugu: enpresen boterea eta inperioa globalizatzea, edo kooperazioa, elkartasun soziala eta askatasuna globalizatzea. Software librea erabiltzea bigarren aukeran sartzen da: ezagutza eta kooperazioa globalizatzen dira, giza jakintza edonork erabili edo garatu ahal izan dezan. Hobe da zerbait ona globalizatzea zerbait txarra baino.

 

Ikastetxeetan erabiltzen den material didaktikoa enpresa pribatuek saltzen dute. Software librearen bitartez egin eta zabal al daiteke?

Bai, noski. Ikastetxe batek software libreko programa bat garatu nahi badu, gara dezake, gero software libre moduan argitaratzen badu. Nahikoa da erabakia hartzea. Programak erosi egin beharrean, eurek egin ditzakete, programatzaile baten laguntzaz. Eta agian zentro gehiago ere animatuko dira.Bestalde, denek sal ditzakete kopiak. Software librearen askatasun bat horretan datza, hasieran esan dugun moduan: kopiak banatzeko askatasuna. Normalean, ordea, software librearekin negozioa egiten duenak ez du produktua saltzen, zerbitzua baizik.

Euskararentzat zer onura dakartza software libreak?

Euskaraz programa bat garatu nahi badugu, software libreak abantailak ditu. Ez da ezerezetik hasi behar. Lehendik dagoen programa bat hartu eta euskaratu daiteke. Programa libre batekin edonork egin dezake hori inori baimenik eskatu gabe. Programa pribatiboetan, aldiz, ez dago askatasun hori, kodeak gordeta daudelako.Ekonomikoki ere, aipatu behar da euskaratzeak ez duela inolako kosturik software librean. Bestela gertatzen da software pribatiboarekin. Esate baterako, Eusko Jaurlaritzak 200 milioi pezeta (1.200.000 euro) gastatu zituen Windows 98 euskaratzeko baimena lortzeko. Eta horri ondoren etorritako itzulpen kostuak gehitu behar zaizkio. Tentelkeria galanta. Microsoft-en inperioaren menpe egotearen ondorioa da hori. Hortaz, kontua ez da euskarri bat euskaratzea edo hori egiteko dirua jartzea, baizik eta askatasuna izatea. Hor dago benetako aldea.