korrika heldu da!

2007-01-02
 
 

Gaurko hau dugu gela barruko jardunari dagokion azken saiakera. Ikasle eta irakasleek gizartearekin harremanetan, gela barruan nahiz kanpoan egin dezaketenaz arituko gara. Izan ere, gure munduko erreferentzia kulturalak gela barruko egunerokotasunean txertatzea ezinbestekoa baita euskarari erabilera funtzionala emateko, ikaskuntza helburu huts izatetik haratago. Korrika dugu gisa horretako lanketa bideratzeko aukera ezin hobea. Ekimen soziala da, eta gizartean duen eraginaren aurrean, eskolak ezin daitezke gera mugimendu erraldoi horretan parte hartu gabe, gizartearen isla ere izan behar baitute.

Hona beraz, irakasleak ikasleekin marko horretan egiten ahal duena. Hurrengo lerrootan, ikastetxeetan lantzeko prestatu den Unitate Didaktikoaren jarduera nagusienak:

 

Haur Hezkuntza

Adin horri dagokion proposamena, curricularretik gehiegi saihestu gabe, ikaslearen adimen gaitasunak, nortasun ezaugarriak, gorputz ahalmenak eta gizarteratze eta harreman gaitasunak indartzera dator. Horrela, prozedura linguistikoetan trebatzeko ahalegina egiten jarraituko dugu gai nagusia korrika izanik. Alegia, ipuina kontsideratzen badugu besteak beste, adin tarte honetan hizkuntzaren trebakuntzarako baliabide aberatsen, hori bihurtu beharko dugu Korrikako unitate didaktikoaren ardatz. Ipuina lantzeko baliatzen ditugun estrategiak dira gakoa jarduna emankorra suerta dakigun. Hots, ikasleak ezin ditu ipuinak era pasiboan entzun, taldeko antzerkiaren bitartez ipuina entzun hutsetik hura bizitzera ekarri behar dugu eta horrela, ulermenera eta elkarrizketara bideratu gure lana.

 

Lehen Hezkuntza

Adinean gora goazen heinean, gure helburuak ez dira gehiegi aldatzen. Oraindik orain, pertsonaren gaitasun orokorren garapena lehenesten dugu. Ikaslea aktibo izatea da gure eguneroko ekimenaren erronkarik nagusiena, eta horretarako etengabe motibazioa lantzeko kinadak egin behar dira. Adin tarte honetan motibazio jarduera oinarrizkoena komikia bihurtu nahi dugu, horregatik, ipuinaren lehen lanketaren ondoren ikasleak komikia diseinatzera bideratuko ditugu interakzio egokia proposatuz. Alegia, ikasleak talde txikian elkarrekin hitz eginez eta argudiatuz komikia adostera iritsiko dira.

 

Bigarren Hezkuntza

Bigarren Hezkuntzako ikasleen adin tartean gure helburu nagusia euskal hiztun aktiboak eragitea bada, nerabearen motibazio kontzientea lantzera joko dugu. Motibazio kontziente honen giltza, bateko ezagutzan datza eta besteko hausnarketan eta honen harira hartutako konpromisoan.

Honela, aurtengo Korrikak euskal emakumeak omentzea hartu duenez oinarri, etapa honetarako prestatu jardueretan muina ama hizkuntzaren kontzeptua lantzea izango da. Honekin batera hizkuntzaren transmisioan amaren figurak duen garrantzia, gurasoen egitekoa hizkuntzaren lekukoa pasatzen, seme-alabak euskara ikasteko bidean jartzen, hizkuntzarekiko atxikimendua itsasten, hizkuntzari balioa aitortzen,… Maila kontzeptualeko ezagutza honetara iristeko baliatzea proposatzen den estrategia, berriz, berraitona-berramonarengandik hasita, nork bere familiaren hizkuntz biografia arakatzea da. Bakoitzaren arbasoei buruzko datu bilketa eginik taldean aztertzea hizkuntzaren atzera-aurrera pausoak, gizartean zein garaitan eta zein faktorek eraginda eman diren, eta baita ikasle bakoitzaren familian hizkuntzaren ibilbidea zein izan den ere. Proposatutako ondoko jarduera nork bere hizkuntz biografia idaztea da. Jarduera honetan hausnartzeko eta konpromisoak hartzera bultzatzeko aukera dago.

Eremu euskaldunetarako aproposagoa dirudien proposamen hau eremu erdaldunetan ere guztiz baliagarria izan daiteke. Izan ere, Pozalaguako estalaktitak hizkuntzaren sinbolotzat hartzen baditugu, eta euren okerdura eta bihurguneak euskararen biziberritzean elkarlanaren iruditzat, gizaki bakoitza fenomeno geologiko horren osaketan milioika urtetan bildu diren ur tanta horietako bat bailitzateke. Eta honela eremu erdaldunetan ere, ikaslea izango da bere ahaideen artean, lehen ur tanta euskararen historia itxuratzen duen estalaktitan.