Hizkuntz ereduak: goazen harira

2007-01-02

Asko hitz egin eta idazten ari da egunotan EAEn hizkuntz ereduen erreformari buruz. Proposamen ugari daude baina ia denak mugatzen dira (salbuespenak salbuespen) eredu bakar bat izan behar den edo ez, zer-nolako hizkuntz portzentajeak izan behar dituzten eta ingelesa edo gaztelania zein mailatan edo neurritan kontuan hartu behar dituzten esatera.

Oso gutxi irakurri dut, ordea, benetako eztabaidagaiaz: ikasleek lortu behar dituzten hizkuntz helburuak.

 

 
 

Gaur egun, hezkuntza munduan, gero eta garbiagoa da ikasleek lortzen dituzten konpetentzien garrantzia. Arazoa ez da zer eman edo irakatsi behar den, edota nola eman edo irakatsi behar den, baizik eta ikaslea zer egiteko gai den amaieran.

“Eskolatzearen azken helburua ikasleen prestakuntza da, eskolaren testuingurutik kanpo ere modu efektiboan eragin dezaten. Honek zera dakar: ezagutza, trebetasun eta konpetentzien eskurapena eta horiek bizitzaren egoera errealetara transferitzea” (Eurydice. Key Competences. Survey 5. European Commission. 2002).

Europar Batzordearen definizio hori hizkuntzen eremura ekarriz, garbi dago hizkuntz konpetentzia dela interesatzen zaiguna lehenik eta behin, hau da, ikasleak hizkuntzaren ezagutza, trebetasuna eta konpetentzia eskura ditzala eskolaren testuingurutik kanpo ere modu efektiboan eragiteko.

 

Bigarren eta hirugarren hizkuntzen arloan definiturik daude konpetentziak

Gure zorionerako, eskolan ikas daitezkeen hizkuntzen arlo honetan, definiturik daude konpetentziak eta mailaketa garbi bat egina dago Europako Erreferentzia Marko Bateratuan (Europako Kontseilua).

“Europako Erreferentzia Markoa Europa osorako hizkuntz egitarauak, kurrikulu orientazioak, azterketak, testu liburuak eta abar prestatzeko oinarri bateratua da. Hizkuntza bat ikasten ari diren ikasleek hizkuntza hori komunikazio tresna gisa erabili ahal izateko zer ikasi behar duten deskribatzen du Markoak, era integratzailean, eta orobat azaltzen du ikasleek zer ezagutza eta trebetasun eskuratu behar dituzten eraginkortasunez jarduteko” (13. or. HABE.Erreferentzia Markoa).

Ikus dezagun bada, zer-nolako konpetentziak deskribatzen dituzten Markoan. Markoaren mailak A1etik C2ra doaz. A mailak oinarrizko erabiltzaileari zuzenduta daude. B mailak, berriz, independentziaz mintzo dira, eta C, azkenik, erabiltzaile gaituari buruzkoak dira.

Logikaz pentsaturik, has gaitezen esaten gure irakasleei C1en pareko maila (2. HE) eskatzen diegula, EGA hain zuzen ere, eskolak euskaraz eman ahal izateko. Bestalde EGAra aurkezteko gutxieneko adina 17 urtekoa da. Beraz, C mailak ez dira egokienak derrigorrezko irakaskuntzaren amaierako ikasleei eskatzeko, nire ustez.

Zalantza A eta B mailen artean egon liteke. Ikus dezagun Mintzamenaren arloko deskribapena, adibidez, pixka bat argiago jartzeko. Zergatik mintzamena? Erlaziorako ezinbestekoa delako, hizkuntzak hitz egiteko ikasten baitira.

A2 mailak honako hau dio: “Elkarrizketa osoa jarraitzeko adina ulertzen ez badut ere, gai naiz informazio truke labur-laburrak egiteko”. Ez dirudi, beraz, oso maila egokia denik, ez eta legearen interpretazio normal batekin bat datorrenik ere (gero ikusiko dugu).

B2 mailak, berriz, honako hau dio: “Gai naiz jatorrizko hiztun batekin normal mintzatzeko…Gai naiz elkarrizketan era aktiboan parte hartzeko…”.

Hori bai, hori maila egokia izan daiteke derrigorrezko irakaskuntzaren amaieran helburu gisa markatzeko, eta hala pentsatzen zuen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak B2 mailaren ebaluazioa egin zuenean. Gero, astakeriak ere esan dira: B2 maila baxua dela, C2 eskatu beharko litzaiekeela ikasleei, eta horrelako perlak. Logika eta errealismo pixka bat, jaun-andreok.

Baina goazen orain Markoa eta indarrean dauden legeek diotena erkatzera.

 

Indarrean dauden legeen interpretazioa

Zerbait eskatu beharko banie legebiltzarkide jaun eta andreei, honako hau izango litzateke: interpretatu indarrean dauden legeak Erreferentzia Marko Bateratua kontuan hartuta. Edo beste lege bat egin Markoa kontuan hartuz. Edo ahalbidetu Hezkuntza Saila Markoaren mailak interpretzeko.

- Euskararen Erabilpena Arautzeko Oinarrizko Legea, 1982ko azaroaren 24koa 17. atala: “Jaurlaritzak, ikaslegoari nahitaezko ikastaldiak bukatzerakoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko adina ezagutuko ditueneko segurantza emateko xedezko neurriak hartu eta euskara-giroa bermatuko du, …”.

- 1993ko otsailaren 19ko Euskal Eskola Publikoaren Legea (III. Idazpuruko 18.atala): “Euskara eta gaztelania nahitaez sartuko dira euskal eskola publikoan gara daitezen irakaskuntza-programetan, bi hizkuntzen ahozko zein idatzizko ulermena eta adierazmena benetakoa izan eta gutxienez ohizko harremanetarako eta erabilerako hizkuntza gisa erabili ahal izan daitezen”.

Ez da zaila ikustea bai kasu batean (erabiltzeko adina ezagutuko…) eta bai bestean (ohizko harremanetarako eta erabilerako hizkuntza gisa…) A2tik B2ra bitarteko maila bati buruz ari direla gutxienez.

Hizkuntz helburu zehatzak eta guztientzat

Ez da gutxietsi behar hizkuntz helburu argiak ezartzearen garrantzia. Irakasle orok jakin behar du nora iritsi behar den bere ikasleen hizkuntz konpetentzia eta guraso guztiek ere jakin beharko lukete eskolak zein helburu duen hizkuntzei dagokienez.

Orain, gauza bat da helburua zehaztea, eta beste bat lortzea.

Jakin badakigu, egin diren azken ebaluazioen arabera, proposatutako euskararen B2 mailara iristen diren D ereduko ikasle erdaldunen kopurua % 48 inguruan ibiliko direla, ebaluazio horretako lagina aintzat hartuta (ez populazioarena, aldagai hori ez baitzen estratifikatu). Baina badakigu maila hori lortzeko lanak ikasgeletan egingo balira, D ereduko ikasleriaren % 23k nahiko erraz lortuko lukeela ere (gainditzearen atarian geratuko liratekeelako).

Baina B ereduan emaitzak eskasagoak dira eta An berriz… are eskasagoak, suabe esategatik. Hori da helburu garbi batekiko gaur egun lortzen dena, eta ez da gutxi.

Hona hemen galdera: posible al da hizkuntz konpetentzia berberak lortzea hizkuntz eredu desberdinekin?

Eredu bakar baten barruan ere, lortzen diren konpetentziak desberdinak dira hainbat faktoreren eraginez, matematikarekin edo zientziekin gertatzen den moduan: ikasleen maila sozio-ekonomiko eta kulturala, inguruko euskaldun kopurua, ikastetxearen hizkuntz osaketa eta antolaketa, irakasleak eta metodologiak,…

Ama hizkuntzarekin gertatzen ez den moduan, bigarren eta hirugarren hizkuntzetan izugarrizko aldeak sortzen dira ikasleen emaitzen artean.

Goiko galderara bueltatuz, gaur egun dauden eredu desberdinekin eskolan soilik antzeko konpetentzia lortzea praktikoki ezinezkoa da, nire ustez. Beste kontu bat da eskolatik kanpo lan egiten bada.

Ondorioz, honek arazo latz baten aurrean jartzen gaitu: ezarri behar al dugu lortu beharreko maila edo konpetentzia minimo jakin bat guztientzat, ala ereduaren (oraingoak edo berriak) araberako helburua zehaztuko dugu?

Aurreko legeak egin zirenean helburu berberak zehazten ziren (nahiko orokorrak baziren ere) baina gero, garai haietako egoera ikusita, errealismoz jokatu eta eredu desberdinak sortu ziren, erabakia gurasoen eskuetan utziz. Hogeitapiku urte geroago gurasoek garbi ikusi dute zer den egokiagoa eta irakasleriaren gehiengoa prest dugu gizartearen eskari horri erantzuteko.

Nire ustez, edozein erabaki hartuta, garrantzitsuena helburuak kasu guztietan zehaztea da. Alde batetik inor ez engainatzeko (gurasoak kasu) eta bestetik nork zer betetzen duen jakiteko eta aldaketak egiteko. Gurasook izan behar badugu erabakitzaileak, ez gara tontoak, eta orain arteko bidetik jarraituko dugu indar gehiagoz.

Hizkuntz helburuak eta eskolaren mugak

Bada ordua esateko, bide batez, eskolak, edozein eskolak, ahalbide mugatua duela hizkuntzen irakaskuntzan, hemen eta Filipina irletan.

Ez naiz soziolinguistikaz ari, baizik eta glotodidaktikaz. Hizkuntzak ikasteko bide naturala jatorrizko hiztunekiko interakzioa da. Zenbat eta interakzio gehiago eta esanguratsuagoa hobe. Zenbat eta premia gehiago izan hizkuntza (ondo) erabiltzeko hitz egiten dakien norbaitekin, are eta errazago ikasiko du ikasleak. Baina prozedura hori eskolan erabiltzeko muga izugarriak daude, eskola ez delako hizkuntza bat ikasteko tokirik hoberena. B eta D ereduen metodologia murgiltze metodologia da eta bere helburua hizkuntzen ikas prozesu naturalera hurbiltzea da, baina eskolaren zeregina ez da hizkuntzak irakastea soilik, eta gure eskola asko eta askotan ez dira egoera naturalerako baldintzak aurkitzen.

Alde batetik, gure ikasle erdaldun askok eskura duten jatorrizko (?) hiztun bakarra irakaslea izango da. Eta irakaslearekin gelan ez dira elkarrizketan aritzen normalean edo ez luzaroan. Irakasleak hitz egiten du gehienetan edota hark egiten ditu galdera gehienak. Ikasleen zeregina askotan entzutera eta “erreakzionatzera” mugatzen da. Gero, ikaslea “behartuta” dago bere ikaskideekin hizkuntza praktikatzera, dakiena jakina, eta hor sortzen da pidgin edo jerga moduko hori, ez euskara eta ez espainola ez dena (normala ikas prozesu honetan).

Beraz, zer da “euskalduntzen duen eskola” edo “ingelesten duen ikastetxea”? Zein da hori? D eredua duen eskola beste modu batera? Zein modutara? Zer esan nahi du euskalduntzeak? Jatorrizko hiztun batekin normal eta zuzen komunikatzeko gaitasuna? Zerbait gehiago? Markoaren terminoetan definitu beharko genuke zertaz ari garen eztabaida zentratzeko.

Oso ondo neurtu behar dira hitzak orain arte milaka irakaslek egindako lan izugarria, borondatezkoa askotan, mesprezatu nahi ez bada (batzuek egin duten moduan). Hezkuntza sistemari egin zaizkion kritika batzuk bidegabeak dira eta ez dute lortutakoa baloratzen, gabeziak soilik ikusten dituzte, dena porrota izango balitz bezala. Nork egin du Hezkuntza Sistemak baino gehiago Erkidego honetan euskara bultzatzeko?

Eskolaurretik DBHra guztientzat D eredua ezarri arren, eskolak bere mugak izaten jarraituko du, eta euskara ikasi nahi ez dutenekin edo sekula erabiltzen ez dutenekin ez dugu jakingo zer egin. Metodologia izugarri hobetzen badugu ere (eta bada premiarik, murgiltzeak ez baitu ondo funtzionatzen etorkin batzuekin, adibidez), helburu argiak markatuz, ikasleak ez badu eskolatik kanpo jatorrizko hiztunekin ere hitz egiten, ez du askoz gehiago ikasiko. Gainera, bere moduan gaizki hitz egiten duten pertsonekin asko hitz egiteagatik ere, ez du hizkuntza hobetuko (kontuz era honetako ekitaldiak antolatzerakoan). Okerrago, akatsak ontzat eman eta normalak irudituko zaizkio (fosilizazioa).

Ez dago ikastetxe frantses, aleman edo ingelesik ikastetxean ikasitakoarekin konformatzen denik (gu berriz, bai): ikasle guztiek egin behar dituzte egonaldiak hizkuntza naturala hitz egiten den tokietan. Gutariko batzuek, berriz, euskalduntzen duen eskolaren ideia zabaltzen dute, berton orain gutxi egingo balitz bezala eta eskolatik kanpo egin behar dena bigarren mailakoa balitz bezala. Eskola ez da nahikoa etxetik euskalduna ez den haur bat “euskalduntzeko” (gutxienez ikasle baten hizkuntz konpetentzia maila altu batera eramateko).

Zer egin orduan? Udalekuak, egonaldiak familietan, asteburuetako ekitaldiak, girotzeak, kirol taldeak mintza-eskola bihurtu, normalkuntza planak ikastetxeetan… gizartean esparru euskaldunak sortu… Gauza asko egiten dira jadanik! Sakondu egin behar, ez dago miraririk, ez hemen, ez Katalunian, ez Irlandan edo Kanadan, nik dakidala.

Eredu bat, bi ala oraingoak?

Erantzuna ez da erraza. Nik esango nuke aukera bakoitzak bere arazoak dituela.

Eredu bakar batera bagoaz, badirudi bi proposamen mota plazaratu direla: bat, oraingo D eredua eta bi, praktikan B ereduaren antzeko bat izango litzatekeena, elebidunagoa edo eleanitzagoa. Nola ez den plazaratzen bakoitzean zein den hizkuntz helburua, zaila da eztabaidatzea, baina garbi dago emaitzak oraingo D eta B ereduenen antzekoak izango liratekeela.

Egia esan, horretarako ez da aldaketa handirik behar. Oraingo ereduek abantailak dituzte alde horretatik ezagunak direlako eta garbi dago gurasoen D eta B ereduetarako joera. Latzena A ereduaren egoera da. Horrek ez du legeek dioten helburua betetzen, eta ezta beteko ere. Galdera honako hau da: akabatu egin behar da ala hiltzen utzi? Lortu beharreko mailak finkatuko balira, guraso gehienentzat ez luke erakargarritasunik izango. Arazo bakarra zera da: etorkinen ghetto bihurtzea eta politiko batzuek abagune hori bailatzea. Etorkinek, aukera badute eta inork ez badie kontrakorik aholkatzen, errazena omen dena aukeratuko dute. Nire ustez, A eredua edo hobetu egin behar da, edo besteen abantaila sendotu (ziurtagiriak lortzeko posibilitatea…), baina dagoen moduan ghetto bat bihur daiteke.

Garbi dudana zera da: galtzeko ez nukeela aldaketarik egingo. Oraingo egoeran baino emaitza kaskarragoak lortzeko edo oraingoak mantentzeko, ez nuke ezer aldatuko. Aldaketak bai, baina hobetzeko soilik.

 

Hirugarren hizkuntza oztopo?

Euskal hezkuntza sistemak ezin dio gizartearen atzerriko hizkuntzaren eskariari uko egin. Hori da errealitatea eta ez dago atzerabueltarik. Gure seme-alabek ingelesa, frantsesa eta agian mandarin edo errusiera beharko dutelako lana aurkitzeko edo ikasteko. Eztabaida honek kaltetu besterik ez luke egingo gaurko eredu indartsuenen matrikulazioa. Beste arlo batzuetan ditugun gabeziak hobetzeari ere ezin diogu uko egin (eskolan dena ez baita hizkuntza): zientzietan, kimikan edo geometrian kasu. Gainera, dauden ikerketek diote ez diola ingelesak euskarari inolako kalterik egiten eskoletan.

Denbora ez da dena hizkuntza baten irakaskuntzan. Gutxieneko denbora bat behar da, baina hona hemen galdera: egunean zenbat minutu suertatzen dira esanguratsuak euskararen ikaskuntzan gure gaurko gela eta eskoletan?

Soluzioa metodologia fintzea da eta dagoen denbora optimizatzea, ingeleserako edo zientziak indartzeko ere tarteak utziz.

 

Ziurtagiri boluntarioak: motibazio bat gehiago

Hezkuntza Sailak B2 mailaren ebaluazioarekin batera proposamen interesgarri bat plazaratu zuen: hizkuntz ziurtagiri boluntarioak egitea DBHn. Benetan ez da txantxetakoa neurri honek eragin dezakeen hizkuntzekiko motibazioa.

Ikasleak DBH amaieran bere ahalegina sarituko duen ziurtagiri bat eskuratu ahal badu, eskolaz kanpoko epaimahai batek emanda jakina, motibatua sentituko da eta hizkuntza ikasteko beste arrazoi bat ikusiko du. Aurrerago EGA lortzea ere erraztuko lioke gainera, seguru asko.

 

Ebaluazioaren garrantzia

Hizkuntz ereduen arloan, hain zuzen ere, ebaluazio dezente egin izan dira eta egiten dira, beti izan da kezka bat Sisteman. Ikusi nahi ez duenak ez du ikusiko, baina egindakoa hor dago eta ez zaio inoiz ebaluatzeari utzi behar. Helburuak definitzen badira, are garrantzitsuagoa da ebaluazioa, eta ikastetxeen eskuetan uzten bada ereduen antolaketa, oraindik garrantzi gehiago hartzen du emaitzen eta eboluzioaren azterketak.

Hezkuntza sistemarik garrantzitsuenetan ministerioek gero eta autonomia gehiago bueltatzen diete ikastetxe edo hezkuntza barrutiei, baina helburuak finkatzen dituzte eta urtero ebaluatzen dira emaitzak.

Ebaluazioen ondorioa zera da: ez da berdin euskara irakastea han edo hemen, baldintza hauetan eta haietan, ikasleri mota honekin edo bestearekin. Beraz “kafea guztientzat” da auzitan jartzen dena ebaluazioarekin. Hizkuntzen irakaskuntzan ere, gehien behar duenari gehiago eman beharko zaio, nik uste. Horrek, gainerako eskola errendimenduetan bezala, erronka izugarri baten aurrean jartzen gaitu: baliabideen banaketa asimetrikoa.

Alderdiek izango dute hitza Legebiltzarrean, baina aukera galdu bat izango litzateke helburuei buruz hitz egingo ez balitz. Ezin da eredu berri baten “antolaketa” aurkeztu helburuak markatzen ez badira, ereduak bitartekoak dira, zerbait lortzeko tresna. Ikastetxeei ere autonomia eman nahi bazaie arlo honetan, are garrantzitsuagoa da helburuak ondo finkatzea eta ebaluatzea. Euskararako markatzen diren helburuak baxuak badira, kontuan hartu gaztelania eta ingelesa konprometitzen ari direla erabaki horretan. Ala maila altuagoa eskatuko dugu ingelesean euskaran baino?

Ez dakit ekarpen hauek eztabaidarako balioko ote duten, baina hori izan da nire asmoa behintzat.•