Zer baldintza behar dira ikasleek gustura ikasteko?
Denok daramagu ikaskuntza prozesua gure barnean, baina egunerokotasunean inguratzen gaituzten baldintzek zeresan handia dute gure garapen pertsonalean. Gizartean eta eskolan, sarri, gure ikaskuntza desioa eta garapena mugatzen duten baldintza askorekin egiten dugu topo.
Hezkuntza sortzaileak pertsona ororen ikaskuntza errazteko baldintza zehatzak proposatzen ditu. Korronte pedagogiko guztiek bere jatorrian proiektu, ideologia edo pertsona bat dute. Hezkuntza sortzaileari dagokionez, Bigarren Mundu Gerrara begirada itzuli, eta Arno Stern-en esperientzia datorkigu burura.
Familia burges judu batean jaio zen Arno, eta iheslarien eremu batean haur talde bat zaintzea egokitu zitzaion. 19 urte zituela eta ezagutza handirik izan gabe, poliki-poliki baldintza berezi batzuk sortu zituen haur talde hartan. 20 metro karratuko gela txiki hartan margo kaxa bat agertu zen, eta Arnok ez zekien zer egin haiekin. Gelaren erdian zegoen mahaian jarri zituen. Hala, behin, haur batek mahaian denek margotzeko leku nahikorik ez zegoela esan zion. Orduan, Arnok paperak horman jarri zituen, bakoitzak espazio gehiago izateko xedez. Beste behin, beste haur batek pintzel bakoitza garbitzean pintura gehiegi xahutzen zela esan zuen, eta orduan, Arnok pintzel bakoitza kolore bakar baterako erabiltzea proposatu zuen. Hala, haurrak izan ziren jolasaren arauak eta antolaketa pausoak eman zituztenak. Eta Arno, ia konturatu gabe, garrantzi handiko rol bat hartzen joan zen, laguntzaile eta zerbitzari funtzioa. Urtebete pasa zen, eta bi gauzaz konturatu zen gaztea: bata, haur guztiek berdin margotzen zutela, eta bestea, haurrek eraldaketa nabarmena jasan zutela. Medikuak ere zur eta lur gelditu ziren umezurtz haiengan elikadura berezirik gabe, terapiarik gabe eta sendagairik gabe gertaturiko aldaketarekin. Iragaite hartan haur haiek seguruago eta sendoago bihurtu ziren, horretarako baldintza aproposak izan baitzituzten.
Haur guztiek marrazki berberak egiten zituztela baieztatzeko aukera izan zuen beranduago, 60ko hamarkadan. Mundu guztian zehar ikertzen ibili zen, herrialde primitiboenetan, eskolarik ez zegoen herrialdeetan, papera erabiltzen ez zen herrialdeetan... eta konturatu zen basamortuko haurrek, mendietako haurrek edo beste edozein lekutako haurrek antzeko marrak egiten zituztela.
Horrek zera esan nahi du: ordura arte batzuen gaitasuntzat hartu zena, guztiena zela. Alegia, artista sena zutenen gaitasuntzat hartzen zena denok barnean daramagun gaitasuna zela. Haurrek ez dute soilik ikusten dutena margotzen, eta ez dute komunikatzeko margotzen. Pertsona guztiok kode genetikoetan ditugun marrek marrazketa unibertsala osatzen dute. Hizketa bezala. Hori bai, haurrak hitz egiten ikasteko, gizarte batean bizi behar du, baldintza horiek behar ditu gaitasun hori garatzeko. Hala, marrazketaren katea askatzeko ere, baldintza egokiak behar dira.
Arnok, beraz, baldintza egokiak eman zizkion haur taldeari eta haur taldea modu liluragarrian garatu zen. Horrek gaztearen bokazioa indartu zuen eta Parisera joan zen. Bere tailerra ireki zuen, eta gaur egun, 82 urterekin, oraindik ere bertan dabil tailerrean lanean eta hezitzaileak prestatzen. Berak baldintza hauek ezarri zituen tailerra osatzeko: gelaren erdigunean mahai bat egotea, tresnak eskura izatea, pintzel eta margo bereziak izatea, 18 koloreko gama perfektua edukitzea, dena txukun zaintzea eta gunea bera elkargune atsegina izatea. Baina ez hori soilik. Hezkuntza sortzailearen korrontean, pertsona sendoak eraiki nahi ditugu, eta horretarako, baldintza hauek behar dira: talde barruko aniztasuna eta heterogeneotasuna, ikaskuntzaren epaiketarik ez egitea, lana jolas gisa ulertzea eta jardun berezia duen hezitzailea egotea.
Desberdintasuna, aberastasuna
Ikaskuntza modu honetan mezu sakon bat jasotzen da: desberdina zara. Ez duzu hori onartu besterik, eta zure desberdintasuna taldearen aberastasuna da. Norberaren ezaugarri bereizgarriak onartuz, bestea errespetatuko dugu.
Aniztasun hori onartu ostean sortzen diren harremanak ez dira harreman lehiakorrak, sakonak baizik. Ez gara gehiago edo gutxiago, garenak gara, gure berezitasunekin eta gure garapenean. Hobeto ibiltzen al da 30 urteko pertsona bat 3 urteko haur bat baino? Hori esan al dezakegu? Bizidunak gara, eta garatzen ari gara etengabe. Beraz, ezin dugu esan hiru hilabete dituen haur batek ondo edo gaizki hitz egiten duen, ezta 9 hilabeteko haur bat 9 urteko beste bat baino okerrago ibiltzen den ere. Ez hobeto, ez okerrago. Desberdina da, eta une bakoitzean modu batera agertuko gara. Aniztasuna dagoen lekuan, alderaketak ez du lekurik.
Aniztasun horretan, adibidez, gure tailerrean helduak eta haurrak daude. Haurrek helduei jolasteko baimena sentitzen laguntzen diete, mugak gainditzeko baimena, ikertzeko baimena… eta era berean, helduek haurrei beste gauza batzuetan laguntzen diete, eta hala, pertsona bakoitzak bere ekarpena egiten dion gune aberatsa sortzen da.
Hezitzailearen papera
Arestian aipatu moduan, hezitzailearen lanak laguntzea izan behar du, zerbitzatzea. Arno Sternek ez zuen boterea erabiltzen eta ikasleak zerbitzatzen zituen, lagundu. Arazoak sortzen zirenean, haiek konpontzeko baliabideak errazten zituen. Adibidez, haur bat bere paperera iristen ez bazen, orduan aulki bat jartzen zion.
Hezitzailearen rola ez da irakastea. Izan ere, ikaskuntza denongan dago eta ez dugu behar inork kanpotik esatea zer egin behar dugun, ez eta nola ere, gure barnean daukagu. Ez dugu ez ideiarik ez instrukziorik behar. Gure beharra epaiketarik ez jasotzea da.
Errespetatzen gaituzten eta gu geu izaten uzten diguten hezitzaileak behar ditugu. Guk nahi dugun norabide horretan garatzen lagunduko digutenak, eta ez beraiek nahi duten bidera eramango gaituztenak.
Edozein pertsona da hezitzaile: laguna, aitona, alaba… Dena dela, ez badu bere buruan sinesten, ezingo die besteei lagundu beraien buruan sinesten. Hezitzaileak hazten ari den pertsona izan behar du, gaitasun guztiak dituela sinesten duena. Pertsona orok ikaskuntzak egin ditzakeela sinetsi behar du. Guztiok programa genetikoan dugun zerbait denez, denok gara gai, baina betiere bakoitzak bere desberdintasunekin, modu desberdinean garatuko du bide hori. Eta bizitza guztian zehar ikasiko dugu, jaiotzatik heriotzaraino. Bizitzan zehar beti dugu ikasteko eta hazteko grina, aipatutako baldintzek inguratu bagaituzte.
Denok gara desberdinak, baina gizarte honetan zaila da desberdintasun hori erabiltzea eta modu positiboan bizitzea. Ez eskolak ez gizarteak ez du hori errazten. Hasteko, eskolan adinaren arabera multzokatzen gaituzte, denok programa komun baten menpe gaude, eta lan erritmo berbera jasan behar dugu guztiok. Eskolak ez ditu gure desberdintasunak, ez eta gure behar askotarikoak ere, kontuan hartzen, eta guztiok bide berera bideratzen gaitu. Gutako gehienontzat, ordea, markatzen diguten bide hori zentzugabea da. Norberak bere desberdintasuna erabiltzeko aukera izan behar du, bere bidea egiteko eta desberdina izateko eskubidea.
Ikaskuntza jolasa da
Jolastea ikertzea, sortzea, lana egitea… da. Desberdina da gauzak egitera behartzen gaituztenean sortzen zaigun sentimendua, edo zeregin horretarako gogoa pizten zaigunean sentitzen duguna. Imajinatu hondartzan metro kubiko bateko zuloa egitera behartzen zaituztela. Nekeza izan daiteke. Imajinatu, ostera, ekintza berbera zure haurtxoarekin egiten duzula, jolasten. Ziur aski askoz gozagarriagoa izango da.
Eskolan, sarri, ikasle guztiok liburu bat esku artean genuelarik, bakoitza alde desberdin batetik hasten ginen irakurtzen, norberari jakin-mina pizten zion aldetik: bati azken orriko marrazkia gustatzen zitzaion, besteari erdiko kapitulua, besteari azala eta azkenari paragrafo ugaritan aurkitutako esaldiak. Baina irakasleak guztiok lehen orrira bideratzen gintuen. “ Ea! Hasi hasieratik”. Bakoitzak bere jakin-minak zeraman aldea irakurri ordez, derrigorrez eta gogoz kontra irakasleak erabakitakoa egin behar genuen guztiok: liburua hurrenkera berean eta behar bezala irakurri.
Unibertsitateko ikasleek ere zenbat aldiz irensten dituzten gogoz kontra orrialdeak. Aurreko gauean ikasi, irentsi eta azterketa egunean bota. Eta bota ondoren, ahaztu. Ostera, guk aukeratzen dugunean zer ikasi, jolas bat da eta gustura egiten dugu. Kezka pizten digun gai baten inguruan liburu potolo bat aurkitu eta gustura irakurtzen dugu, eta ikasitakoa ez zaigu hain erraz ahanzten. Hori da jolastea. Leonardo da Vincik hilerrira joan eta hilotzak lapurtzen zituen bere lehen anatomia ikerketak egiteko. Haurrak bere panpina apurtu eta tripak ateratzen dizkionean, gauza berbera egiten ari da. Baina hori heldu batek egiten duenean disekzioa egitea esaten diogu. Haur batek egiten badu, ostera, barrenak ateratzen ari da. Arkimedes igerilekuan jolasten ibiltzen zen, elementu guztiak uretara botatzen eta ur azpian zer gertatzen zen ikusten. Hala jabetu zen gero Arkimedesen printzipioa izenez ezagutzen dugun horretaz.
Haurrak zientzialari hutsak dira. Jolasa zientzia da. Jolasa ikaskuntzarako naturak ematen digun tresna boteretsuena da. Historian zehar, gizaterian nabarmendu diren zientzialariak askotarikoak izan dira, desberdinak beraien artean. Baina guztiek dute zerbait komunean: jolasteko gaitasunari eutsi diote. Zer uste duzue egiten zuela Einsteinek energia, atomoak eta abar nahasten zituenean?
Zaragozan, zoru garbigailua asmatu zuen Manuel Jalon-en fabrika dago. Bertan ikus daitezke langileak kanpoko berdegunean oinez, harritxoekin jolasten, eserlekuetan erdi lo edota zeruari begira. Horiek fabrikako langilerik sortzaileenak dira, beraiek egingo dute lan. Horregatik, ezin ditu presionatu, ez eta programa zurrunetara behartu ere. Zertan uste duzue zebilela Newton grabitatearen printzipioaz jabetu zenean? Ziurrenik sagarrondo baten azpian, hatza sudurzuloan sartzen, gainetik sagar bat erori zenean. Une hartan bertantxe bere ama handik igaro izan balitz eta “aizu seme, zer egiten duzu hatza sudurzuloan sartzen?”, esan balio, Newton ez zen grabitatearen printzipioaz jabetuko.
Esan nahi dudana zera da: benetako ikaskuntza sakona, gure kulturarekin eta interesekin dugun inplikazio emozionalak zehazten duela.
Azaldutako baldintza hauek xumeak dira, baina gizartean eta eskolan ditugun baldintzen aurkariak dira. Gure ikaskuntza beti da epaitua. Eta epaitzen gaituztenean, beldurra sortzen zaigu. Eta kanpotik defenditu beharrean, barnetik egiten dugu, neuronalki, eta hala, gure portaera aldatzen joaten da. Orduan, garena baino baldarragoak garela sinesten dugu.
Adibidez, argazki bat atera behar digutenean, artega jartzen gara eta ez gara natural ateratzen. Gero, argazki hori ez zaigu gustatzen. Aldiz, lagun batek gu ohartu gabe urrutiagotik argazki bat atereaz gero, ziur aski naturalago aterako gara eta argazkia gehiago gustatuko zaigu.
Edozein epaiketa ñimiñok, beldur minimo bat sortzen digu. Epaiketa maximoa, beldur maximoa, defentsa maximoa. Inhibizioa. Gure burmuineko artxiboetara iristeko bide neuronalak arakatzeko ezintasuna. Gure ikaskuntza prozesu guztia epaiketetan oinarritu izan da. Ez dugu hautatzeko eskubiderik izan. Gizarte beharrei erantzuten dieten kanpo logiken bitartez erabakitzen da guk egin behar duguna. Ez dira gure behar pertsonalak begiratzen. Nola interesatuko zaigu ikaskide guztioi gauza bera une berean? Ezinezkoa da. Ezin al daiteke ikaskuntza beste modu batera planteatu? Irakasle batzuei oso konplexua iruditzen zaie. Esate baterako, historia ikasteko orduan, ziur aski pertsona bakoitzak gauza desberdin baten historia ikasi nahi izango du. Zergatik ez utzi bakoitzari bere norabide pertsonala eta bere ibilbidea zeharkatzen, benetan interesatzen zaiona hori bada? Adibidez, historiaren barruan oso gauza desberdinak ikas daitezke. Eta bakoitzak bere ekimena izan dezake gauza bat ikasteko. Hezitzaile gisa, kontrola eta boterea galduko ditut ez badut lana epaitzen. Nire lana, ikasgelak zabaldu, liburutegia zabaldu, erregistrora lagundu… edozer gauza izan daiteke. Baina botere praktikarik gabe, eta ikasleei hormak eraisten lagunduz.
Eta zer gertatzen da norbait bere ikerketan murgilduta eta erabat inplikatuta dagoenean? Beste baten interesa pitz dezakeela, hots, kutsadura.
Hala lan egitera ohitzen denak, jakin-mina berreskuratzen du, eta dena ikasteko gogoa pizten zaio. Jakin-mina piztu eta hori asetzeko baimena ematen badiogu geure buruari, geure haurtzaroa berreskuratzen dugu. Geure jakin-mina. Ikertzeko gogoa. Dena ikasteko gogoa. Denetik jakiteko gogoa. Sendo eta edozein ikaskuntza egiteko prest sentitzen gara. Edozein norabidetan. Gure bizipen pertsonalak izango dira bata edo bestea ikastea hautatzera eramango gaituztenak. Ez dugulako dena ikasteko denborarik eta nahiago dugulako hura bestea baino.•