Kronika

2007-01-02
 
 

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetako giroa aztertu duen txostena aurkeztu du Iñigo Lamarka EAEko Arartekoak: Bizikidetza eta gatazkak ikastetxeetan.

Ondorioak EAEko DBHko 80 ikastetxetan egindako ikerketa batetik atera dituzte. 2. mailako 1.707 ikaslek, 4. mailako 1.616 ikaslek, 2.782 familiak, 1.257 irakaslek eta 80 zuzendarik egindako elkarrizketetaz bailatu dira horretarako.

Ondorio orokor bat zera da: ikastetxeetako giroa ona dela eta ikasleak zein famiiak gustura daudela. Dena dela, zenbait arazori behar bezala heltzeko premia ere ikusten da, hala nola, irakasleeen autoritate falta, irakasleen eta familien arteko banaketa, irakasleen desmoralizazioa eta gogo falta eta tratu txarra eta jazarpena jasaten dutenen barkadadea.Txostenak ikastetxeetako bizikidetza hobetzeko gomendioak ematen ditu hezkuntza administrazioarentzat, ikastetxeentzat eta bestelako gizarte eragileentzat.

 

Abenduaren 6an lan egin zuten hainbat ikastetxetan

Abendua jai egun askoko hilabetea da, hasiera eta amaiera aldera, bereziki: Euskararen eguna, Espainiako Konstituzio eguna, Amabirjin eguna, Gabonak... Ikastetxeetan antzematen da. Edonola ere, gero eta ikastetxe gehiago dira abenduaren 6a jai egiten ez dutenak. Ikasturte honetan, Ikasle Abertzaleak eta EHBE erakundeek, beste behin ere, egun horretan jai ez egiteko deia luzatu dute, eta gustura gelditu dira izan duten erantzunarekin. IAk jai egiteko partez herri eskolak antolatu zituen eta 58 herritan egin ziren. 1.400 ikasletik gora bildu ziren eskola horietan nazio bat garelako... ikasleok jai egun arrotzei intsumisioa lelopean. Araban 150 lagun inguru bildu ziren, Bizkaian 600dik gora, 500 inguru Gipuzkoan eta 165 inguru Nafarroan. Herri eskola horietan jolasak, tailerrak eta orotariko hitzaldiak egin zituzten, eta gai hauek jorratu ziren: ikasle mugimenduaren historia, Bolognako prozesua, euskal curriculuma, eskola euskalduntzearen aldeko dinamika eta ikasleen eskubideak. Horrez gain, zenbait herritan manifestazioak eta elkarreratzeak ere egin ziren.

Beste 12 ikastetxe ez ziren itxi eta beste egunetan bezala egin zuten lan: HUHEZI Fakultatean, Zarauzko ikastolan, Durangoko Ibaizal ikastolan, Azpeitiko Ikasberri ikastolan, Urretxu-Zumarragako ikastolan, Aiako herri eskolan, Elgoibarko ikastolan, Ordiziako Jakintza ikastolan, Lekeitiko Resurrección Maria Azkue ikastolan, Ondarroako Zubizarren eta Markinako Bekobentan eta Laboralean. EHBEk salatu duenez, beste zenbait eskola publikok gauza bera egiteko asmoa zuten, baina atzera egin zuten Hezkuntza Sailak har zitzakeen neurrien beldur.IAk 10 urte daramatza abenduaren 6ko festa egunari uko egiten, “euskal herritarron eskubideak zapaltzen dituen egun bat delako”. Zentzu horretan, hezkuntza sistema propioak egutegi propioa behar dutela aldarrikatzen dute. Egutegiak jendeak uste baino garrantzi handiago duela azpimarratzen du EHBEk ere: “antolaketa jakin baten zati bat da egutegia, nazio baten antolaketaren eta egituraketa jakin baten zati bat”.

 

Iparraldeko Bigarren Hezkuntzako irakasleak greban

Abenduaren 18an greba egin zuten Iparraldeko Bigarren Hezkuntzako irakasleek Gilles de Robien Frantziako Gobernuko Hezkuntza ministroak egin nahi dituen aldaketen aurrean protesta egiteko.

Sindikatuen esanetan, Iparraldean irakasleen heren batek egin zuen greba eta 20 ikastetxetan antzeman zen. Pauko Akademia Ikuskariak emandako datuen arabera, irakasleen % 30,54 atxiki zen grebara kolegioetan, % 35,32 lizeoetan eta % 19,93 lanbide eskoletan. Oro har, irakasleen % 31.Hezkuntza ministroak ezarri nahi duen dekretuaren bitartez, kalterako diren hainbat neurri hartuko dira, sindikatuen iritziz: “irakasleen lan baldintzak okerragoak izanen dira, besteak beste, ordu kopurua igo eginen delako eta gelako ikasle kopurua ere bai. Beraz, ikasteko zein lan egiteko baldintzak txarragoak izanen dira”. Horrez gain, lan orduak betetzen ez dituzten irakasleek bi ikastetxetan egin beharko duten lan, eta ikastetxe berean irakasle bakar bati zenbait gai emateko ere eskatuko zaio.Neurri horien guztien azpian helburu nagusi bat dago sindikatuen ustez: lanpostuak murriztea eta hezkuntzan gero eta diru gutxiago gastatzea. 2007ko ikasturte hasierarako estatuan 5.000 lanpostu gutxiago izatea nahi du Hezkuntza ministroak. Azken hiru urteetan 30.000 lanpostu gutxiago daude. Hori guztia dela eta, erreforma bertan behera uzteko eskatzen dute irakasleek.

 

EAEn ere oraindik konpondu ezinik

Urte amaierako grebek ez dute emaitza onik eman. Bildu, bildu dira Hezkuntza Saila eta sindikatuak, baina ez dute akordiorik lortu. Beraz, lan hitzarmen kolektiboak berritu gabe jarraitzen du. Abenduaren 15eko greba deialdia bertan behar utzi zuten eta hori pozgarria zela eman zuen aditzera Hezkuntza Sailak. Edonola ere, sindikatuek urtarrilean mobilizazioetarako deia egin dute eta beste greba bat ere deituko dute. Sindikatuek idatziz egiten dituzten aldarrikapenen inguruko proposamenak entzun nahi dituzte, ez bestelakoak.

 

Vascuencearen legetik euskararen legera izeneko jardunaldiak egin zituen Kontseiluak Iruñean abenduren 15ean, legeak 20 urte betetzen zituen egun berean, hain justu.

Legeak ez dituela Nafarroako euskaldunen eskubideak bermatzen azpimarratu zuten, eta beraz, badela legea aldatzeko garaia.

Jardunaldietan legearen beraren balantzea egin zen, eta argi gelditu zen urte hauetan guztietan oztopoak eta arazoak sortu baino ez duela egin. Aurrera begirako urratsen gaineko gogoeta ere egin zen, eta euskal hiztun guztiak babesteko moduko oinarri juridikoa behar dela azpimarratu zen; hau da, Nazio Batuen Erakundearen Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsala. Hizkuntz komunitate guztien eskubideak berdintasunean aitortzen dituen dokumentua da. Egun, Vascuencearen legea dokumentu horren arabera aztertzen bada, eskubide horiek etengabe urratzen direla ikus daiteke.Hizkuntz politika indartzeko eta garatzeko hamar proposamen egin ditu Kontseiluak eta horiek gogorarazi ziren jardunaldietan, besteak beste, hezkuntza eredu sistema aldatzea, hizkuntz politikarentzat lehendakariordetza sortzea, euskararen aurrekontuak handitzea eta hedabideetan kuotak ezartzea.