PEDAGOGIA 2007 HABANAN

2007-03-02

Urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra bitartean “Pedagogia 2007” biltzarra ospatu zen Habanan.

Bertan, mundu osoko partaideak izan ziren, gehienak latinoamerikarrak eta karibearrak izan baziren ere. Guztien artean, kubatarrak, venezuelarrak eta mexikarrak nagusitu ziren.Biltzarraren neurria hartzeko, hona hemen datu batzuk: 42 lurraldetatik joandako 5.200 partaide, 18 sinposio, 3 foro, 108 ikastaro, hitzaldi ugari, erakusketa, material pedagogikorako saltokiak, ikastetxeak ezagutzeko bisitak, esperientziak aurkezteko taulak…

 

 
 

Hezitzaileen batasunerako topaketa

“Hezkuntzaren iraultza beharrezkoa da klima aldaketa, gudak, neoliberalismoa eta aberastasunaren banaketa okerra bezalako erronkei aurre egiteko”. “Analfabetoa edo gaizki hezia aurrera egiteko eta garaitu beharreko erronkei gizatasunez erantzuteko gai izango al da?”

Halako galderak eta iritziak entzun genituen biltzarrean. Izan ere, AEBk munduko aberastasunaren % 34 omen du eta kontinente berean (Latinoamerika eta Karibe) 209 milioi biztanle txiro bizi omen da, duela 20 urte baino 70 milioi gehiago.

Kuban sortutako “Nik ahal dut” hainbat hizkuntzatara itzulitako alfabetatze metodoa, 16 estatutan aplikatzen ari da, eta horren bitartez, milioika biztanle irakurtzen ikasten eta hezten ari dira. Venezuelan bertan, jada, milioi bat eta erdi dira metodo horri esker alfabetatu direnak.

Oso adierazgarria izan da, bestalde, Venezuelako hezitzaileek agertu duten konpromisoa azken urte hauetan martxan jarri dituzten “misioak” aurrera ateratzeko garaian: irakurtzen, idazten eta oinarrizko ariketak egiten ikasteko misioa, lehen mailako ikasketak amaitzekoa, bigarren mailakoa, lanerako prestakuntzakoa, unibertsitate aurrekoa eta unibertsitate ikasketetakoa.

Agertutako beste datu batzuen artean esanguratsua da latinoamerikar herrialdeetan hezkuntzara BPG Barne Produktu Gordinaren % 2,7 bideratzen dela, batez beste. Kuban, aldiz, % 12,3. Izan ere, Kubak, hirugarren munduko estatua izanik, unibertsitateko ikasketak doan egiteko aukera eskaintzen die gazte guztiei. Seguruenik, bakarra izango da mundu osoan. Horrek, bere ondorioak dakartza: Latinoamerikan % 7k egiten baditu unibertsitateko ikasketak, herri horretan % 57k.

Beste informazio interesgarri bat ere zabaldu zen, ALBA erakundeak sustatzen duen “Mirari ebakuntza” deritzana. Horren bitartez, milioi erdi bat haur eta gazte operatu dira begietatik doan, hobeto ikus dezaten eta ikasketetan maila hobea eman dezaten.

Telebista izan zen landutako beste gai garrantzitsu bat. Telebistaren bidez zabaltzen diren agresibitateari, indarkeriari, bortxakeriari, errespetu faltari, balio zapaltzaileei eta abarri aurre egiteko, telebistaren funtzio eta egiteko hezitzailea nagusitu behar dela adierazi da behin eta berriz.

Hezitzaileen batasunak lagun dezake horretan guztian, euren lanari prestigioa emanez, euren egiteko sozialaz kontziente izanez, eta hezteko modu anitzak errespetatuz.

Biltzarraren ezaugarri nagusia balioen garrantzia azpimarratzea izan da. Batez ere, hezkuntzak mundu hobea egiteko ahalmena baduela zabaltzea.

 

Luis Ignacio Gómez Gutiérrez:

“Hezkuntza pertsonaren eta haren itxaropenaren aldeko borroka da”

Kubako hezkuntza ministroa

Kubako Errepublikako Hezkuntza ministro Luis Ignacio Gómez Gutiérrezek “Hezkuntza iraultza Kuban” hasierako hitzaldia eskaini zuen Pedagogia 2007 jardunaldian. Ondoren, Karl Marx antzoki ederrean mintzatu ginen berarekin.

Kubak bere BPG barne pruduktu gordinaren % 12,3 inbertitzen du hezkuntzan. Ahalegin handia kontuan izaten badugu 40 urtetan luzatzen den AEBn blokeo ekonomikoaren ondorioz Kubak bizi duen egoera ekonomikoa.

Bai, halaxe da. Gure helburua da hiritar guztiek kultura orokor integrala izatea. Historiaren ezagutza sakonaz, eta besteen artean prestakuntza politiko, ekonomiko, filosofiko, zientifiko, artistiko, literario eta juridiko sendoz soilik uler bailiteke munduak bizi duen egoera konplexua eta kontzientziaz borrokatu jendartea mehatxatzen duten arriskuen kontra.

Kultura maila hori atxemateko, Ideien Borroka garatu da gure herrian. Helburua, ikasteko aukera berdintasunaren bidez eta hezkuntzarako sarbide libreaz hiritar bakoitzak hezkuntza maila ahalik eta gorena lortzea da jendarte justizia osoa konkistatzeko.

 

Eta nola gauzatu duzue hori guztia?

Iraultzaren programa multzo bat garatu da eta horien helburua zera da: “hezkuntza bizitzarekin hasi eta heriotzarekin soilik amaitzen da” Jose Martíren pentsamendua errealitate bilakatzeko beharrezkoa den hezkuntza pertsonifikatua.

Haur guztiak osasun zentroetan jaiotzen dira, eta elikadura eta arreta medikua ziurtatzen zaie. Haurren zainketan gurasoek duten eskola maila altuak laguntzen du. Haurra jaio aurretik haurraren garapen egokiena errazteko prestakuntza jasotzen dute, gainera. Hala, familien % 99k “Hezi zure seme-alaba” programari etekina ateratzen dio. Prestakuntza hori hezkuntza bide ez-formaletatik edo haur zirkuluen bidez eskaintzen zaie.

Hezkuntza pertsonifikatua beharrezkoa dela aipatu duzu. Nola hezurmamitzen da hori?

Hezkuntza pertsonifikatuaren helburua lortzeko ezinbestekoa da haur bakoitzaren diagnosi psikopedagogikoa, soziala eta osasun arlokoa izatea. Diagnosi hori metatzen joaten den eskola txostenean txertatzen da. Txosten horrek Hezkuntza Sistema Nazional osoan egingo duen ibilbidean lagunduko dio haurrari. Irakaslez irakasle eta mailaz maila txostenaren entrega pedagogikoa egiten da. Horrela, sisteman zehar igarotze harmonikoa lortzen dugu, eskola porrota saihestuz eta ikasketetan eta balioen prestakuntzan eraikitze sendoa ziurtatuz.

 

Zein da Kubako hezkuntza sistemaren iparra, horrela esan baldin badaiteke, behintzat?

José Martík honela zioen: “Instrukzioa eta heziketa ez dira gauza bera: hura pentsamenduaz ari da, eta hau, batik bat, sentimenduez”.

Horrek bat egiten du balio unibertsaleko latinoamerikar eta karibear pedagogiaren oinarria osatzen duten kontzeptuetan.

Beraz, ideia pedagogiko hori da Kubako hezkuntzan gertatzen diren funtsesko aldaketen norabidea zuzentzen duena. Ondorioz, ez dago aldaketa kurrikular handiak egiteko beharrik.

Kuban, eskolan martxan dagoen aldaketa funtsezkoena hauxe da: irakasle eta maisu guztiak ikasle kopuru jakin baten prestakuntza integralaren lorpenarekin arduratuta dauden hezitzaile bilakatzea. Era berean, telebista, bideoa eta ordenagailuak irakaskuntzarako bitarteko gisa modu egokian erabiltzeko gaitzen ari gara irakasleak.

 

Eta mailaz maila?

 

Lehen Hezkuntzan irakasle bakoitzak 20 ikasle ditu. Lehen mailatik laugarrenera, eta kasu askotan seigarrenera, aritzen da talde berarekin. Horrela, ikasle bakoitzarekiko arreta berezia ziurtatzen da.

Kuban, lehen mailako ikasketak amaitu ondoren, denek bigarren mailako ikasketak egiten jarraitzen dute. Lau urtetik hona eredu berri batekin ari gara Bigarren Hezkuntzan. Irakasle bakoitzak 15 ikasle ditu, eta bera da gai guztiak irakasten dituena: irakasle integral orokorra esaten diogu. Bere lanean, gai guztietarako bideoen eta telebistaren laguntza du, eta baita eduki guztiak jasotzen dituzten softwareena ere. Ondorioz, irakaspena biderkatu egin da, eta errepikapenak eta eskola hutsegiteak gutxitu egin dira. Ikasleak eskolan egoten dira goiz eta arratsaldez, eta irakasleek duten gisan, elikadura doan ziurtaturik dute.

 

Ba al du segidarik lan egiteko modu horrek?

Noski, ondoren ikasle guztiek ziurtaturik dute ikasketen jarraipena unibertsitateaurreko edo tekniko-profesionaleko ikasketetan.

Lehenean ere irakasle integral orokorrak ditugu. Maila horretako ikasle gehienek barnetegietan ikasten dute eta doan jasotzen dituzte eskola materialaz gain, jantziak, oinetakoak, elikadura eta garraioa. Guztiek, gainera, plaza bat ziurtaturik dute goi mailako ikasketetan. Ikasketa Politeknikoa ere eraldatzen ari gara.

Bere gazte guztiei unibertsitate ikasketak erabat doan egiteko aukera ematen dien munduko herrialde bakarra bilakatu da Kuba. Horra hor emaitzak: Kubako gazteen % 57 goi mailako hezkuntzan matrikulaturik dago.

 

Nola antolatu duzue behar bereziak dituzten ikasleen heziketa?

 

Sistema berezi bat antolatu dugu. Bertan, 426 eskola ditugu, eskolara etorri ezin diren haurren etxeetara joaten diren irakasleak ditugu, eta ospitaleetan ikasgelak ditugu osasun erakundeetan tratamendu luzeak behar dituzten haurrentzat. Guztiek beren mugak ahalbidetzen dituzten goreneko ikasketak jasotzen dituzte edo lanpostu baterako prestatzen dituzten lan prestakuntza jasotzen dute. Heziketa Bereziaren helburu nagusia jendartean pertsona bakoitza osotasunean txertatzea da, gure herrian dugun eskubide berdintasunaren barruan, inor baztertu gabe, beraz.

 

Zergatik ematen diozue hainbeste garrantzia telebista txertatzeari?

 

Telebista komunikabide oso ahaltsua da, baina zoritxarrez herrialde gehienetan bizimodu kontsumista, biolentzia eta ustelkeria bultzatzen duten iragarkiz eta edukiz beterik dago.

Kuban bi heziketa kate sortu ditugu. Ikaskuntza maila bakoitzeko ikasketa programetara egokitzen diren eskolak emititzen dira, eta gure herriaren kultura orokor integralaren osaketan laguntzeko programazio zabala ere bai.

Ideien Borrokaren bitartez eskatu behar da beste lurraldeetan ere, Kuban gertatzen den moduan, telebista irakaslearen laguntzaile izatea: hiritar aske, osasuntsu eta independenteak beharrezkoak diren balioetan hezteko lagungarri gerta dakion.

 

Nork parte hartzen du hezkuntza sistemaren barruan?

Sozialismoak pertsona pertsonarengandik esplotatua izatea desagerrarazi zuen Kubatik. Ondorioz, arlo guztietan helburu gorenak lortzeko elkarlana eta integrazioa ezinbestekoa dituen jendartea sortu zen. Ikasleak ikasle erakundeetan antolaturik daude; irakasleak, berriz, Hezkuntzako, Zientzietako eta Kiroletako Langileen Sindikatu Nazionalean daude antolaturik. Guztiek zuzendaritza kontseiluak osatzen dituzte eta nazioan, probintzian, herrietan eta hezigune bakoitzean jarduten dute. Organo horietan, demokratikoki eztabaidatzen dira Naziorako Hezkuntza Politikaren laguntzarako adostu beharreko irizpide guztiak.

 

“Lehen mundua” osatzen dugunok hitzetik hortzera darabilgu balioen gaia, eta batzuk sinetsita gaude hortik beharko lukeela hezkuntzaren bideak. Zein iritzi duzu?

Gure heziketa balioen prestakuntzan garatzen da, “jendearen hobekuntzan eta bertutearen erabilpenean” etika martianoan oinarritua.

Hemen, uharte txiki honetan, Amerikako lurralde librean, hezkuntza pertsonaren eta haren itxaropenaren aldeko borroka da.

Adan Chavez Frias:

“Milioi bat eta erdi herritar alfabetatu ditugu, jada”

Venezuelako hezkuntza ministroa

1999an Hugo Chavezek Venezuelako hauteskundeak irabazi zituen. Ordutik aldaketa handiak eta sakonak gertatzen ari dira Venezuelako Errepublika Bolivartarrean.

Adan Chavez Frias, Hugo Chavezen anaia, Hezkuntza ministro izendatu berri dute. Berarekin izan gara Habanan, Pedagogia 2007 biltzarrean.

 

Zertan oinarritzen da Venezuelako hezkuntza berria?

Simon Rodriguez hezitzaileak (Simon Bolivarren arabera Caracareseko Sokrates zena) zioen irakasleak jakintsua, ilustratua, filosofoa eta komunikatzaile ona izan behar duela. Bere egiteko nagusia ikasleak jendarterako, elkarbizitzarako, heztea baita.

 

Hezkuntza politikarekin lotzen duzuela esaten da.

Neoliberalismoak ez die erantzuten jendarte osoaren oinarrizko beharrei, eta horien artean heziketari. Hezkuntza eta politika banatu egin behar direla diote. Hala, sistema kapitalista garatzen den neurrian, gero eta sutilago bihurtzen du gezur hori, eskolak politikaren gainetik egon behar duela eta jendarteari bere osotasunean erantzun behar diola esatean. Bere praktika beste bat baita, eskola gutxi batzuen promoziorako erabiltzean eta burgesiaren alde eta klase sozial desberdinen arteko menpekotasuna eragitean.

Dena gezurra eta hipokresia hutsa da. Azken finean, hezkuntzaren benetako xedea urardotzen baitu.

Zein da, bada, zure ustez, hezkuntzaren xedea?

Estatuak ikuspegi humanistatik eta sozialetik landu behar du hezkuntza. Hori ezinbestekoa da norbanakoa jendarterako, lanerako eta berdintasun espiritua izateko prestatzeko bidean; funtsezkoa da anaikidetasuna, elkartasuna, justizia soziala eta nazioarekin dituzten eskubideak eta betebeharrak ezagutzen dituzten herritarrak sortzeko. Elkar errespetatzen eta zerbitzatzen ikasi behar dugu, denon interesei lehentasuna emanez, eta ez norbanakoei soilik. Hori guztia heziketaren bidez lortzen da, elkarbizitzarako prestatuz.

 

Zein aldaketa gertatu dira azken urteetan?

Aldaketa beharrezkoa zen eta hori posible egin da iraultza bolivartarraren bidez. Horren adierazle batzuk hauek dira: 1998an eskolatze tasa % 59koa zen, heziketarako inbertsioak Barne Produktu Gordinaren % 2,8 suposatzen zuen. Eskola pribatuak gora egiten zuen eta publikoan ikasketa mailak gora joan ahala bazterkeria gero eta nabarmenagoa zen. Gobernua iparamerikarren txotxongiloa zen.

1999an, Hugo Chavezek irabazi eta gero, adierazleak aldatzen hasi ziren. Konstituzioan ezarri zen jende guztiak kalitatezko heziketa integrala eta iraunkorrerako eskubidea duela, baldintza eta aukera berdintasunean, muga bakarra norberaren gaitasunek eta bokazioak jartzen dutelarik.

 

Nola islatzen da hori datuetan?

Iaz bertan, hasierako ikasketetarako 319 ikastetxe berri eraiki genituen, 23 eskola indigena, behar bereziak dituzten ikasleentzat 50 eskola, lehengo 44 lizeo oraingo sistemara egokitu ditugu, eta 4.132 eskola tradizional bolivartar bihurtu ditugu. Gainera, haur eskolentzat 205 gela eraiki ditugu eta 15 eskola tekniko birmoldatu. Informatikako 600 zentro jarri ditugu martxan, 36.000 ikasle informatikaren bidez ikasten jarri ditugu eta ikastetxe horiei laguntza eskaintzeko 14 zentro prestatu ditugu. Horrekin batera, 15.387 ikasle eta tekniko berri sortu genituen. Eta 6.980 zuzendari prestatu ditugu.

 

Entzunak dira zuen “misioak”. Zein dira eta zer lortzeko?

Kubaren laguntzaz “Yo sí puedo” metodoa ezarri dugu eta 1.500.000 herritar alfabetatu ditugu.

“Robinson 1” misioaren bidez 327.816 graduatu dira 6. mailan. Orain, “Robinson 2” deitu diogunean 256.336 aurkitzen dira, Bigarren Hezkuntzan.

“Ribas misioak” erdi mailako titulua lortzen laguntzen du.“Sucre misioan” unibertsitate mailako ikasketetan ere aurrerapen handiak ematen ari dira.

Aurrera begira iraultzan sakontzean dago garrantzia, herritarren boterea sozialismoaren bidean jartzean eta hori zehaztean. Garai berria dator: XXI. mendeko sozialismoa deitu duguna.

Prestakuntza sozial kapitalista prestakuntza sozial sozialistak ordezkatu behar du, pertsona berria sortzeko garaia baita. Che Guevarak zioen moduan, “alienazio eta ezjakintasunarentzat tokirik egongo ez den jendartea prestatzeko garaia da”.

Zein metodologia erabiltzen duzue?

Pedagogiak egokitu beharra dauka pertsona berri hori sortzeko, bere egoera konkretuaren eta bere historiaren jabe izango den pertsona.

Haur bat hezten denean ez da egiten bere onerako soilik, kolektibo batean zerbitzeko baizik. Heziketak etorkizunera begiratzen du, hiritar onaren prestakuntzan aritu behar du, kolektibitatea eta elkarbizitza hobetzen laguntzeko.

Ideologia burgesa gainditu behar da pertsonaren heziketa soziala eta espirituala lantzeko. Gure heziketa sozialistak zapalkuntza kateak hautsi behar ditu eta inperialismoaren globalizazioari aurre egin behar dio.

Horretan guztian curriculumak garrantzi handia du. Aldaketa ez baita posible kontzientziarik gabe.

Heziketa motore garrantzitsua da gure herriaren aldaketan. Ezequiel Zamorak zioen moduan, “morala eta argiak heziketa espazio guztietan, leku guztietan, uneoro”.

Zuek horretan ari al zarete?

Jakintza, ekintza eta elkarbizitza lantzen ari gara, elkartasuna, demokrazia parte-hartzailea eta aldaketa instituzionala gertatzeko. Heziketa integrala, doakoa, derrigorrezkoa, multietnikoa, multikulturala, eleanitza eta kalitatezkoa denontzat.

Eskola komunitateko kideen arteko parte-hartze protagonikoa, elkarrekikotasuna eta denon onura bilatzea landu behar dira.

Kontzientzia internazionalista landu behar dugu Latinoamerikak eta Karibek bat egiteko. Asko aldatu da egoera azken bi urteetan lurralde horietan, irratiaren eta telebistaren bidez (ALDA programa) prestakuntza eskaintzeko programekin.

Horiek dira erronkak. Jendartea esnatzen ari da jendartea ekitatiboagoa eta hobea izan dadin, herriak libreak izan daitezen.

Zer esango zenuke irakasleen prestakuntzaz ?

Trantsizio prozesuan gaude. Egiteko asko daukagu. Irakasleen prestakuntzan arreta jarria dugu eta oinarrizko prestakuntzan ahalegina egiten ari gara. Dena den, inertzia handiak daude, lehengo irakasle asko baitago eta lehengo estiloan jarraitzen baitute. Herri berri bat jaiotzen ari da, baina jendarte zaharraren alde daudenek, kapitalismo eta kolonialismoarekin lerrokatuta daudenek bizirauten dute. Egitura sozialista eraikitzeko prozesuan, “Sucre misioaren” bidez irakasle berriak sortzen ari gara, gaurko beharretara egokitutakoak. Unibertsitate klasista tradizionaletik unibertsitate berrira igarotzeko “Sucre misioa” egiten ari dena indartu behar dugu.

“Unibertsitateko irakasle bolivartarrak” ugaritzen ari dira, eta gaurkoz gutxiengoa bada ere, talde hori indartzeko lana egiten jarraitu behar dugu, nekazaritza eta ikasle erakundeekin batera, herritarren eta gobernuaren laguntzarekin.

BILTZARRAREN ONDORIOAK

Hik Hasiko kideok eskolak bisitatzen, harremanak egiten, materialak ezagutzen, hainbat hitzalditan entzule gisa parte hartzen, biltzarraren antolaketa ezagutzen ibili gara eta, nagusiki, bi sinposiotan hartu dugu parte: balioak eta kulturartekotasuna izenekoak.Ondoren, bi sinposioetako ondorioak aurkezten ditugu eta bisitetan gehien interesatu zaiguna: Bigarren Hezkuntzako diziplinartekotasuna.

 

Kulturartekotasuna sinposioaren ondorioak

 

16 tailer, 2 mahai inguru, 23 panel, gaikako hitzaldietan eta abarretan 202 lan aurkeztu eta eztabaidatu ziren, gaur egun indigenen kulturei eta hizkuntzei buruz egiten ari diren esperientziei garrantzi berezia eskaini zitzaielarik.

Artea, kultura eta identitatea tailerrak landu ondoren, eta eleaniztasunaren beharra ikusi ondoren... soluzioa ez dela batere erraza ondorioztatu zen. Nola eman irteera adostua itxuraz kontrajarriak diren ondoko bi gertakariei?

1.- Gizarteak historian zehar sortu duen hizkuntzen aniztasunaren aberastasuna zaintzea edota sustatzea, alde batetik.

2.- Hizkuntza talde desberdinen artean komunikazioa nola lortu elkartasun integralaren garai berri honetan, bestetik.

Parte-hartzaileek bat egin zuten kulturarik gabeko hizkuntzarik edo hizkuntza neutrorik ez dagoela esatean, hiritar neutrorik ez dagoela esaten den moduan. Gaiari buruzko interesa gero eta handiagoa denez, lantzen jarraitzeko erabakia hartu zuten.

Balioen sinposioaren ondorioak

Aldaketa handiak gertatzen eta prestatzen ari diren unean eta trantsizio garaia bizi den honetan, honako puntu hauek adostu ziren:

- Gero eta behar handiagoa nabarmentzen da eskola, familia, jendarte, komunikabide eta abarren arteko komunikazioa egoteko… Hau da, koherentzia bilatu behar da eragile sozializatzaile guztien artean.- Hezitzailearen egiteko garrantzitsua azpimarratzen da, bai eskolan jokatzen duen paperagatik, eta baita beste eragile sozializatzaileengan duen eraginagatik ere.

- Ezinbestekoa da irakasleen prestakuntza indartzea, ezagutza zientifikoan batez ere. Ikuspegi integralaren, integratzailearen eta kultura orokorraren jabe izatea ere bai.

- Jendartea kulturaniztasunean bizi da. Kontraesanak agertzen dira. Hausnarketaren eta eztabaidaren bidez jendartea hobetzeko balioek lehentasuna izan behar dute.

- Balio gizatiarrak indartzeko beharra dago: duintasuna, elkartasuna, ardura, errespetua, demokrazia, lana eta hiritar formazioa indarkeria amaitu dadin… Eta batez ere, askatzailea izango den formazioa eskaintzea.

- Balioak ereduen eta praktikaren bidez adierazten dira, teoriak soilik ez baitu zentzu handirik.

- Gurasoen eskolak, kirol jarduerak, parte-hartzea eta eskola komunitatearen bizitza hobetzeko balio duten ekimen guztiak egokiak dira jendartea hobetzeko.

- Sentikorra, sortzailea eta ikertzailea izatea eguneroko bizitzarako eta etorkizuna prestatzeko balioak dira. Horregatik, egoera berrien eta arazoen aurrean praktika alternatiboak lantzea, partekatzea eta prestatzea behar-beharrezkoak da.

 

Bigarren Hezkuntzan 15 ikasle irakasle bakoitzeko

Aldaketa sakonak egin ditu Kubako Bigarren Hezkuntzak azken lau urteotan. 12-15 urteko neska-mutilen adinaren berezitasuna kontuan hartuta eta orain arteko ikaste maila baxuarekin kezkatuta, neurri zorrotzak hartu ditu irlako Gobernuak.

1.- Ikastaldeak ez ditu 15 ikasle baino gehiago izaten.

2.- Ikasgela batean 15 ikasle baino gehiago baldin badaude, 22 adibidez, 2 irakasle tutore egoten dira gela berean.

3.- Irakasle bakar batek eskaintzen ditu ikasgai guztiak, Soinketa eta Ingelesa izan ezik.

4.- Informatika eta liburutegi orduetan bertako irakasle arduradunekin batera egoten dira gelako tutoreak.

5.- Ikasgaiak, beheko argazkian ikus daitekeen bezala, bideoaren bidez lantzen dira. Hau da, bideoa ikusi eta oharrak hartu. Ondoren, komentarioak egin, eztabaidatu eta berriro ikusteko aukera izaten dute.

6.- Goizeko 8:00etan hasten dira eskolak, bertan bazkaltzen dute eta 16:30ean dute amaiera.

7.- Iaz amaitu zuen metodo berrian aritutako lehenengo promozioak. Aurreko metodoan aritutakoenak baino askoz hobeagoak izan omen dira emaitzak.