Herbehereetako Hezkuntza Sistema

2009-04-01
ERKIDEko, Hezkuntza Kooperatiben Federazioko, 26 kide egon berriak dira Herbehereetan (Holandan), bertako Hezkuntza Sistema ezagutzen.  Hainbat eskola ikusi dituzte, eta, hezkuntza ministeritzako kideek hango sistemaren antolaketa eta funtzionamendua aurkeztu dizkiete zenbait hitzalditan.
 
 
Herrialdearen ezaugarriak
Herbehereetako eremua Euskal Herriaren bikoitza da (41.500 km2). Biztanleria, berriz, bost aldiz handiagoa da (16 milioi). Horrek, oso herrialde populatua dela adierazten du.
Estatuaren hiriburua Amsterdam bada ere, Gobernua eta ministeritzak Haga (Den Haag  nederlanderaz) hirian kokatuta daude. Mundu osoan hain ezaguna den Hagako auzitegia, bertan da.
Hiru milioi pasatxo inmigrante, biztanleriaren ia % 20a, daude Herbeheretan. Erdiak, joan berriak dira (lehen belaunaldikoak), eta, beste erdiak, bertan jaiotakoak (bigarren belaunaldikoak).
Etorkin gehienak turkiarrak (% 22),  surinamdarrak (% 21), marokoarrak (% 20), Holandarren Antillarrak (% 8), eta beste hainbat, haien kolonietatik joandakoak  dira.
Ikasleen sorlekuari buruz ari direnean, autoktonoak (bertakoak) eta aloktonoak (kanpotik etorritakoak) terminoak erabiltzen dituzte.
Hezkuntza Sistemaren ezaugarriak
Hezkuntza Ministerioak ildo orokorrak ezartzen ditu: legeak arautu, diruz hornitu eta jarraipena egin. Hau da, Gobernuak ZER lortu behar den diseinatzen du eta horretarako behar diren bitartekoetaz arduratzen da.
1) Legeak arautu:
- Eskolak sortzeko bete behar diren baldintzak ezartzen ditu.
- Irakasleak izateko betebeharrak finkatzen ditu.
- Ikasleek 12 urterekin lortu  beharreko oinarrizko curriculuma zehazten du, 58 helburu orokor jarriaz.
2) Diruz hornitu:
Printzipioz, derrigorrezko hezkun-tza doakoa da denentzat (4-18 urte).
- Ikasle bakoitzari zer diru kopuru dagokion finkatzen du. Une honetan, kopuruak borobilduz, horrela litzateke: 4.000 euro Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasle bakoitzeko, 6.000 euro Bigarren Hezkuntzakoentzako, eta behar bereziak dituztenentzako hiru aldiz gehiago ikasleko.
- Irakasle guztiek tratamendu bera jasotzen dute. Oinarria bera da denentzat, aintzinatasuna kontutan hartzen da eta 45 urtetik gorakoek gain finantzaketa berezia dute.
- Eskola bakoitzak administraziotik ikasleen finantzagatik jasotzen duen diruaren % 80-85 irakasleen soldatetan inbertitzen dela esan liteke, eta, gainerakoa funtzionamendurako gastuetan.
3) Jarraipena egin:
- 12 urterekin, CITO deitzen den estatu azterketa pasatzen dute ikasle guztiek. Ebaluazio-proba hori, administraziotik kanpokoa den institutu independente batek egiten du. Emaitzak, publikoak egiten ditu, interneten zintzilikatuz eta herritar guztien eskura jarriz.
- Ikasle bakoitza neurtzeko, CITO  azterketaz gain, eskolak ikasle bakoitzari buruz egiten duen balorazioa kontuan hartzen da, eta bien batez bestekoa egiten da.
- Horren guztiaren emaitzak ondorengo ikasketen aukera asko baldintzatzen du, Bigarren Hezkuntzako hiru ibilbide baitaude.
- Emaitza baxuak dituzten ikastetxeek inspekzioaren jarraipen zuzena jasotzen dute, haientzat bitarteko bereziak jarriz. Hala ere, hobekuntzarik ez badute lortzen, neurri sakonagoak hartzen dira, zentroa itxi litekeelarik.
- Inspekzioaren egiteko nagusia, eskolen jarraipena egitea eta hobekuntzan eragitea da.
- PISA eta beste nazioarteko neurketen jarraipena ere egiten du. Ohartu direnez, CITO eta PISA  emaitzen artean erlazio nahiko zuzena dago.
Ikastetxeen egitekoa
Autonomia eta malgutasuna dira ezaugarririk nabarmenenak.
Ikastetxe bakoitzak behar dituen langileak kontratatzen ditu, hezkuntza proiektua finkatzen du, curriculuma zehazten du, metodologia garatzen du, eta bitartekoak eskuratzen ditu. Hau da, legeak ezartzen duen ZER hori, NOLA lortu zehazten du eta praktikara eramaten du. Betiere, eskolak eta bere auzoak, herriak edo inguru hurbilak dituzten beharrei eta lehentasunei  ahalik eta egokien erantzun nahian.
Herritarren eskubidea
Neska-mutilak zer eskolatara bidali etxekoek erabakitzen dute.
Une honetan, ikastetxeen % 33 publikoa da, udalenak ia guztiak. Udalak, askotan, partaide izanik ere,  Fundazio baten esku uzten du eskolaren kudeaketa. % 66 eskola “espezialak” edo ekimen sozialekoak dira; sortzeko iniziatiba, herritar  taldeetatik, kongregazioetatik edo fundazioetatik etor daitekeelarik. Eta, ia % 1 pribatuak edo bereziak dira.
Bigarren Hezkuntza egiteko hiru aukera
LHko 8 ikasturteak amaitu ondoren, CITO azterketa egiten dute. Eskolak, ikasle bakoitzari  BHko zein ibilbide egin aholkatzen dio. Eta, azken erabakia, gurasoek hartzen dute:
1) Lanbide heziketa (4 urte),
2) Goi mailako orokorra (5 urte)
3) Unibertsitate aurrekoa (6 urte)
Hainbat eskolatan ezagututakoa
Zuidwalschool Haur eta Lehen Hezkuntzako zentroa
Ikastetxearen ezaugarriak
- Haga hiriaren erdigunean kokatuta dago, etorkinen auzo batean.
- Udalaren eskola da.
- Guztira, 230 ikasle ditu, ia 30 herrialdetakoak. Duela 25 urte ikastetxe horretako ikasle guztiak bertakoak ziren, baina etorkinen kopurua izugarri handitu da.
- Lehen Hezkuntzako ikastetxea bada ere,  2 urte  eta erdi eta 12 urte bitarteko ikasleak hartzen ditu.
- 2 urte eta erditik 4 urtera bitarteko ikasleak nederlanderara murgiltzeko erabiltzen da, batez ere. Bertako hizkuntza irakastea da helburu nagusia.
- 35 langile irakasle ditu. Horietako batzuk dedikazio osoa dute eta beste batzuek,  ordukakoa.
- Gobernutik  eta udaletxetik  jasotzen ditu dirulaguntzak. Duela bi urtera arte ikasle kopuruaren arabera jasotzen zuen dirua. Ordutik hona, ordea, behar bereziak dituen eskola izateagatik,  gurasoen hezkuntza mailaren arabera jasotzen du laguntza. Horren arabera, diru gehiago jasotzen du eskolak, auzo horretan gurasoen maila baxua delako.
Ikastetxearen antolaketa
Langileen  egitura:
- Zuzendaria.
- Ziklo bakoitzeko (3 ziklotan dute banatua) koordinatzaile bana.
- Irakasleak.
- Proiektu bereziak eta behar bereziak dituzten ikasleentzat beste irakasle batzuen laguntza dago.
Ikasturtearen iraupena:
- Urtean 40 aste: abuztuan/irailean hasi eta ekainean/uztailean amaitu.
Ordutegia:
- Goizeko 08:30etik 15:00etara.
- Asteazkenetan: 08:30etik 12:00etara.
- Ez dago jangelarik. Etxera doaz bazkaltzera.
- Eskola orduetatik kanpo ikasleek hiru aukera dituzte:
1) Etxera joatea.
2) Auzoan antolatutako zaintza edota hainbat ekintza garatzen dituzten zentroetara joatea.
3) Eskolak berak orduz kanpo antolatzen dituen hainbat jardueratan (esku lanak,  kirolak, informatika, legoekin jolasak…) parte hartzea, betiere, eskola bereko irakasleen ardurapean.
Ikastetxearen egokitzapena
Ikastetxearen egitekoa auzoak eta ikasleek dituzten beharrei erantzutea da. Zentzu horretan ulertu behar dira eskolan hartzen  diren hainbat erabaki:
- Nederlandera irakastea da helburu nagusia. Horregatik, hizkuntza lantzeko, hainbat ikasle gela arruntetatik irteten dira errefortzu saioetara.
- 3. mailan (6 urterekin) irakurketa prozesuan hasten dira, nahiz eta aurretik urrats batzuk ere eman.
- Ingelesaren irakaskuntza 7. mailan hasten da. Hau da, 10-11 urterekin. Ohikoa da txikitatik etxean ingelesezko telebista saio asko ikustea.
- Garai batean eskolan bertan ikasleen ama-hizkuntza lantzen bazuten ere, azken urteetan hori  kendu egin  dute.
Behar berezia duten ikasleak
- Behar bereziak dituzten ikasleei ikastetxean  bertan ematen zaie laguntza, nahiz eta batzuetan, zentro espezifikoetara bideratu. Bertan, denboraldi batean egon, eta gehienetan, lehengo eskolara itzultzen dira.
Lehen eskola berezietan egoten ziren ikasle horiek. Orain, Herbehereetan, gurasoek erabakitzen dute behar berezia duen seme-alaba eskola arruntera ala berezira bidali. Ikasle horiek finantzaketa berezia jasotzen dutenez, eskola arruntekoek nahi izaten dute bertan eskolatzea, baita hezkuntza hobetzen delako ere.
Zuidwalschool eskolaren metodologia tradizionala bada ere, duela 10 urte 7. eta 8. mailetako ikasleekin (11-12 urte)  “Actionlabs” izeneko tailerra erabiltzen hasi ziren. Hagako 15 ikastetxetan ari da funtzionatzen gaur egun.
Tailer horretan,  proiektuak binaka landuz, eta astean 45 minutuko bi saio eginez, 10 asteko epean emaitza zehatza lortu behar dute. Modulu bakoitzean taldekidea aldatu behar dute. Lantzen dituzten moduluak hauek dira:
- Neurketak eta lanak (sukaldea testuinguru gisa hartuta).
- Audio lanak (irrati programa egin).
- Bideoen sorkuntza (film laburra).
- Aerodinamika (kotxe aerodinamikoa egin behar izaten dute).
- Segurtasuna etxean (etxean egin daitezkeen konponketak ikasten dituzte: entxufeak konpondu…)
- Osasuna eta Prestakuntza fisikoa (bihotz taupadak kontrolatu, tentsioa hartu…).
- Bi gai sozial: harremanetarako gaitasunak, lagunartea eta talde lana. Sentimenduak, emozioak ezagutzea...
Zer lortu nahi da?
Modulu bakoitza hasi aurretik irakasleak edota “liderrak” azalpenak ematen ditu. Hortik aurrera, bikote bakoitzak era autonomoan egin behar du lan. Irakasleak lanen kontrola egiten du, eta, ikasleei, behar dutenean, laguntza eskaintzen  die.
Horrela, “ikasten ikasi”, “egiten eta ekiten ikasi” eta “elkarrekin bizitzen ikasi” konpetentziak lantzeaz gain, Bigarren Hezkuntzan dituzten ibilbideak  aukeratzeko ere baliagarriak gerta dakizkie. Izan ere, ikasleek ikus dezakete zein lan mota duten gustuko, zer interesatzen zaien gehien… Horrela lan egiteak, ikasle bakoitzaren motibazioa sustatzen eta autoestimua indartzen laguntzen duela uste dute.
Supergaituentzako eskolak
Orain arte, ezer gutxi landu da arreta berezia behar duten adimen handikoekin edo supergaituekin.
130 baino  inteligentzia maila altuagoa duten ikasleetatik %16 soilik omen doa unibertsitatera Herbeheretan. Eskolan aspertu egiten dira eta “deskonektatu” egiten dute. Ondorioz, emaitza kaskarrak lortzen dituzte.
Egoera horren aurrean, duela bi urtetik hainbat “LEONARDOschool” antolatu dituzte. Eta, supergaituak eskola arruntean edo halako eskola berezietan eskolatzea gurasoen esku dago.
Behetik gorako metodologiaren ordez, goitik beherakoa erabiltzen dute. Horrela, ikasleen sormena handiari, motibazioari, euren galderei eta ikasi nahi izateari  hobeto erantzutea espero dute. Oraingoz, gustura daude.