Zer egin daiteke eskolan

2009-04-01
Gure kulturan egun zabalduta dauden estetika ereduek presio negatiboa eragiten dute autokontzeptu fisiko egokia garatzeko. Eragin kaltegarri hori nerabeen gizataldean nabarmentzen da bereziki. Dena den, eskolatik eragin horri aurre egin dakioke, baliabide eta neurri egokiak bideratuz. Era horretan, autopertzepzio fisiko egokia eraikitzen lagunduko diegu ikasleei.
 
 
Gorputza onartzeko zailtasunak eta elikatze portaeren nahasteak
Jende ugarik du bere gorputza onartzeko arazoa, asko dira euren buruarekin pozik ez daudenak. Izan ere, gure gizartean gorputz lirain eta argalaren eredua nagusitu da. Argaltasuna, arrakasta, edertasuna, autokontrola eta beste zenbait ezaugarri positiboekin lotzen da. Komunikabideek etengabe zabaltzen dute eredu hori. Baina eredu hori lortzea (maila gorenean behintzat) ia ezinezkoa dela esan daiteke. Jendeak bere gorputzaz duen irudia aipatutako eredu perfektu horrekin erkatzen duenean, maiz, nahigabea eta atsekabea sortzen zaio, herstura, eta fisikoki aldatzeko neurriz kanpoko gogoa. Egoera horretatik elikatze portaeran nahasteak sortzera jauzi oso txikia dago. Bide horretan hainbat urrats ematen dituzte: nahita botaka egin, diuretiko eta lasaigarriak hartu, neurriz kanpoko jarduera fisikoa egin… eta zenbait kasutan (anorexia, bulimia) haien osasun fisikoa eta psikologikoa arriskuan jartzera iristen dira.
Jatorri ugari izan ditzake desoreka horrek: komunikabideen eragina, pertsona kuttunak eta esanguratsuak (familiakoak, adiskideak…), amak bere gorputzarekiko duen atsekabea, sendiak jarduera fisikoa egiteko duen ohitura, neurriz kanpo argaltzea eskatzen duten zenbait kirolen ezaugarriak… 
Arrazoi horiek guztiek jarraitzen duten heinean, gaixotasunak ere irauteko joera izaten du. Izaera soziokulturala duten arrazoi horiek ezabatzea zaila den neurrian, nekez egin dakieke aurre elikatze portaerarekin lotutako nahasteei.
Autokontzeptu fisikoa eta ezaugarri soziokulturalen presioa
Fisikoki zaintzera behartzen zaituen publizitatearen eraginpean egon arren, autokontzeptu fisiko altua izan dezakezu. Gure kulturan, edertasun fisikoaz gain, sasoi fisikoa eta kirol gaitasuna ere ongi baloratzen dira. Aldagai horien eraginaz zenbat eta gehiago jabetzen garen, orduan eta autokontzeptu fisiko hobea izango dugu. Beraz, soilik, itxura fisikoa hobetzera bideratutako presio soziokulturala jasotzen dutenek, pairatzen dituzte kalteak. Irizpide hezitzaileen arabera, gainerako ezaugarri fisikoak ere landu beharko lirateke.
Ez dugu ahaztu behar egungo gizartean itxura fisikoak izugarrizko garrantzia duela. Eta bereziki nerabezaroan puzten da alor hori.
Emakumezkoen gaixotasuna?
Ikerketek azaltzen dutenez, % 0,2 eta % 0,8 bitartean kokatzen da anorexia gaixotasuna pairatzen duten herritarren portzentaia. Neska nerabeen kasuan zifra hori % 1,3raino igotzen da. Bulimiaren kasuan ere antzeko fenomenoa gertatzen da, eta populazioaren % 1,13 eta % 1,20ren artean kokatzen da gaixotasuna dutenen portzentaia.
Patologia horiek ugariagoak dira emakumezkoen artean (bederatzi eta  bateko aldeaz). Dena den, esan beharra dago azken urteotan gizonezkoen kopuruak nabarmen igotzen ari direla. Gaixotasun horiek industrializatutako mendebaldeko gizarteetako berezko ezaugarri badira ere, azkenaldian etorkinen artean ere zabaltzen ari dira. Maila sozialari dagokionez, garai batean maila erdi-altukoen artean nabarmentzen zela aipatu bazen ere, aspaldian maila guztietara hedatu dela esan daiteke. Beraz, gaitzak zabaltzen ari direla ikusita, garaiz diagnostikatzeko neurriak hartu beharko lirateke.
Ikuspegi klinikoaz gain, hezitzailea
Badira hiru hamarkada psikologia klinikoa gorputz irudiaz (eta bereziki horren nahaste eta aldatzeaz) arduratzen dela. Dena den, azkenaldian, hezkuntzaren ikuspegitik autopertzepzio fisikoak modu egokian eraikitzeak duen garrantziak kezkatutako mugimendua sortu da. Joera hori argitaratu berri den liburu batean azaltzen da: “El autoconcepto físico. Psicología y educación” Piramide argitaletxea, Madril. Lan horren koordinatzailea artikulu hau idazten duen bera da.
Autokontzeptu fisiko onak norberaren itxura fisiko egokiaz gain, eremu fisikoko beste zenbait atalekin du zerikusia: trebetasuna, sasoia, indarra… Pertsonaren autoestimuan arlo fisikoak beti izan du garrantzia, baina orain hobeto ezagutzen dugu nola antolatzen eta garatzen diren autopertzepzio horiek. Badakigu, besteak beste, orohar,  emakumezkoek gizonezkoek baino autokontzeptu apalagoak izan ohi dituztela,  nerabezaro garaian autokontzeptuak krisi sakona ezagutu ohi duela, autokontzeptu onak jarduera fisikoarekin eta bizi-estilo osasuntsuekin lotura duela, ongizate psikologikoarekin harreman zuzena duela…
Orain arte egindakoak
Autokontzeptu fisikoa hobetze aldera, jarduera fisikoa eta ohitura osasuntsuak sustatzeko egitasmoak bultzatu izan dira. Urriagoak izan dira izaera kognitibodun egitasmoak, eta harritzekoa da, ezagupenak autokontzeptuaren eraketan duen pisua kontuan izanik.
Programa horiek hainbat teoria psikologikotatik edan izan dute. Esku-hartze egitasmoek jarduerak eta baliabideak modu eklektikoan elkartzen dituzte, besteak beste: ariketa fisikoaren onurez informazioa zabalduz, bakoitzaren gaitasun eta muga fisikoak ezagutuz, kirol jarduera sustatuz, helburu berriak ezartzera animatuz eta motibatuz… Neurri horiek lagungarri izango badira ere, autokontzeptu fisikoaren barne egiturari buruz eta hainbat aldagai psikosozialei buruz berriki eskuratutako ezagutzak aintzakotzat hartu beharko dira.
Irizpide berriak
Autokontzeptuak hamabi urte inguru arte osotasunezko izaera du. Nerabezarotik aurrera, ordea, bereizketa gertatzen da, barne egitura hierarkiko eta dimentsioanitza sortu arte. Egitura horrek hezkuntza eremutik bideratutako esku-hartzea baldintzatzen du:
- Autokontzeptua hobetzeko esku-hartzeak horren dimentsio zehatzenak eta beheko mailetako dimentsioak moldatzera bideratu beharko dira (esate baterako autokontzeptu fisikoa). Izan ere, atal horiek dira moldagarrienak. Autokontzeptu orokorrean emaitzarik eskuratzeko iraupen luzeko esku-hartzeak beharko dira.
- Eremuen arteko balioak haien artean konpentsa daitezke, oreka eskuratuz. Hau da, posible da batek autokontzeptu akademikoan balio kaskarra izatea, baina fisikoan altua izatea, eta azkenean autokontzeptu orokorra ona izatea.
- Eremu zehatz batean izandako arrakasta edo porrotak (kirol gaitasuna, esate baterako) eremu horretan eragingo du (autokontzeptu fisikoa) baina gerta daiteke, hala eta guztiz ere, autokontzeptu orokorrarekiko eraginik ez izatea (pertsona horrentzat atal hori ezinbestekoa ez bada behintzat, kirolari profesional baten kasuan, adibidez).
- Autokontzeptu fisikoak zenbait aldagairekin harreman estua du: jarduera fisikoa, bizi-estiloa, elikatze ohituren nahasteak edo hainbat kulturen eragina. Erlazio hori norantza bikoa da: autokontzeptu fisikoaren igoerak aldagai horien hobekuntza dakar, baina baita alderantziz ere: ohitura osasuntsuak sustatuz edo jarduera fisikoa areagotuz, autokontzeptu fisikoa hobetzea lortuko dugu. Ondorioz, aldagai horiek hobetzera bideratutako esku-hartze egitasmoek oinarri zientifikoa dute, zeharka autokontzeptua igotzea lortuko baitute. Autokontzeptu fisikoaren kasuan arreta berezia jarri beharko diegu sasoiari, indarrari eta trebetasun fisikoari. Ikusi baita, azpieremu zehatz horiek betiere autokontzeptu orokorra baino moldagarriagoak direla.
Dena den, gakorik eraginkorrena norberak bere esperientziak prozesatzeko erabiliko duen kodea eraikitzen laguntzea dela ikusi da. Jarduera didaktikoak proposatzeko ondorengo oinarri psikodidaktikoak kontuan izan beharko dira:
a. Testuinguru hurbilak eta komunikabideek bakoitzarengan duten eragin kaltegarriaz jabetzea.
b. Epaitzen gaituen pertsonaren inguruan gogoeta egitea. Kanpoko guztien iritziek ez dute pisu berbera, (pertsona kuttunenak gehiago, jakina). Eragin hori erlatibizatzen jakin behar dugu (dagokion garrantzia ematen).
c. Zein erreferentzi talderekin erkatu ongi aukeratzea. Parte hartu nahi dugun taldeak gure helburuak eta nahiak baldintzatuko ditu. Ni-erreala-ren (”ez dut beste munduko kirol trebetasunik”) eta Ni-ideala-ren (“baina ez dut zertan goi-mailako kirolaria izan behar”) arteko tartea murrizten lagundu behar du.
d. Autokontzeptu fisikoaren atal bakoitzari eskainitako garrantzia zaintzea. Maila eskasa dugun gaitasunei garrantzia handia emanez gero, eta trebeak garen arloak gutxietsiz gero, autokontzeptu maila kaskarra eskuratuko dugu. Pertsona batek bere burua itsusitzat izan arren, edertasunaren garrantzia erlatibizatuz, autokontzeptu fisiko ona izan lezake.
e.Arrakasta eta porroten arrazoia zeri leporatzen zaio zaintzea. Gai izatearen sentimendua ez da lortutako emaitza objektiboaren arabera eskuratzen. Zenbaitek beti autokontzeptu negatiboa dute, arrakasta kanpoko jatorriarekin lotzen baitute (zoria) eta porrota barne arrazoiekin (gaitasun eskasa). Beste batzuek, ordea, bere burua arrakasten arduradun gisa ezartzen dute, eta, kanpoko arrazoiak, porroten zergati gisa (zorte txarra, eginkizun zailegia). 
f.Asmoen eta helburuen maila. Duela mende bat William James-ek esan zuen autokontzeptua lortu nahi denaren eta lortzen denaren arteko distantzia dela. Testuinguru horretan per-tsonei bizi-proiektuak eraikitzen lagun diezaiekegu.
“Pozik zure itxurarekin?” izeneko egitasmoa
Aurreko irizpideak kontuan izanik, “Pozik zure itxurarekin?” izeneko hezkuntza egitasmoa sortu da. Bina bertsio badira (euskaraz eta gaztelaniaz) paperezko bertsioan (Goñi et al., 2007, Caja Vital Kutxa), CD formatoan (EHU-UPV) eta baita sarean on-line moduan ere.
Egitasmoaren bidez, informazioa eta jarduerak proposatzen dira: norbere buruaren autoezagutza errazteko, distortsio kognitibo kaltegarriak saihesteko, jarrera egokiak hartzen laguntzeko, eta finean, autokontzeptu egokia eraikitzen laguntzeko.