Gaitasunak eskola garaitik garatzea. Moda, edo benetako aldaketa al da

2009-05-01
Irakasleek hausnarketa praktika egin behar dute; egiten duten lana aztertu behar dute. Hausnarketa praktika ez da oso erosoa, ez da atsegina; egiten duguna zalantzan jarri behar da etengabe, eta, agian, gure barruan maite ez ditugun gauzak topatuko ditugu. Hausnarketa praktika, argitasun praktika da, eta hori egin ezean, nekez hobetuko dugu gure lana. Ibilbide bakartia da, berez, baina, irakasleek taldean ere egin dezakete hausnarketa. 
 
 
Eta, erreforma handiak egiten direnean, hausnarketa praktika aldatu egiten da: hausnartu behar dena ez da soilik gauzak nola egin behar diren, baizik eta zertarako. Erreformen aurrean hainbat jarrera daude: mutur batean erresistentzia topatuko dugu, beste muturrean berrikuntzak bere gain hartzen dituztenak, eta horien artean irakasle asko eta asko aurkituko ditugu.
Oinarriaren ideia
Denek ez dute gaitasunaren eta oinarriaren arteko loturarik egiten, baina nik uste dut lotura horrek zentzua duela. Kontua ez da programa batek helburu dituen gaitasunak soilik zehaztea, denek bereganatu behar duten gutxieneko maila zehaztea baizik.  Gutxieneko maila guztiek bereganatu behar dute.
Zer da oinarrizko kultura? Zein dira lortu beharreko ezagutzak, jarrerak, balioak eta gaitasunak? Zein dira komunak direnak? Aniztasunari buruz eta sistemarekiko harremanari buruz hausnartu behar da. Adibidez, ikasle guztiek balio guztiak izan ditzaten nahi al dugu? Edo, eskolak pentsamendu kritikoa bultza al dezake? Gauza horiek erabaki behar dira. Ideologia sartzen baita hor, hau da, zer gizarte eredu daukagu? Matematiken edo gramatikaren atzean, agian ez ditugu gauza horiek ikusiko, baina gizarte zientzien edota atzerriko hizkuntzen atzean gizarte eredu bat badela ikusiko dugu.
Bestalde, gutxieneko jakintza horretatik gora, desoreka asko izango da. Oso lausoa da, oso politikoa, oso ideologikoa eta oso korapilatsua. Erdibideak aurkitu behar dira. Oinarriaren ideia definitzea zaila da, baina ideia interesgarria da, ez delako aukera berdintasunaren ideia bezain handinahia, eta errealistagoa delako. Oinarria definitzen duen gizarteak konpromisoa hartzen du.
Oinarri hori lortu beharreko gutxienekoa da, baina aniztasuna ezin dugu alde batera utzi; demokratizazioa kontuan hartu behar da eta desorekak murrizten saiatu behar dugu. Gutxienekoa altua bada, jakintza demokratizatuta dago. Baina gutxieneko hori altua izatea ez da denentzat baliagarri, gaur egun oraindik eliteen prestakuntzarako erabiltzen baita, sarritan. Adibidez, esan daiteke 15-20 urterekin denek irakurtzen jakin behar dutela, baina horrek zentzua izatea lortu behar dugu. Badakigu % 20k adin horretan ez dakiela ongi irakurtzen; ez dira analfabetoak, baina ez dakite ongi irakurtzen. Horrek esan nahi du haientzat konpromiso hori ez dela bete. Helburuak ez du utopia bat izan behar, errealista izan behar du, baina horrek ez du esan nahi denek automatikoki lortuko dutenik.
Oinarriaren ideiak ez du esaten zer gaitasun mota eta zer helburu mota ditugun. Eskola zertarako egin da? Ezagutzak, balioak, jarrerak eskaintzeko? Horrek, berez, ez du zerikusirik oinarriarekin berarekin, baina lotuta daude. Herrialde batzuetan badirudi hezkuntza sistemak gaitasunak soilik landuko dituela, baina benetan ez da hala. Gaitasunak helburu mota bat dira, baina ezagutzak, balioak eta jarrerak ez ditugu alde batera uzten. Gaitasunak eta helburuak ez dira gauza bera. Gaitasunak kontuan hartzea helburu gehiago kontuan hartzea esan nahi du, helburuak zabaltzea, eta  helburu berri eta garrantzitsu moduan har daitezke.
Gaitasunen garapena
Gaitasunaren definizioa egitea, zaila da. Definizio asko daude, baina ideia komuna dago denetan: ezagutza edo baliabide kongnitibo horiek ekiteko erabili behar dira. Gaitasunak, ekintzen eta, batez ere, lanaren hasieran daude. Gai izatea, ezagutza batzuk barneratzea da, baina baita horiek antolatzen eta aurrera eramaten jakitea ere.
Beraz, esan genezake gaitasuna hau dela: mota bereko egoera multzo batean, eraginkortasunez jarduteko ahalmena, baliabide intelektual eta emozionalak egoera errealetan eta modu egokian mobilizatuz eta konbinatuz. Gaitasuna dago baldin eta pertsona batek:
- Egitura bereko egoera multzo konplexuak erregularki menderatzen baditu.
- Horretarako baliabide ugari mobilizatzen eta konbinatzen baditu: ezagutzak, ezagutzei ateratako probetxua, gaitasunak (edo ahalmenak), jokabideak, balioak, nortasuna.
- Baliabide berrien beharra garatzen badu eta irtenbide originalak asmatzen baditu.
Gaitasunak egoera desberdinetarako garatu behar ditugu. Ez dago gaitasun pedagogiko bakarra, ugari baizik, eta egoera ezberdinei aurre egiteko gaitasunak. Gaitasunak izatea, egoerei modu sortzailean aurre egiten jakitea da.
Gaitasunak ongi zehaztu behar dira, eta argi izan behar dugu ez direla ezagutzaren kontrakoa. Ezagutzak izateko gaitasunak behar dira, baina ezagutzarik gabe ez goaz inora. Era berean, ezagutza izateak ez du esan nahi gaitasunik dugunik. Gaitasunen erabilerari egiten zaion kritikarik ohikoena ezagutzei bizkarra ematen diela da, eta, beraz, baita kulturari ere. Baina kultura ezagutzetara murriztea ikuspuntu elitista eta defendaezina da. Gizakia ekintzetan oinarritzen da hasieratik, gizakiaren pentsamendua eta kultura munduarekiko harreman pragmatikotik datoz. Baina, batez ere, zentzugabea da ezagutzak eta gaitasunak kontrajartzea, ezagutzarik gabe, ez baitago gaitasunik. Benetako arazoa ezagutzen kopuruak sortzen du, gaitasunak garatzeak denbora eskatzen duelako; ezagutzak geureganatzeko eta horiek erabiltzen trebatzeko denbora.
Gaur egun, herrialde gehienetan eskola curriculuma ezagutzetara eta, agian, ohituretara bideratua dago, baina gaitasunen araberako heziketa benetan praktikan jarriko bagenu, ezagutzei ere denbora eskainiko genieke. Ezagutzen eta gaitasunen arteko oreka lortu behar da.
Gaitasunetan oinarritutako curriculumari, enpresa mundutik datorrela esanaz egiten zaio aurre, askotan, utilitarismoari aurre egiteko. Eskolaren eta enpresaren arteko harremanak betiko arazoa dira eta lan munduaren zati batek presioa egiten dio eskolari ikasleak egungo lan egoeretan emankorrak izan daitezen, enpresa buru baten ametsa eskolatik atera den ikaslea hartu eta lehen eguneko lehen ordutik eraginkorra izatea izan daitekeelako. Enpresa handietan, beste diskurtso bat entzuten da: jendea egokitzeko gai izatea nahi dutela diote eta ikasten dakien jendea prestatzeko eskatzen diote eskolari. Beraz, guztia oso korapilatsua da. Nik uste dut lan munduak ezin duela eskola bere mende jarri, baina, hala ere, nolabaiteko lotura bat egon behar dela, betiere independentziari eutsiz.
Bizitzarako gaitasunak
Eskolak bizitzarako gaitasunak landu behar ditu, eta ez soilik lanerako gaitasunak. Hori kontuan hartzea garrantzitsua da. Eta galdera bat topatzen dugu: nork ateratzen dio etekina eskolari? Nori egiten dio mesede eskolak? Batzuek diote eskolaren helburua denei jakintzak trasnsmititzea dela, eta gaitasunak ez direla garrantzitsuak. Eskola goi-mailakoek sortu zuten eta oraindik ere eliteen beharren araberakoa da. Gaitasunen gaineko planteamendua egitean, eskola nori zuzentzen diogun pentsatu behar dugu, eta planteamendua 15-18 urterekin lan munduan sartuko direnentzat egin behar da, baina puntu horretan interes istiluak daude. Batzuek badakite onena aterako diotela eta beste batzuek adin horretan utziko dutela. Gaitasunetan oinarritutako planteamendua, batez ere gerora horiek garatu ezingo dituztenei zuzendu behar zaie.
Diziplinetako edukiak begiratuz, arazoa ikusten dugu baita ere. Jendeak, lan munduan arazo batzuei aurre egin behar die eta horiek ez dira eskolan lantzen, adibidez, alor juridikoa, psikologia… Egun krisi ekonomiko handia bizitzen ari gara eta zer ulertzen dugu gertatzen ari denaz? Horren zergatiaz, horren ondorioez? Gure arriskuak nola uler ditzakegu? Ez dugu gauza handirik ulertzen, eta, gai horri dagokionez, eskolari eskertzeko ezer gutxi dugu. Jakintza hori ekonomia zientziak lantzen dituztenek baino ez dute. Nik uste dut curriculumak egokitu egin behar duela fisikari eta matematikari leku gutxiago eginez, eta soziologiari edo ekonomiari leku gehiago emanez. Ikasgai batzuek leku ukiezina lortu dute eskolan eta hori ere aztertu behar da. Egun, balio al du benetan hainbeste trigonometria egitea eta soziologia alde batera uztea? Eztabaida horrek istiluak sor ditzake, baina istilu gutxiago sortuko ditu oinarri komuna baldin badugu. Eskolak ez du ahaleginik egiten gaur egungo jendearen bizitza zein den jakiteko. Eskolan, gure eguneroko bizitzako alor asko ez dira lantzen, edo oso gutxi lantzen dira. Erdibidea aurkitu behar da, zilegi diren jakintzen eta gaitasunei lotutako ezagutzen artean.
Eskola ezagutzak transmititzeko eremua izan da, eta, orain, gaitasunak garatzea, hau da, gaitasunak ekintzarekin harremanetan jartzea eskatzen diogu. Beraz, gaitasunetan oinarritutako planteamendu horrek eskola aldarazi behar du eta eskolari gauza berriak irakasten erakutsi behar dio. Horretarako eremuak behar dira, dirua, jendeak parte hartu behar du… Beraz, eskola antolaketa leherrerazi behar da eta lankidetzak sortu behar dira.
Hasieran, hezkuntza-formatua gazteen gutxiengo bati zuzendua zegoen. Ezagutzen eta helburu zehatzeko gaitasunen ikasketa metodikoa errazteko sortu zen, baina populazioaren gehiengoa eskolatzearekin batera, hezkuntza-formatuak hain esanekoa eta prestatua ez den jendearekin egin du topo. Gaitasunen bidezko planteamendua erronka osagarria besterik ez da hezkuntza-formatuarentzat eta irakasleen nortasun eta gaitasun profesionalak zalantzan jartzen ditu. Eta, horren ondorioz, baita irakasleen prestakuntza ere.
Proiektuetan oinarrituta
Irakasleek Ministerioetara jo eta gaitasunak nola garatu behar diren galdetzen dutenean, betiko erantzuna jasotzen dute: “Egin proiektuak ikasleekin”. Proiektua pedagogia aktiboetan erabiltzeko arriskua dugu, Freinet-en testu librea erabiltzen dugun bezala, lehen zentzua eta heziketa-ahalmenak alde batera utziz. Nahiko inozoa da, irakasleen eta ikasleen arteko harremana aldatu gabe eskoletan benetako proiektuekin praktika dezakegula pentsatzea. Botere banaketarik gabe, ezin da proiekturik burutu. Proiektu gehienek, gainera, diziplina bat baino gehiagoko baliabideak eskatzen dituzte, eta, beraz, irakasleen arteko elkarlana beharrezkoa da.
Gainera, zaila da proiektu bati jarraipena egitea, zazpi egunetik behin ordu bakarra eskainiz. Beraz, ordutegia aldatu behar da. Beharrezkoa da baita ere gelako lau hormen artetik edo ikastetxetik irtetea. Proiektuetarako giroa sortzeak irakasleek gaitasun asko izatea eskatzen du: buruzagitza, elkarlana, negoziazioa, ikasleei askatasuna ematea…
Zaila da jakitea zer egin behar den zehazki benetako gaitasunak garatzeko, praktika sozialik eta lanik gabeko hezkuntzan. Metodo berriak asmatu behar dira, derrigorrez ikasketa-egoerak bi multzo itxitan banatu gabe: alde batetik, baliabideak sortzeko aukera ematen dutenak, eta, bestetik, baliabideen erabilera praktikatzeko aukera ematen dutenak. Garrantzitsuena zer egiten ari garen jakitea da, hasieran ez bada ere, gutxienez ekintzak dirauen bitartean, eta bereziki, amaitzean. Horregatik, gaitasunen ebaluazioa ikasleek gaitasun horiek lortu dituztela egiaztatzea bezain garrantzitsua da. Egiaztapen hori egiteko, froga estandarrak baino egokiagoa da ikasleen lanaren azterketa zehatza egitea.
Gaitasunen bidezko planteamenduak ikasketa luzeak egingo ez dituztenen bizitzari arreta jartzera behartzen gaitu (teorian, behintzat), eta ikasle horiek benetan zain dutenerako prestatzera. Gaitasunak garatzean, irakaslea ikaslearen ondoan dago, entrenatzaile batek bezala lagunduko dio, ikasi behar duen guztia azaldu beharrean, pentsarazi egingo dio.
Curriculuma azkar eta profesionalekin negoziatu gabe aldatzeak, porrota dakar. Baina, irakasleek ezer berririk ez dagoela edo aldaketa garrantzitsua izan arren inoiz gauzatuko ez dela uste badute, hezkuntzaren helburuei buruzko eztabaidatik kanpo atera gaitezke. Gure gizartea eztabaida pizten duten gai horien inguruko konpromiso koherente eta iraunkor samarrak hartzeko gai ote den jakin behar dugu.
Irakasle guztiek noizean behin beren buruari galdetu behar diote ea irakasten dutenak ikasleentzat zentzurik duen, eta ondorengo hamarkadetan aurkituko dutenari aurre egiten lagunduko dien. Gaitasunak garatzen ditugu, bai, baina hobeto egin genezake, modu zehatzagoan. Horretarako, egokitutako jokabide didaktikoak, behar adina denbora eta ebaluaziorako tresna egokiak erabili behar dira.