GISASOLA, Genaro: Alfabetizazio zientifikorik gabe ez dago benetako demokraziarik

2009-05-01
Fisikako irakaslea da Jenaro Gisasola Euskal Herriko Unibertsitatean. Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoan duen lana beste kargu batekin uztartzen du gaur egun, Kalitate eta Ikasketa Berrikuntzako errektoreordetzako Gipuzkoako Campuseko koordinatzailea ere badelako. 18 urte daramatza unibertsitatean lanean, baina horren aurretik Bigarren Hezkuntzako zientzietako irakaslea izan zen 12 urtez.
Gaur egun, ikerketa lanetan ere aritzen da. Hamar irakaslek osatzen duten ikerketa talde bateko kide da Gisasola, eta zientzia irakaskuntzan dauden zailtasunak ikertzen dituzte. Irakaskuntzaren printzipio orokorrak ikasgelan eta gai zehatzetan nola aplika daitezkeen aztertzen dute. Eta baita horrelako gaiekiko ikasleen interesa nola pitz daitekeen ere. Duela gutxi beste ikerketa ildo bat ireki dute gainera: eskola eta zientzia museoak. Horren helburua zientzia museoek eskaintzen dituzten aukerak ikasleen ezagutza zabaltzeko nola erabil daitezkeen aztertzea da. Arlo asko ikertzen dituzte, beraz, eta urteotan atera duten ondorio nagusietako bat hauxe da: ikasleek ikasten dutena ez dute behar bezala ulertzen. Horri aurre egiteko, hainbat proposamen egin dituzte, eta materialak ere argitaratu dituzte. Zientzia ahalik eta egokien irakastea irakasleen ardura da, baina, horretarako, prestakuntza egokia behar dute. Gisasolaren ustez, zientziaren ezagutza gizarte osora zabaldu behar da, alfabetizazio zientifikoa beharrezkoa baita benetako demokraziarako.
 
 
Gauza asko aztertzen eta ikertzen dituzue unibertsitateko ikerketa taldean. Horien artean, zientzia nola irakasten den, eta ikasleek zientzia nola ikasten duten. Urte hauetan guztietan topatu al duzue horren erantzunik?
Arazo handiak topatu ditugu. Batzuetan, irakaskuntza prozesu erraza dela pentsatzen da; irakasleak diskurtso koherentea ematen duela, ikasleek apunteak hartzen dituztela, hori ulertzen eta buruz ikasten dutela, eta dena hor amaitzen dela. Baina ez da horrela, eta urteotan, arazo serioak ikusi ditugu. Horien artean handiena hauxe: ikasleek ez dute ikasten. Nahiz eta gai batzuk bai DBHn, bai Batxilergoan eta bai unibertsitatean behin eta berriro ikusi, zenbait arazo ez dira desagertzen, eta zenbait lege ez dituzte ulertzen, ez dituzte matematikako oinarrizko tresna batzuk erabiltzen… Ez da tontakeria. Hori da gure lehen aurkikuntza. Batzuetan, irakaslea ona baldin bada edo bokazioa baldin badu, nahikoa dela pentsatzen da, baina ez da horrela. Arazo objektiboak daude, egiturazko arazoak. Aurkitu dugun bigarren arazoa metodologia tradizionalari lotua dago: irakaslea hitz egitera mugatzen da, eta ikasleak entzutera, eta, horrela, aurrez ikusitako arazoak ez dira desagertzen. Metodologia klasikoa ona da jendeak gauzak buruz ikasteko, baina ez du ikasleen interesa pizterik lortzen, eta ez da egokia jendeak zientziarekin zerikusia duten zenbait kontzeptu eta lege uler ditzan. Ikasteko zailtasunak eta metodologia klasikoaren akatsak ikusita, hortik abiatuta, proposamen zehatzak egiten saiatzen gara.
Nolako proposamenak?
Proposamen horietan irakaslearen eta ikasleen funtzioa aldatu egiten da. Guk irakasleak eta ikasleak aztertzen ditugu. Guk proposatzen ditugun curriculuma eta metodoak eskolak tipologia jakin bat duenean erabil daitezke, baina beste batzuetan ezin dira erabili. Gure proposamena eskola estandar batean egin daiteke, baina, bestela, ezin daiteke egin. Hiru oinarri ditu proposamenak: lehenengoa, ikasiko dugunak zer interes duen, zertarako ikasiko dugun eta hori jakiteak zer abantaila dituen aztertu behar da, beti. Bigarren zutabea metodologia interaktiboak erabiltzea da. Gure ustez, irakaslearen funtzioa ez da edukiak plazaratzea eta errepikatzea. Gaur egun, ikasleek informazioa Interneten edo ikasliburuetan aurkitzen dute. Irakaslearen funtzioa eskola dinamikoak egitea da, eztabaida sortzea eta gidatzea. Oso zaila da hori. Irakasleak ikasleak gidatu egin behar ditu, haiek zenbait gauza uler ditzaten. Hirugarren oinarria hauxe da: irakaskuntza klasikoaren akatsak ezagunak direnez, horiek ez errepikatzeko neurriak hartu behar ditugu. Eskolaz kanpo ere, ikerketak egiten ari gara (museoetan, esaterako), oztopoak identifikatzeko eta, ekintza berriak eginez, zer emaitza lortzen ditugun ikusteko.
Izan ere, irakaskuntza formalean egiten duzuen lanaz gain, irakaskuntza ez-formalean ere bultzatzen dituzue halako programak: museoetan, erakusketetan, lantegietan…
Bai. Adibidez, EHUk antolatzen duen Zientzia Astea-n parte hartzen dugu, fisikako standa jarrita. Horrelako ekintzetan parte hartuz, zientziaren dibulgazioa eta alfabetizazioa bultzatzen ditugu.
Proposamen hori aintzat hartuta, hainbat material prestatzen dituzue.
Bai. Geure ikerketek isla izaten dute ikasgelan, eta horietan oinarrituta, hainbat material prestatzen ditugu. Material horiei gida deitzen diegu, helburua hori baita: irakasleentzako gidak izatea.
Material horiek unibertsitateko ikasleekin erabiltzen dituzue, edo kanporako ere balio dute? Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetara zabaltzen al dituzue gidak?
Lehenik, geure ikasleekin erabiltzen ditugu, beti. Euskaraz eta gaztelaniaz aritzen gara, eta, materiala gaztelaniaz baldin badago, gero Espainiako estatura eta Latinoamerikara ere zabaltzen dugu. Geure proposamenari jarraituta, emaitzak hobeak dira; ez dute % 100 ikasten, baina hobekuntza ikusten da. Metodologia klasikoarekin % 20 ikasten badute, agian % 50era edo % 60ra iristen dira proposamen horrekin. Orain unibertsitatean aritzen naiz, baina Bigarren Hezkuntzako materialak garatuz ere lan egin dut.
Emaitza ona da hori, ezta?
Baietz pentsatzen dugu, baina gauzak dagokien testuinguruan txertatu behar dira. Unibertsitate estandarra erabiltzen dugu, gure ikastetxe gehienak estandarrak dira, eta programa estandarra erabiltzen dugu. Bestalde, irakasleek prestakuntza berezia behar dute gure metodologia erabiltzeko. Irakasleei prestakuntzarako ikastaroak ematen dizkiegu gure materialak erabili aurretik.
Giltza ikasleen interesetatik abiatzea dela esan duzu. Egiten al da horrelakorik? Irakasleak prest al daude horretarako?
Irakasleek tresnaren bat erabilgarria dela ikusten badute, erabiltzen dute, baina konbentzitu egin behar dituzu. Bestela, irakasleak, normalean, bere tresnak eta bere metodologia ditu. Bestalde, Lehen Hezkuntzan, irakasleen ezaugarriak oso egituratuak daude; maisu-maistraren lanbidea oso ongi definitua dago. Oso zehaztuta dago zer egin behar duten eta zergatik.  Baina Bigarren Hezkuntzan eta unibertsitatean ez dago halako protokolorik. Gure lanbidea oraindik ez dago oso egituratuta, bakoitzak bere irizpideen arabera jokatzen du, egokiena iruditzen zaiona eginez. Ebaluazioek diotenez, Irakasgaitasun Ziurtagiriak (CAP delakoak) ez du ikasgela batean aritzeko benetako prestakuntzarik eskaintzen. Hori aldatzen ari da, eta Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko master berria izango da. Oinarrizko prestakuntza oso garrantzitsua da, eta, Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat, gaur egun ez dago horrelakorik. Irakasleak prestakuntza behar du, eta, bestelako proposamenak egiten badituzu, bi baldintza bete behar dituzte: alde batetik, materialak ona izan behar du, ongi oinarritua, eta bestetik, irakasleei hori erabiltzeko prestakuntza eskaini behar diezu.
Ikerketa egiterakoan topatu zenuten hutsune larririk: ikasleek ez dute ikasten, eta irakasten zaiena ez dute ulertzen. Azken urteetan zientziak erakusteko era ez dela aldatu eta iraganeko akatsak errepikatzen ari direla esan nahi al du horrek?
Oro har, zientzia irakasteko era ez da aldatu. Institutu bateko ikasgelara joaten bazara, metodologia aldetik gehiena berdintsua dela ikusiko duzu: irakasleak formulak arbelean idazten ditu, eta ikasleek apunteak hartzen dituzte eta formula horiek erabiltzen dituzte. Metodologia ez da aldatu, eta gizartea asko aldatu da. Arazo nabarmena da hori. Gizartea aldatu egin da; ikasleak bestelakoak dira eta informazio iturriak ugaritu egin dira; Internet eskura dute, esaterako. Gaur egun ikasgela ezin da gizartetik bakartu. Irakaskuntzak bestelakoa izan behar du, bestela, arazoak izango ditugu. Metodologia aldatu egin behar da. XX. mendearen lehen zatian, irakasleak albisteak ekartzen zituen ikasgelara, hura zen ezagutzaren transmititzaile nagusia, baina, orain, dena ikasliburuetan, telebistan edota Interneten dago. Horrekin batera, irakaslearen funtzioa aldatu egin da; ikasgelan gidari lana egin behar du, arazoak planteatu behar ditu, arazoak aztertzeko tresnak eskaini behar ditu, zientziak nola lan egiten duen azaldu behar du. Duela gutxi, museo batean eboluzioaren teoriaren dibulgazio zientifikoa ikusi nuen, eta asko gustatu zitzaidan, ez zuelako eboluzioaren teoria zein den esaten soilik; horrez gain, beste teoriak baino hobea dela esateko zer froga dauden erakusten zuen. Zientziak eskolan, Bigarren Hezkuntzan, aholkuak eman ditzake.
Horrek guztiak agerian uzten al du zientzia eskolan ez dela era egokian irakasten?
Nik esango nuke kezkatzeko moduko porrota dugula. Gaur egungo gizarteak zientzialariak behar ditu. Etorkizunean, gizartearen aberastasuna ezagutzan oinarrituko da, ezagutzaren gizartea izango da, eta, horretarako, patenteak behar dira, produkzio sistema berria, material berriak… Beraz, zientzialariak, ingeniariak, teknikariak… behar ditugu. Zientzia ikasketetatik ihes egiten badugu, Euskal Herrian ez dugu behar dugun zientzialari kopururik izango, eta, orduan, gure gizarteak ez du aurrera egingo, eta arazo handia izango dugu. Jendeak zientzia ikasketetatik ihes egiteak zerbait gaizki egiten ari garela esan nahi du, eta aldatu egin behar dugu. Baina, jakina, aldatzea ez da erraza, ez dugulako prestakuntza egokirik eta gure lanbidea ez dagoelako ongi zehaztua. Bestalde, irakaskuntzak, zenbait arlotan, laguntza gutxi jasotzen du administraziotik. Aldaketak egiteko, aurretik ikerketak egin behar dira, eta dirua behar da horietarako, baina zailtasunak ditugu ikerketarako dirulaguntzak jasotzeko. Gure poltsikotik dirua jarrita hasi ginen ikerketak egiten, eta une honetan zenbait gauza egiteko laguntza jasotzen dugu, baina ez beste arlo batzuetan jasotzen duten adinakoa. Oso mugatuta gaude. Erraza da irakasleak errudun egitea, eta gauzak aldatzen ez direla esatea, baina gauzak aldatzeko bitartekoak behar dira. Erruduna ez da bakarra, asko dira. Irakasleok, askotan, inertziaz jokatzen dugu, ez dugu barne estimulurik; beste batzuetan, ikerketarako diru gutxi ematen dute administraziotik… Errua banatuta dago.
Alfabetizazio zientifikoa aipatu duzu lehenago. Nola gauzatu liteke hori?
Aurrerapen teknologikoekin eta gizarteko aurrerapenekin zerikusia duten gaiak sartu beharko lituzke eskolak programetan eta ikasgaietan. Ikasgai bakoitzean alderdi hori kontuan hartu beharko litzateke. Adibidez, abiaduraz hitz egiten denean, abiaduraren kontzeptua ulertu behar da, baina zertarako? Bada, mugimenduaren fisika ulertu ondoren, trafiko arauak uler daitezke. Adibidez, fisikak mugimendu baten garapena aurresaten digu; motorra hartzen baduzu eta 60 kilometro orduko baino abiadura handiagora bazoaz, fisikak dio oso zaila izango dela bi edo hiru metrotan gelditzea eta, beraz, aukera handia duzula norbait harrapatzeko edo semaforoa gorriz pasatzeko. Egokiena zientzia eguneroko gauzak dagozkien testuinguruetan txertatzeko erabiltzea izango litzateke. Zientzia eguneroko praktikara hurbiltzea, ikasleek hobeto uler dezaten. Eskolatik kanpo ere programak egin daitezke, zientzia museoetan edota zientzia etxeetan. Baina horietan ere, dibulgazioa nola egin ikertu behar da, ez baita erraza. Egia osoa ez esatea ez da gezurra esatea. Eta dibulgazioan kontatzen duzunak egia izan behar du, baina ez egia osoa, beharbada, azalpena jasotzen ari direnek behar ez dutelako. Zientzia zabaldu egin behar da, kultura delako. Nik ez dut ulertzen humanitateen eta zientzien arteko bereizketa.
Ez zenituzke bereiziko?
Ez. Dena kultura da. Zientzia, letrak, pintura, musika… kultura dira. Zientzia humanitateak ez direla esaten dugunean, zer esan nahi dugu? Zientzia robotek, pertsonak ez direnek, egiten dutela? Duela gutxi hasi gara hemen alfabetizazio zientifikoari buruz hitz egiten. Une honetan alfabetizazio zientifikoa ezin da era demokratikoan garatu. Gizarte demokratikoak alfabetizazio zientifikoa behar du, bestela, ez da demokraziarik.
Alfabetizazio zientifikorik gabe ez da demokraziarik. Azalduko al zeniguke?
Iritzi eta erabaki asko zientziari lotuta daude. Gure auzoan edo herrian erraustegi bat egin behar badute, eta erreferendumean horren aldeko edo kontrako botoa eman behar badugu, erregaiei buruzko zenbait gauza jakin behar ditugu, adibidez. Hori zientzia da. Etxean mikrouhin labea jarriko dugun edo ez erabakitzeko, zientziari buruzko zerbait jakin behar dugu. Liburu on bat irakurri nahi badugu, irakurtzen jakin behar dugu, eta irakurtzen duguna ulertu. Bada, gauza bera da. Pertsona batek, adibidez, Arkimedesen printzipioa zein den jakin dezake, printzipio horren aplikazioak ezagutu gabe. Baina, guretzat, garrantzitsuena bigarrena da, hau da, printzipio horren aplikazioak ezagutzea. Pisu izugarria duen itsasontzia ur azalean zergatik gelditzen den azaltzen badut, Arkimedesen printzipioa erabiliko dut, baina agian printzipioa aipatu gabe azalduko dut, eta garrantzitsuena hori ulertzea da, ez printzipioa buruz jakitea. Hori demokrazia da. Ez dago benetako demokraziarik alfabetizazio zientifikorik gabe.
Eta zergatik ez da alfabetizazio zientifikorik? Interesik ba al da horren atzean?
Alfabetizazio zientifikoaren beharra oso berria da, duela 50 urte ez zegoen horren beharrik. Duela 50 urte, biztanleen % 10ek ikasten zuen, baina, gaur egun, gaztetxoen hiru laurdenak Batxilergoa egiten du. Dibulgazio zientifikoari dagokionez, gauza bera gertatzen da. Lehen ez zegoen beharrik, baina orain bai; erraustegien arazoa, zenbait egituraren gainean sortzen diren eztabaidak… hor daude, eta jendeak alfabetizazio zientifikoa behar du, horiek ulertzeko eta eztabaida horietan parte hartzeko. 
Baina azpiegiturak orduan ere egiten ziren.
Baina azpiegituren gainerako eztabaidarik ez zen izaten, eta, normalean, arazorik gabe egiten ziren. Duela 30 urte agertu ziren arazoak, ozono geruza dela, erraustegiak direla, kutsadura dela... Eta gauzak eztabaidatu egiten dira. Eztabaidatzeko, ordea, zerbait jakin behar da, eta, horretarako, alfabetizazioa behar da. Dena den, administrazioak behar hori onartzen ez duen bitartean, dena oso mantso joango da. Baina gizarteak dibulgazioa eskatzen du, eta, pixkanaka, aurrera goaz. Historian zehar, zientzia beti egon da gizartearen beharrei egokituta, gizartearen mende, eta biak uztartu dira. Orain ere hala beharko luke.
Zientzia gure egunerokoan presente dagoen zerbait da. Baina ez al dugu oraindik oso urrun ikusten?
Beharbada inork ez digu esaten gure inguruan ditugun gauza asko eta fenomeno asko zientziaren emaitza direla. Adibide bat jartzearren, herri honetan gastronomia gure produktu onenetako bat da, eta sukalde batean sartzen bazara eta bertan dauden tresnak ikusten badituzu, horiek produktu teknologikoak dira, zientzia dira.
Nola ikusten duzu zientziaren irakaskuntza etorkizunari begira?
Nik uste dut hobea izango dela, gizarteak hala eskatzen duelako eta behar duelako. Gizarteak ezagutza zientifikoa behar du mugitzeko, industria garatzeko, kutsadurarik gabeko ingurunea edukitzeko. Nik uste dut administrazioak zenbait gauza aldatu behar dituela. Adibidez, Bigarren Hezkuntzako irakasle lanbidea definitu egin behar du, eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen prestakuntza (oinarrizkoa eta etengabea) seriotasunez planteatu behar du. Irakasleok, berriz, non gauden eta zer nahi dugun galdetu behar diogu geure buruari. Gauza batzuk zergatik eta zertarako ikasi behar diren aztertu behar dugu. Oinarrizko prestakuntza egokia bada, jendeak zertan ari den jakingo du, eta, administrazioak ongi prestatutako gizartea nahi badu, gauzak hobetu beharko dira.