Hezkidetzaz: Zientzia eta hezkidetza. Hezkidetza eskola-zientzian bultzatzeko proposamenak

2009-05-01
Zientzia, gizonei lotua ageri izan zaigu maiz, baina emakumeen esparrua ere izan da, eta bada. Teresa Nuñok artikulu honetan dioenez, emakumeak esparru zientifiko-teknologikora heltzeko, zenbait aldaketa gertatu beharko lirateke, eta bide horretan, ikasgelan baliagarriak izan daitezkeen hainbat proposamen egin ditu. 
 
 
XVIII. mendeaz geroztik, maskulinitatea atxiki izan zaio zientziari, baina, atribuzio hori XX. mendearen bukaeran teknologiara pasatu ez ote den hausnartu beharko genuke, esparru hori hartzen baita gaur egun botere tresnatzat (Solsona, 1998).
Sexismoa, desberdintasun sozialak sortzen dituen arazoa da, eta, giza-talde batek, neskenak, ikasketa zientifiko-teknologiko batzuetan sartzeko eta ondoren arlo horietan lan egiteko mugak eta oztopoak aurkitzen ditu. Muga eta oztopo horiek formalak ez izan arren, egon badaude.
Teknozientziaren esparruan, zientziak, teknologiak eta, gizartean, generoak estereotipatuta aurkitzen ditugun disuasio indarrek, zientzien irakaskuntzan eragiten dute; eta ondorioz, oraindik ere, emakumeak teknologiaren eta zientziaren mundutik aldentzen dira.
Sexismoa, gaur egun ez dago agerian hezkuntzan sartzeko ehuneko orokorretan edo emaitza akademikoetan, nesken arrakasta akademikoa mutilena baino hobea edo antzekoa baita, unibertsitate aurreko ikasketetan, unibertsitatean sartzeko frogetan eta unibertsitate-ikasketak burutzean. Teknozientzia arloetan hain emakume gutxi egotearen arrazoia ez datza dituzten gaitasunetan, inkontzienteki arbuiatzen duten irakaskuntzak eskaintzen dien zientzia eta teknologia munduan baizik. Zientzia inpertsonala eta sormen gabeko gisara aurkezten zaie zientzietako ikasgeletan eta laborategian.
Neskak eta emakumeak esparru zientifiko-teknologikora heltzeak, bertan gelditzeak eta aurrera egiteak, hainbat mailatan aldaketak egotea eskatuko luke:
a) Aldaketak zientziaren produkzioan
Zalantzekin, errakuntzarekin eta ziurgabetasunarekin bizi behar duen zientzia, non egia absolutuetarako tokirik ez den egongo, eraikitzea izan behar du jomuga. Naturarekin harmonikoki bizitzen ahaleginduko den zientzia, diziplinarteko ikuspegira irekia, generoa aztergaitzat izango duena.
b) Aldaketak irakasleengan
Irakasleek zientzian eta eskola-zientzian sexismoa eta androzentrismoa antzeman eta saihesteko tresnak izan behar dituzte eskura. Pentsamolde dikotomikotik aldendu eta curriculumari generoa eransten ikasi behar dute.
d) Aldaketak mutilengan
Gizartean maskulinitatea eraiki izanak eragin dituen ondorio negatiboak, genero estereotipoari lotuak, zuzentzen ahalegindu behar gara: lehia, agresibitatea, alderdi afektibo eta emozionalekiko adeitasunik eza, materiala eta espazio fisikoa zein ahozkoa bereganatzea.
e) Aldaketak neskengan
Halaber, feminitatea eraiki izanak genero estereotipoari loturik eragin dituen efektu negatiboei aurre egin behar zaie: segurtasun eza eta norberaren balioa gutxitzea. Ildo horretan ezinbestekoa da nesken autoestimua sustatzea, mutilena baino askoz ere baxuagoa baita.
f) Aldaketak eskola-zientzian
Eskola-zientziaren ikuspuntu tradizionala moldatzeko, aintzat hartu behar da historian zehar, ezagutza zientifikoaren eraikuntzan parte hartu duten itzal handiko emakumezko erreferentzia zientifikorik badela. Baina, hori da zientzietako eskoletan hezkuntza moldea pentsatzeko eta aldatzeko dugun oztopo nagusia; emakumeen errealitatea eta jakituria hartzen dituen benetako jakintza zientifikoa ez dela eraiki, alegia. Maskulinitate atribuziorik gabeko jakintza zientifikoak eraikitzeko, enpresa zientifikoak generoak estereotipatutako hainbat ohitura barne dituela onartu behar da, eta horiek genero diferentziatik begiratuta ikus daitezke soilik (Solsona, 1998) .
Proposamenak
Emakumeen autoritate zientifikoa proposamen didaktikoetan berreskuratzeak zientzia eta teknologia ikasketak egin nahi dituzten neskei identifikazio eta erreferentzia ereduak eskaintzen dizkie. Emakumeek historian zehar zientziari eta teknologiari egindako ekarpenak zabaldu behar dira, emakume zientzialarien eredu positiboak erakusteko, eta egun zientzia munduan ari diren emakumeen berri ere eman behar zaie ikasleei: ikasgelara ekarri haien lanari eta bizitzari buruz hitz egin dezaten, emakumezko ereduak eskaintzeko eta super-emakumearen irudia desmitifikatzeko.
“Emakumezkotzat" jotako gaitasun eta trebeziei duintasuna eman, nola zientziarako hala edozein pertsonarentzat, beren sexu biologikoa edozein izanda ere, balio handiko ezaugarriak baitira.
Kimikaren kontzeptu eta prozedura batzuk  landu daitezke sukaldaritzaren testuinguruan eta etxean erabiltzen diren garbiketa-substantziak baliatuz.
Laborategian eguneroko bizitzaren materialak erabili eta segurtasun neurriak azpimarratu, arriskuaren ordez.
Zientzia, teknologia, generoa eta gizartearen arteko elkarreraginak aintzat hartu. Zientziak gizartean dituen inplikazioak eta zientziak kulturari egiten dion ekarpena  agerian jarriz, zientzia-kultura oposizioaren ideia ezabatzeko. Pertsonen bizitzetatik hurbil dauden gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-arazoak konpontzera bideratutako teknozientzia eta arazo horien aurrean komunitate zientifikoak dituen erantzukizuna azpimarratu.
Ideia da, zientifikoak garatzen eta sortzen diren gizarte- eta natura-ingurunea aipatzea horiek era abstraktuan eta isolaturik aurkeztu beharrean.
Kontzeptu eta printzipio abstraktuak aurkezterakoan, ikasleen eguneroko bizitzarekin erlazionatu, nesken eta mutilen aurretiko esperientziak aintzat hartuz.
PRESIOA lantzerakoan presio-lapikoaz egin edo airearen presioa BIRIKEKIN erlazionatu.
ARGIA begiekin eta ikusmenarekin erlazionatuz.
ENERGIA gure gorputzerako behar ditugun elikagaiekin lotuz eta etxetresna elektrikoez baliatuz.
Nesken interesak bultzatzen dituzten ekintzak erabiltzea, baliogarria izan daiteke ideia eta printzipio zientifikoak bereganatzeko: garapen zientifiko-teknologikoaren abantailei eta kalteei buruzko eztabaidak, gai zientifikoekin lotutako irakurgai sortzaileak, egunkarietara zientziaren gizarte-inplikazioei buruzko eskutitzak bidali.
Galderak egiterakoan, neska eta mutil zehatzei zuzendu eta ez talde orokorrari, nesken parte hartzea bultzatzeaz gain, ikasgelan eta laborategietan mutilen denboraren, espazioaren, materialaren eta arretaren monopolizazioa gutxitzeko.
Ikasgelako hizkuntzan genero biak sartu, gizonezko generikoaren erabilpena ezabatuz (gaztelaniaren kasuan), neskek zientzietako ikasgaietan haien burua parte aktibotzat eduki dezaten.
Irudietan, adibideetan, ikas-liburuetan eta erabiltzen diren baliabideetan kutsu sexista eta genero estereotipoak ezabatu.
Ordena, garbitasuna eta lanen aurkezpen onak baloratzeaz gain, nesken emaitza onak esplizituki baloratu, haien autoestima eta segurtasuna berrindartzeko.
Nesken autonomia bultzatu, irakasleok laguntzeko daukagun joera "paternalista" gutxituz (neskekin soilik sortzen zaigun portaera baita), edo mutilekiko agertzen dugunarekin orekatuz.
Nesken parte hartzea areagotuko duen talde txikietan egindako lana bultzatu, publikoan galderak egiteko edo ideiak azaltzeko dituzten erresistentziak saihesteko.
Talde mistoetan nesken eta mutilen arteko proportzio orekatua lortu.
Baina,  zenbait jardueratan, aurretiko esperientzia diferentzialaren ondorioz, duten gaitasun eza zehazki saihesteko, generoz banaturiko taldeak antolatu: laborategiko lanetan, ordenagailuekin…
Kognitiboaren eta afektiboaren arteko harremana kontuan hartu.
Lehiaren ordez, lankidetza eta elkartasuna bultzatu.