Jorge Oteiza Museoa

2010-06-01

Altzuzan (Nafarroa) dago Jorge Oteiza Museoa, landa inguruan eta Iruñetik 9 kilometrora. Museoak badu eginkizun nagusi bat: Oteizaren obra eta pentsamendua ikertzea eta behar duen zabalkundea ematea.

 
 
Jorge Oteiza Museoko erakusketa iraunkorra eskultore eta artista oriotarraren bilduma pertsonalak osatzen du. Orotara, 150 eskultura eta Klarion Laborategiko 300 pieza daude ikusgai, Jorge Oteiza fundazioak gordetzen duen bildumaren funtsetatik datozenak. Horien artean, orain arte ikusi ahal izan ez diren 35 obra baino gehiago daude, igeltsuan eginak eta Oteizak Arantzazuko (Oñati, Gipuzkoa) basilikarako egindako estatuen proiektu ezagunarekin lotura dutenak. Horiez guztiez gain, Oteizaren 40 marrazki eta collage ere jarri dituzte ikusgai erakusketa osatzeko; halaber, argitaragabeak ziren eskultorearen hainbat agiri eta eskuizkribu ere ikus daitezke. 
Altzuzako museoa bisitatzen duenak, erakustoki bat ez ezik, Jorge Oteizaren bizilekua izan zena ere ezagutu ahal izango du. Francisco Javier Sáenz de Oiza arkitektoaren obra da museoaren eraikina; hormigoi gorrixkaz eginiko kubo handi bat egin zuen, espazio oteizarraren metafora baten antzera. Gainera, 1975az geroztik Jorge Oteizaren bizilekua izan zena lotu zion museoari. Lantegi eta etxe izan zuen hura bisitatzeko aukera ere izango da, beraz. Museoaren webguneak dioenez, Altzuzako etxe hartan aurkitu zuen “poetika eta saiakera sormena lantzeko zein ikerketa lanean aritzeko behar zuen bakardadea. Dena dela, Oteizarekin harremanetan zegoen komunitate intelektualarentzat elkargune ere izan zen Altzuza”.
Ikastetxeentzako eskaintza
Nafarroako Egues ibarrera bisita egin eta Altzuza ikusi nahi izanez gero, Oteiza Museoak badu ikastetxeentzako bereziki prestatutako eskaintza didaktiko bat, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergorainokoa. 
 
Lehen Hezkuntza
Lehen Hezkuntzako irakasle eta ikasleentzat pentsatutako programa bi ataletan banatzen da. Izan ere, museora bisita egin aurretik, ikastetxean hainbat gai lantzeko proposamena egiten du museoak. Lehendabiziko zikloan (6-8 urte) museoei, artelanei eta artistei buruzko kontzeptu orokorrak landuko dira, eta ondoren, bisitaldia egiten dutenean, museoko hezitzailea arduratuko da kontzeptu horiek Jorge Oteizaren obrarekin lotzeaz. Bigarren zikloko eta hirugarren zikloko (9-12) ikasleen eskaintzan, aldiz, Jorge Oteizaren lana eta museoa bera izango dira ardatz nagusiak. 
Behin ikastetxean landu beharrekoa landuta, museora bisita egitean, lehenengo ziklokoentzat Begiz ukitu, eskuz begiratu ibilbidea proposatzen du museoak.
Haurrek begirada erabili beharko dute bildumako obren egiturek eta ukimenak duten zerikusia aurkitzeko. Bigarren eta hirugarren zikloko ikasleentzako ibilbideak Geometriaren lengoaia du izena. Gaztetxoek ibilbide horretan Oteizaren obran ezkutatzen diren forma geometrikoak aurkitu eta aztertuko dituzte, bai eta eskulturak ulertzeko hainbat elementu ere: dimentsioak, planoa, bolumena…
 
Bigarren Hezkuntza
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eskaintzak ere ikastetxea eta museoa ditu agertoki nagusi, eta ikasleei Oteizaren obra hurbiltzea du xede, eta baita euren artean aukeratutako lan batzuen gaineko elkarrizketa sustatzea ere. Artearekin lotuta, kontzeptu orokorretara aztertzeko lehen hurbilketa bat egingo litzateke ikastetxean, eta horiei buruzko eztabaida sortzeko aukera baliatu. Ondoren, museoan kontzeptu horiek Jorge Oteizaren obrarekin lotzeko aukera izango da.