Zein dira irakasleen kezkak?
Euskararen erabilerari buruzko kezka, noski, iritsi da ikastetxeetara, beste hainbat arlo eta eremutara bezala. Kontua da, ikastetxeetan, erabilera gabezia horiek nabarmenak eta azaltzeko zailak direla, ezagutzari buruzko datuak, ustez, txukun samarrak izan daitezkeelako.
Beraz, hauxe da irakasleek ateratzen duten bat-bateko ondorioa: gure ikasleek ez dute euskaraz egiten, edo ez dute egin nahi; hori, sarritan, ez da ulertzen, eta zergatia jakin nahi izaten dugu.
Urteak joan, urteak etorri, egoera makurtzen ari dela diote, gero eta gutxiago hitz egiten ei da gela barnean, baita irakasleari zuzentzen zaizkion uneetan ere. Eta euskaraz gero eta gutxiago hitz egiteaz gain, gero eta okerrago mintzo omen dira. Oso modu orokorrean esanda, eta salbuespenak salbuespen, hori da ikastaroa eskatzeko irakasleek duten arrazoi nagusia.
Azken finean, gurea bezalako hizkuntza gutxitu bati buruz ari garenean, euskararen eta beste hizkuntzen errealitatea ezagutzeko eta interpretatzeko euskarriak azaldu egin behar dira.
Irakasleek benetako kezka, ezinegona eta ardura dute. Hizkuntza kontzientzia handia dute; baina, egoerak gaindituta, hura ulertzeko eta iraultzeko tresnak falta zaizkie.
Ikastetxe bakoitzaren egoerara egokitutako ikastaroa
Ikastetxe bakoitzak berezko ezaugarriak ditu; eta inguru soziolinguistikoak, euskaldunen proportzioak, euskararen erabilera sozialak, ikastetxeko hizkuntza ereduek, Lehen Hezkuntzako ikastetxea edo institutua izateak, gurasoen motibazioak..., guztiek baldintzatzen dute ikastetxea. Ezaugarri horiek denak kontuan izanda, ikastaroaren edukiak eta xedeak egokitu egiten ditugu. Eta, hain zuzen ere, egoerara egokitutako ikastaroaz ari garenez, eta horren ondorioz, plan eta egitasmo berriak sortzen ari dira euskararen erabilera bultzatzeko.
Esperientziak erakutsi digunaren arabera, badira euskararen egoerari buelta emateko lanean aspalditik ari diren ikastetxeak; eta proiektu bat abian jarri ondoren, hamaika arrazoi direla medio (irakasleak aldatzea, ikastetxeak beste lehentasun batzuk ezartzea...), bertan behera gelditzen da. Eta lauzpabost urte pasatu ondoren, berriz ere hasierako egoerara itzultzen dira, eta hortik abiatu behar izaten dute. Lehendik egindako bidea aprobetxatu egin behar dela uste dugu, ezin dugu beti zerotik abiatu, izugarrizko nekea eta energia xahutzea dakar eta.
Gure abiapuntua. Egoeraren adierazleak.
A.- Ikastetxean euskarari ematen zaion trataera.
Ikastetxeetan euskarari buruz ari garenean, gehienbat gramatikaz eta zuzentasunaz ari gara. Komunikazioa eta hizkuntzaren trebetasun aktiboak nahiko alboratuta ditugu. Esaterako, ahozko jarduna oso era arbitrarioan lantzen da, lantzen den kasuetan. Ez dago horri buruzko sistematizaziorik, ezta ebaluaziorik ere. Curriculumeko xedeetan aipatzen bada ere, landutzat ematen da, mintzatzea eta ongi mintzatzea berezkoak (naturalak) balira bezala. Ahozkotasunari buruz aritzeak urduritu egiten gaitu hainbatetan, eta beldurrak, maiz, isiltasun egoera batera garamatza, hezkuntza komunitateari inolako mesederik egin gabe.
B.- Eskolaren eragin mugatua.
Gutxienez lau faktorek eragiten dute gure ikasleen euskara mailan:
a.- Hizkuntza ereduak.
b.- Etxeko, auzo giroko, lagunarteko hizkuntzak.
c.- Ikasleen adimen mailak.
d.- Ikastetxearen hizkuntza planteamenduak.
Zer esan nahi du horrek? Hizkuntza ereduak eta ikastetxearen hizkuntzaren planteamendua eskolaren esku daudela; besteak ez, ordea. Ereduari dagokionez, nahiko finkoa da, eta kontua zer-nolako aplikazioa duen ikustea izan daiteke. Azken faktoreari dagokionez, aldiz, badirudi lantzeko aukera badagoela, eta honetan zeresan handia dugu irakasleok eta eskolak, baina ez bakarrik eskolak. Beraz, emaitzak aztertu behar badira, muga horiek kontuan hartu behar dira (Zalbide, 2003).
C.- Ikasleen hizkuntza ezaugarriak:
- Gure ikasleak, oro har, euskarazko gaitasun pasiboetan aktiboetan baino askoz ere trebeagoak dira.
- Euskarazko aldaera edo erregistro jaso, formal eta azalpenezkoetan aurrera egin da; atzera, berriz, mintzamenaren esparru informal, barrenkoi eta intimoetan.
- Aurrera, euskara batuaren ezaguera formal eta aplikazio praktikoan.
- Euskararen hots-ebakeran, atzera egin da (Zalbide, 2003).
Eusko Jaurlaritzako Euskara Zerbitzuko zuzendari den Mikel Zalbidek aspaldi jabearazi gintuen egoera horretaz; gaur egun, oraindik antzera jarraitzen dugu.
Gure ikasleek hizkuntza erabiltzeko duten zailtasunen artean ahozkoan ez dutela nahiko gaitasun sumatzen dugu. Hala bada, curriculumaren eremuak ahozkoan trebatu behar ditu gure ikasleak; ondoren, aukera baldin badute eta hala nahi badute, euskaraz hitz egin ahal izateko. Ahozkotasuna ikasgai guztietan landu behar da, ez euskara arloan bakarrik. Edukiak hizkuntzaren bidez lantzen dira, eta hizkuntza edukien bitartez lantzen eta ikasten da hobekien.
Zer-nolako laguntza eskaintzen diegu irakasleei?
Lehenik eta behin, gure hipotesia adierazi nahi dugu. Gure hipotesia azken urteetan dugun egoera soziolinguistikoan oinarritua dago, egindako ikerketetan du oinarria, eta euskarazko irakaskuntzan ikusten ditugun hutsuneetan. Hori guztia kontuan hartuta, gaur egungo gizarteak, gaztetxoek, haurrek dituzten hizkuntzarekiko atxikimenduetan oinarritzen gara.
Aldi berean, planteamendu errealista izan dadin nahi dugu, irakasleek eskura dituzten baliabideen (denbora, prestakuntza, motibazioa…) araberakoa, eta epe ertain eta luzean aurrera eramateko modukoa, alegia. Lehentasunetan oinarritutako plana da bideratzen duguna.
Hori kontuan hartuta, besteak beste, honakoa transmititu nahi izaten dugu:
1.- Irakasleon egin beharra gela eremuan kokatzen da; batez ere, irakasle gisa hor dugu gure egiteko nagusia. Noski, gurasoek ere bere egin beharko dute, eta gainerako sozializazio eragileek ere bai. Lanek osagarriak izan beharko dute. Baina uste dugu askotan joera dugula “hau egin behar duzue”, “bestea egin behar duzue” esateko, edo, adibidez, gelako jarduna alde batera utzi eta horrelako pasabideko kanpaina bati ekiteko, edo lagunartea lantzeko eskolaz kanpo, edo aisialdia euskaraz izan dadila eskatzeko.
Bakoitzak dagokion lan esparrutik/ roletik aritu behar du, tinko eta kementsu, hori baita bere eragin eremua. Eman dezagun, nik, guraso naizen aldetik, hau, hura eta beste eskatzen diodala irakasleari, eta hari bereak ez diren eginbeharrak gaineratzen dizkiodala. Eta nik, guraso naizen aldetik, egin behar dudanaz hausnarketarik egiten ez badut, argi izan behar dut nik neronek egiten ez dudana ez duela beste inork eginen. Erdigunetik lan egiteko beharra deitu diogu horri, gure eragiteko ahalmenetik lan egitea. Hori ulertzea oso garrantzitsua da. Nireaz hausnarketa egin gabe besteak egin behar duenaz kezkatzen banaiz, gaizki ari naiz, zeharo. Nireaz hausnartu ondoren ondokoen paperaz hausnarketa egiteak, aldiz, balioa izanen du.
2.- Egoera honen aurrean, eta azalkerietan ez erortzeko asmoz, arazo honen zergatia ulertzeko tresnak, baliabideak, datuak eskaintzea da gure xedea. Izan ere, arazoari aurre egin behar baldin badiogu, jakin behar dugu arazoaren tamaina eta kausak zein diren. Eta kontuan hartuta gu irakasleak garela, hortik abiatuta eginen diogu aurre egoerari.
Zentralitatearen gaia garbi azaldutakoan, bigarren faseari ekiten diogu: desikasteari, hau da, ditugun aurreiritzi eta uste erdi ustel asko saihesteko bideari. Maiz gertatzen baitzaigu denok asko jakitea euskararen egoera soziolinguistikoaz, eta benetako oinarri zientifikoetatik eta datu objektiboetatik urrun ibiltzea.
Horrenbestez, egoera aztertu ondoren, guretzat bi ardatz nagusiak zein diren zehaztu dugu: batetik, euskararekiko motibazioa eta atxikimendua; eta, bestetik, ahozko gaitasuna hobetzea, baldin eta euskaraz hitz egin dezaten nahi badugu, behinik behin.
3.- Aldaketa metodologikoa ere eskatzen du gure planteamenduak, izan ere, ahozkoa lantzeko, irakasleak isilik egoten jakin behar du sarri; ez du beldurrik izan behar horretarako, eta ikasleek beren prozesuaz arduratu behar dute. Gela, nolabait esateko, eremu askeago (eta askatzaileago) bihurtu beharko da, askatasun horren barnean ordena jartzeko eta ildo nagusia paratzeko.
Egitasmo honek ez du ekarri behar curriculumean eduki gehiago sartzea, daudenak beste modu batera lantzea baizik. Hori egiten ikasi eta trebatu behar du irakasleak. Adibidez, azterketak egin behar badira, ahozko azterketak egin daitezke.
4.- Motibazioa. Gure ikasleak zerk motibatzen dituen jakiten saiatu behar dugu. Jakin badakigu oso gai konplexua dela, hari-mutur ugari dituena. Irakaslearen eta ikasleen jarrera ezinbestekoa da hizkuntzaren erabilera ahalbidetzeko. Hori aspaldidanik defendatu dute Krashek (1982) (afektibitate-iragazkiaren eragina inputean teoriarekin) eta Ausubelek (1976) (subjektibitatea eta alderdi afektibo-sozialak ezaguera esanguratsuan).
Guk zera azpimarratu nahi izaten dugu: lehenik eta behin, motibazioa ez da bakarrik gelaz kanpoko jarduera solteak antolatzea (Olentzero, Inauteriak, Euskararen Astea...). Horiek guztiak beharrezkoak baldin badira ere, hasteko, gela barruko lanari begira, gure ikasleen motibazioak ezagutu behar ditugu (Ostolaza, 2006); jakin behar dugu, gainera, askotariko motibazioak egonen direla gure ikasleen artean. Hori jakinda, euskarara erakartzeko, bideak pentsatu behar ditugu euskara gustuko komunikazio hizkuntza izan dezaten.
Adibidez, ikasleak karrikara ateratzea euskarari buruz herritarrei zer pertzepzio duten galdetzera; udalerrian euskaraz gaizki idatzitako oharrak, iragarkiak jasotzera; ikasleei eskatu nola lortuko luketen haien inguruan euskaraz gehiago hitz egitea; azter dezatela nola ikusten duten haiek euskararen egoera. Hortik jasotako datuekin nolabaiteko hausnarketa sor dezakegu, eta datu zehatz horien gainean hizkuntza kontzientzia landu.
Ikasleen motibazioa pizteko bide egokiak sustatu behar ditugu. Bideak ez dira zehatzak, baina, bidea egiten joateko, joko arau egokiak zein izan daitezkeen aipatzen dugu. Lehenengoa: ahal dela, ez ditugu gure ikasleak epaitu behar (izan ere, ez dakigu zer-nolako bizipena, kontaktua duten euskararekin; beraz, ez dugu uste bide egokia denik hori ezagutu gabe epaitzea) (Mujika, 2009). Bigarrena: ikaslea bere osotasunean hartu behar dugu kontuan. Esate baterako, lotsatia baldin bada, berezko ezaugarri hori gogoan izatea, errespetatzea, eta maitasunezko estimuluak ematea. Hirugarrena: giro goxoa sortzen badugu, gelako araudia guk zerrendatu beharrean lan taldetan zehazteko eskatzen badiegu, aurki giro hobea lortuko dugu eta sentipen positiboen bidez errazago erakarriko ditugu. Esaten dena ahaztu egiten da, baina sentitzen dena gelditu egiten da (Mujika, 2009). Laugarrena: ikasleei konfiantza eman, haien motibazioetatik abiatu eta hautatzeko aukera eman, bi edo hiru aukeraren artean, horrek motibazioan eragiten duelako eta partaide eta protagonista senti daitezen laguntzen duelako. Aukera aniztasunak berak motibatu egiten du, nor bere bidea hartzera bultzatzen du. Ikerketek diotenez, aukerak endorfinak (dopamina eta serotonina) askatzen ditu, estres maila gutxitzen du, eta ikasteko kontrola areagotzen (Gilbert, 2005). Adibidez, 5 galdera baldin baditugu, nahi dutenetik has daitezkeela esanen diegu, edo idazlana egin behar baldin badute, noiz egin nahi duten galdetuko diegu (eskola orduaren hasieran edo bukaeran). Aukeratzeko ahalmenak, kontrol sentipena emateaz gain, arduratsuago egiten gaitu. Ardurak, aldi berean, heltzen (helduago izaten) eta arrakasta izaten laguntzen digu. Bosgarrena: gure eskolak positibizatu behar ditugu, guk ongi egon behar dugu (arnasa sakon hartu, irribarre egin, pentsamendu osasuntsuak izan…), ikasleak erakarri nahi baditugu. Ikastea plazer bilakatzen den egunean lortu dugu ikasleak ikastera bultzatzea. Irakasleak esandakoa grabatu egiten zaigu, nonbait. Beraz, kontuz ibiliko gara gure mezu negatiboekin.
5.- Hizkuntzaren erabilera bultzatu nahi badugu, ahozkotasuna modu sistematikoan eta planifikatuan landu beharko du eskolak. Jakin badakigu hizkuntza erabiliz ikasten dela, eta pentsatzekoa da erabiltzen dugun neurrian gure gaitasuna hobetzen dugula, eta horrek motibazioan ere eragin zuzena duela.
Gurea bezalako egoera batean, ikastetxeak hizkera formala ez eze, hizkera ez-formala, lagunartekoa ere landu behar du. Hizkera ez-formala lantzeko guneak, eremuak, espazioak eta denborak bilatu behar dira, ikastetxean nahiz ikastetxetik kanpo. Adibidez, egonaldietan, irteeretan, jolas jardueretan, gorputz hezkuntzan, taldeko lanetan, joko libreetan…
Jakin badakigu arlo akademikoak hizkuntza formala lantzen duela batez ere. Baina gela barruko jardun guztia ere ez da formala (EHIF eta Euskaltzaindia, 2008). Hala ere, esan bezala, gure egoeran aski justifikatuta dago hizkuntza ez-formala (lagunartekoa…) lantzea eskola eremuan eta gela barruan ere. Esate baterako, hizkuntza ez-formala lan dezakegu Euskara ikasgaian, baldin eta formalaren lanketa sistematikoa beste ikasgai batzuetan ere egiten bada. Helburua ez da denok dena egitea, denon artean dena egitea baizik.
Ahozkotasuna modu antolatuan landu behar dugu, gure ikasleek euskaraz hitz egin dezaten nahi badugu. Askok gelan ikasi behar dute hitz egiten, ikastetxetik kanpo ez baitute aukerarik izanen euskaraz aritzeko beren ingurune osoan.
Ahozkoa lantzeak, batez ere, bi kontutxo eskatzen ditu:
- Ahozkoan trebatzeko, gure ikasleak maiz hitz egin behar dute.
- Hizkuntzaren hausnarketa egin behar dute, akatsak zuzentzen joateko eta tarteko hizkuntzan ez gelditzeko (Ruiz Bikandi, 2003).
Irakaskuntzan hitzez adieraztea izeneko paradigma erabiliko da. Hau da, ideiak, sentimenduak eta gertaerak hitzez esatea, elez adieraztea eta hitzez iragartzea. Gelan egoera komunikatiboa sortu behar da heziketa mutua gainditzeko. Ahozkoa irakasgai guztietan landu behar da; ahozkoa zehar-gaia den neurrian, irakasle guztiei dagokie. Horrek ez du eskatzen eguneroko jardunetik aldentzea, hitzez adieraztea irakasbide bat baita, metodo bat. Ahozkoak ez du idatzia ordezkatuko; baina, apika, inoiz galdu behar ez zuen lekua berreskuratuko du.
Gure ikasleak ahozkoan trebatzen baldin baditugu, gai baldin badira gaztelaniaz bezala komunikatzeko, eta euskararekiko atxikimendua izan dezaten lortzen baldin badugu, pentsatzekoa da ikasleek euskaraz aritzeko gaitasun eta gogo handiagoa izanen dutela. Horrenbestez, hasierako egoerari aurre eginen diogu (gure ikasleen hala-holako ahozko gaitasunari eta motibazio gabeziari edo ahuleziari).
6.- Ahozkotasuna eta euskararen erabilera ezin dira ulertu oinarri soziolinguistiko bat izan gabe. Irakasleok oinarri hori behar-beharrezkoa dugu. Ez digute irakatsi euskararen egoera planifikatua dela, zergatik hizkuntza handiek hizkuntza txikiak jaten dituzten, boterearen ezkutuko eragina zein den, hizkuntza bakoitzak hiztunengan zein ordainsari sistema duen… (Zalbide, 2003). Oinarri soziolinguistiko bat jasotzeak hainbat buruhauste eta frustrazio kenduko lizkiguke. Euskararen kinka larria ez baitago gure gain bakarrik. Ikastetxeak bere lan eremuak eta bere mugak dituela jakin behar dugu. Irakasle euskaldun eta euskaltzaleok hainbat informazio osagarri jaso behar dugu egoera ulertzeko, gure-gurea den eremuan lanean aritzeko eta ditugun mugez jabetzeko. Horrek, maiz, bakea ere emanen digulako. Ikasleei begira ere (adinaren arabera) soziolinguistika egin beharko da, baina, betiere hizkuntzarekiko atxikimendua lortu nahian, eta ez eduki gisa. Hau da, helburua ikasleek euskara erabiltzea sustatzea izanen da, eta ez azterketei beste eduki bat eranstea.
7.- Ikastetxearen plana, proposamena gauzatzea eta bide horri ekitea. Horixe da ikastetxeak bete behar duen egitasmoa, baina betiere aurretik aipatu ditugun zutabeetatik abiatuta: ikasleen ahozkoa lantzea sistematikoki (gela barruko lana), ikasleen motibazioa eta atxikimendua lortzen saiatzea, gure ikasleen motibazioetatik abiatuta (zenbaitetan, baita irakasleena ere), eta gure eragin eremutik lan egitea (erdigunetik, hain zuzen). Horretarako, ezinbestekoa ikusten dugu irakasleon arteko koordinazioa. Koordinazioa era desberdinetan gauzatuko da: bai euskara taldea sortuta, bai ikastetxearen ohiko koordinazioguneak erabilita (zikloak, mintegiak, batzorde pedagogikoak…).
8.- Ebaluazioa da azkeneko urratsa. Egitasmoa ebaluatu egin behar da, gelan zein ikastetxean. Gelan egiten diren ekoizpenak neurtu beharko dira erregistro, eskema edo adierazle batzuen bitartez, ikasleen aurrerapena kontuan hartzeko. Ikastetxearen plana ebaluatu behar da, ikasturtearen amaieran gutxienez, hurrengo ikasturtean behar diren hobekuntzak eta aldaketak sartzeko.
Ikastaroak burutu ondoren, hainbat lorpen ikusi ditugu: irakasleak hizkuntza egoeraren jakitun egitea, aurreiritziak alboratzea, oinarri soziolinguistikoa jasotzea, irakasle kontzientziadunen gainetik zama kentzea, egitasmoan sinestea, asko dagoela egiteko ikustea, eta jabetzea gai direla hainbat helburu lortzeko eta, zenbaitetan, egoera eraldatzeko. Zailtasunak ere, noski, egunero aurkitzen ditugu honelako egitasmo batekin aurrera egiten dugunean: irakasleok ez dugula beta handirik horrelako egitasmo bati hasieran behar duen indarra eskaintzeko; lehentasun arazoak; irakasleon arteko transmisio falta bi norabidetan behintzat ikusi dugu: bata, irakasle belaunaldi berrien eta zaharren arteko transmisioan (edukietan, hizkuntza kontzientzian, bizipenetan); eta bestea, irakasle taldeak egitasmoaren transmisioa behar den bezala ez gauzatzean; horrek zama dakar, bai eta egindako bidea behin eta berriz egitea ere; ahozkoaren sekuentzia mailaz maila ez egitea, ahozkoa nola ebaluatu ez jakitea, irakasleen prestakuntza gauzatu beharra.
Azkenik, irakasleei eskerrak eman nahi dizkiegu horrelako egitasmo batean sartzeko kemena eta gogoa erakusten dutelako eta lan handia egiten dutelako. Irakatsi ondoren berriro ikasteko gogoa dutelako.
Erreferentzia bibliografikoak:
ALTUNA, J.; MUJIKA, T.; HERNANDEZ, L.; MORENO, I.: Erabileran eragin nahian, ikasleak motibatu eta girotu. Eskola Hiztun Bila, XIII. Jardunaldia, Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila, Bilbo, 2009, 3 DVD.
AUSUBEL, D.: Psicología educativa. Un punto de vista cognoscitivo, México: Editorial Trillas, 1976.
EUSKAL HERRIKO IKASTOLEN KONFEDERAZIOA eta EUSKALTZAINDIA: Zenbait orientabide erregistroen trataeraz, Jagon Saila, Bilbo, 2008.
FERNANDEZ OSTOLAZA, I.: Nola saldu euskara gazteei. Eskola Hiztun Bila, X. Jardunaldia, Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila, Gasteiz, 2006, DVD.
GILBERT, I.: Motivar para aprender en el aula. Las siete claves de la motivación escolar, Paidós Educador, Barcelona, 2005.
KRASHEN, D.S.; SCARCELLA, R.; LONG, M.: Child-Adult Differences in Second Language Acquisition, U.S.A.: Newbury House, 1982.
ROEBUCK, C.: Comunicación eficaz. Un manual práctico para pensar y trabajar con inteligencia. Blume enpresa, Barcelona, 2000.
SAINZ, M.; OZAETA, A.; GARRO, E.: “Ahozko hizkuntza lantzen. Haur hezkuntzan hasi eta unibertsitateraino” in Hik Hasi 140, 2009, 6-13.
RUIZ BIKANDI, U.; OZAETA, A.; ITURRIZA, M.: Metodologia eta interakzio didaktikoa. Eskola Hiztun Bila, XIII. Jardunaldia, Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila, Bilbo, 2009, 2. DVD.
RUIZ BIKANDI, U.: “Ahozko euskararen lanketa bereziki bigarren hizkuntza denean” Ikastolen Elkartea, X Jardunaldi Pedagogikoak, 2003.
ZALBIDE, M.: “Ahuldutako Hizkuntza Indarberritzea: teoriak zer dio?”, Sarean eskuragarri: http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1056974834, 2003-07-07.