Txikitik handira?

2010-06-01
 
 
Gogoan dut ikastolako lehen urtea hiru urte besterik ez banituen ere. Untxitegia zirudien gure ikastolak baina izugarri gustatzen zitzaizkigun bertako zelaia, kulunpio handia, gela txikiak eta baita irakasleek ematen ziguten goxotasuna ere. Garai hartan ez ginen asko Hendaiako ikastolan. Baina, egia esan, guri hori berdin zitzaigun, guztiok ezagutzen baikenuen elkar eta horrek famili giroan sentiarazten baikintuen. Nire anaia zaharren gelan zegoen eta jolas garaia heltzen zen bakoitzean, beregana joaten nintzen futbolean aritzen ziren zelaira, musu txiki bat lapurtzeko asmoz.
Orduan, euskaraz besterik ez nekien nik eta hori zen ikastolako hizkuntza bakarra, frantseseko klaseak alde batera utzirik, noski. 
Handik Ziburuko kolegiora egin nuen salto, ordura arte “handien” ikastola iruditu zitzaidan hartara, 11 urteko mukizu bihurri bat besterik ez banintzen ere. Lagun berriak, irakasle berriak, eta hizkuntza berriak ikasi eta ikusi nituen bertan. Ez, ez naiz ingelesaz hitz egiten ari, frantsesaz baizik. Izan ere, kolegioan ez ginen asko elkarren artean euskaraz aritzen ginenak.
Kolegiotik lizeora eta lizeotik Gasteizeko Letren fakultatera. Txikitik handira pausoz pauso joan naiz oinez. Baina ez dakit ziur handitasunak txikitasunera eraman ez ote nauen. Izan ere, hasieran esan dut nola gure hizkuntza bakarra euskara zen, frantsesa arazorik gabe ikasi bagenuen ere. Urteak eta eskolak aurrera joan diren heinean ordea, euskaraz ikasteko nire aukera gutxitzen joan da. Itzulpengintza eta interpretazio ikasketak ari naiz egiten Gasteizen; paperetan jartzen duenaren arabera, euskaraz. Baina begira gauzak nola diren; aurten, euskaraz, bi ikasgai besterik ez ditut izan. Ez dut esaten ikasketekin gustura ez nagoenik, alderantziz; baina hemen gauzak diren bezala kontatu behar dira.
Orain entzuten ari naizenez, hezkuntza hiru-eleduna proposatu nahi digute, ingelesari ere lekua eginez. Niri, hizkuntza asko norbereganatzea behar-beharrezkoa iruditzen zait ametsetako hezkuntza batera heltzeko; ez naiz alperrik Letren fakultatean ikasten ari. Baina ez dakit zergatik, edo agian badakit, susmo txarra hartzen diot kontu honi. D ereduan ikasten ari garen gazteoi bi ikasgai euskaraz eta beste zortzi gaztelaniaz ematen baldin badizkigute, nork ziurtatzen dit niri hezkuntza hiru-eledunean euskarak behar adinako lekua izango duenik? Nork dio herri eta hiri erdaldunetako haur guztiek euskaraz behar den maila lortuko dutenik? 
Nik ez diot hala izango ez denik, nik jendeak galderei erantzutea besterik ez dut nahi.