Jaione Apalategi: “Hezkuntzak duen galerarik handiena, bere zientzia den Pedagogiak, oraindik ere, behar duen independentzia lortu ez izana da "
1988an hasi zen Jaione Apalategi ataundarra Iruñeko Irakasle Unibertsitate Eskolan lanean, berehala, Nafarroako Unibertsitate Publikoko campusaren barne geratu zena. Geroztik da bertako irakaslea. Haur Hezkuntzako berezitasunean hasi zen euskarazko irakaskuntza ematen. Ondoren etorri ziren Lehen Hezkuntzan, Musikan eta Atzerriko Hizkuntzan ere jardun du. Orain Haur eta Lehen Hezkuntzako Irakasle Graduetan -HHIG eta LHIG- eta Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntza Masterrean murgildurik dago.
Pedagogian doktorea da. Kudeaketa lanetan aritu da 1996tik 2003ra bitartean eta 2007tik gaur arte, bai Psikologia eta Pedagogia Sailean zein Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean, bertako dekanoa izan zelarik. Hezkuntzaren eta Ikastetxearen erakuntzaren teoria eta praktikaren ikuspegitik irakasten eta ikertzen du. Hezkuntza egitatearen garapena, ikastetxearen makro eta mikro antolaketan nola gauzatzen den aztertzen du, hezkuntza erakundeen eremu erreala, legala eta zientifikoak ikertuz. Haren lehenengo lanak 1986koak dira, eta geroztik, argitalpen eta saio akademiko ugaritan ezagutzera eman ditu bere ekarpenak: bakarrik edo askoren artean egindakoak, kongresu aktetan, aldizkaritan…; hitzaldi, mahai-inguru, irrati edo telebistan…; Doktorego tesi eta behin betiko irakasle lanpostuetarako oposaketetako epaimahaikide lanetan, hainbat jarraipenerako batzorde akademikoetan… eta abar. 1992 urtetik Jorge Oteizak haren Fundazio-Museoko patronatuko kide izendatu zuen, Nafarroako Altzuza herrian 2003tik egoitza duen Museoan. Fundazioaren lana Oteizaren ondare artistiko eta intelektuala kudeatzea da.Hasi berri dugun ikasturtean martxan da Bolognako eredu sonatua. Zer aldaketa ekarri ditu titulazioen aldetik?
1998an Europako estatu gutxi batzuk, gerora gehitzen joan direnek eta Europako Unibertsitate Eremua edo EUE gisa ezagutzen dugunak, unibertsitateko ikasketen batasun beharra ikusten zuten. Ondorioz, beste aldaketa askorekin batera, diplomaturak, lizentziaturak eta doktorego programak, hau da, lehenengo, bigarren zein hirugarren zikloko tituluen egiturak bateratu egin dira, graduak eta gradu ondokoak (masterrak –profesionalak edo ikerketakoak- eta doktoregoak) sortuz.EUEren asmoa zera zen: unibertsitate tituluen egitura, neurria, baliokidetza eta mugikortasuna gauzatzeko, iraupen bereko ikasketak egitea. Hori izan zen lehendabiziko ahalegina. Baina, besteak beste, zera gertatu da: ikasketa batzuk oso-oso politikoak direla, oso administratiboak, eta Irakasle ikasketa da horietako bat. Badu halako ukitu berezi bat estatuen politika orokorrekin eta zehazki hezkuntza politikekin. 1950az geroztik hasi zen, bereziki, hori dena gauzatzen Europan, II. Mundu Gerraren ondoren. Gaur egun ahoz aho, hain erraz eta arruntki azaltzen ditugun hezkuntza sistemak ez ziren ordura arte gorpuztu. Saiakerak, ikuspegi teoriko-pedagogikoak, eskolak, mugimenduak, egon, bai, egon ziren… Bistan da XX. mendeko 1935tik 1965ra bitartean, irakaskuntza publikoan aurrerapen kualitatiboak egon zirela, baita haurtzaroaren Psikologia eta Soziologia zientzietan ere. Pedagogia zientzia, berriz, atzera geratu zen, nabarmen, estatu bakoitzak bere hezkuntza sistemaren lidergoa eta etorkizunera begira herritar denek formatzeko eduki beharreko eskubidea beretzat hartzearekin. Hezkuntza sistemak estatu eta nazioen tresna politiko baliotsuak bilakatu ziren, eta Pedagogia zientzia erabateko ahuldadean sartu zen, eta halaxe jarraitzen duela uste dugu guk.Zer ondorio ekarri du horrek?
Bada, Pedagogia independentea ez izatea. XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran Pedagogia, Soziologia eta Psikologia zientzia independente gisa beren ibilbidea egiten hasi ziren eta ekarpen berri asko ekarri zituzten hezkuntza eta heziketaren mundura. Zientziek ikuspegi berriak ekarri behar dituztela suposatzen da, hor dauden eta ikusten ez diren ikuspegiak argitara ekarriz. Baina zer gertatu zen? Hiru horietatik Pedagogiak bere independentzia galdu egin zuela. Eta hori izan da gure Hezkuntzaren galerarik handiena. Psikologiak zientzia independente izaten jarraitzen du, hots, bere ikerketa zentroak ditu, eta elkarte zientifiko indartsuak ere bai. Soziologiak berdin. Baina Pedagogiak? Zer da Pedagogia? Zenbait estatutan Pedagogia ikasketak daude, baina zertarako balio dute? Ez da argi aurreikusten ikasketa horren ez lan eremua ez egitekoa. Hezkuntzarekin lotzen den lanbide profila irakaslearena da. Eta non daude pedagogoak, zein da lanbide honen profila. Nork daki? Zergatik ez ditu unibertsitateak pedagogo talde sendoak eta zergatik ez dago pedagogoen elkarte zientifiko sendorik, elkargorik edo ikerketa zentro independenterik?Nire ustez, euskaldunok zeregin garrantzitsua daukagu hor: gure hezkuntza lorpenei dagokien iraunkortasuna, hedapena eta berrikuntza ematen jarraitzeko, pedagogia zientzia independente gisa ulertzea eta antolatzea, hain zuen ere.Eduki eta metodologia aldetik ezer aldatu al da Bolognarekin?
Bai. Unibertsitate guztiok graduen (eta masterren) oroit-idazkiak egin ditugu gero estatuetako hezkuntza aginteek baieztatu dizkigutenak eta hor jasotzen ditugu aldaketa guztiak. Gurean 16-18 hilabete jardun ginen idazten. Oroit-idazki horretan esandakoak hemendik 6 urtera ebaluatuko dizkigute.Guk garrantzi berezia ematen diogu “egiten jakiteari”, praktikari eta teoriarekin duen loturari. Horregatik, lehentasuna emango diegu proiektuen bidezko irakaskuntza-ikaskuntzari eta ikastetxeetako praktikari. Alderdi horiek guztiak integratuko dituen irakaste metodologia pentsatu eta antolatu dugu: talde handian, lan autonomoan eta talde ertain edo txikian (mintegia/lan praktikoa), irakasteko eredu hori erraztuko duena. Horretarako, ordutegi bat ere asmatu dugu, elkarren segidako bi egunetan metodologia ibilaldia egiten duena.Orduan, besteak beste, aldaketa bat practicumarena da. Ez dago gaur egun aplikazio praktikorik gabeko ikasketarik, are gutxiago HHIG eta LHIG bezalako titulu profesionaletan. Gure ikasketa plana 4 urtekoa da eta 2. urtetik aurrera 6 hilero eskolara joan behar dute unibertsitatean ikasitakoa frogatzera.Horretarako, guk aurretik proiektu batzuk prestatu beharko ditugu eskoletako irakasle eta tutoreekin batera. Eredu hori egokia dela uler dezakegu denok (unibertsitateak, hezkuntza sareak, elkarteak zein ikastetxeak), baina ondo gauzatzeko erkidegoko administrazioaren inplikazioa beharrezkoa da. Unibertsitateak irakasle onak formatu ahalko ditu, baldin eta proiektu honetan sinesten duten ikastetxeak eta tutoreak eskura jartzen bazaizkio. Guk esana diogu Nafarroako Hezkuntza Administrazioari, onartua dugun oroit-idazkiari jarraiki, antolatu nahi dugun Eskola praktiken eredua garatzeko, ezinbestekoa izango dela, NUPek, ziurtagiri baten bitartez, Haur eta Lehen ikastetxeetako irakasle elkartuak direla aitortzea. Eta unibertsitateko irakasleoi gure lan orduetatik % 5 horretarako onartuko diguten bezalaxe, beste erabaki mota batzuen artean, ikastetxeetakoei % 15 aitortzeko bidea egin beharko lukete. Zer egin dezakegu hezkuntza elkarte eta administrazioek ez badute onartzen bere plantillako irakasle horiek unibertsitateko formazioan kolaboratzen ari direla, eta astean bete beharreko ordu kopurutik, ordu batzuk, honetara dedikatu behar dituztela? Zergatik? Irakasle profesionalak direlako eta lanbide honen errealitatea ezagutzeko tutore hobeagorik ez dagoelako. Hori delako heziketa teorikoa eta praktikoa sustatzeko modurik egoki, bidezko eta formatzaileena.Zehaztuta al daukazue oroit-idazkian nolako irakasleak hezi behar dituzuen?Bai. Hasteko, denok dakigu irakasleek formazio teoriko sakona eduki behar dutela. Baina teoria zertarako? Gero aplikatzen jakiteko. Aplikazioan oinarritutako teoria izan behar du. Erakuts diezazkiegun Europan adostuak dauden hezkuntza eta heziketarako erronka eta gaitasunak zein diren. Baina jakinik, gero indarrean dagoen eta lekuan lekuko eskola ereduan lan egiteko prestatu behar dela. Gure HHIG eta LHIGko Ikasketa Plan hauek ondoko profila duten irakasleak hezitzeko asmoa dute: kulturan jantziak, lanbideari dagokion ardura etiko eta soziala garatzeko eta profesionalak, helburu eta ikaskuntza emaitzak gaitasunetan ezartzeko gai izango direnak.Zein ezaugarri edo gaitasun izan behar dituzte etorkizuneko irakasleek?
Lehendabizkoa: irakasleak pertsona kultua izan behar du. Eta hori da gaur egungo gabezia ikaragarri bat. Kultura orokorra edo goi mailakoa falta da. Gizartea, haurrak eta ikastetxeak ingurune sozio-ekonomiko-geografiko-historiko batean kokatuta daude. Gaur egun gutxik erabiltzen dute ongi geografia. Ikaragarria da zer gutxi dakigun geografiaren inguruan. Euskal Herriko irakasleok oso ongi menperatu beharrekoa da, lehengo eta behin geurea, ondoren Europakoa eta atzetik beste guztiak.Orduan, gure fakultatea Nafarroan baldin badago, erakuts diezaiegun gure ikasleei lasai eta ondo Nafarroako inguruneak kokatzen eta arlo zientifiko bakoitzean izan ditzazkeen harremanak ulertzen. Eta horrekin, irakurketa jantziak eginez eta iturri egokietara bideratuz, formazio sendo bat eta etengaberako bidea eskaini ahalko diegu.Unibertsitateko irakasleen lana, ikasleen prestakuntza akademiko, profesional edo zientifikorako gaitasunak lortzen laguntzea da. Hortan dago gakoa.Motibatuta edo kezka pedagogikoarekin ikusten al dituzu fakultateko ikasleak? Ala lan finko bat, soldata bat, ordutegi ona… lortzea da euren helburua?Bai, posible da bigarren hori gertatzea, baina, agian, hori ez da beraiek uste dutena, baizik eta gizarte honek eraman ditu hori uste izatera. Gazteak dira eta gazte horiek gizarte honekin aurkitu dira. Gizarte horretan tokia egiteko ikasketa batzuk ikasten hasten dira eta esaten dieten moduan: honetarako, horretarako eta han gelditzeko.Orokorrean erretiratu arrakastatsuen gizarte ereduan bizi gara. Retraité. Oharkabean, Jende gaztea erretiratu horien mentalitatearekin etortzen da: lanpostu on bat lehenbailehen, eta gero oporrak, asteburuak libre, pisuak, autoak… gizarte honek hori erakutsi dielako. Gazteengan gustatzen ez zaiguna guregatik da, ez gazteengatik. Agian guk nahi gabe, baina guk egindako eta erakutsitako bidea egiten dute, bidea horrela aurkitu dutelako iritsi dira horra.Gu gure gurasoek hezi gintuzten eta guk geure seme-alabak. Konturatzen gara hezteko zenbat izerdi atera behar den eta emaitzak zein gutxi ikusten diren batzuetan baina, ia beti, guk ontzat ematen ditugun emaitzetaz ari gara… Bada, gizarte bat ere hezi egin behar da eta bere erakundeetako eragile guztien ardura da, politikariak eta teknikariak barne.Gizartea eta politikariak aipatu dituzu. Zer harreman duzue unibertsitatekook administrazioarekin, eskolarekin eta, oro har, gizartearekin?
Guk dauzkagun ikasleak, ikasketak bukatu orduko badirudi desagertu egiten direla. Gurekiko harremana bukatu egiten da. Batzuk oposaketa sisteman sartzen dira eta administrazioarekin jartzen dira harremanetan: administrazioak bere formazio zentroak izan ohi ditu eta haiek eskaintzen diete, nonbait, behar duten guztia. Beste batzuk ikastola edo ikastetxe pribatuetara jotzen dute eta haiek ere beren formazioa eskaintzen dute. Eta unibertsitateok hemen gelditzen gara. Gure tituluak beharrezkoak dira lanpostuetara aurkezteko, baina handik aurrera, heziketa iraunkorrerako, ezer gutxitarako behar gaituztela dirudi edo ezer gutxi eskaintzen dugula, guk geok ere. Bai, parte hartzen dugu hezkuntza sare osoarekin, ez dakit zertan, deitzen digute ez dakit zer egiteko, ikertzen dugu, argitaratzen dugu… baina ez dago sarea behar bezala antolatuta.Nik hiru erpin dituen ezinbesteko lan-batzordeen beharra ikusten dut hezkuntzan: unibertsitatea, ikastetxeak eta administrazioaren artean osatutakoak, hain zuzen ere.Denok hitz egiten dugu Finlandiako irakasleen prestaketa ereduaz eta han egin zuten lehenengo gauza administrazioko garbiketa adostea izan zen, unibertsitateari formazioaren lekukoa pasaz. Eta gaur egun eskoletan, administrazioan eta unibertsitatean lanean dihardutenak oso elkartuta daude. Bestetik, Euskal Herrian ikastetxeak egiten ari diren lana ikaragarria da eta hori askoz gehiago egituratu behar da. Eta azkenik, unibertsitateari askatasuna eta laguntza (gizazkoak zein materialak) eman behar zaizkio pentsatzeko, sortzeko eta ikertzeko, ez honen edo haren mesederako, hezkuntza eragileen eta gizartearen mesedetarako baizik. Adibidez, eskola jardunak zer izan behar du, goizekoa ala arratsaldekoa? Unibertsitatean hori ikertzen duten irakasleak egon behar dute, baina ikertu dezatela ez beraiei otu zaielako, baizik eta ikastetxeekin harremanetan jarriz, hango irakasleekin, guraso elkarteekin, administrazioarekin eta nazioarteko beste eredu batzuk aztertuz, gizartearen izate eta premiei erantzungo dioten proposamenak egiteko. Ezin da ordutegi bat ezarri ikerketa sendo batean oinarritu gabeko beste arrazoi politiko, administratibo, korporatibo edo ez dakit zeregatik. Hiru erpin horiek ezinbestean erlazionatu behar dute. Ba al dago horretarako borondaterik? Lehendabizi, borondatea agertzeko, giza-kultura baten parte sentitu behar zara eta une honetan, gure herrian, gabezia handia ikusten dut. Gure lurralde ezberdinetako administrazioak, berea eta berea egiten ari dira, eta hori ongi egitea beste helbururik ez dute. Gure unibertsitateetan gauza bera gertatzen da. Eta gainerako lekuetan ere bai.Baina lehen aipatu dudan moduan, II. Mundu Gerraren ondoren lana sortu zen, gosetea amaitu, familiak euren premiei erantzuten hasi ziren eta poliki-poliki esaten has zitekeen “ai, zein ondo gauden, zein lasai”. Euskararen eskolagintzan lasaitasun egoera bera ikusten dut. Zergatik? Lorpen handia izan da eta dagoeneko hori horrela ikusi eta bizi izan duten belaunaldiak ditugu. Orduan, horiek etorri dira, jarri dira eta egon hor daude. Giza eta gizartearen eskubideaz asko hitz egiten da, oso ondo ezagutzen dira eta hedatze ahaleginetan ari gara. Baina betekizunak ez dakit hain bide ona daramaten, ez ote diren oso pertsonalak eta oso gutxi sozialak. Ez da hainbeste ikusten komunitateari edo elkarteari eman beharreko alderdi hori. Irakasleak prestatzen ari gara, ongi ari dira iristen lanpostuetara, ongi egiten dute lan… baina ez da nahikoa ez baditugu hezkuntza eta heziketa gauzatzen den leku guztietan pentsalariak eta ekintzaileak sortzen. Profesionaltasunik gabeko borondatearekin ez dugu aurrera egingo. Horregatik, buruzagi profesionalak behar ditugu, liderrak behar ditugu. Askotan lidergo hitza ez dugu ongi erabiltzen, ez dugu behar den lekuetan azaltzen edo ez dakit zer komeri gertatzen zaigun.Hezkuntza pentsalariak eta ekintzaileak. Nor ikusten duzu lan hori egiten?
Pedagogoak batean eta irakasleak bestean. Argi eta garbi ikusten dut hezkuntzak bi lanbide atal nagusi bereizi beharko lituzkeela: bata irakasleek osatuko luketena, non Euskal Herriko hegoaldeko unibertsitateetan, behinik behin, 4 urteko gradua eskuratu ondoren, lehenbailehen ikastetxeetan lanean jarri beharko liratekeenak. Bien bitartean unibertsitateek irakasle lanbidearen inguruko gradu ondokoak prestatzen aritu beharko lukete, hezkuntza administrazio eta ikastetxeekin elkarlanean. Beste alderdia, pedagogoek osatuko luketena da. Independenteak. Ez da ulertu behar talde honetatik bakarrik aterako liratekenik “pentsalariak”. Ez da hala, noski! Bai, ordea, horien egitekoa hezkuntza pentsatzea izan behar dela, gero pentsalariak bihurtu edo ez. Eta pedagogoek zertarako balio dute? Unibertsitateko hezkuntza ikasketetako irakasle izateko… administrazioko hezkuntza agintari, teknikari eta sail ezberdinetako arduradunak izateko… ikastetxe eta hezkuntza aldi ezberdinetako zuzendari pedagogiko (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Lanbide Heziketa, Batxilerra…) orientalari eta abar izateko. Horretarako gaitu beharko lukete Pedagogia gradu eta gradu ondoko tituluek. Zuzendari pedagogikoak behar dira ikastetxeetan, ezin dugu jarraitu txanda pasa eginez, orain niri egokitu zait eta gero zuri.Horrela antolatutako hezkuntza ikasketak benetako aldaketa eta hobekuntza ekarriko luke ikastetxe eta heziketa mundura. Ikastetxeetako irakasleek irakasle ikasketak, eta zuzendariek pedagogiakoak egin eta etengabeko formazioa jasotzeko, berrantolatzean dago gakoa.Zenbat ikasle dituzue irakasle ikasketak euskaraz egiten? Nolakoa da garapena?
Euskarazko lerroaren garapena harrigarria izan da. 1988an hasi ginenean 8-9 ikaslerekin hasi ginen eta gaur egun 120tik gertu gaude, plaza erdiak Haur Hezkuntzarako eta beste erdiak Lehen Hezkuntzarako. Erdarako lerroan talde bat gehiago dute Lehen Hezkuntzan, guztira 180 plaza dituztelarik. Hori harrigarria da. Zera ikusten da: ikasketa hauek egitera etortzen direnek, besteak beste, euskarazko ikasketa hauek baliagarriak direla pentsatzen dutela.Nola ikusten duzu euskararen garapena gainerako ikastetxe nafarretan?Hor gertatzen ari dena ere oso adierazgarria da da. Harrigarria. Nafarroan dagoen 1986ko Euskararen Legeak sekulako bilakaerak sortarazi ditu ikastetxeetan. Legeak, esaten duena esaten du, baina oso interesgarria da ezagutzea lege horren aurrekariak eta ondorioak. Gutxik dakite aurretik egin ziren ikerketen berri eta ondotik, gertatzen ari dena, Euskal Herrian gutxitxo ezagutzen dela esango nuke. Eta garrantzitsua da errealitatea, legea eta baita aurrekariak ezagutzea ere.EHUko Antropologia Saileko Jesus Azcona Mauleon katedradun nafarrak zuzendutako taldeak “Nafarroako euskararen muga geografiko eta sozialak” ikertzeko enkargua hartu zuen. Ikerketaren ondorioetako azken lerroan zera zioen: “…euskara nafar guztien ondare gisa hartu behar da; babestu nahi bada, foru osoan egin beharko da…”. Eta hala eta guztiz ere, muzin egin zitzaien ondorio horiei. Euskararen aldeko legea izan beharrean, erdararen babeserako legean bihurtu zen.Zer ondorio ekarri ditu Euskararen Legeak?
Ondorio oso onak eta txarrak ekarri ditu. Garapen desberdinak izan dira eta atzerabideak ere bai. Adibidez, ordutik urte asko pasa dira eta pena da Nafarroan eskolaren bitartez sare publikoan zein pribatuan ezin ahalbidetu izana euskararen garapen ofiziala lurralde osoan. Nafarroan, euskarak aitorpen ofizial ezberdina du. Lurraldearen zati batean soilik da ofiziala (lurralde euskalduna), beste batean (lurralde mistoa) gurasoek eskatzen badute (ikastetxe publikoetan gauzatzen dena soilik eta ikastetxe pribatuetan islatzen ez dena), eta hirugarrenean, berriz, ez da ofiziala (lurralde ez- euskalduna). Ikastolak, hiru lurraldeetan zehar aurkitzen dira antolaturik.Bost aldiz eskatu da Nafarroako Legebiltzarrean lege hori aldatzeko eta ez da aldatu. Baina, soziologikoki, jendea euskararen alde sentsibilizatzea lortu du lege horrek eta hainbat lorpen erdietsi dira. Esate baterako, zonalde ez euskaldunetan harrigarria da zenbat ikasle dabiltzan A ereduan, kontuan izanik G eredua edo euskararik gabeko irakaskuntza ere aukera dezaketela. D ereduan ikasteko aukerarik ez daukate baldin eta ikastoletara joaten ez badira. Beste zenbait herritan mugimenduak hasi dira lurralde ez euskaldunetik lurralde mistora pasatzeko eskatuz eta lortu dute. Adibidez Noainen, Mutiloagoitin eta Mutiloabeitin.Sare publikoan izugarrizko mugimendua dago, oso sutsua da. NIZE elkartean sare publikoko zuzendariak daude elkartuta eta oso talde dinamikoa da. Hezkuntza administrazioan kontuan hartzea lortu dute.Bestetik, Nafarroan sare pribatua ere kontuan hartzekoa da, aurtengo datuek diote % 35koa dela eta oraindik gutxi dira euskararen aldeko irakaskuntzaren apustua egin dutenak. Egon diren lorpenak behetik gorako bidea egin dute eta oso esangarriak dira. Alde horretatik, oso baikor naiz. Shakespearek esaten omen zuen: “…noizbait Nafarroak mundua harrituko du...”Nola dago euskal curriculumaren gaia Nafarroan?
Curriculumaren gaiarekin berriz ere hatzapar politiko hutsa egon da, aginte politiko ez nafarren hatzaparra. Beraien asmo politikoa Nafarroa nafartasunez hustea da, bera dena ez izaten uztea. Orduan, zer da nafar izatea beraientzat? Bada, nafarra ez izatea. Kuriosoa da, ez dakit silogismoa den edo zer, baina beraiek egiten duten guztia nafarra izaten uzteko egiten dute. Orduan, curriculumari dagokionez, beraien kezka da ezertan ere antzik ez edukitzea Euskal Autonomia Erkidegokoarekin, ezertan ere ez, eta aldi berean, Euskal Herriko curriculumerako bidea galaraztea. Orduan, horretarako, beraien esku dauden baliabide guztiak abian jarri dituzte. Ikasmaterialak, testu liburuak, mapak eta abar derrigortzen dituzte. Hori dena egin dute, baina erantzun handia izaten ari da.Ingelesa sartzeak ez al dio kalterik egin euskarazko ereduari?
Bistan da administrazio batek menu oso deigarria eta modu onean eskaintzen baldin badu, gerta litekeela guraso askok aukera hori egitea. Baina horrelako eskaintzak zer galera ekar lezake? Atzerriko hizkuntzak metodologia egoki baten bidez landu behar dira eta oraingo nafar gobernuak egin duena (eta EAE ere kopiatzen hasi dena) asmo eta gogo politiko bat besterik ez da. Ez daukate oinarri zientifikorik eta irakaslerik. Asmo bat da, ideologia bat, gogo politiko bat, nahi bat, eta horretarako eraikinak egin dituzte, dirua badagoela azaldu, jendea beka sendoekin Londonera edo Vancouverera (Canada) bidali… Baina horrek ez du gorpuzten aukera bat.Horrelako menu batek, bederen, bi motatako jendea erakartzen du: 1. Nahiz eta ez egon erabat ados eskaintzen den moduarekin, aukera hori berez ona dela ulertzen dutenak.2. Buru belarri ados daudenak.Bigarren horiek ez dira hainbeste eta leku guztietan egoten dira botereari jarraitzeko beti prest.Badira euskararen aurkaria ez litzatekeela izan behar uste dutenak. Eta baita ere, euskararen aurka antolatutako eskaintza dela uste dutenak. Eta besteak beste, guk badakigu, Nafarroan zehar hedatu nahi den “hizkuntzen trataera bateratua” -HTB- gisa ezagutzen den apustu hau aurrera eramateko, fakultate honetatik zer motatako irakasleak ateratzen diren eta nola dauden prestatuta. Beraiek ez gaituzte kontuan hartu, ez NUPen betidanik ditugun irakasle ikasketak, ez hizkuntza elebidun eta eleanitzean aspalditik lanean ari diren ikastetxe eta ikastolak. Eta noski, herritarra ez dago hiperinformatuta, ia gauza gutxitan edukitzen ditugu gauzak argi. Orain arteko guztia suziriak izan dira. Ikusiko dugu jaiak bukatzen direnean jendeak zer esaten duen!Bi urterako telebista itzaliko nuke. Eta ez berez, kultura eta hizkuntzaren garapenerako tresna desegokia dela pentsatzen ez dudalako, baizik eta, alde batetik, bera gabe bizitzen jakitea ere, ona delako; eta bestetik, euskaldunok hartu ditugun ohitura eta erabilerak hausnartzeko eta asko eta asko uxatzeko.