Txingurrien ametsak

2011-12-01
 
 
Gurasoen etxean, txikitan nire gela izan zen horretara joan nintzen zerbait hartzera.  Atea ezin zen ia zabaldu ordea. Nolabait bultza eta argia piztean zur eta lur gelditu nintzen. Dena hankaz gora zegoen, edo hobe esanda gainezka. Ohea ere ez zen ikusten! Liburuak, kaseteak, karpetak, paperak alde guztietatik. Armairurako bidea  objektu pila horren artetik egin beharko nuen. “Ez neukan dena jartzeko beste lekurik dena ordenatu arte. Espero dut behar duzuna topatuko duzula anabasa horretan!”- bota zidan amak sukaldetik nire estuasuna igarriz.  
“Lasai, moldatzen naiz!” oihu egin eta hankarekin, nahi gabe, kasete dorre bat jo nuen. Denak lurrera plaust. Eta han azaldu ziren bapatean nire txikitako oroitzapen goxoenak: Xixupika, Ez utzi haurrei negar egiten, Erreka Mari… Ezin izan nion irribarreari eutsi.  Aurkikuntza hari denbora eman behar niola erabakita, lurrean eseri nintzen.  Freinet, Montessori, Piaget, Freire, Rosa Sensat…  Ireki nuen Freineten liburu bat: “No podéis preparar a vuestros alumnos para que construyan mañana el mundo de sus sueños, si vosotros ya no creéis en esos sueños; no podéis prepararlos para la vida, si no creéis en ella; no podréis mostrar el camino, si os habéis sentado, cansados y desalentados en la encrucijada del camino”. 
Nire amak duela gutxi hartu du erretiroa. 40 urtez izan da andereño ikastolan. Urte guzti horietan pilatutakoak ekarri zituen etxera. Eta ni, momentu horretan konturatu nintzen benetan zer esan nahi zuen horrek.  Menoria-altxor hura aurrez-aurre topatu nuenean.
Pasioz bizitu du bere lanbidea urte horietan guztietan. Hezkuntza gizartea aldatzeko gai dela konbentzituta egon da beti. Eta hezkuntza sistemaren inguruan ezadostasunak sortzen hasi zitzaizkionean ere, ikastola eredua berak nahi zuen horretatik hurruntzen ari zela bazekien arren, beti saiatu da bere ahalmenen barnean ahalik eta eskola biziena, libreena, sortzen.  
Ingurura begiratu nuen berriro: Ametsen mendilerro bat iruditu zitzaidan hura. Txingurri batek sortutako bizitzako-esperientzien mendilerro erraldoia. Amets eta utopia txikiez sortutako paisaia eder-ederra.   
Eta pentsatu nuen nola gure belaunaldia, konplexuz beteta egon den urtetan. Pentsatuz ez zegoela ezer egiterik gauzak aldatzeko, sistema zurrunegia zela eta ezdeusegiak  ginela ezer mugitzeko.  Eta zenbat gauza zoragarri egin daitezkeen txikitasunetik! Begi aurrean nuen froga.   
Ama etorri zen gelara. “Hau dena altxor bat da ama!” esan nion mendilerroa seinalatuz.
 “Horiek trasto zaharrak dira! Hautsa eta porkeria besterik ez dute biltzen!” esan zidan.  Onartu behar dut nire amaren eta nire erromantizismoa ulertzeko moduak pittin bat ezberdinak izan direla beti.  Baina arrazoi zuen. Haiek trasto zaharrak ziren beretzat, bera orain bizi delako eta etorkizun osoa duelako orain bere aurrean. 
“ Nik ere txingurri izan nahiko nuke, ametsezko mendilerroak osatzeko” bota nuen, ia nire bururako.
Buruarekin “neska honek ez du erremediorik” keinuak egin zuen amak erdi barrezka. Gelatik irten eta nire txikitako gelako atea itxi nuen. “Bazkalduko dugu?” esan zidan berak. Nik muxu bat eman nion.