San Telmo Museoa. Gaurko eta lehengo euskal gizartea ezagutzeko museoa

2011-12-01
Donostiako San Telmo museoak euskal gizartearen eta herritarren museo izan nahi du, eta gure gizartearen ezaugarriak, aldaketak eta balioak erakusten ditu, pieza etnografiko eta artistiko garrantzitsuen bidez. Eskolen bisitetarako, material didaktiko ugari dute prestatuta. 
 
 
Euskal Herriko museorik zaharrena da San Telmo museoa: XVI. mendeko monasterio domingotar ederrean dago kokatuta, 1902an inauguratu zutenetik. Alabaina, gaur-gaurko museoa da Donostiako hau, modernoa, guztiz eraberritu baitute aurten berton. Euskal gizartearen eta herritarren museoa da San Telmo, eta hauxe du oinarri: iragan kultural eta historikoa da egungo gizartearen hazia; hain zuzen ere, diziplina askotariko ikuspegian oinarritua eta egungo elkarrizketara eta eztabaidara irekia. Iragan kultural eta historiko hori balio handiko piezen bidez ezagut dezake bisitariak, Euskal Herriko museo etnografiko garrantzitsuena baita San Telmo.
Euskal gizartearen eta herritarren ondarea ezagutzeko 26.000 pieza ditu museoak inbentarioan, pieza etnografikoak eta artistikoak gehienak; baina argazkilaritza-, arkeologia- eta historia- alorretako piezak ere ugari dira. Harribitxiak dira horietako asko, elizan ikus daitezkeen margolan historikoak nahiz baserrietan jasotako argazki esanguratsuak. 
Eraikinetik bertatik hasten da San Telmoren balioa: XVI. mendeko monasterio domingotarra da sortzez,  arkitektura isabeldarraren barnean kokatzen dena, eta klaustro ederra du; baina, 1813an, frantziarren aurkako Independentzia Gerran Donostia setiatu zutenean eta abuztuaren 31ko sutean hiria suntsitu zenean, domingotarrek ezin izan zioten aurre egin komentua berreraikitzeko gastuari, eta, 1836ko Mendizabalen desamortizazioaren ondorioz, domingotarrek komentua utzi egin behar izan zuten, artilleriako kuartel bihurtu nahi baitzuten. Horrekin batera, eraikinaren endekatzea azkartzen hasi zen, eta, endekatze hori geldiarazteko helburuarekin, Udalak erosi zuen, 1921ean. Handik bederatzi urtera, museo gisa ireki zituen ateak, nahiz eta 1900. urtetik museo izaera izan eta erakusketak arrakasta handia hartu. Gaur egun, domingotarren monasteriotik haratago zabaldu da museoa, eta Urgull mendiarekin bat egin du; lau urteko berrikuntza-lanak amaitu ostean, espazio handi eta zabalago batean, ekipamendu modernoen bidez erosotasun handiagoa eta zerbitzu gehiago eskaintzeko aukera ematen du museoak.
Eraikinaren historia bera ikusgai dago museoan, hain zuzen ere, elizak toki horren historia eta bilakaera azaltzen baititu, “Komentutik museora” erakusketan. Ondoren, komentu zaharrean eta pabilioi berrian, euskal gizarteari eta herritarrei buruzko bilduma iraunkorreko erakusketez eta aldi bateko erakusketez gain, eskola-umeekin garatu ahal izateko proiektu pedagogiko sendo bat eskaintzen du San Telmo museoak.
Elizan, “Gure gizartearen erronkak” izeneko erakusketa dago. Erakusketa horretan, egungo gizarteak gainditu beharreko erronkak azaltzen dira, ikus-entzunezkoen eta egungo teknologien bidez. Halaber, mahai interaktibo baten bidez, eztabaida eta hausnarketa eragin nahi dira gaur egungo gaiei buruz: bakeaz eta giza eskubideez, garapen iraunkorraz, kulturartekotasunaz, berdintasunaz edota Europak munduan duen eginkizunaz. 
Gaur egunera edota, areago, etorkizunera begira dago San Telmo museoa, baina, horretarako, badaki beharrezkoa dela iragana ezagutzea; horregatik, “Oroimeneko arrastoak” izeneko erakusketak leku berezia du museoan. Historiaurretik XVIII. mendera, Euskal Herriaren eraketan eta garapenean gako izan diren eta berorren bilakaeran arrastoa utzi duten une eta gertakariei buruzko hausnarketa eskaintzen da erakusketan, eta ohiturak, pertsonaiak, mitoak, gertakariak, jazoerak… ematen dira aditzera. Hortik, “Modernitatearen hasiera”ra igaroko da bisitaria, non XIX. eta XX. mendeetan euskal gizartean gertatutako aldaketa nagusien berri emango zaion: landa-eremuko bizimodutik bizimodu industrializatura aldatzea, hain zuzen ere.  
Erakusketa iraunkorretan azkena “Artearen bilduma historikoa” da. XV. mendetik XIX. mendera bitarteko ibilbide kronologiko baten bidez, artearen historian funtsezkoak diren artisten lanak bertatik bertara ezagut daitezke, hala nola Greco, Tintoretto, Ribera, Rubens, Beruete, Fortuny edo Mirórenak. 
Museoak, halaber, lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleentzako proiektu pedagogiko sendoa dauka, eta museoan nahiz hirian bertan lantzeko fitxa didaktikoak ditu, batzuk ikastetxean bertan museora etorri aurretik lantzeko, eta beste batzuk museoan nahiz hirian bertan lantzeko.
 
ESKAINTZAK
 
Kalejira 1
Hirian zehar egiteko ibilbidea da, eta, Donostiako Parte Zaharreko eraikin enblematikoak bisitatuz (San Telmo museoa, Bretxa, udaletxea, Konstituzio plaza, Santa Korda, Kanoieta, San Bizente…), historia eta oroitzapen kolektiboa lantzea du xede. Lehen Hezkuntzako haurrekin lantzeko prestatuta dago, eta, nahi izanez gero, gelan ere landu daiteke atal bat; ondoren, ikasleek binaka landuko dute beste atal bat museoan. Lan-koadernoa, irakaslearen gida, ipuina, planoa eta ebaluazioa webgunetik deskarga daitezke.
Kalejira 2
Aurreko ariketa bezala, hau ere Lehen Hezkuntzako haurrentzat, eta lan-dinamika berdina da: eskolan eta, ondoren, museoan landu daiteke. Ibilbide honek Donostiako zabalgunean hamar kokaleku erakusten ditu: Victoria Eugenia antzokia, Maria Cristina hotela, Kursaaleko zubia; Santa Katalina zubia; Maria Kristina zubia; Artzain Onaren katedrala, Koldo Mitxelena Kulturunea, udaletxea eta Alderdi Eder, Foru Aldundiaren jauregia eta Gipuzkoa plaza. Leku bakoitzean, geldiune bat egingo da, dagokion jarduera egiteko eta orri didaktikoetako galderei erantzuteko. 
Donostiari begira
San Telmo museoan ez, baizik eta Urgullen, Motako gazteluan dago Historiaren Etxea, eta etxe horretako erakusketaren eta mendiaren inguruan hainbat jarduera proposatzen dizkie San Telmok adin ugaritako ikasleei. LHko lehen zikloko ikasleei pertsonaia historikoen mozorro-lantegia proposatzen zaie, esate baterako, eta bigarren zikloko ikasleei, berriz, trama-lantegia. Diorama lantegia, Errege Konpainia Gipuzkoarraren jokoa, CSI historikoa eta abar ere egin daitezke Urgulleko museoan; eta mendian, aldiz, ginkana edo pista-jokoak egin daitezke. 
Maleta didaktikoak
Donostiako museoak bi maleta didaktiko ditu, ikasteko prestatutako jolasekin. Batetik, hilarrietan zehar bidaia bat proposatzen du maleta batek; eta besteak, berriz, hiri historikoetan bizitzeak dakarren esperientzia azaldu nahi du. Hilarrien azterketan oinarritzen den maleta didaktikoa hezkuntza-sisteman sartuta dagoen kolektiboentzat da. Bi bideo, hiru puzzle, kromo-joko bat, bi domino-joko, mapak, esplorazio-kita, hilarri bat, poesia-liburu bat eta irakaslearen gida ditu maletak. Aldiz, hiri historikoetan bizitzeko maletak Ávila, Cáceres, Kordoba, Salamanca, Santiago, Segovia eta Toledori lotutako ariketak ditu, lehen hezkuntzako ikasleentzat.