Euskal Herriko hezkuntza ezagutzeko hainbat gako

2011-12-01
Zaila da Hezkuntza- ­Sistemaz hitz egitea Euskal Herrian; zaila, behintzat, ­orokorrean aritzea. 
Izan ere, zatiketa administratiboek erro sakonak dituzte ere hezkuntza esparruan. ­Hala, gaur gaurkoz, hiru ­hezkuntza antolamenduz hitz egiten jarraitu behar dugu. Hirurak, ordea, bi estatuk ­ezarritako legerien eta ­curriculumen pean.
Batetik bestera dauden ­aldeak nabarmenak dira. ­Lurralde bakoitzeko ­herritarrek beste lurraldeekiko duten ezezagutza, gainera, kasurik gehienetan oso ­handia da. Jarraian aurkezten dizkizuegunak ezezagutza hori arindu eta bakoitzaren ­errealitatera hurbiltzeko saiakera bat dira.
 
 

Hezkuntza-Sistema zatikatua

 500.000 ikaslek bete omen dituzte aurtengo irailean Euskal Herriko eskoletako gelak. Non bizi diren arabera, ordea, eskubide batzuk izango dituzte ­edo ez dituzte izango.

Euskaraz ikasteko eskubidea, eskubide gisa, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaiko eremu euskaldunean eta mistoan izango dute. Nafarroa Garaiko eremu ez-euskaldunean bizi badira, edo Lapurdin, Nafarroa Beherean edo Zuberoan ez dute euskaraz ikasterik izango; ez eskubidez, behintzat. 

Eskola-ibilbide desberdinak izango dituzte ere, nahiz eta guztiek batxirlegoaren amaieran selektibitatea edo baxoa pasa behar izan.  Bost bi hilabeteko izango dituzte Lapurdin, Nafarroa Beheran eta Zuberoan ikasturtea antolatzeko eta hiru hiruhileko, berriz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ondorioz, oporrak ere garai eta luzeera desberdinekoak izango dituzte.

Hamaika desberdintasun aurki ditzakegu lurralde batetik bestera. Horrelakoa da, beraz, euskal hezkuntzari argazkia aterako bagenio lortuko genukeen irudia: zatikatua.

Zatiketak zatika eta desberdinatasunak desberdintasun, gure eskoletatik aterako diren ikasle horiek izango dira euskal jendartea osatuko duten euskal herritarrak. 

Elkarrengana hurbildu eta bakoitzaren errealitatea ezagutzeko ahalegina egin nahi genuen. Elkarren ezagutzatik, norbere ezaugarriak kontuan ­izanik, Euskal Hezkuntza Sistema eraiki dezagun jada abian diren egitasmoetan sakonduz. Garai zailak dira, zalantzarik gabe, euskal lurralde guztietako hezkuntzarako. Lehen estutzen gintuztenei krisia gehitu zaio. Baina krisiaren gordintasunarekin batera, aukera berriak ate joka omen dauzkagu.

 Eskola-ibilbideak

 Frantziako estatuko Hezkuntza Sisteman irailaren lehenengo astean hasten dira klaseak, eta Espainian, aldiz, bigarrenean. ­Ikasturtearen ­amaiera,  berriz, ekainaren 3. astean bukatzen da Espainiako estatuan,  eta uztailaren lehenengoan Frantziako estatuan.  Eskola-egutegiak, bi hilabeteko bost zatitan banatzen du ikasturtea Frantziako estatuan , eta, hiru hiruhilabetetan Espainiako estatuan.Nafarroa Garaiko ikasleek, Lapurdikoak, Nafarroa Beherekoak eta Zuberokoak bezala, ez dute eskolarik asteazken ­arratsaldeetan.

Hizkuntza ereduak herrialdeka

 Gurasoak haurrak eskolatzen dituztenean hainbat hizkuntza-ereduen artean aukeratu dezakete.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan,A, B eta D hizkuntza-ereduak eskaintzen dira: A ereduan euskara ikasgai gisa irakasten da; B ereduan, berriz, euskara ­eta gaztelania erdi eta erdi; eta, azkenik, D ereduan gaztelania ikasgai gisa eskaintzen da. Gaur egun, Hezkuntza Saila Hiru Eleko eredua eskaintzen ari da 40 ikastetxeetan proba modura.

Nafarroan, berriz, ikasleak A, B, D ­eta G ereduetan banatuta daude. G eredua euskararik gabeko eredua da.

Nafarroa hiru hizkuntza eremutan banatuta dago: eremu euskalduna, eremu mistoa eta eremu ez-euskalduna. Foru Dekretu batek eremu euskaldunean A, B eta D ereduak ezartzeko baimena ematen du. Eremu mistoan, dekretu berak, A, B, D eta G ereduak baimentzen ditu. Eremu erdaldunean, azkenik, A eta G ereduak soilik daude baimenduta. Eremu horretan, euskarazko eskaintza egiten duten bakarrak ikastolak dira.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, euskarak ofizialtasunik ez duenez, irakaskuntza publikoan  “A eta B ereduak” eskaintzen dira. Giristinoek ere A eta B ereduak, eredu ­elebidunak, eskaintzen dituzte. Lurralde horietan guztietan, Seaska da euskaraz murgiltze eredua eskaintzen duen bakarra.

PISAko emaitzak

 Azkeneko hamarkadan, ospea hartu du ikasleak ebaluatzeko PISA (Programme for International Student Assesment) nazioarteko programak.  Hiru arlo neurtzen ditu: Irakurmena, Matematika eta Zientzia. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko 33 herrialdek babesten dute.

15 urteko ikasleei egiten zaizkie neurketak. Izan ere, hiru ikasgai horietan, eta, adin horretan, oinarrizko curriculuma antzekoa omen da herrialde guztietan.

2000. urtean egin zen lehenengo proban, 32 herrialdek hartu zuten parte. Haietatik, 26 ELGA erakundekoak ziren. Azkenekoan, 2009an, 65 herrialde izan ziren (33 ELGAkoak eta 32 asoziatuak). Herrialdez gain, 14 autonomi erkidegok bere lagin propioa egiten dute; horien artean, Nafarroa eta EAE.

Eskola uztea

 Espainiako Hezkuntza Ministerioak Datos y cifras izeneko txostenean argitaratutako datuen arabera, azken bi urteetan gutxitu egin da garaia baino lehenago eskola uzten duten ikasleak. 

Nafarroako tasak, gainditu egiten du Europar Batasunak 2010 urterako ­ezarritako % 15eko kopurua, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa horren azpitik dabiltzan bitartean. Hala ere, bi kasuetan, nabarmen gainditu egiten da erakunde berak 2020rako ipini duen helburua: Europa osoan % 10eko kopurura jeitsi nahi baita.

Eskolatzea Euskal Herrian 

 Azkeneko hamarkadetan, Euskal Herrian gertatu den eskolatzea oso altua izan da. Izan ere, ikastolak, duela 50 urte 3 urteko neska-mutilak eskolatzen hasi zirenetik, ohikoa bihurtu da adin horretan etxetik eskolara joatea. Adin hori baino lehenago ere eskolatzen da.

Europar Batasunak 2002an Bartzelonan jarri zituen helburuak erraz gainditu ditu Hego Euskal Herriak, jada. ­Izan ­ere,  helburu haien arabera, 2010ean 4 urteko haurren % 95 eskolatzea zen asmoa; 3 urteko  % 90;  eta, 0-2 urte bitarteko % 33.

Hego Euskal Herrian, gaur egun, 3 eta 4 urteko ia haur guztiak daude eskoletan. 2 urtekoak, berriz, Europan 4 urtekoentzat jarritako eskolatze kopuruan aurkitzen dira ( % 95), eta, txikienen artean, 0-1 urtekoen portzentzaiak % 40 gainditu du, dagoeneko.

Estatuz kanpoko gurasoen seme-alabak gure eskoletan

 Immigrazioaren Euskal Behatokiak argitara eman dituen datuen arabera, ­Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ­unibertsitatez kanpoko irakaskuntza mailetan dauden estatuz kanpoko gurasoen seme-alaben kopuruak % 27 ­egin du gora 2007tik 2010era arte. Urte hartan, 23.565 ziren eta 2010ean, berriz, 30.405. Horrek, ikasle horien % 8  estatuz kanpokoak  direla esan nahi du, jendartean % 6,6 diren artean.

Nafarroan, aldiz, duela hamar urte bilakaera azkarrago igo bazen ere, azken urteetan, estatuz kanpoko gurasoen seme-alaben kopurua ez da hainbestekoa izan.

D ereduak emaitza hobeak lortzen ditu

 Hainbat hautaprobatan eta kanpoko ebaluaziotan frogatu denez, D ereduan ikasi duten ikasleek emaitza hobeak lortu dituzte B  ereduan edo A ­ereduan ikasi diuztenak baino.

Azken adibidea, Eustat  Euskal Estatistika Erakundeak aurkeztutako 2010-2011 kurtsoko unibertsitatean sartzeko hautaprobari dagokion ikerketa da, eta, emaitzen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako A ereduan ikasi zuten ikasleek emaitza baxuagoak lortu zituzten, batez bestekoaren azpitik. 

Azken hamar urteotan A ereduan ­ikasitako ikasleen %87k gainditu dute proga; aldiz, D ereduan ikasleen %95ek gainditu dute. 

Azken hiru urteetan ere, D ereduko ikasleak nabarmendu egin dira, Eus­taten arabera, emaitza hobeak lortuz.

Euskal curriculuma martxan

Galdera bat dago Euskal Curriculumaren abiapuntuan: “Zein da arlo bakoitzean 16 urteko gazte batek bereganatu behar dituen kontzeptuak, abileziak eta balioak?”

Galdera hori erantzuteko landu ziren arloak 10 izan ziren: norberaren garapenerako hezkuntza, ingurumen hezkuntza, hezkidetza, kulturarteko hezkuntza, euskara, historiaren irakaskuntza, eskubide sozialak, parte-hartzea, komunikabideak ­eta internazionalismoa eta garapenerako hezkuntza.

Lehen fasean arlo bakoitzeko adituek egin zituzten ekarpenak. Ondotik, prozesuaren bigarren zatian, “herritarren ekarpena” deitutakoan, adituek egindako txostenei 320 gizarte eragilek baino gehiagok egin zizkieten ekarpenak Udalbiltzak bideratu zuen eztabaida sozialaren bidez. Horrelako lan bat egin den lehen aldia izan zen: hezkuntzari buruzko hausnarketa ­egitea herritarrekin eta herri eragileekin, alegia.

Esperimentazio fasean dago orain Euskal Curriculuma, gauza praktikoak egiten.

Aurrera begira, aplikazio fasea hasiko da. 2013-2014 ikasturtean prest izango dira Curriculumean eta konpetentzietan ­oinarritutako lehen materialak. Eta zazpi urtetan, urtez urte, derrigorrezko hezkuntza guztia osatzeko asmoa dute.

 Euskal Herria baztertzen Nafarroan 

 Nafarroako Auzitegi Nagusiak Euskal Herria aintzat hartzen duten ikasliburuak kentzeko agindua eman zuen, Nafarroako Gobernuak hartutako erabakia ontzat emanez. Gobernuaren ­erabaki haren aurka helegitea jarri zuten Ikastolen elkarteak eta Elkarlanean argitaletxeak, baina Auzitegi Nagusiko ebazpenak dio ikasliburu horiek “itxuraldatu” egiten dutela Nafarroako errea­litate politikoa, historikoa, geografikoa, soziala, juridikoa eta naturala. Liburu horiek Nafarroa Euskal Herrian kokatzen dutela, eta hori eginez, hainbat lege hausten dituztela, Espainiako Konstituzioaren arabera, Nafarroa ez baitago “Euskal Herria izeneko erakunde baten barruan”. 

Ikastolen Elkarteak eta Elkarlaneanek sortutako Ikaselkar  argitaletxeak orain arteko bideari eutsi egingo diola berretsi zuen. Edizio taldeak, ordea, aurrerantzean ez du Nafarroako Gobernuaren diru laguntzarik jasoko.

Ika­selkarrek, alabaina, orain arteko lan ildoari eta konpromisoari eutsiko dio: “Eskola liburuetan mantendu ­egingo ditugu azken urteetan hezkuntza komunitatearen gehiengo zabalak euskal curriculumaren inguruan landutako gogoeta prozesuan adostutako edukiak”.

Ikaselkarren ustez, “Ikasmateriala, errealitate soziologikoa, historikoa, kulturala ­eta abar kontuan hartu gabe zorroztasun zientifiko gabea litzateke”.