Zer da Proyecto Cero, eta zer lotura duzu erakunde horrekin?
Proyecto Cero ez da egitasmo bat eta ez da zero. Harvard Unibertsitateko Graduondoko Hezkuntza Eskolako hezkuntza-ikertzaileen erakunde bat da. Nik neuk lotura informala dut erakunde horrekin 90eko hamarkadaren erditik. David Perkins eta Project Zeroko beste laguntzaile batzuek zuzentzen duten Ulermenerako Irakaskuntzaren egitasmoa nahiz Howard Gardnerren Adimen Askotarikoen Teoria gaia izan ziren ikertzaile talde horren lanean sartzeko nire abiapuntuak.
Zein da egitasmo horren helburua?
Pentsamenduan oinarritutako esperientzia esanguratsu bihurtu nahi du hezkuntza, horixe da egitasmoaren helburu nagusietako bat. Esanguratsua eta pentsamenduan oinarritutakoa, irakasleentzat eta ikasleentzat.
Non ikasten ditugu ulertzen ditugun gauzak?
Jendeari galdetzen diodanean zer gauza ulertzen dituen, gutxi gorabehera ulertzen dituenak ez ditu eskolan ikasi; ez, behintzat, lau hormen arteko eskola horretan... bizitzaren eskolan ikasi ditu.
Beraz, badugu galdera horren erantzuna, badakigu non ikasten ditugun ulertzen ditugun gauzak. Zergatik da, baina, hain zaila erantzun hori ikasgelan, praktikan, txertatzea? Denok esaten dugu irakaskuntza- eta ikaskuntza- prozesuek esanguratsuak izan behar dutela. Bada, hauxe da ikaskuntza hori esanguratsua izateko lehen urratsa: haurrak bere eguneroko bizitzan bizi duena ikasgelara ekartzea, eta ikasgelan ikasten ari dena eguneroko bizitzan integratzea.
Nola iristen da ulermenera?
Nire hitzaldietan, parte-hartzaileei galdetzen diet nola iritsi diren beren ustez ulertzen dituzten gauza horiek ulertzera. Ematen dituzten erantzunak hauexek izaten dira: esperimentatuz, behatuz, huts eginez, errepikatuz, erabilerak ezagutuz, behar izanez, eztabaidatuz, interesa izanez, irakatsiz, azalduz, eta abar.
Parte-hartzaileek esaten duten horretatik, ikasgelan zenbat egiten den hausnartzea da garrantzitsua. Era berean, akatsaren balioa berreskuratu behar da eskolan. Izan ere, akatsaren bidez, zailtasunaren bidez, gara ditzakegu gure ulermenak eta sormena. Eskolak, baina, zigortu egiten du akatsa. Nola aldatu paradigma hori, zigortu beharrean akatsetatik ikasteko?
Horren ondoren, galdetzen diedanean nola dakiten ulertzen dutela, erantzunak honako hauek izaten dira: baliagarria delako niretzat edo besteentzat, besteekin egiazta dezakedalako, besteei azal diezaiekedalako, errepika dezakedalako, aurreikus daitekeelako, defenda daitekeelako, akats kopurua gutxitzen delako —baina ez dira amaitzen, akats berriak egiten dira!—, hobetu dezakedalako, goza dezakedalako, bakarrik egin dezakedalako, irakats dezakedalako, barnera dezakedalako, besteei gustatzen zaielako, gauza berriak asma ditzakedalako, besteei ulertaraz diezaiekedalako, eta abar. Inork, sekula, ez dit esan azken azterketa gainditu duelako dakiela ulertu duela. Haatik, horixe da erabiltzen dugun modurik ohikoena gure ikasleen ulermenak balioesteko: azterketak.
Egia da, ulermenera iristeko egiten ditugun gauza asko dira benetan ulertzen ari garela erakusteko modurik onenak. Beraz, kontu handia izan behar dugu hor. Ondo pentsatu behar dugu zer eskatu behar diegun gure ikasleei, une berean beren ulermenean sakontzeaz gain, ageriko egin dezaten, erakuts dezaten.
Azterketak al dira ikaskuntza ageriko egiteko modurik egokienak?
Gure ikasleei egiten dizkiegun azterketa gehienek nolabaiteko ezagutza-maila ebaluatzen dute. Izan ere, ezagutza une batean duzu ala ez duzu. Edo gutako gehienoi gertatzen zaiguna zera da: azterketa egiteko garaian bagenuen, eta azterketa ondoren, ez. Kolonbiako lagun batek hauxe esaten du: “Ikasle on eta ikasle kaskar gisa sailkatzen gaituzte. Kaskarrei azterketa aurreko bost minutuetan ahanzten zaie, eta onei azterketa egin eta bost minutura”. Hor dago gakoa: zer lan mota eskatuko diet nire ikasleei, ikasgelan ulermenean sakontzen lagun diezaien eta, era berean, zer ulertu duten eta ulertzeko zer falta zaien antzeman dezaten?
Ustez ikusezina dirudiena ageriko egin behar dugu. Hainbeste azterketatan, notatan eta inor informatzen ez duten txostenetan pentsatu beharrean, gure moduan pentsatzen duten lankideak bilatu behar ditugu, jarduera onetan elkarrekin pentsatu ahal izateko, ikasleei hainbat diziplinatan arituz beren pentsamendua eta ikaskuntza ageriko bihurtzen lagunduko dieten pentsamenduko trebeziez baliatuta. Talde-lana ezinbestekoa da irakasle-lanean. Orain arte, irakasle-lana oso bakarka egin izan da, eta horrek geldiarazi egiten gaitu aldaketak egin nahi ditugunean. Kideak bilatu behar ditut; haiekin pentsatu, erabakiak hartu eta erantzukizunak partekatu ahal izateko. Ezin dut jarraitu nire eguneroko lana hobetzeko egin nahi nituzkeen aldaketak ez egiteko errudunak bilatzen. Beti dago aldaketarik baimentzen ez duen zuzendaririk, curriculum zurrunegirik, ikuskaririk... Nik neure burua soilik alda dezaket, horixe da errealitatea, eta, hori beste batzuekin batera egiten dudanean, emaitza eraginkorragoa da eta nolabaiteko ziurtasuna ematen dit.
Nondik sortu zitzaizkizun Ulermenerako Irakaskuntzarako ideia horiek?
Maila sozial altuko eskola bateko zuzendaria nintzen. Era berean, maila sozial baxuko eskola bat –guk “zero mailakoa” esaten diogu– sortu nuen. Eta, bi eskoletan, niretzat bizitzan erabakigarriak izan diren bi galdera sortu ziren. Alde batetik, hauxe zen maila sozial altuko eskolan nuen galdera: zer egin dezakegu ikasleen lana ebaluatzeko dugun erak eskaskeria bultza ez dezan? Ikasleen kezkarik handiena hauxe zen: zer nota atera behar zuten azterketa gainditu eta ez errepikatzeko. Kezka bakarra nota bat zen, eta nota horretarako ikasten zen. Baina lanen kalitatea nahiko kaskarra zen. Gu eskaskeriarako hezten ari ginen, eta horrek kezkatu egiten ninduen.
Beste alde batetik, beste eskolan ez nintzen horretaz kezkatzera ere iritsi! Fisikoki ez nuen eskolarik, ikastetxerik. Kalean hasi ginen, baina deseroso samarra suertatu zen. Gurasoen eta irakasleen laguntzarekin, zenbait eskola emateko leku bat konpondu genuen auzoan. Beste ikastetxea erabiltzen nuen arratsaldean, hango ikasleek alde egiten zutenean, beste eskolak emateko. Galdera, ordea, sakona zen: nola bihurtu komunitatea ikaskuntza-iturri? Nire ustez, oso garbi zegoen eskola ez dagoela eraikuntza fisiko baten barnean. Eskola askoz haratago doa, eta beharrezkoa dugu sortzaile izatea. Beharrak bultzatzen du norbera hainbat aukeratan pentsatzera. Bi galdera horiek jakinarazi nizkion Harvarden Project Zeron lanean zebilen lagun min bati.
1994-1995ean, egitasmo horren aitzindariak ekarri genituen, lehen bisita zuten Kolonbiara. Haiekin lanean hasi, eta aukera berriak zabaltzen hasi ginen. Ez aurrera ez atzera egin ezin genuen egoera batera iritsi ginen: ez genekien nola egin eta nondik heldu, ni ez nengoen ados egiten genuenarekin, baina ez nekien norantz jo. Orduan, gure artean eztabaida interesgarriak izaten hasi ginen.
Zuk, ordea, bazenituen beste egonezin batzuk...
Hala da. Bada zerbait Harvardek eman ez didana, baina nik beti buruan nuena. Hego Amerika kontinente erabat mendekoa izan denez, jendarte gisa ere mendekoak izan gara. Horren ondorioz, banuen nire baitan beste galdera sakon bat: nola lor dezakegu gure ikasleak, eta baita gure irakasleak ere, matematika, Mendelen legea eta beste hainbat gauza jakiteaz gain, pertsona pentsatzaileak izatea, beraien ikaskuntzaren eta garapenaren eragile bihurtzea? Hau da, jende autonomo, bere buruaren jabe, bihurtzea.
Zenbait urte lehenago, Constance Kamii-ren artikulu bat irakurri nuen, Autonomia hezkuntzaren helburu gisa gaiaz ari zena. Artikulu hark hitza jarri zion luzaroan pentsatzen ari nintzenari. Constance Kamiik Jean Piaget-ekin lan egin zuen urte luzez konstruktibismoaren gaian. Azken hamarkadetan, aritmetika nola berrasmatu ikertzen ari zen, lau urteko haurrekin lan eginez.
Nola definituko zenuke autonomiaz ulertzen duguna?
Zer ulertzen dugun autonomiaz? Piagetek 80ko hamarkadan esan zuenari erreferentzia eginez: “Norberaren gaitasuna bere burua gobernatzeko, inguruan dituen besteen ikuspuntua kontuan izanik”. Horrek eskatzen du norbera bere baitatik irten eta “besteen zapatetan” jartzea, bestea ulertzea, ikasgai dena ulertzea, nork bere burua ulertzea eta bera dagoen mundua ulertzea.
Horren ondorioz, nik uste dut gaur egungo eskolan autonomia ez dela aukera bat. Nire ustez, ia derrigorrezkoa da hiru arlotan lan egitea: adimen-arloan, moral-arloan eta arlo sozialean. Niri eskolara ez zaizkit hankak dituzten buruak iristen soilik, ez zaizkit ointxoak iristen... Niri gizakiak iristen zaizkit (txiki-txikitatik hasi eta unibertsitatera doazen neska-mutilak, graduondo mailakoak barne), sentimendudunak, adimendunak eta alderdi fisiko bat dutenak, eta alde horiek guztiek egiten dute bera,norbanako osoa. Ez naiz hitz egiten ari arlo espiritualaz, baina hori, ezbairik gabe, nirekin eskolara heltzen den beste zati bat da.
Zertaz ari zara adimen-autonomia aipatzen duzunean?
Pertsonok ezagutzak besterentzeko dugun gaitasuna da, ez mendez mende errepikatzen goazen lelo bera errepikatzeko. Ezagutza hori hainbat ingurumaritan erabiltzeko gaitasuna da, ikaskuntza-sareak sortu ahal izatea da, ideiak konektatu ahal izatea, erantzun soiletik haratago joan ahal izatea.
Piagetek zioen moduan, pentsamendu konkretutik pentsamendu formalera igarotzeko gaitasuna izatea da adimen-autonomia. Ez gara horretan sartuko, baina adibide bat emango dizuet: pentsamendu konkretuaren mailan dagoen pertsonak edo jendarteak, arazo bat duenean, errua nori bota bilatzen du. Pentsamendu-maila formala duen pertsonak edo jendarteak, berriz, arazo bat duenean, aterabideak bilatzen ditu. Erruduna ezagut dezaket, izen bat jar diezaioket, ikus dezaket. Aterabide bat aurkitzeak, ordea, altuago doan pentsamendu-maila eskatzen du. Galdetu zeuen buruari: zer eratako irakaslea naiz nire ikasleekin, izan 4 urtekoak edo 20 urtekoak? Haien arazoak konpontzen dituenetakoa ote naiz, edo haiek haien kasa konpon ditzaten ahalmentzen ari ote naiz? Zer motatako irakaslea naiz ni? Izan ere, errazagoa da aterabidea ematea: horrekin, handik hilabetera azterketa egin eta gainditu egingo du. Baina, zer gertatuko litzateke azterketa hori hiru urte barru egingo bagenio? Gaindituko ote luke azterketa hori?
Eta autonomia morala diozunean?
Norbanakoak printzipio unibertsal batzuen arabera jokatzeko duen gaitasuna da. Printzipio horiek bakoitzak eraiki ditu besteekin batera, eta komunitate batek partekatzen ditu; besteak beste, honako hauek dira: bizitzarekiko printzipioa, zintzotasunarekikoa, errespetuarekikoa eta abar. Zergatik zaigu hain erraz, ordea, bizi dugun unean galtzea? Askotan, nagiak jotzen gaituelako: “A, arazo hori... konpon dezala beste batek”, “Ni horretan ez naiz sartuko”. Aurreiritzi batzuk ditugu, eta horiek eragotzi egiten digute bestearen ikuspuntuaz jabetzea. Zenbaitetan, autoritateari diogun beldurrak zuzentzen du gure jokaera. Baina, nola lagun diezaiekegu gure ikasleei balio horien garapenean? Ez naiz ari, derrigorrean, maila erlijiosoan, orokorrean ari naiz, besteekiko jarreraz, bestea ulertzeko gaitasunaz, eta, batez ere, neure burua ulertzeko gaitasunaz. Zergatik jokatzen dut jokatzen dudan moduan? Nola lor dezaket ikasleak bere burua ezagutzea, egiten dituen ekintzak noiz diren onak eta noiz txarrak jakin dezan?
Zer esan diezagukezu autonomia sozialari buruz?
Bestearekin harremanetan jartzeko gaitasuna da. Eta, bestearekin esaten dudanean, nire buruarekin, alboko lagunarekin, etxekoekin, jendartearekin, naturarekin eta, transzendentzia batean sinesten badut, izaki transzendental horrekin harremanetan jartzeko gaitasunaz ari naiz. Nolakoa da harreman hori? Zer gaitasun dut “bestearen zapatetan” sartzeko, bestea ulertzeko? Zenbateko gaitasuna dut bestearekin enpatikoa izateko? Horrek pentsatzea eskatzen du, ez da soilik hunkiberatasun kontua. Peter Senge-k oso gogokoa dudan zita bat jasotzen du bere La quinta disciplina liburuan, guri, hezitzaileoi, bete-betean dagokiguna. Hala dio: “Arazoak era ez-bortitzean konpontzea lortu behar da (gogoratu Kolonbiatik natorrela), errespetua oinarri hartuta, elkarrizketaren bidez jarrera bat aurkezteko artea ikasiz; kontua ez da soilik gure jarreragatik errespeta gaitzaten lortzea”.
Hemen, geldiune bat egin behar dugu, eta hausnartu. Nola ikusten naute ikasleek, eta zergatik errespetatzen naute? Gauzak aurkezteko dudan begirunezko eragatik, edo haien iritziak entzuteko dudan begirunezko eragatik? Oro har, guk, hezitzaileok, giderrak eskuetan ditugula sentitzen dugu. Baina, hauxe galdetzen diot neure buruari: zer dira gider horiek? Notak izango dira, edo autoritatea... Ez dugu aipatu ere egiten ezaguera! Horrek hausnartzera bultzatu behar gaitu.
Beraz, hiru autonomia horiek erdiesteko, pentsamendua garatu behar dugu...
Hori da, eta horrek egiten du interesgarri: hiru autonomia horiek garatzeko, pentsamendua garatu behar dugu. “Bestearen zapatak” jantzi ahal izateko, nire burua ulertu ahal izateko, ikasgaia ulertu ahal izateko, ezinbestekoa dugu pentsamenduaren garapena. Pentsamendua garatu ahal izateko, hausnartu beharra dugu, eta, zoritxarrez, eskolak oso denbora gutxi ematen dio hausnarketari.
Galdera handiak bilatu behar ditugu, gainera, haratago garamatzaten galderak, eta ez soilik errepikapenera eta ikasgelako errutinazko lanera garamatzatenak. Aurrera, gero eta aurrerago, garamatzaten galderak. Zer beste erarik dugu pentsamendua garatzeko? Behar bati erantzun behar diogunean, kinka larri bati. Gelan une larri bat dugunean, moztu edo zigortu beharrean, aukera hori baliatu behar dugu, haren gainean hitz egin, ikasteko aukera gisa ikusi; egunero sortzen zaizkigu ikasteko une horiek; baina, batzuetan, denborarik ez dagoela eta, ihes egiten uzten diegu! Atera denbora, gehiago balio baitu hori ikasteak 2+2=4 direla ikasteak baino; hori ikasiko dute, seguruenik.
Zer da Ulermenerako Irakaskuntza Markoa?
90eko hamarkadaren erdialdean, Proyecto Ceroren barruan garatu zen markoa da. Marko horrek ikertzaile talde bat zuen buru. Eskoletan gertatzen diren esperientzia arrakastatsuak jaso nahi zituzten ikertzaile horiek. Horretarako, hezitzaile onek zer egiten zuten aztertzen hasi ziren, benetan ikasleak nola liluratzen zituzten, nola hunkitzen zituzten ikasteko, galderak egiteko, nola motibatzen zituzten aurrerago joateko. Zer ari zen egiten hezitzailea hori lortzeko?
Bost urteko azterketen ondoren, elementu komun batzuk identifikatu zituzten, eta Ulermenerako Irakaskuntza Markoa izenez ezagutu zena garatzu zuten.
Markoa metodologia bat al da?
Inola ere ez, ez da metodologia bat. Ulermena edozeren aurretik jartzen duen hezkuntzaren ikuspuntu bat da Markoa. Horrek metodologia asko barneratzeko aukera ematen du.
Markoak gure lanaren gaineko hausnarketa egitera behartu gintuen, eta horixe izan zen egin zigun ekarpena. Denok hobetu dezakegu egiten ari garen hori, oso ongi eginagatik ere. Hobetzeko era egokiena eta eraginkorrena egiten ari garen horren aurrean jartzea da, eta horren gainean hausnartzera behartzea.
Ulermenerako Irakaskuntza Markoa, funtsean, teoriaren eta praktikaren artean dagoen etena ixteko zubia da.
Nola laburbilduko zenuke Markoaren espiritua?
Hezitzaile gisa, hiru galdera hauek egin beharko genizkioke geure buruari etengabe ikasturtea hastean, hiru hilean behin, gure ikasleei kontzeptu berri bat eskaintzen diogun bakoitzean, etengabe:
1. Zer da gure ikasleek ulertzea nahi duguna, eta zergatik?
2. Nola erakar ditzakegu gure ikasleak, ulermen horiek eraikitzeko? Hau da, ikasleek guk ulertzea nahi duguna uler dezaten, zer egiteko eskatuko diegu?
3. Nola jakingo dugu guk, hezitzaileok, baina batez ere haiek, ikasleek, benetan ulertzen ari direla?
Ulermenerako Irakaskuntza Markoak lau elementu ditu...
Bai, Markoa lau elementuk osatzen dute. Horietako lehena hari eroaleak dira. Nire irakasle-lana gidatzen duten galdera handiak dira: norantz joan nahi dugu? Zer esan nahi du matematikoki pentsatzeak? Zergatik da garrantzitsua iraganean gertatutakoa ezagutzea etorkizuna zehazteko? Egiazki, zerumuga zabala eta diziplina bakoitzean dagoen aberastasuna erakusten digute.
Galdera handi horiek badituzte irizpide batzuk: barne-hartzaileak dira, motibagarriak dira (nola eman diezaiokegu zentzua irakasten ari garenari, ikasleentzat zentzua izan dezan?), funtsezkoak dira, eta publiko egin behar dira.
Zer esan nahi du hari eroaleak funtsezkoak eta publikoak izateak?
Alde handia dago ezagutzaren eta ulermenaren artean. Ulermenaz ari garenean eta funtsezkoak direla esaten dugunean, esan nahi du galdera horiek ez daudela soilik ezagutzara zuzenduta. Galderak zuzenduta daude, era berean, metodora, helburura eta komunikatzeko modura. Eta, azken horretan, komunikatzeko moduetan, bete-betean dator adimen askotarikoen kontu hori guztia. Ulertzen duguna komunikatzeko hainbat era daude, diziplina bakoitzak bere sistema sinbolikoa du. Haatik, zernolakoak dira gure ikasleengan erabiltzen eta sustatzen ari garen sistema sinbolikoak?
Galdera handi horiek ikasleekin partekatu behar dira, eta alda daitezke, ikasleek beraiek izan ditzaketen galdera handien eraginez. Gelako hormak balia ditzakegu galdera horiek publiko egiteko; ikusteko moduan jarrita, norantz joan nahi dugun adieraziko diete, eta zentzua emango diote ikasten ari garenari. Hari eroaleekin ere, ikasleak pentsatzen eta ikasten ari direna publiko eta ageriko egin behar dugu.
Zein litzateke bigarren elementua?
Mintzagai sortzailea da Markoaren beste elementu bat. Unitateari emango diogun izena da mintzagaia. Landuko dugun kontzeptu handia, ideia edo gertaera da. Mintzagai hori garrantzitsua da, duen ahalmen sortzaileagatik. Hau da, mintzaira sortzailea motibagarria da, funtsezkoa diziplinarako, eta beste diziplinekiko loturak eskaintzen ditu.
Mintzagai sortzaile horiek ateratzeko, honako galdera hau egin diezaiokegu geure buruari: zein da irakatsi behar dudan kontzepturik garrantzitsuena? David Perkins-ek dio hezitzaile batek bere buruari egin diezaiokeen edo erantzun dezakeen galderarik zailena hauxe dela: irakatsi behar dudan eduki-anabasa horretatik guztitik, zeri helduko diot benetan?
Markoaren beste elementu bat ulermen-jarduerak dira. Hari eroaleekin lotura dute, hau da: hari eroaleak eta ulermen-xedeak elementu beraren parte dira; baina hariak barne-hartzaileagoak dira, eta horixe da alde nagusia. Xedeak askoz ere zehatzagoak dira, eta beha eta neur daitezke.
Garrantzitsua da jakitea ulermen xedeak ez direla lehen jokabideen arloko helburu gisa ezagutzen genituen haien berdinak (aztertu, ondorioztatu, behatu, alderatu eta abar). Izan ere, ekintza horiek dira, hain zuzen, ikasleei ulermen-jarduerak lortzeko eskatzen dizkiegun ekintzak. Xedeak zein diren jakin nahi badugu, geure buruari galdetu behar diogu zer den ikasleek ulertzea nahi duguna, aztertu, behatu, ondorioztatu, alderatu eta abar egin ondoren.
Kontuan izan behar dugun galdera handia hauxe da: zer da nire ikasleek ulertzea nahi dudana, dudan denbora errealean?
Ulermen-jarduerek argiak izan behar dute, ikasleek (eta irakasleek) norantz doazen jakin dezaten. Ikasleei gauza asko egiteko eskatzen die eskolak, baina gauza horiek zergatik egin behar dituzten azaltzen duen arrazoi argirik ez dago: horixe da eskolaren arazoetako bat. Hau da, ikasleentzat zerumuga ez da argia, eta helburua ez da ezaguna.
Markoak ba al du elementuren bat, pentsamendua ageriko egiteko?
Elementu horiek ulermen-jarduerak dira. Zehazki, helburu ditugun ulermenak lortzeko ikasleei eskatzen dizkiegun urratsak dira.
Urrats horiek ulermena sakontzea ahalbidetzen dute, pentsamendua eta ikaskuntza ageriko egitea, eta ikasleari zer ulertu duen eta zer falta zaion erakusten dio.
Urrats horiek guztiek, neurri batean, mintzagaiari erantzuten diote, xedeei erantzuten diete, eta baita hari eroaleei ere. Ikus daitekeenez, gelan egiten ari garenari zentzua eta lotura ematea ahalbidetzen du horrek.
Ulermen-jarduerak sekuentzialak dira. Horien artean, beharrezkoak dira hausnarketarako tarteak, zer lortu dugun eta zer falta zaigun pentsatzeko.
Garrantzitsua izango da, beraz, egiten ari garenaren balorazioa...
Bai, noski, laugarren eta azken elementua da: etengabeko balioespena. Baina kontuz: etengabeko balioespena eta ebaluazioa oso desberdinak dira. Etengabeko balioespenaa berrelikadura ziklo bat da, ikasleari, eta hezitzaileari, bere lana nola ari den egiten eta nola hobetu dezakeen jakitea ahalbidetzen diona.
Nik esaten diet irakasleei epaile-kapela kentzeko eta ispilu bilakatzeko. Gure eginbeharretako bat gure ikasleentzat ispilu-lanak egitea da. Nola? Galderak eginez, aurrerago joatera gonbidatuz, besteekin eztabaida dezaten eskatuz, taldean lan eginez. Garrantzitsuena berrelikadurak ahalbidetzea da, non nagoen eta nola hobetu dezakedan ikusiz. Behar-beharrezkoa da irizpide argiak izatea. Bestela, gogoratu esan ohi dena: “Nora goazen ez dakigunean, edozein bide zaigu baliagarri”. Irizpideak denon artean eraiki baditugu, zer espero den lanaz jakin dezakegu, eta norantz goazen eta nola irits gintezkeen hara. Horrela, jada ez da irakaslea soilik berrelikadura eskaintzen duena, berrelikadura beste kide batek, gurasoek, aditu batek edo ikasleak berak eskain dezakete.
Hori guztia jakinik, ikasle eskastuak egiten ari garela, zergatik ez dugu ezer egiten hori aldatzeko?
Hezkuntzan aldaketak egitea oso zaila eta motela da. Sinesgaitza da, baina hezkuntza-sistema da urteetan gutxien aldatu den gauzetako bat.
Ni ez naiz ikertzaile izan, baizik eta irakasle. Selektibitatea bizi izan dut, ezinak, gaitegiak, programak, ikuskariak eta zuek egun bizi duzuen guztia. Ni eskola bateko zuzendari nintzenean, ebaluatzeko horren eskasa izango ez zen modu bat aurkitu arte kalifikazioak bertan behera uztea erabaki genuen. Sei hilabete pasatu genituen pentsatzen eta ebaluatzen, ez genuen lehenengoan asmatu, zirriborroak eta probak egin behar izan genituen. Presio askori aurre egin behar izan genion: imajina ezazue, sei hilabete kalifikazio eta notarik gabe! Baina, esperientzia horren alderik aberatsena zera izan zen: denon artean landu behar izan genuela. Laguntza izan genuen, baina guk geuk aurkitu behar izan genituen erantzunak. Esperientzia horretatik ondo ikasi nuen benetan gauza garrantzitsu bakarra egiten ari garenaz jabetzea eta gogoeta egitea izan zen. Ikasleak, berriz, notez gain, ikasteko beste arrazoi batzuk badirela ikusten hasi ziren.
Ikasleak erakartzeko garrantziaz hitz egin diguzu...
Alde hori oso garrantzitsua da. Beharbada, nahikoa lehorra izan ninteke ni, baina nire lankideak ikasleengana iristeko modu berezia izan dezake. Zergatik ez berarekin aritu, talde lanean? Ulermenerako Irakaskuntza Markotik zerbait ikasi banuen, hausnarketaren eta taldean lan egitearen garrantzia izan zen.
Hausnarketa horri metakognizioa dei diezaiokegu: pentsatzea eta pentsatzen ikastea; eta funtsezkoa da ikasten ari garenaz hausnarketa egitea eta zalantzan jartzea.