Zer da Proyecto Cero, eta zer lotura duzu erakunde horrekin? Proyecto Cero ez da egitasmo bat ­eta ez da zero. Harvard Unibertsitateko Graduondoko Hezkuntza Eskolako hezkuntza-ikertzaileen erakunde bat da. Nik neuk lotura informala dut erakunde horr

2011-12-01
Ikasgelarako proiektuak ­prestatzen ditudanean, umeen gustuak kontuan izaten ­saiatzen naiz; hala ere, batzuk beste batzuk baino errazagoak suertatzen zaizkit. Horregatik, denbora luzea eman nuen ume batzuk nola erakar nitzakeen pentsatzen, goiz batean, ­biribilean, ideia sortu zen arte. Eta espazio-ontzi bat egiten badugu?
Ideia eroso kokatu zen nire buruan, eta, kalean edo ­ikastolako pasabideetaan pasatzean, espazio-ontzi bat egiteko baliagarri izan 
zitekeen zerbaiten bila aritzen nintzen beti. 
 
 
Eguerdi batean, ikastolako zarama birziklatzeko lekuan, bi kutxa handi eta gogor zeuden nire zain. Horiekin espazio-ontzia egin genezake! Baina gehiago behar nuen. Beste kutxa bat behar nuen, astronauta bat egin ahal izateko. Hirugarrena kalean aurkitu nuen, emakume batek eskuetan zeraman, birziklatzeko edukiontzira botatzeko! Hurbildu nintzaion, eta era guztietako azalpenak eman nizkion kutxa hura eskatzeko. Bost minutu geroago ikastolako bidean nengoen, bihotza taupadaka eta kutxa nire eskuetan.
Benetako unea heldu zen
Asteleheneko biribil horretan, bi kutxa handi jarri nituen umeen aurrean; ­lehenengo une horiek ez dira errazak; norberak badaki zer landu behar den, zer dagokion adinaren arabera, 2, 3, 4 ­edo 5 urteko gelan; baina, nola landu? Nola jorratu bide horiek? Nola heldu ­umeengana? Nola ez galdu umeen eta nire itxaropenak? Nola gorde beti bihotzean ikasteko poztasun hori? Ez da ­erraza. Egunero landu behar da hori. 
Baina, espazio-ontziaren ideiarekin guztiak ados ez badaude, ez bada onartzen, agian pentsatutakoak ez du balio, eta berriro hasi behar. 
Horregatik, kutxak haien aurrean zeudenean, nire galderak, nire itxaropenak, nire zalantzak eta beldurrak bide berean zeuden, denek parte har zezaten.
- Zer dira?
- Nolakoak dira?
- Gustatzen zaizkizu?
- …
Umeen erantzunek –udaberriko euria bezala, bat-batekoak dira– dena bustitzen dute. Ez dute arazorik; altxatu egiten dira; ukitu egiten dute; mugitu ­egiten dira; haien artean elkarrizketak sortzen dira… eta, gero, tutoreak dio, ­ilusio handiz:
- Zer egin genezake bi kutxa hauekin?
Arrapaladan datoz erantzunak, ­adostasunak eta eztabaidak: sofa bat, ­etxe bat, Van Gogh-en irudi bat, kamioi bat, jirafa bat; “nave espacial” bat… Bai, espazio-ontzi bat –irakaslearen eran­tzunak alde hezitzailea du beti–. 
       Hurrengo pausoan, eskolako ohiturari jarraituz, haien begi aurrean idatzi genituen ideia guztiak, eta, gero, une garrantzitsuena iritsi zen: bozkatu egin behar zen. Autoaren ideia eta espazio-ontziarena parekatuta egon ziren, eta, azkenean, puntu bakar bateko abantailaz, espazio-ontziaren ideiak irabazi zuen. (Ez zen izan nire puntua, nik ez baitut bozkatzen).
Kutxa horiek egun batzuk pasatu zituzten gurekin, ikasgelako umeek ikusi, ukitu eta mugitu ahal izateko nahiz berorietan jesarri ahal izateko.
Lehenengo pausoa eman behar genuen: arbelean, begi distiratsu haien aurrean, paper handi eta zuri bat kokatu genuen. Eta, gero, elkarrizketa sortu zen. Ea, zer dakigu izarrei buruz? Eta ­Eguzkiari buruz? Eta… Indartsuak eta ­alaiak izan ziren haien erantzunak, denak ­arrazoibidez jantzitakoak. 
Harrigarriak dira beti haien erantzunak. Zenbat dakiten! Esandakoak idatzi egin genituen; bukatu ondoren, ikasgelako lan-txokoan geratu ziren.
Orduko hartan ere ezinbestekoa nuen gurasoen laguntza, eta, ohar-liburuetan, etxera eraman zuten informazio-eskaera.
 
  Laster iritsi ziren erantzunak. Berehala, denbora laburrean, informazio asko eta era askotarikoa heldu zitzaigun ­ikasgelara: liburuak, aldizkariak, jostailuak, puzzleak, argazkiak, Internetetik ateratakoak, denetarik.
Mikelek ekarritako espazio-ontziak eta hiru astronautek, Collins-ek, Armstrong-ek eta Aldrin-ek, arrakasta handia lortu zuten. 
Muntatu ondoren, ikasgelako mahai batean jarri zen. Espazio-ontzia eredu izanik, marraztea proposatu nien.
Ez dakit zer izan zen onena, marrazkiak ikustea edo haien elkarrizketak entzutea.
Umeek egindako espazio-ontziek beren lekua irabazi zuten, bai ikasgela barnean bai pasabidean. 
Aurrera goaz…
Umeak gogo biziz zeuden. Ikasgelara sartu bezain laster, hantxe zeuden bi kutxa handi horiek. Eta, biribilean, lehenengo jarduerak egin ostean -zerrenda pasatu, denboralizazioa, eta abar-, gaiari heltzen genion.
Informazioa berrikusi egin genuen, ­eta, ikasitakoaren arabera, aldaketak ­egiten ziren. Guztien ideiek zuten lekua, paper zati handi eta zuri hartan: ­Eguzkia handia da; planeta asko daude; gure planeta Lurra da…
Poliki-poliki, gure proiektua bere bidea egiten hasi zen. Beste gela batera joan ginen, munduko bola baten bila. ­Ikasgelan, mundu-mapa bat dugu (Petersena), baina, munduaren benetako forma ikusteko, ezinbestekoa egiten zitzaigun munduko bola bat izatea.
Elkarrizketa hartan eta munduko bola aurrean izanik, gure inguruan dauden beste planeta batzuk pitin bat hobeto ezagutzeko, zer egin genezakeen zehaztu genuen. Baina, akordio guztiak elkarrizketen ondorio dira, eta horrelaxe hasi zen gurea:
- Espaziora joan gaitezke!
- Bai.
- Nola?
- Espazio-ontzi batean sartuta.
- Bai.
- Baina, agian, arnasa hartzeko zerbait beharko dugu han kanpoan...
- Ez, ez dugu ezer behar.
- Ni joan naiz, nire amarekin, eta lasai asko joan gara...
Interneten, espaziora nola joan beharko genukeen ikusten hasi ginen,  astronautek zergatik behar dituzten jantzi berezi horiek hobeto ulertzeko.
Eta lanari ekin genion. Egunero, planeta bat aukeratzen genuen. Lehenengo, horri buruz genekienaz hitz egiten genuen; gero, Interneten bitartez, haren irudia ikusten genuen, eta haren soinua entzuten. Unerik garrantzitsuena heltzen zen gero: astronautaz “janzten” ginen, ikasgelako argiak itzaltzen ziren, eta, planetak ateratzen duen soinua entzuten genuen bitartean, mugimendu leunez, ikasgelan zehar mugitzen ginen, alde batetik bestera lasai, gure Astro panpina artile zati batez eskegita eta mantalaren aurreko aldean espazio-ontzi txiki bat itsatsita genuela.
Azkenean, ikasgelako txoko batean, gure Astrok (panpina) planetei buruzko ezaugarriak kontatzen zizkigun: nola mugitzen den Lurra edo Eguzkia; zer planeta dagoen urrunago; zer kolore ikusten diren; non dagoen bizitza, eta non ez; nolakoa den espazioa; kolorerik baduen; espazioan zergatik flotatzen dugun…
 
Horrela, gure eguzki-sistema zabaltzen hasi zen, ikasgela barruan.
Eguneroko bidaia berezi hori egin ostean, bi motatako lanak egiten hasten ginen. Umeak talde txikitan banaturik, batzuk eguzki-sistema egiten hasi ziren, gero pasabidean jartzeko: espazioa, planetak, izarrak…
Bestalde, lan-txokoan, nor bere liburuxka egiten hasi zen.
 
Liburuxkaren bitartez, honako hauek lantzen genituen: irakurketa eta idazketaren hurbilketa; matematikari dagozkion kontzeptuak; esku-trebetasunak; saiakera; haien arteko harremanak…
Baina, geure bideari jarraitzen genion guk, eta hasieran liburuxka horretan programatu gabeko beste ideia batzuk txertatu genituen; horren arabera, kontzeptu berriak sartu genituen: zer behar den izarrak ikusteko; zergatik flotatzen dugun espazioan…
Erantzunak bilatzeko eta gure lana ulerkorrago egiteko, aita baten bisita ­ere izan genuen. Katalinen aitak, jolas baten bitartez, grabitatea zer den azaldu zigun.
Gainera, ekarritako informazio guztia umeen eskura zegoen beti, nahi zuenak ikusteko, kopiatzeko, jolas egiteko edo marrazteko.
Egunero, gure lana aurrera zihoan, presa barik. Planetak ikusi genituen, eta modu askotan azaldu genituen gure ­koadernotxoan.
Planeta bakoitzeko ezaugarri bat aukeratzen genuen, eta, gero, idatzi egiten genuen, edo kopiatu, edo hizkiak bilatzen genituen. Gainera, planeta bakoitzak bere ezaugarriak dituenez, hainbat modutan irudikatu genituen: plastilina erabiliz, collageak eginez, marraztuz, margotuz, paper zati politak ­jarriz…
Zoragarria izan zen eguzki-sistemara egindako bidaia.
Kanpoko eta barruko eguzki-sistema bukatu eta gero, gure espazio ontzia egin behar genuen, eta, logikoa denez, gure astronauta-jantzia ere egin genuen. Horretan aritu ginen egun batzuetan: neurria hartzen, koloreak aukeratzen, gure espazio ontziari izen bat bilatzen…
Bien bitartean, ikasgelako erritmoak berean jarraitzen zuen: jolasak ez du galdu behar duen garrantzia.
Eta, gurean, beti daukagu denbora artista moduan aritzeko.
Horrelaxe joan zen eguzki-sistemara egindako bidaia. Umeen indarrak, ­ikasteko gogoa, barreak, ideiak, ilusioak nireekin dantzan aritu ziren hilabetean. Eta, azkenean, eguzki-sisteman ­egon ginen.
Bidaia guztiek beste bidaia berezi batzuk ekartzen dituzte, eta gureak Kandysky-rengana eta Müller-engana eraman gintuen.
Bukatu eta gero, eguzki-sistema txiki bat geratu da ikasgelan. Kanpoan jarritakoaren elementuak ikasgelako hormetan banatuta daude. Etxe-txokoan, espazio ontziak bere lekua topatu du, eta gure astronauta alfonbran bertan dago.
Orain, gure ikasbidaia honetan, Pablo Picasso-rekin egin dugu topo, eta, gero, Joan Miró, Pollock eta, bost urteko gelan, norberak gustuko dituenak izango ditu zain.
Oharra: 
Proiektua, berez, luzea izan zen. Dena ­dela, horretaz gain, proiektu bat egiten dudanean, sortzen diren ideia berriei lekua uzten saiatzen naiz beti; bestalde, ez dut inoiz bukatzeko presarik izaten, bidean beti ikasten baita.
Horregatik, proiektuaren egitura edo umeek egindako lanaren emaitza ezagutu nahi ­badituzue, dokumentazio eta argazki gehiago bidaltzen dizkizuet.
Espero dut zuen gustukoa izango dela. Guk primeran pasatu dugu!