Kosmodisea, abentura lantaldean

2011-12-01

Kosmodisea Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berrikuntzaren eta Jakintzaren Gizartea deritzon departamentuaren ekimena da, eta aurten 5. aldiz egingo da. Kultura ekintzailearekin eta digitalarekin bat datozen ­gaitasunak sustatzea da Kosmodisearen helburua, talde lanaren bidez eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak erabiliz. Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Heziketa Zikloetan dabiltzan ikasleei zuzenduta dago ­ekimena. 

 
 
Gaur egungo jendartean, jarrera ­ekintzailea izateak garrantzi handia du hainbat balio lantzeko: sormena, norberaren buruarenganako konfiantza, ­ekimena, malgutasuna, talde lana, tolerantzia, analisirako gaitasuna, ahalegina, kritikarako gaitasuna, nahimena, hausnarketa, lidergoa, jarraikitasuna, hutsegitearekiko tolerantzia, gatazkei aurre egiteko gaitasuna, jendartearekiko erantzukizuna etab. Gainera, bestelako trebetasunak funtsezkoak dira ­ezagutzaren gizartean, eta Kosmodiseak, talde lanaren laguntza baliatuz, balio eta trebetasun horiek bultzatu nahi ditu.
Kosmodiseak ikasleei planteatzen dizkien eginbeharrak aurrera ateratzeko lagungarriak dira IKTak. Kosmodiseako wikian talde lanaren nondik norakoak azalduko dira, eta blogetan burutzen diren lanak argitaratuko dira. ­Ideiei buruzko hainbat produktu egingo dira, bideoak, argazkiak eta ahotsak editatzeko programekin. Era berean, ondo pasako dute simulagailuarekin. Tresna horiekin lan egiten duten bitartean, hainbat trebetasun lantzeko eta gaitasunak barneratzeko lehen urratsak ­emango dituzte ikasleek.
Beraz, webeko elkarlanerako jolasa da Kosmodisea. Ikastetxe bakoitzeko geletan talde lana eta ikastetxeen arteko lana ahalbidetzen du. Ekimenerako gaitasunaren alde guztiak barneratzen dituen egitasmo baten garapenean lan ­egitea proposatzen da (diagnostikoa, ­ideien proposamena, haien garapena, haien lorpenen eta eraginen ebaluazioa), ekintzailetasun kulturaren inguruko balioak lantzeko. Ikasturtearen dinamikan txertatutako sistemak honako hauek ahalbidetu nahi ditu:
- Ikasgai guztietako irakasleen parte hartzea.
- Ikasleen autogestioa (ideia eta egitasmoen proposamena, egitasmoen garapena, erdietsitako lorpenen eta burututako lanen banakako ebaluazioa eta kanpo ebaluazioa).
- IKTen erabilera trinkoa.
- Ikasleek, irakasleek eta eskolek berek egindako ahaleginaren ezagutza soziala, ekitaldi berritzaile baten bidez.
- Kanpoko laguntza talde baten sendotzea. Talde hori antropologian, pedagogian, IKTetan, antolakuntza kulturan, jolas didaktikoetan eta abarretan adituak diren pertsonek osatzen dute.
Informazio gehiago: 
www.kosmodisea.net