Hezkuntzatik eskaintzeko duguna

2011-12-01

Zabal daitezkeen aukera berrien aurrean hezkuntzan jorratuta ditugun hainbat proposamen berrartzeko unea da.

 
 
Euskal Herrian egun eskaintzen dugun hezkuntzari argazkia aterako bagenio, argazkia baino puzzle itxura handiagoa izango luke irudiak.
Alde batetik Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatuko lukete puzzlearen pieza bat. Espainiako legeriaren eta ­curriculumaren pean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zuzentzen ditu lurralde horietako hezkuntza jardunak.
Bigarren pieza Nafarroak osatuko luke, Espainiako Hezkuntza Sistemaren mende hori ere. Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentua da bertako hezkuntza arduraduna. Nafarroa, era berean, zatikatua ­azalduko da, eremu euskaldunean, mistoan eta eremu ez-euskaldunean.
Eta hirugarren pieza, Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak osatuko dute. Frantziako estatuaren legeriaren eta curriculumaren mende. Hezkuntza Akademiak kudeatzen du herrialde horietako hezkuntza departamendukide dituzten Pirinio Atlantiarreko gainerako lurraldeen antzera.
Ondorioz, euskaldun bakoitzak, bizi garen lurraldearen arabera, izango dugu eskola egutegia, eskola ibilbidea, curriculuma, euskararen trataera, hizkuntza-ereduak, eleaniztasuna eta eskolari bete-betean dagozkion antzeko gaiek. 
Krisiak astindu ditu gure eskolak. ­Era berean, krisi ekonomikoak argitara ­ekarri ditu azpian soma zitezkeen beste krisi batzuk.
Krisi une guztietan gertatzen den gisan, une honetan ere aukera berriak zabaldu daitezke. Zaharkituak eta estuak geratu diren eskemak eta ereduak berpentsatzeko abagune aproposa izan ­liteke. Hezkuntza administrazioetatik ezartzen diren hizkuntza politiken ­aurrean jendarteak agertzen duen nahia edota azken hauteskundeetako emaitza sindikalek erakusten dituzten joerak adibide batzuk besterik ez dira, jendarteak dituen jomugak eta administrazioek dituztenak ez doazela bide berean adierazten duten lehen zantzuak, akaso. 
Une historikoak bizitzen ari gara, baita herri gisa ere. Hezkuntzan gabiltzanoi ere tokatzen zaigu abiatu den uholde horri gure ekarpena egitea. Ez dugu zerotik hasi behar, etxerako lan batzuk eginak ditugu. Hor daude, esaterako, hezkuntza arloko hainbat eta hainbat partaidek eta eragilek babestu zuten Oinarrizko Hezkuntza Akordioa, Euskal Curriculuma edo Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko  Euskararen Kontseiluak eginiko proposamena.
Haize berriak harrotu omen dira eta hezkuntzaren normalizazioak aldekoak izan ditzake. Hasitakoak berrartzeko tenorea da. Norbaitek esan bezala: “Euskal Herria eraikitzeko ezinbesteko zutabe dugu hezkuntza. Ezinbestekoa dugu gure hizkuntza eta kultura ziurtatuz, herri garapen jasangarrian, parekidetasunean, justizia sozialean oinarritutako jendartea eraikitzea bermatuko duen Hezkutza Sistema Nazionala antolatu eta martxan jartzea”. Horra hezkuntzatik eskain dezakeguna!