Eskoletako jantokietako kudeaketa zuzenak ba al du eraginik gure ikasleen elikaduran eta osasunean?

2011-12-01

Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez ­agindu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetako jantokiak kudeaketa zuzenera pasatzea. Horren ondorioz, catering etxeek hornitzen dituzte eskola horietako jantokiak.

 
 
Ordutik, paralelotasun handia dago eskoletako jantokiek eta nekazaritzak egin duten bideen artean. Bietan, denek berdin jan behar dugula dioen ­ideia gailendu da. Haren izenean, ­ahaztuz joan gara tokian tokiko produktuak, elikadura-ohiturak, eta abar.
Kudeaketa zuzenak eskolei garbitasunerako, jangelarako eta zaintzarako laguntzak eskaini zizkien. Horren ondorioz, eskolek jada ez dituzte haien menuak prestatzen, ez dute erosketarik egiten, ez dute janaririk prestatzen. Cateringak hartzen ditu bere gain lan horiek guztiak, eta elikaduraren uniformizazioa gauzatzen joan da.
Kudeaketa mota horrek zerikusi zuzena du eskoletan gero eta gehiago agertzen diren alergia eta intolerantzia kasuekin. Osasun-arazo handiak agertzen ari dira, birusen aurkako erresistentziak... prozesuak asko korapilatzen dira. Jada ezin diete haur guztiei ­otordu bera eskaini. Haur batek menu bat behar du, beste batek beste bat. Eta hori ez da errentagarria cateringentzat.
Etorkizuna izate aldera, nekazariak inbertsio handiak egitera, industrializatzera, mekanizatzera, produktu bakarrera espezializatzera eta abarrera derrigortuz, nekazaritza eredu jakin bat garatu da. Eredu horren ondorio dira klima-aldaketa, uraren eta lurraren kutsadura, eta gero eta osasun arazo ­ugariagoak. Urte hauetan, milaka baserritarrek utzi dute beren jarduna, eta mundu guztian gertatu da hori. Diru-­laguntzen truke, hori ere.
Laguntzak tranpa izan dira, bai eskolentzat eta baita baserritarrentzat ere. Nekazaritza-eredu horretan baserritar asko sartu zen moduan, ia eskola denak sartu ziren kudeaketa zuzenean. Diru-laguntza horiek derrigortu egiten gaituzte era batera produzitzera, gutxieneko inbertsio batzuk egitera, eredu bat garatzera, espezializazio mota batera, gure ekoizpenen salmenta beste batzuen esku uztera.
Diruz laguntze hori errenta bihurtu da askotan, ordea. Eskolarentzat eta baserritarrentzat sortu den eredua erabat mendekoa da. Dena kanpoan erosi behar da. Nekazaritzaren kasuan, ezin dituzu zure haziak izan, ezin dituzu kontserbak egin eta auzokoarekin trukatu, etab. Erosi egin behar dira haziak, ongarriak, eta abar.
Eredu horiek elikaduraren eta elikagaien gaineko desinformazioa ekarri dute. Lehen esaten zen hirietako haurrek ez zekitela esnea nondik zetorren, tetrabrikean ikusten baitzuten soilik. Gaur egun, herri txikietako haur askok ez dute identifikatzen platerean dutena oilaskoarekin. Izan ere, bularkiak izaten dira beti, ez dituzte hegoak edo izterrak aurkituko menuan. Oilaskoa bere zati guztiekin banatzeko ohitura galdu egin dugu.
Hori gertatzen bada herri txikietako haurren artean, pentsatu zer gerta litekeen hiri handietako haurren artean. Horraino heldu gara.
Kalitatea ulertzeko moduak
Gaur egun, uraza batean barraskilo bat topatzea osasun-arazo bihurtu da. Lea-Artibaiko eskolako jangelako cateringa aztertu genuen: menuak, nutrizio-arloa, eta abar. Jangela horretan, janaria prestatzeko erabiltzen diren produktu guztiek kilometroak eta kilometroak egiten dituzte haien jatorritik sukaldera iritsi arte. Produktu gehienak ­oso urrunekoak dira. Produktu horiek, ordea, kalitate-arauak betetzen dituzte, denek. Arau horiek distribuzio-kate eta denda handien neurrira eginda daude, horixe da koska. Hori da kalitatea eta hori da elikadura-segurtasuna.
Guretzat, berriz, nola produzitu den, lurrak eta landareak berak zein zaintza izan duen, landu duen pertsonak zein zaintza izan duen, zein animalia mugitu diren hor, zein ongarri erabili den, zenbat kilometro egin dituen jatorritik sukalderaino, zer banaketa mota dagoen, osasun-sistema hori jasangarria den eta etorkizuna duen ala ez ­ezagutzea, horixe da kalitatea. Adibidez, Markinako eskola-kudeaketa zuzenean sartu zenean, berehala hasi ziren okelaren gaineko kexak. Markinan okela asko dago, eta okela jateko ohitura handia. Cateringak kexei eman zien erantzuna mikrobiologikoa izan zen, produktuak oso kalitate ona zuela esan zuten. Eta hala zen, legez ezarritako kalitate-arau guztiak betetzen baitzituen. Okela Poloniatik ekartzen zuten, kameretan eta hainbat kontserbazio-sistema erabiliz.
Elikadura-burujabetza, gure aukera
Elikadura, eskubide baino, negozio bihurtu da gure jendartean. Horren aurrean, munduko nekazari asko biltzen dituen “Via campesina” elkarteak elikadura-burujabetza bultzatzen du, eta hori da gure aukera.
Hitz egin dezagun arduratzen gaituzten gauzez: osasuna, nutrizioa, lan-baldintzak, baserritarren iraupena, ingurumena, prezio merkeak, geroa izatea, eta abar. Hori guztia da elikadura-burujabetza. Gai horiez guztiez hitz ­egin behar dugu guztion artean, eta erabaki egin behar dugu, zer egin nahi dugun erabaki behar dugu; politikoki eragin behar dugu, adostutako bide horretan gauzak aldatzeko. Horrela ulertzen dugu guk burujabetza, eta hori da gure aukera eta etorkizuna.
Elikadura-burujabetzaren bidez herriko ekonomia sustatzea lor dezakegu. Munduko beste hainbat lekutan ­egin diren ikerketek argi utzi dute –Lea-Artibain egin genuen ikerketak utzi zuen bezala– 30 familiak baserritar bat manten dezaketela, gaur egun ekoizten duena kontuan hartuta.
Eskola burujabea bada eta erabaki badezake erosketak kudeatzea, pentsa ezazue zer suposa dezakeen horrek herriko okindegiarentzat, harategiarentzat, denda txikiarentzat, eta abar. Gure herriko motor izatea ez ezik, gure inguruko herrietako motor izatea ere lor dezakegu. Zalantzarik gabe, lanpostuak sortuko lirateke bide horretatik.
Elikadurarekin harreman zuzena ­izatea lortuko genuke, eta, elikadurari dagokionez, informazioa eta heziketa ere lortuko genituzke, egiten ari garen bide honetan atzera eginez.
Baserritarrak prest gaude laguntzeko, elikagai guztiak bertakoak izan daitezen eta ekologikoki ekoitz daitezen. Hala ere, eskoletan lan handia dago ­egiteko. Sukaldeko langileak ohitu ­egin dira jaki izoztuetara, elikagaiak ez zuritzera, eta abar. Begiraleei ere lan handiagoa eskatuko die. Izan ere, egun askotan haurren gustukoak diren elikagaiek soilik osatzen dituzte eskola-­menuak, ez dira ematen zuritu behar diren fruituak, zuritzeak aparteko lana eskatzen duelako, eta abar. Gauza horiek denek badute konponbidea, baina atal bakoitza landu behar da, eta, horretarako, ezinbestekoa da langileak prestatzea, sortutako ohiturak eta dinamikak alboratzeko. Egunero milioi bat otordu ematen dituen Frantziako departamentu batean egin dute; hemen ere posible litzateke, beraz.