Eskolak gutxi batzuentzat izaten jarraitzen du, baina denei eskaintzen zaie

2012-11-01
Hik Hasi-k Francesco Tonucci (Fano, Italia, 1941) psikopedagogo eta marrazkilaria elkarrizketatu zuen Erroman, joan den irailean. Haurren garapen kognitiboaren eta heziketa metodoaren arteko harremana aztertu du Tonuccik, eta bere ikerketak hainbat liburutan jasotzeaz gain, komikigintza ere  baliatu du, Frato goitizena erabiliz, bere kezkak eta gogoetak zabaltzeko umorearen bidez.
 Haurren Hiria izeneko egitasmoarengatik da ezagun batez ere Tonucci. Hirien antolakuntza haurren behar, eskubide eta ezaugarrietara egokitzea proposatzen du 1991n sorturiko proiektu horretan, bi helburu zehatzekin: haurra hirian zehar bere kasa eta helduen kontrol zorrotzetik libre mugitzeko autonomia bermatzea –horren barruan, haurrak eskolara bakarrik joateko proposamena garatu du–, eta haien parte-hartzea sustatzea hirietako haur kontseiluen bidez. 
Eskolaren, haurren bizipenen eta hiriaren arteko harremana da Tonucciren kezka nagusietako bat. Haren iri­tziz, haurtzaroa bizitzeko arazoak dituzte gaur egungo haurrek: “Goiz jasotzen dituzte helduen ezagutzak, baina erabat heldugabeak dira beren kasa mugitzeko eta moldatzeko hirian”. Halaber, umeek eskolan ikasitakoa ez dator bat eskolatik kanpoko esperientziarekin. Haurrek ikasgelatik kanpo dituzten bizipenak eskolara eramatearen ­eta beste ikaskideekin lantzearen aldekoa da pentsalari italiarra, baina horretarako ezinbestekoa deritzo haurrek esperientzia propioak bizitzeko askatasuna eta denbora librea izateari eta “umeei entzun egingo dien” eskola ­eredu bat eratzeari.
Tonuccik elkarrizketan esandakoen interesa dela medio, bi zatitan banatu dugu. Heziketa metodoaz eta eskola ereduaz esandakoak jaso ditugu zenbaki honetan, eta haurren eta hiriaren arteko harremanari buruzkoak eskainiko dizkizuegu abendukoan.
 
 
Haurren bizitzako lehen urteak bereziki garrantzitsuak direla diozu. Zergatik?
Haurren garapena ulertzeko bi modu daude, eta bata edo bestea izan, heziketa ulertzeko modua ere ezberdina da. Ideia zahar baten arabera, haurrak edalontzi hutsak dira eta heziketaren zeregina da haiek betetzea. Umea jaio­tzean zerotik hasten da, ez daki ezer ­egiten, eta babestu beharreko animalia zauritu bat da. Haurra hazi ahala gora egiten du bihurguneak, eta umeak 6-8 urte dituenean gertatzen da hazkunderik azkarrena. Garai batean ­‘arrazoimenaren adina’ deitzen genion ­adin tarte horri, orduan ezartzen baititugu oinarrizko irakaspenak, hala kulturalak nola erlijiosoak. Teoria hau, nahikoa zaharra izanagatik, bada oraindik helduek ­eta instituzioek haurtzaroa uler­tzeko duten moduaren adierazgarri. Horren arabera, bizitzako gauza garrantzitsuenak ondoren etortzen dira beti, bihurgune horretako puntu bakoitzak aurrekoa gainditzen du eta hurrengoaren azpitik dago. Horrek esan nahi du Haur Hezkuntza ­Lehen Hezkuntzaren prestakuntza dela, eta Lehen Hezkuntza Bigarren Hezkuntzarena... eta horrela unibertsitatera heldu arte. Horrek hierarkia bat sortzen du, hots, haur txikienekin lan egiten duten helduei garrantzi txikiagoa aitortzen zaie eta ondorioz gutxiago kobratzen dute, lan ordu gehiago izan arren. Italian bederen, Haur Hezkuntzako irakasleek lan ordutegi zabalagoa dute, baina Lehen Hezkuntzako irakasleek baino soldata txikiagoa jasotzen dute, eta Lehen Hezkuntzakoek Bigarren Hezkuntzakoek baino txikiagoa. Gehien irabazten dutenak unibertsitateko irakasleak dira, lan ordu didaktiko gutxien izan ­arren.
 
Zu ez zatoz bat ideia horrekin.
Ez, okerra delako. Plutarcok esan zuen erretzen den egurra bezalakoa dela adimena. Errealitatetik gertuago dagoen irudia dela iruditzen zait. Erre­tzen den ­egurra osorik eta aldi berean ­erretzen da, eraldatzen joaten da. Edalontziaren teoriaren arabera, ideiak gainjartzen dira haurraren adimenean. Hori dela eta, eskoletako proposamen didaktiko tradizionalek diote ideia ­errazenetatik hasi behar dela haurra hezten. Irakasleek uste dute badirela ­errazago barneratzen diren nozioak, oinarrizkoenak, eta haiek sendotu ostean etorri behar dutela besteek, gradualki.
Sistema horrekin, irakasleak aukera du denbora tarte bat igaro ondoren ­edalontzia zenbat bete den neurtzeko. Horren atzean, berdintasunaren ideia dago. Hau da, onartzen da abiapuntuan ikasle guztiak hutsik daudela, eta hortaz, berdintasun egoeran. Hortik dator irakasleek esan ohi duten esaldi ezagun hori: “niretzat ikasle guztiak berdinak dira”. Berdinak dira inork ez dakielako ezer. Irakasleak bere jakinduria, bere ezagutza eta bere kultura jartzen ditu ikasleen zerbitzura, ­eta denak maila berean tratatzen ditu. ­Horrela, irakasleak neurtu ahal du ikasle bakoitzak zein etekin atera ahal izan dion bere proposamen didaktikoari. Ikasle batek ez badu edalontzia bete, edo ez badu besteen neurri berean bete, errua ikaslearena da, edo hari laguntzen asmatu ez duen familiarena. 
Jakina, hori dena faltsua da. Bada mende bat Psikologiak lagundu digunetik ulertzen alderantziz dela, ez direla edalontzi hutsak, umeek jakin badakitela, eta gauza asko gainera, baina ez dakigu zer. Hortaz, bihurgunearen kontrako bilakaera gertatzen da, jaio­tzen den momentuan, edo are lehenago, izaten da haurraren garapenik azkarrena, eta garrantzitsuena ez da zer ­etorriko den ondoren, lehenago gertatu dena alferrik ez galtzea edo xahutzea baizik. Beraz, heziketa prozesuaren lehen momentuak dira garrantzitsuenak, orduan jartzen baitira ondoren etorriko dena eraikitzeko zoruaren zimentuak, eta ondorioz, hor jarri behar ditugu irakasle onenak eta prestatuenak lanean, eta soldata altuenak ere haiek jaso behar dituzte.  
Nire hipotesiaren arabera, umeak bere ahalmenen %80 garatua du 6-7 ­urterekin eskolako gelan sartzen dene­rako.
Haatik, gaur egun 2-3 urterekin hasten dira eskolan, edo 4 hilabeterekin haur eskolan.
Bai, askotan familiari laguntzeko ­arrazoia dago horren atzean, eta ez haurren garapena, zoritxarrez. Gai korapilatsua da, lanerako eskubidearekin zerikusia duelako. Gure herrialdeetan uste dugu lanerako eskubidea dela eskubiderik garrantzitsuena eta ukitu ­ezin den bakarra. Nire iritziz, tamalgarria da. Italiako Konstituzioak bere lehen artikuluan dio lanaren gainean sorturiko errepublika demokratikoa dela Italia. Horrek esan nahi du lanari aitor­tzen zaiola gure herritartasunaren mailarik gorena. Horretaz eztabaidatu beharko genukeela uste dut. Adibidez, haur bat jaiotzen denean ia inoiz ez da aldatzen gurasoen langile egoera; inguruko beste guztia egokitzen da haurraren presentzia lagungarriagoa egitearren, baina gurasoek ez diote langile ­izateari uzten. Alderantziz beharko lukeela uste dut, haurraren presentziak ­izan beharko luke ardatz nagusia eta aldatu beharko luke langileen egoera. 
Italian nahiko garatuta daude zenbait eskubide: emakumeek soldata ­osoa jasotzen dute lehen sei hilabeteetako amatasun bajan, eta aukera dute beste sei hilabete luzatzeko, soldata murriztuarekin baina lanpostua gordetzeko bermearekin. Eta hala ere, gu­txiegi dela uste dut. Beharko genuke haur bakoitzeko urtebete amarentzat, eta ama bakoitzeko urtebete haurrarentzat, biek elkar goza ahal dezaten. Jaiotza tasaren jaitsiera horrekin lotuta dago. Hala balitz, ez genuke haur zerbitzuen horren behar goiztiarrik izango. Gaur ­egun haur eskolak 12 orduz ­egoten dira zabalik gurasoek hala eskatzen dutelako, ez haurren beharra delako.
3 eta 6 urte arteko haurrek bereziki kezkatzen zaituzte. Zergatik adin tarte horretan?
Zerikusia du derrigorrezko hezkuntzaren hasierako adinarekin. 6 urterekin hasten direnean kezkak sortzen dira. Italian asko eztabaidatu dugu haurrak 5 urte dituenean egin beharrekoari buruz. Batzuek proposatzen dute derrigorrezko hezkuntzaren hasiera adin horretara aurreratzea, lehen hezkun­tzari aurre egiteko hobeto prestatuta ­egon daitezen haurrak. Ni beti egon naiz horren kontra, horrek ­ekartzen duelako umea urtebetez Haur Hezkuntzatik ateratzea eta Lehen Hezkun­tzan jartzea, idatzi eta irakurtzen ikasi aurreko prestakuntza jasotzeko. 
Italiako Haur Hezkuntza baina, nazioarteko hainbat azterketaren arabera, munduko onenetakoa da. Aldiz, gure ­Lehen Hezkuntzak,  60-70eko hamarkadetan maila altukoa zenak, erdipurdiko maila du gaur egun, eta Bigarren Hezkuntzan hirugarren munduko herrialdeen ­pare gaude PISAko rankinetan. Hortaz, akatsa iruditzen zait Lehen Hezkuntza ­lehenestea Haur Hezkuntzaren aurretik, azken hori baita ondoen funtzionatzen duena. Eta umearentzat esperientziarik ­aberasgarriena, intentsoena Haur Hezkuntzakoa da. Hortaz, ez dut begi onez ­ikusten Lehen ezkuntzaren hasiera 5 urtera aurrera­tzea. Ez da kasualitatea PISAko rankinen buruan dauden herrialdeetan (Finlandia, Suedia, Norvegia...) haurrak 7 urterekin hastea Lehen Hezkuntzan. Horrek adierazten du garrantzitsuena ez dela adina aurreratzea, proposamenaren kalitatea baizik.
Haurrek beren bizipenak eskolan partekatu behar dituztela aldarrikatzen duzu.
Ez da nik asmatutako ideia. Jakina denez, Celestin Freinet pedagogoak bi mundu gerren artean herrialde modernoetako pedagogia berritzeko hainbat proposamen egin zituen eta horietako bat testu librea zen. Freineten testu libreak zera esaten die haurrei: eskolatik kanpo zaudetenean, zuen etxean edo zuen hautazko jardueretan, zuentzat garrantzitsua den zerbait gertatzen bazaizue, aurkikuntzaren bat egiten baduzue edo zuen ikaskideekin parteka­tzea merezi duela uste duzuen zerbait interesgarria ezagutzen baduzue, testu bat idatz ezazue horri buruz eta eskolara eraman, denon artean irakurri eta eztabaidatzeko. Proposamen horren muinean honako ideia hau dago: eskolak beharrezkoak ditu haurren ekar­penak. 
Horrek errotiko aldaketa ekartzen du orain arte ezagutu dugun eskola ereduan.
Nik ikasle gisa ezagutu nuen eskola gutxi batzuentzako eskola zen. Nirekin 6 urterekin hasi ziren gehienak bidean galdu ziren. Batzuek Lehen Hezkuntza ­amaitu aurretik utzi zuten eskola, eta ­amaitu zutenetatik gehienek Lanbide Heziketara jo zuten 10-11 urterekin. Hortaz, hiruzpalau ikaslek bakarrik jarraitu genuen Bigarren Hezkuntzan. Oinarrizko eskola etxean, familiaren bidez jasotako haurrak ziren, etxean transmititu zieten ­irakurtzen eta idazten jakiteak duen garrantzia, liburuak zituzten etxean eta helduek irakurri ­egiten zuten, seme-alabei ­ohean irakurtzeko ohitura zuten... Antzerkira eta kontzertuetara joateko edota bidaia­tzeko ohitura zuten familiak ziren. Oinarrizko irakaskuntza hori osatzea eta aberastea eskatzen zioten eskolari, ­ikasketekin jarraitzen zutenek etorkizunean zeregin garrantzitsuak bete beharko zituztelakoan arlo ekonomiko, politiko ­edota kulturalean.
Gaur egun haur guztiak hasten dira eskolan eta gehienek amaitzen dute heziketa prozesua. Horrek dena alda­tzen du. Baina eskolako esperientzia nabarmen aldatu den bitartean, proposamena ez da horrenbeste aldatu. Eskolak gutxi batzuentzako izaten jarrai­tzen du, baina denei eskaintzen zaie. Horrek frustrazioa sortzen du, gehienek ez baitute jasotako mezua ulertzen. Oraindik uste dugulako ikasleek oinarri kultural bat izan behar dutela, eta gaur egun hori ez da egia. Libururik ez dagoen ­eta helduek inoiz ­irakurtzen eta idazten ez duten familietakoak dira gaur egun eskolara joaten diren haur gehienak. Orduan, nola izan liteke eskola bat guztientzako?
Haurren parte-hartzea bultzatzea proposatzen duzu.
Ez dago beste biderik. Guztientzako eskola bat nahi badugu, haurrei ezer proposatu ordez haurrei entzun egiten dien eskola bat egin behar dugu. Haurrak hartzen dituen eskola bat izan behar du, haurrek duten historia, kultura, ezagutza, bizipenak hartzeko prest ­egon behar duen eskola. Haurra nin­tzelarik nire maisuak ­esaten zuen ikasleen poltsikoek hutsik ­egon behar zutela, poltsikotik gauzak ateraz gero ­ikasleen bizitza ateratzen zelako haiekin batera. Kanpoko bizitza modu biolentoan sartzen zen ikasgelan, eta irakasleak ezin zuen hori jasan. Berak bere proposamena egin behar zuelako, ­eta guk kanpotik eraman genezakeen guztia traba bat zen.
Baina horrela izan beharko luke. Haurrak eskola kanpotik ekarritako ekarpenak mahai gainean jarriz eta ­ikasle guztien artean landuz osatzen da benetazko heziketa programa. Eskola ez da ezezagun dugunetik ezagun dugunera pasatzeko bidea jada, dagoeneko ez da oinarritzen ­etengabe gauza berriak irakasteko gaitasunarengatik irakasleak ikasleengan lilura eragiteko jarreran. Alderantzizkoa da bidea: ezagutzen dugunaren gainean lan ­egiten dugu, bertan sakontzeko eta kontrastatzeko. Haurrek jarrera protagonista harturik ezagutzak lantzeko eta gara­tzeko aukera izatea da garrantzitsuena.
Haurrek eskolatik kanpoko esperientzietan oinarrituriko ekarpenak egin ahal izateko, denbora librea behar dute. Etxerako lanak murriztearen aldekoa zara, ildo horretan. 
Urrats bat atzera egitea beharrezkoa da. Gurasoek utzi beharko liokete etengabe jostailuak erosteari eta seme-alaben ­izenak ikastaro guztietan emateari, eta eskolak uko egin beharko lioke etxerako lanak agintzeari. Arratsaldeko denbora ez da eskolarena, familiarena baizik. 
Utzidazu anekdota bat kontatzen. ­Erromako Haurren Kontseiluak gutun bat idatzi zien andereñoei, oporraldietan eta asteburuetan etxerako lanik ez emateko eskatzeko. Gutuna idazten ­amaitu zutenean, aholku bat eman nien haurrei: ­etxeko lanen ordez zerbait proposatzea andereñoei, bestela ­emango zuen ez zutela ezer egin nahi. Ondo hartu zuten nire ­iradokizuna, eta hainbat proposamen aipatu zituzten: bisitak egitea, argazkiak ateratzea... Lehenengoa ordea, liburuak irakurtzea ­izan zen. Segidan haur batek besoa al­txatu zuen: “baina irakurri bakarrik”. Harritu ninduen, hori baita eskolaren aurka egin daitekeen proposamen gogorrenetarikoa. Liburu bat irakurtzea, besterik gabe, ez zaio eskolari batere interesatzen.
Eta ikasleari interesatzen al zaio eskola? Nola egin daiteke eskola interesgarri?
Ikasleen eta eskolaren arteko harremana erabat aldatu da. Garai batean ­ikasketen tituluak lana ematen zizun, baina gaur egun ez. Hortaz, eskola ez bazaie interesgarria egiten ez da uler­tzen zergatik jarraitu behar duten ikasten. 
Duela urte batzuk unibertsitaterako orientatzaileen kongresu batean parte hartu nuen eta aurkeztu nuen ideia izan zen orientazio lana haurrak 3 urte dituenean egin behar dela. 
Lehen aipatutako eskola eredura ­itzuliz, haurrei entzun egiten dien eskolak aniztasuna onartzen du, eta adierazpen sorta zabalagoa eskaintzen dio haurrari: ­irakurri eta idazteaz gain, ­abestu, eskulanak egin... Gai honetan bi ideia sartzen dira jokoan. Batetik, gutako bakoitza bikaina da eremu batean, eta heziketaren zeregina da eremu hori aurkitzea eta ahalik eta gehien gara­tzea. Aurkituz gero, eremu horretan indar guztiak jartzeko prest ­egongo da haur edo gazte hori, hori delako gustuko duena, eta horrela lortuko du bere ­eremuan onena izatea. Plazeraren ­dimentsioa berreskuratzeko modu bat ­ere bada.
Bigarren ideia zera da: onenentzat beti dago lana. Gazteen orientazioa merkatuaren eremutik atera eta pertsonen esku utzi beharra dago.  Alegia, munduak zer behar duen galdetu beharrean, pertsonak zer behar duen jakin beharko genuke. Munduak edo merkatuak ingeniariak ­behar dituela ­esaten badugu, bestelako bokazioren bat duten askok hura utzi eta ingeniari­tza ikasteari ekingo diote. Baina ingeniari kaskarrak izango dira eta ez dute lanik aurkituko. Eta triste biziko dira.