Gizarte parekide bat ala baztertzaile bat eraiki, handia da eskolak duen erantzukizuna

2013-02-01

 

Gasteizko Irakasle Eskolako zuzendaritza-taldeko kide da Pilar Aristizabal gaur egun, Ikasketa Planen zuzendariorde. Haren belaunaldiko askoren antzera, sexuaren arabera bereizitako eskolan ­egin zituen lehenengo eskola-urteak, mojetan. Gero, institutu misto batean ­ikasi zuen, baina neskek eta mutilek curriculum desberdinak zituzten han ere: neskek “Hogar” izeneko irakasgai bat zuten. Garai hartan, Sekzio femeninoan parte hartu behar zuten neskek, ama izateko prestatu behar baitzuten beren burua. Bizipen horiek genero-rol eta estereotipo batzuk ekarri zizkioten, beste askori bezala, gero apurka-apurka deseraiki behar izan duen ikuskera bat.

Alabaina, gizarteak, oro har, eta hezkuntza-sistemak, zehazki, frankismoko eskoletako zama jaso dute oinordetzan. Gaur egun irakasle eskoletatik ateratzen diren irakasle berriek nesken eta mutilen arteko berdintasunen aurrean kontzientzia argirik ez dutela ikusi zuen Aristizabalek, eta berdintasunaren erronkari ­aurre egiteko prestakuntza nahikorik ez dutela. Irakasle eskoletako ardura ­soziala handia dela ikusirik, bere tesia gai horren inguruan egitea erabaki zuen. ‘Emakume eta gizonen berdintasuna ­irakasleen formazioan: Gasteizko Irakasle Eskolaren kasua’ izenburua du ­tesiak, eta hango ikasleek berdintasunean oinarritutako formazioa jaso dezaten eta berdintasunean oinarritutako irakaskuntza emateko gaitasunak eskura ­ditzaten du helburu. Ikasleek eta irakasleek berdintasuna nola hautematen duten aztertu du, eta, formazioa hobetzeko, hainbat proposamen jaso ditu. Tradizioari ere begiratu dio, eta Euskal Herrian ­eta Europan historian zehar eredu parekideak edo diskriminatzaileak garatu ­diren aztertu du. www.ehu.es/argitalpenak  webgunean irakur liteke tesia ­osorik.

 

 
 
Nola landu da, historikoki, generoa irakasleen formazioan?
XVIII. mendearen amaiera arte, ez da ­izan hezkuntza-sistemarik. Beraz, irakasleen formaziorik ere ez zegoen. Irakasleen formazioa hezkuntza-sistemarekin batera hasi zen, Frantziako Iraultzaren ondoren. ­Irakasleek zer ikasi behar zuten arautzen hasi ziren orduan, baina gizonezkoak hartu ziren erreferentzia gisa. Maistren formaziorik ez da izan, eta, are gutxiago, generoaren ikuspegitik. 
Emakumeak irakasle izateko prestatzen hasi zirenean, haien prestakuntza gizonarenaren azpian zegoen. Aipu bat hartu dut, 1838koa, oinarrizko hezkuntzako eskola publikoaren arauditik: “Muy conveniente sería que los maestros, por medio de sus mujeres ­unos y otros valiéndose de sirvientas idóneas, agregasen en el mismo edificio -aunque en salas separadas- una escuela de párvulos o una de  niñas o la elemental de niños, pues para servir utilmente en una escuela de niños no se necesitan grandes conocimientos”.
Europa osoan XVIII. mendean ezarri zen eta XIX. mende osoan iraun zuen eredua eredu etxetiarra izan zen. Zertarako prestatu behar zen emakumea? Zerbitzatzeko, umeak hobeto zaintzeko, etxea garbi edukitzeko… Zientzia-ikasketak, matematika…, hori dena ukatu egin zitzaion emakumeari. Hezkuntza-sistemaren hasiera-hasieratik, emakumeenganako diskriminazioa izan zen nagusi.
XIX. mendearen amaieran, bigarren hezkuntzan edo unibertsitatean sartzea lortu zuen emakumeak. Espainian, 1885ean lortu zuen, emakumeen borrokari eta eskaerari esker. Neskak eskolatzea arautu zuen lehenengo legea, Moyano legea, 1859koa da.
Euskal Herrian, lehenagokoa da legea, 1780koa. Nafarroako Gorteetako lege bat da, 5-12 urte arteko neska-mutil guztiek eskolara joan behar zutela arautzen zuena. Garai hartarako oso aurrerakoia izan zen Nafarroako Gorteetako lege hori, eta superintendentearen figura sortu zuten, gainera, legea betetzen zela bermatzeko. 
Irakasleen formaziorako eskolak ere ­arautzen zituen lege horrek; baina, ordurako, sortuta zeuden Nafarroako eta Gasteizko maistra-eskolak. Gasteizkoa, 1856an; ­eta Iruñekoa, 1847an. 
Hego Euskal Herriari dagokionez, frankismoak eragin handia izango zuen XX. mendeko hezkuntza-sisteman generoaren ikuspegitik ere, ezta?
XX. mendeko lehen urteak oso mugituak izan ziren. Eskola berriaren korrontea sortu zen Europa osoan, eta hemen ere izan zen. Euskal Herrian, mugimendu pedagogiko handia izan zen. 1918an eta 1920an ­egin ziren Eusko Ikaskuntzaren kongresuak, eta oso planteamendu aurrerakoiak ­azaltzen dira kongresu horien aktetan. Lehen urte horietan eta Errepublika-garaian, hezkidetza bultzatu zen: emakumearen ­emazte- eta ama-papera zalantzan jarri zen, eta curriculumean zientzia eta matematika sartzearen aldeko mugimendu handia izan zen. Horrez gain, emakumeek etxeko ekonomia ikasten zuten. Baina, frankismoarekin, atzerakada handia etorri zen.
Generoaren ikuspegitik, oso azkarrak ­izan ziren frankistak, emakumezkoak inplikatu baitzituzten euren aldarrikapenetan, faxismoak Italian egin zuen bezala. Sekzio femeninokoek balio tradizionalak eta etxearen esparrua aldarrikatzen zituzten emakumearentzat. Elizak protagonismo handia hartu zuen, eta balio atzerakoiak indartsu sartu ziren.
Bien bitartean, haur-eskolen mugimendua sortu zen Euskal Herrian, eta emakumeek (Elbira Zipitriak, Julene Azpeitiak…) paper handia bete zuten. Metodologia berritzaileak erabili zituzten (Montessori, Pestalozzi…), eta haien lana oso garrantzitsua izan zen hizkuntzaren transmisiorako ere.  
 
Gaur egun nola lantzen da generoa irakasleen formazioan?
Aurrerapen handiak egin dira. Esaterako, gaur egun, emakumeak ikasleen gehiengoa dira unibertsitatean. Eskola mistoa zabaltzea ere oso aurrerapen handia izan zen, bere baldintza guztiekin. 1970eko legeko artikulu batzuk irakurriko bazenitu, harrigarriak egingo litzaizkizuke: berdintasuna aipatzen da, berdintasuna izango dela, betiere, emakumearen ahalmena kontuan ­izanda. 
Eskolan neskak eta mutilak elkartzea, berez, aurrerapen handia izan zen. Nahiz ­eta curriculumean ere desberdintasunak ­egon bazeuden. Ni lege horretan ikasitakoa naiz, eta, garai hartan, josi egiten genuen, ­adibidez. Etxeko politikaren barruan, bagenituen eduki batzuk, mutilek ez zituztenak. 
Berdintasunaren izenean, ez ote dira “arau” bihurtu lehen “gizonezkoentzat” ziren irakasgaiak?
Laster ikusi zen eskola mistoa mutilen eskolen inguruan ezarri zela. Maskulinizatu egin zen erabat curriculuma. Neskek irabazi egin zuten, zientziak eta matematika eta beste hainbat irakasgai egiteko aukera izan baitzuten; baina galdu ere egin zuten. Esparru pribatuari zegozkion eduki guztiak galdu egin ziren.
Zein?
Zaintza, autonomia, besteak zaintzeak adierazten duen balioa… Nik uste dut balio onak direla guztientzat. Botoi bat josten ­edo bazkaria prestatzen jakitea gai garrantzitsuak direla uste dut.
Finlandian, gai horiek txiki-txikitatik lantzen direla ikusi ahal izan genuen. Sukaldariari bazkaria prestatzen laguntzen diote, lisatzen ikasten dute, sendabelarrei buruzko jakintza jasotzen dute, garbigailuak daude eskoletan, oheak…
Hori dena desagertu da hemen, eta gauza bera gertatu da patioko jolasekin. Nik mojen eskola batean ikasi nuen, eta patioan sokasaltoan ibiltzeko gure lekua genuen, zabuak genituen... Gaur egun, kirolaren eremuko elementuak daude eskolako patioan.
Sarri aztertu izan da espazioaren gaia. Patioetako eremu nagusiak mutilek hartzen dituztela ikusten da, eta neskak sarri bazterrean gelditzen direla.
Askotan, mutilak dira jaun eta jabe patioan, eta neskak inguruan ibiltzen dira. Uste dut hausnartzeko eta behatzeko puntu garrantzitsu bat dela: zer gertatzen da jolas-orduetan? Nor norekin jolasten den, zer istilu sortzen diren, zergatik, nola konpontzen diren, puntu beltzak zein diren... Patioan zer gertatzen den aztertu behar dugu. Toki batzuetan, esperientzia interesgarriak daude gai horri buruz. Esaterako, txandak jartzen dituzte eremu bakoitza erabiltzeko, elkarrekin jolasteko arauak ezartzen di­tuzte… 
Irakasleen formazioaren bilakaeran izan diren aurrerapen batzuk aipatu dituzu. Zein dira hutsuneak?
Desberdintasun biologiko batzuetan oinarrituta, horrek aitzakia eman du egoera baztertzaileak sortzeko eta emakumea ­etxean uzteko. Tradizio horretatik gatoz, ­eta nabarmena da hori. 
Formazioari dagokionez, irakasgairik ez egotea da gabeziarik handiena. Irakasleek egiten dute lana, baina, oso bakarkakoa ­eta sistematizatu gabea izaten da. Hasieran esaten zen plan berriekin nahitaezkoa izango zela sei kredituko ikasgai bat sartzea, irakasleen formazioan generoko edukiak sartu behar direla dioelako legeak; gero, esan zen hautazko ikasgai bat izango zela, eta, azkenean, hor gelditu da. Gasteizko eskolan, ari gara ahalegin bat egiten gradu berriekin. Hezkidetza-batzordea sortu zen, eta uste dut lan polita egiten ari dela. Gure ikasleek hemendik ateratzen direnean zer jakin beharko luketen pentsatu genuen, eta irakasgai bat prestatu genuen. Orain, sistema modular bat jarri dugu abian, eta, pixkana, modulu bakoitzean eduki batzuk txertatzen ari gara. Generoaren gaia finkatu eta sistematizatu egin behar da formazioan. Bestela, bakarrik sentitzen zara, irla bat bazina bezala.
Aurrera begira ere, atzerapen handiak ekar ditzake LOMCEk hezkuntza-sistemara. LOGSEk hezkidetza aipatzen zuen, landu beharreko zehar-lerro edo balioen artean. Ikerketa feministak ordura arte sortu zuen ezaguera guztia kontuan hartzea planteatzen zuen lege horrek. Gero, LOErekin, asko murriztu zen, eta, orain, LOMCErekin, bertan behera geratu dira berdintasunaren esparruan izan diren ia aurrerapen guztiak.
Ikasleek berdintasunaz duten pertzepzioa aztertu duzu tesian. Nola hautematen dute beraiek gaia?
Ikasle gehienek gainditutzat ikusten dute auzia. Gaur egun hezkuntzan gai hau planteatzea lekuz kanpo dagoela iruditzen zaie. Gaur egun, emakumeen eta gizonen artean ez dago desberdintasunik, haien iritziz. 
Zenbait ikaslek feministek egindako lana nabarmentzen zuten, hezkidetzari garrantzia ematen zioten. Irakasle direnez ardura berezia dutela kontuan hartuta, esparru horretan beren burua prestatu behar zutela ikusten zuten. Baina gutxiengo bat zen.
Irakasleek nola hautematen dute berdintasunaren auzia? 
Irakasleek ez dute gainditutzat ikusten. Aipatzekoa da, ordea, parte hartu zuten irakasle gehienek kontzientzia dutela gaiaren inguruan, eta lantzen dutela beren ikastetxeetan; ez dakit, beraz, irakasle guztien iritzia ordezkatzen duten. Auzia ez dagoela gaindituta ikusten dute hainbat egoeratan; esaterako, askotan, taldeak egiterakoan neskek idazkari lana hartzen dutela diote; edo laborategian mutilek esperimentuak egiten dituzte, eta neskek apuntatzen dute. Joera hori da oraindik ere.
Tesian jaso duzunez, kontziente ez izan arren, ikasleek genero-estereotipoak oso barneratuak dituzte, eta zailtasunak dituzte desberdintasunak eta egoera diskriminatzaileak hautemateko. Beraz, haien pertzepzioa eta errealitatea ez datoz bat.
Estereotipoen artean, neskak isilagoak garela zioten ikasleek. Lotsatiagoak eta beldurtiagoak garela neskak, eta mutilak ausartagoak. Eta parte-hartzea eskoletan desberdina izaten da horregatik. Ez dute aitortzen hori estereotipo bat denik, “horrela da” esaten dute. 
Titulazioen aukeraketa da beste adibide bat. Tesian jaso dudan azterketa hau diplomaturetan egin genuen, 2009-2010ean. Geroago aldatu da, baina orduan Gorputz Hezkuntza irakasleak, Haur Hezkuntzakoak eta Lehen Hezkuntzakoak zeuden. Haur eta Lehen Hezkuntzan gehienak emakumeak dira, % 92 Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, berriz, % 70. Gorputz Hezkuntzan, alderantziz; mutilak % 71 dira. Joera honek jarraitzen du graduetan. Haur Hezkuntzako matrikulazioa 2010-2011n % 91koa izan da, eta % 87koa 2011-2012n. 
“Zergatik aukeratu duzue titulazio hau?”, galdetzen genien, eta “gustua” zen ­erantzuna. Beren iritziz tradizioak (emakumearen lehen zereginak beti zaintzarekin lotuta egotea: erizainak, emaginak…) eraginik ba ote zuen galdetzen genien, eta gustu-kontuak zirela erantzuten zuten beti. 
Haur Hezkuntzako hezitzaile gehienak emakumeak dira; aldiz, unibertsitatean gizonezkoak dira irakasle gehienak. Zer irakurketa egin dezakezu, zergatik izan daiteke hori horrela?
Oso deigarria egin zitzaidan nola mantentzen den Haur eta Lehen Hezkuntzan emakumearen nagusitasuna. DBHn parekatzen dira; ziklo maskulinoetan eta goi-mailakoetan eta unibertsitatean gizonezkoak dira nagusi. Prestigio kontua da neurri batean. Unibertsitatea zientziaren esparrua da, eta Haur Hezkuntzari dagokion esparrua, berriz, umeak zaintzea da. Sekulako lana egiten da Haur Hezkuntzan, baina ustea bestelakoa da, pixoihalak aldatu eta jolasten besterik ez direla aritzen uste du jendeak. Berriz ere zaintzearen irudiarekin lotuta dago emakumea. 
Hezkidetza dela bidea diozu. Nondik abiatu beharko lirateke bai sistema (gizartean), bai eskola eta bai irakasle bakoitza bere gelan?
Lehenengo gauza sareak sortzea da, zeren norberak bakarrik gauzak egitea oso zaila da, beti hormarekin jotzea bezala da. Taldea sortu eskolan, gai honen inguruan lan egiteko gogoa duen jendearekin. Gero, behaketa-lana egin. Adibidez, espazioaren antolaketaren inguruko behaketa egitetik hasi gintezke: nola dago antolatua gure eskolako patioa? Neskak eta mutilak elkarrekin jolasten du? Zertara jolasten dira batzuk eta besteak? Puntu beltzak aurkitu beharko genituzke. Zer egiten da edo zer ez da egiten jolas berriak sartzeko? Zer egiten da dagoen eremua denek erabil dezaten? Noren esku daude patioak? 
Hausnarketa horretatik abiatuta, adibidez, gero eskolaren antolaketari begira diezaiokegu: zenbat irakasle daude ikastetxean? Zenbat emakumezko eta zenbat gizonezko? Zenbat ziklo bakoitzean? Eskola bakoitzean zer-nolako banaketa dago? Zergatik? Nor dira garbitzaileak, sukaldean lan egiten dutenak, jantokiko begiraleak, gizonak ala emakumezkoak? Egin dezagun ­argazki bat, nolabaiteko diagnostiko bat, esparru guztietan. 
Gelan sartuta, nork bere gelan hausnarketa egin beharko luke materialen eta espazioen inguruan: erabiltzen diren ipuinetan, zenbat pertsonaia femenino daude? Eta zenbat maskulino? Zer ezaugarri dituzte? Zer dira, mutil ausartak eta neska ausartak? Zer roletan agertzen dira neskak eta mutilak? Egokiak al dira rol horiek, ala beste ­ipuin batzuk daude rol egokiagoak lantzen dituztenak? Curriculumean ere behaketa bera egingo dugu. Zer irakasten da eta zer ez? Zergatik irakasten da gauza bat eta bestea ez? Nola agertzen dira emakumezkoak ikasliburuetan? Ikasliburuen gaia oso aztertuta dago genero-ikuspegitik, baina guk geure ikastetxean hartu ditugun ikasliburuetan zenbat emakume agertzen dira profesional moduan, eta zer lanbide egiten? Denak medikuak edo irakasleak dira, edo badaude ­emakume kamioilariak? Zer roletan agertzen dira gizonezkoak? Eskolan ­erabiliko ditugun ikasliburuak aukeratzeko garaian, kontuan izateko irizpide bat izan ­liteke generoarena. Zenbat emakume agertzen dira etxean, zenbat gizonezko agertzen dira ­etxean? 
Hori ere niri bitxia iruditu zitzaidan, banekien azterketa asko zeudela ikasliburuen inguruan, baina, esplizituki, irudien bidez ­edo testuen bidez, emakume asko agertzen dira ama edo emazte gisa, eta gizonezkoak, berriz, sekula ez aita edo senar gisa. Hori horrela da gaur egun oraindik guk ditugun ­ikasliburuetan? Hainbat jakintza-arlotan, zer asmakizun aztertzen dira eskolan, bakarrik lurrun-makina, ala hitz egiten da noizbait garbigailuaz eta horrek ekarri dituen ­onurez? Irakasleok zenbat emakume ezagutzen ditugu literaturgintzan ari direnak ­edo aritu direnak? Zenbat musikari emakumezko ezagutzen ditugu? Erabiltzen dugun hizkuntza zaintzen dugu? Zer ari gara transmititzen hizkuntzarekin, ikuspegi androzentriko bat? Ikuspegi hori gaindituta dago? Eskolan dagoen paisaia, bai irudizkoa bai hitzezkoa, nolakoa da? Zer poster ditugu, Disneyrenak? Zergatik ditugu poster horiek? Nolakoak dira nire esku-hartzeak, irakasle bezala, neskekiko? Eta mutilekiko? Berdin zuzentzen natzaie neskei eta mutilei? Zenbat denbora eskaintzen diot bakoitzari? Behaketatik hasi behar dugu, geure burua, geure jarrera behatu behar dugu; eta baita euren arteko harremanak ere; nola konpontzen dira? Zergatik sortzen dira gatazkak? Zer unetan? Zer erantzun ematen diegu? Gela jasotzeko orduan, nork jasotzen dugu, nori esaten diogu?
Behaketak hausnarketa ekarriko du, eta diagnosi bat egin ahal izango dugu. Eta, behin diagnosia egin ondoren, nondik jo genezake okerrak iruditzen zaizkigun jarrerak zuzentzeko?
Behaketak, adibidez, erakusten baldin badizu gelan dauzkazun posterrak ez direla batere egokiak, eta aldatzen badituzu, dagoeneko esku-hartzen ari zara, eta pauso bat ­eman duzu. Taldetxo bat baldin badago eskolan, eta adostasuna eta errespetua baldin badago, zuk eska diezaiokezu beste irakasle bati zure gela behatzeko, bideoz grabatzeko, eta, ondoren, guztien artean ikusi eta, ­arazoak zein diren identifikatuz gero, guztion artean pentsa dezakezue zer eta nola aldatu. Behaketak berak erakutsiko dizue bidea. 
Esperientzia ugari daude. Behaketa-­gidak eginda daude, lan handia dago eginda; gero, egia da ez dela lan hori guztia ezagutzen, eta horixe dela daukagun arazo bat.
Genero-identitatearen eraikuntzan eskolak duen eragina aztertu duzu (familiaz, lagun-taldeaz eta hedabideez gain). Zer-nolako eragina du eskolak identitatearen eraikuntzan?
Eskolak garrantzia handia du generoaren eraikuntzan. Curriculumaren eraikuntzatik beretik, bizitzen dena ikasten da. Hezkidetza-balioetan hezi gintezke, edo kontrakoetan. Baina hezkidetza ez da plangintzan dugun gai bat bakarrik. Adibidez, elkartasunari buruz aritu arren, gero eskolako giroa erabat lehiakorra baldin bada, azken batean, eskolak balio hori transmititzen du, eta hezkidetza gaietan berdin. Hezkuntza-proiektuan eduki dezakezu hezkidetza landuko duzun gaien artean, baina, gero, jarrerak, materialak… kontrakoak baldin badira, ipuinetan beti mutilak neska salbatuko badu, adibidez, balio horietan ari gara ikasleak hezten. Curriculuma osatzean, materiala aukeratzean, geure jarreretan, esku-hartzeetan… Uneoro betaurrekoak jantzita eduki behar ditugu, genero-irizpidea presente izan behar dugu beti eskolako erabakiak hartzean. 
Azkenean, gizarte parekide bat edo gizarte baztertzaile bat eraikitzeko orduan, zer-nolako erantzukizuna du eskolak?
Handia da eskolak duen erantzukizuna. Eskolan ordu asko pasatzen dira. Horregatik, luze hausnartu beharko genuke: zer-­nolako neska- eta mutil-ereduak eramaten ditugu gelara? Zer nolako familia-ereduak lantzen ditugu? Orain dauden joeren artean, asko kritikatzen da nesken eta mutilen arteko diferentzia, hau da, ez da neska ala mutila, hor tartean hibridoak daude, eta horren alde daude joera berriak. Continuum hori oso kontuan izan behar du eskolak; ­eredu asko aurkeztea garrantzitsua da; ­ezaugarri batzuk eta besteak dituzten pertsona-ereduak azaltzea oso inportantea iruditzen zait. 
Werten lege-proposamena aipatu duzu lehen; atzerakoia ikusten duzu ­
genero-ikuspegitik?
Bai. Berdintasunaren alde egin den ­urratsik handiena eskola mistoa izan zela aipatu dut lehen; Wertek, ordea, segregazionistak diren ikastetxeei diru-laguntza mantenduko die. Erabakia oso polemikoa izan da, horrek bermatzen baitu ikastetxe horiek jarraitu eta zabaldu egingo direla, eta, aurrerantzean, errazagoa izango da curriculumak neskei eta mutilei “egokitzea”, eta ­arriskua dago neskak zenbait diziplinatatik urruntzeko. 
Gainera, krisi-garaian gaude, eta badakigu nori eragiten dion gehien: langabezian gelditzen lehenengoak emakumezkoak izaten dira. Azkenean, baten batek gelditu behar du etxean, eta emakumea gelditzea oso ohikoa da. Arrisku handia dago atzera egi­teko. 
Dena den, nire ustez, gaur egun berdintasunari dagokionez iritsi garen puntura iritsita, ez dugu utziko atzera egiten. Baina kontuan izan behar dugu oso faktore makurrak daudela. Indarrean dagoen legedian, ­adibidez, berdintasuna maila guztietan dago onartua; beraz, emakume batek ez baldin badauka aukerarik lana lortzeko, badirudi norberaren ardura edo arazoa dela. Kontratazio-garaian, oraindik ikusten da gizonezkoek baino espediente hobea izanda ere, atzetik dauden gizonezkoak lanean egotea, eta emakumezkoak ez.
Espainiako gobernu eskuindarra erakusten ari den ideologiak beldurra ematen du.