BEIREko Gaztelua. Bizipenetatik ingurunea ezagutzeko parada

2013-06-01

Bost mende luzeko historia du Beireko gazteluak. Gaur egun, historiari, inguruneari eta nekazaritza-tradizioari loturiko hezkuntza-programak eskaintzen dituen aterpetxea hartzen du.

 
 
Historia luze eta biziko herria da Beire, 1212. urtean hiribildu izaera eman baitzioten, Navas de Tolosako guduan Beireko gudari boluntarioek erakutsi zuten “indarra ondratze aldera”. Nafarroako koroaren ondare izendatuta zegoen Beireko hiribildua, harik eta Nafarroako erresuma Gaztelakoaren esku erori zen arte. Beireko gaztelua, 
alabaina, konkistaren aurreko eraikin neoklasikoa da, jada 1457. urteko izkribuak gazteluari buruz mintzatzen baitziren. Beireko gaztelua, beraz, Nafarroako historiaren 
oroigarri bizi-bizia da.
1457ko urte hartan, Joan II.a erregeak mosen Bernat Ezpeletari eman zion gaztelua, eta ondoko lau mendeetan Ezpeletako kondeen sendiaren esku egon zen. 1895. urtean, Aita Zuriek komentu bihurtu zuten, eta, 1910ean, Aita Klaritinoen esku gelditu zen, 1980. urtera arte. 1988an, lehen umeak hartu zituen Beireko gazteluak, aterpetxe bilakatu baitzen.
Beireko gaztelua lursail emankorrean kokatuta dago, eta, Nafarroako Erresumaren garaietatik gaur aterpetxe den garai hauetara arte, barazkien ekoizpenean eta ardogintzan jardun dira konde-kondesak, fraideak eta gaur egungo egoiliarrak. Eta horixe berori da Beireko aterpetxearen erakargarritasun handiena: hainbat hektareako ortuen eta ardandegien aberastasuna, aipaturiko historia luze eta biziaren ondareaz eta ingurune naturalak eskaintzen dituen aukerez gain. Hiru zutabe horietan oinarritzen da, bada, Beireko aterpetxeak eskola-umeei eskaintzen dien heziketa-proposamena:
– Erdi Aroko historia ezagutzeko programa.  Gazteluaren beraren, Beireko herriaren eta ondoko herrien —Uxue, Olite…— ondare historikoa ezagutzeko aukera ematen du aterpetxeak, eta, gainera, inguruko artisautza eta Erdi Aroko monumentuak ezagutzeko programa bat dauka. Horrez gain, Beiretik Oliteko gaztelura bitarteko ibilbidea oinez egiteko aukera dago, begiraleen laguntzarekin eta azalpenekin. Oliteko gaztelua XII. eta XIV. mendeen artean eraiki zuten, eta Nafarroako errege-erreginen bizilekua izan zen.
– Ardogintzaren eta zereal jasotzearen tradizioa ezagutzeko programa eskaintzen du aterpetxeak.  Nafarroako erdialdeko nekazaritza modu ludikoan ezagutarazteko programa sortu du aurten aterpetxeak. Gazteluaren inguruko ortua eta mahastiak bisitatzeko aukera dago, eta fruituak eta barazkiak jasotzeko prozesuan parte har dezakete haurrek. Horrez gain, mahats-bilketa garaian, haurrek mahatsa jasotzeko, muztioa prestatzeko eta ontziratzeko prozesua bertatik bertara ezagutu dezakete.
– Ingurune naturala ikusteko eta ezagutzeko parada dago, begiraleen eskutik. Aterpetxea Pitillasko urmaeletik oso gertu dago, eta aterpetxetik oinez joan liteke haraino. Hezegune hau, hain zuzen ere, Nafarroako naturgune berezienetako bat da, ugaztun-, hegazti- eta landare-espezie ugari bizi baitira han. Pitillasko urmaelean hegaztien behatoki bat dago, urte osoan inguru hartan bizi diren hegaztiez gain —basahateak, kopetazuriak, txilinportak eta mirotzak, besteak beste—, hamaika espeziek egonaldiak egiten baitituzte urtean zehar Pitillasen, hala nola lertxunak, antzarazainak, kurriloak eta mota ugaritako ahateek.    
Inguruneari loturiko hiru hezkuntza-programek bizipenetik eta modu ludiko batean historia, nekazaritza-tradizioa, inguruneko fauna, eta, noski, bertako herritarrak ezagutaraztea, errespetatzen ikastea eta balioa ematea dute xede.