Gurasoak irakasle

2013-06-01
Gurasoak gelara sartu dira Lekeitoko Eskolan, eta ereduen aniztasuna  bultzatzeaz gain ikas-komunitatea eraikitzen lagundu dute.
 
 
Azken hamarkadetan Europan egindako hezkuntza-ikerketarik garrantzitsuenak azpimarratu duen modura –INCLUD-ED, Hezkuntzaren bidez Europan inklusio eta kohesio soziala lortzeko estrategiak (2006-2011)–, irakasle eta senideen arteko elkarlanak berebiziko garrantzia hartzen du ikasleen emaitza akademikoak hobetzeko eta ikastetxearen beraren kalitatea suspertzeko orduan.
Txostenak azpimarratzen duenez, senideen partaidetza “informazioa ematean oinarritu daiteke, edo aholkuak ematean, eta erabakitzailea, ebaluatzailea eta hezitzailea ere” izan daiteke. Eta esparru bakoitzak modu diferentean eragiten du ikasleen ikaskuntzetan eta emaitza akademikoetan.
Sailkapen horren arabera, mailarik altuena eta eragin emankorrena duena “parte-hartze hezitzailea” da, hau da, senideek ikasleen ikaskuntza eta irakaskuntzako jardueretan elkarlanean aritzean oinarritzen dena, eskolako zein eskolaz kanpoko orduetan.
Senide eta boluntarioak gelan
Senideen esku-hartzeak, ikusi dugun modura, hainbat maila eta esparru hartzen ditu barnean, ikastetxeko kudeaketa eta antolaketatik hasi eta geletako jardueretara ailegatu arte. Oraingo honetan, kudeaketa, antolaketa eta funtzionamendurako erabiltzen ditugun estrategiak (geletako gurasoen ordezkariak, guraso-batzordea eta guraso-elkartea, batzorde mistoak…) ahaztu barik, gelan eta curriculumaren edo ikaskuntzaren esparruan kokatuko gara. Hau da, INCLUD-ED txostenak kalitate eta arrakastarekin lotzen duen mailarik eraginkor eta altuenean, hain zuzen ere.
Senideak gelako partaide egiten direnean, gela horrek, besteak beste, honako eragin eta eraldaketa hauek jasotzen ditu:
­– Ilusioa sortzen da.
Senideek euren borondatez parte hartzen dutenean, ikasgelan eta ikastetxean ilusioa eta gogoa pizten dira. Ikasleek atseginez eta irrikaz hartzen dituzte senideak geletan.
­– Ikasteko ereduen aniztasuna bultzatzen dute.
Gelara sartzen den pertsona nagusi bakoitzak irakasteko modu propioa du, eta estilo diferente horiek aukera gehiago sortzen dute ikasleen ikasteko modu desberdinekin bat egiteko. 
– Ikaskuntzak hobetzen dira.
Ikasleek gehiago ikasten dute, ikaskuntza eta azalpenak pertsonalizatuak eta bakoitzaren neurrira egokituak direlako.
– Seme-alabak harro sentitzen dira.
Eskolan elkarlanean aritzen diren senideen seme-alaba askok eta askok zentzu eta gogo handiagoarekin hartzen dituzte ikasketak eta, ondorioz, emaitza akademikoak hobetu egiten dituzte.
– Senideen autoestimua hobetzen da.
Irakasleekin egiten duten lana balioesten dela sentitzen dutenean, senideek zentzuz jarduten dute elkarlanean, eta euren buruarekin ondo sentitzeko balio die.
­­– Hezkuntza Komunitatea eraikitzen dute.
Eskolaren arrakasta ez dago irakasleen esku, edota ez bakarrik irakasleen esku. Informazio-gizartean, kaleak, etxeak eta eskolak batera joan behar dute. Eta, horretarako, ezinbestekoa da, besteak beste, senideen elkarlan zuzen eta konprometitua.
– Inklusioa bultzatzen du.
Senideen parte-hartzeak baliabideak handitzea dakar eta horrek, zalantzarik ez, 
ikasle guzti-guztien beharrizanak eta gaitasunak maila onenean gainditzeko aukerak areagotzen ditu.
– Kultur aniztasuna eta bizikidetza garatzen da.
Lankidetzarako eta elkarlanerako aukera senide guztiengana zabaltzen dugunean, beste kultura eta jatorrien parte-hartzea ahalbidetzen ari gara, guztion arteko bizikidetza garatuz.
Gelako antolaketa
Senideek geletan parte hartzen dutenean, ikasleak eta ikasgaiak antolatzeko moduak aldatzeko aukerak sortzen ari gara. Gure kasuan, gehienetan, ikasleak talde txikitan antolatzen ditugu. Adibidez, hogeita bat edo hogeita biko ikastaldea bada, bost-sei ikasleko lau taldeetan. 
Kasu horretan, senidea talde txiki baten arduraduna izango da, eta talde horretako jarduerak zuzenduko ditu. Bere zeregin nagusia taldea dinamizatzea da, eta, horretarako, ikasleen arteko elkarlana bultzatuko du.
Batzuetan, talde horiek saio osoa egiten dute senidearen ardurapean (45 minutu). Baina, gehienetan, taldeak txandakatu egiten dira, eta hainbat jarduera egiten dituzte saio beraren barruan. Kasu horietan, saioak luzeagoak izaten dira (ordu eta erdikoak), 
eta ikasle guztiak hiru txoko edo jarduera desberdinetatik pasatzen dira. Kontuz! 
Ikasleak eurak pasatzen dira txokoetatik, txandaka, baina senideak beti egoten txoko edo jarduera bera bideratzen. 
Adibidez: Hizkuntzako saio batean hiru jarduera desberdin antolatzen dira: irakurketa, idazketa eta gramatika. Jarduera edo txoko bakoitzak arduradun finkoa du (senidea edo boluntarioa), eta ikasleak hiru txokoetatik pasatzen dira saioan.
Antolatzeko modu horri “Elkarrekintzako taldeak” deitu diogu, eta, normalean, ikas-komunitatearen proiektuetan dauden ikastetxeek garatzen dituzte.
6. maila: senideak ingeleseko irakasle
Hiru senidek eta praktiketako ikasle batek hartzen dute parte boluntario modura seigarren mailako ingeleseko arloan. Lau pertsona horiek ingeleseko irakaslearekin aztertzen dute egin beharrekoa, eta horren gidaritzapean aritzen dira.
Ahozkotasuna
Senide horren lana ahozkotasunarekin lotuta dago bereziki. Talde txikitan banaturik, ikasleen arteko ingelesezko elkarrizketak eta elkarreraginak bultzatzen dituzte. Denbora guztian aritzen dira ingelesez berbetan, eta ikasle guztiek dute aukera berba egiteko. Halaxe diote parte-hartzaileek: “Talde txikitan berba gehiago egiten dute, askoz ere naturalagoak direlako elkarrizketak. Gainera, elkarri laguntzeko ere prestuago 
egoten dira, zuzenketak eta horrelakoak egiteko…”
Senideek hainbat estrategia erabiltzen dituzte elkarrizketak eta ikasleen arteko elkarreraginak bultzatzeko. Estrategia horiek ingeleseko irakaslearekin adostu eta prestatzen dira. “Tutoreak emandako gaiak lantzen ditugu, igarkizunen edo irudien bidez, testu bat irakurriz, aldizkari edo egunkarietako berri bat komentatuz… Baliabide horiek hizketan egiteko aitzaki bihurtzen dira…, errazago berba egiteko…”. 
Motibazioa eta portaera
Lehenago esan dugun moduan, senide edo boluntarioen parte-hartzeak ikasleen gogoa eta motibazioa berpizten ditu, eta hori agerian gelditzen da lanerako duten jarrerarekin.
“Ni hasi nintzenetik, ikasleak askoz ere motibatuagoak ikusten ditut, oso pozik etortzen dira, eta beti egoten dira prest lanerako. Bueno, batzuk besteak baino gehiago, baina orokorrean oso jarrera ona daukate…”
“…Talde txikietan lan egiten dugunez, portaera-arazorik ez da sortzen. Bi urtetan ari naiz esperientzia honetan, eta ez dut behin ere arazo larri edo esanguratsurik izan. Ikasleek irakasle modura hartzen gaituzte, elkarrenganako konfiantza eta errespetu handia sortzen da… 
Arreta pertsonala
Talde txikiak abantailak ditu ikasle bakoitzaren beharrizanei erantzuteko orduan. Ikasteko moduak, ikasmaila, erritmoak, zaletasunak, etab. errazago bideratzen dira talde txikietan, eta hori nabarmentzen dute senide zein ingeleseko irakasleek. Halaxe dio ingeleseko irakasle batek: “Talde handian lan egiten dudanean, ahalegindu 
arren, ez da erraza ikasle guzti-guztiak modurik onenean hartzea eta bakoitzari erantzun pertsonalizatua eskaintzea. Askoz errazagoa da talde txikitan aritzen garenean, nire lana errazteaz gain, ikasleen ikaskuntzak ere nabarmen bizkortzen dira”.
Talde txikiak ikasleen arteko elkarrekintzak bultzatzen ditu, eta harreman horietan sortu eta eraikitzen dira ezaguerak. Honela azpimarratzen digu senide batek: “Talde txikietan, askotan, elkarri laguntzen diote…, gu adi egotea besterik ez da behar, berba asko egiten duena pixka bat geldiarazten eta isilik edo gutxitxoago egiten duenari aukerak ematen… 
Emaitzen hobekuntza
Senide zein irakasleek ere bat egiten dute alderdi horretan. Ikasleen emaitza akademikoek gorantz egiten dute kasu guztietan. Hizkuntzaren inguruko motibazioan, eta baita haren ezagueran zein erabileran ere, aurrerapen nabarmenak ikusten dira, eta horretaz jabetzen dira ikasleak ere, eta hala adierazten dute: “Taldeetan askoz ere gehiago ikasten dugu, berba gehiago egiten dugulako. Errazagoa da talde txikian berba egitea talde handian egitea baino, lotsa gutxiago pasatzen duzu eta zuzenketak ere azkarragoak dira”.
Ingeleseko irakaslearen ustez, hobekuntza eta arrakasta neurtzeko, hemen 
esandakoaz gain, azterketak ere erabil ditzakegu: “Modu honetara lan egiteak eragina du ahozkotasunean, hiztegia eta hizkuntza-egiturak menperatzeko orduan…, eta horren adierazle da ikasleek azterketetan emaitza hobeak ateratzea, kanpokoetan zein barrukoetan…  
Sarriago egitearen alde
Ikasle, irakasle zein senideek jasotako emaitzak eta izandako esperientzia balioetsi ondoren, egoki ikusten dute honelako saioak ugaritzea, eta Lehen Hezkuntzako zein Haur Hezkuntzako gela guztietara hedatzea. Horrez gain, jabetzen dira horretarako pertsona edo baliabide gehiago beharko liratekeela. Horregatik, deia egiten diete senide guztiei, horrelako esperientzietan parte har dezaten. “Guretzat ere, gurasoontzat, oso esperientzia polita da. Guk ere eskolan lagundu ahal izateko aukera zabaltzea eta dakiguna ikasleekin partekatzea oso positiboa da, bai ikasleentzat eta baita guretzat  
ere”. “Ez dira damutuko. Hasieran zalantzak izan ditzakete, urduritasun-puntu bat ere bai, baina hori lehenengo saioarekin 
uxatzen da, eta gero oso atsegina da ikasleen aurrerapenak eta gogoa ikustea…”.