Alternatibak eraikitzen

2013-06-01

Hezitzaile eta irakakasleez gain, udal teknikariak, arkitektoak, gurasoak... elkartu ziren hik hasi-ren ‘Herri hezitzailea, eskola herritarra’ jardunaldietan, haurra erdigunean jarriko duten herri- eta eskola-ereduak pentsatzeko

 
 
“Ze hezkidetza maila, ze balio konpartitu, ze jai giro, ze lan sistema, ze justizia sozial, ze kontsumo eredu, ze demokrazia eredu, ze nortasun adierazle...  Umeak kontuan hartu gabe nola antola daiteke ezer eurentzat? Ze leku egin nahi diegu umeei gure gizartean? Ze parte hartze eremu ukatzen diegu? Umeak ukatzearekin geure buruari eta geure gizarte ereduari ze ukatzen diogu? 
Orain kendu ‘ume’ hitza, eta jarri ‘ni’ eta ‘zu , ‘gu’ ondoren, eta ‘komunitatea’ hurrena. Gutaz ari gara. Gugintzaz”. 
Lorea Agirre kazetari eta ikerlariaren hitzak dira. Tonucciren La Cittá dei bambini liburuaren euskarazko bertsioaren hitzaurrean idatzi dituenak. Galdera horiei erantzuna bilatzera bostehun lagunetik gora batu ziren hik hasik antolaturiko Herri hezitzailea, eskola herritarra jardunaldietan.
Egun horietan, zehazki, Espainiako Gobernuak LOMCE Hezkuntzarako Lege Erreforma onartu behar zuen —azkenean astebetez atzeratu zen—. Neurririk hartu ezean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako ikastetxeetan ondorio zuzenak izango dituen lege  neoliberal, elitista eta atzerakoiaren aurrean, bestelako eskola eta herri ereduak pentsatzera bildu ginen Kursaalen. 
Ehunka hezitzaile eta irakasle bildu ziren jardunaldietan, baina pozgarria izan zen, halaber, psikologoak, soziologoak, udaltzainak, arkitektoak, udal zinegotziak, hainbat alorretako teknikariak, artistak, ingeniariak, ekonomilariak eta gurasoak Kursaalera batu izana, Euskal  Herriko esperientziak ezagutzera eta Francesco Tonu­cciren proposamen pedagogiko eta politikoa entzutera. 
Haurra erdigunean jarriko duen hiri ereduaren proposamena aurkeztu zuen Tonuccik, haurraren beharrak eta premiak entzuten eta asetzen dituen herri ereduak 
emakume, adineko, ezindu, etorkin, gazte... hau da, pertsona guztien beharrak aseko baititu.  Eta herriak bezala, haur guztiek lekua izango duten eskola bat planteatu zuen, —Werten eskola elitistaren guztiz bestelakoa, noski—. “Eskolak gutxi batzuentzako izaten jarraitzen du, baina denei eskaintzen zaie. Horrek frustrazioa sortzen du, gehienek ez baitute jasotako mezua ulertzen. Guztientzako eskola bat nahi badugu, haurrei ezer proposatu ordez haurrei entzun egiten dien eskola bat egin behar dugu. Haurrak hartzen dituen eskola bat izan behar du, haurrek duten historia, kultura, ezagutza, bizipenak hartzeko prest ­egon behar duen eskola”.
Iraultza bat proposatzen du Tonuccik, Agirrek dioen moduan: Haurra komunitatearen zentroan jartzea,  haurrak subjektu politiko bilakatzea. “Umeei hitz egiteko aukera ematea, helduen kontraesanak biluzian uztea da, geure nekeei ahotsa ematea, logikotzat jotzen dugun absurdo horri izena jartzea, bizi dugun gizarte gaixoari diagnostiko egoki bat egiten hastea. Baina ez da hori bakarrik. Demokrazia praktikatzea da, parte hartze modu errealak praktikan jartzea.”
“Etorkizuna ez badugu orain eta hemen lantzen, non geratzen da?”, dio hitzaurre horretan Agirrek.