"Herri hezitzailea, eskola herritarra" jardunaldiak

2013-06-01
 
 
Haurra erdigunean jarriko duen eskola eta herri parte-hartzailearen inguruan hausnarketa egitera bostehundik gora lagun bildu ziren  Herri hezitzailea, eskola herritarra  jardunaldietan. Irakaskuntza munduko langile eta ikasleez gain, alor ugaritako behargin, ordezkari eta teknikariak batu ziren, Donostiako Kursaal jauregian. Francesco Tonucci 'Frato' psikopedagogo italiarra izan genuen gurekin bi egunetan. Donostiara etorri aurretik,  Cittá dei bambini liburuaren euskarako itzulpena aurkeztu zuen Tonuccik Arrasaten, Txatxilipurdiren eskutik. 
Lorea Agirrek eman zien hasiera jardunaldiei, haurrei entzun beharraz eta hitza 
emateaz aritu zitzaigun, eta, ondoren, hari horri heldurik, Tonuccik jolasteko premiaz, kontrolik gabe eta libre jolastearen garrantziaz, parkeez, arriskuez gogoeta egin zuen. Gogoeta horiek Euskal Herrira, zehazki Donostiara, ekarri zituzten ondoren Alfredo Hoyuelosek eta Txusma Azkonak. Ezagutu genituen, halaber, Euskal Herriko hainbat esperientzia, hala nola,  Arrasateko Txatxilipurdi euskara eta aisialdi elkartearen proiektua, Oarsoko Irrien Klubekoa, Ordizia hiri hezitzailekoa...
Hurrengo egunean, Koldo Telleria Hiria kolektiboko arkitektoak hirigintzari buruzko hausnarketa egin zuen, eta Tonuccik hartu zuen hitza jarraian, guztiontzako eskolaz mintzatzeko. Gero, Hur Gorostiagak  Iparraldeko ikastolen egoeraren erretratua egin zuen, eta jarraian Gipuzkoako Eskola Txikietako esperientziak eta Dima eta Aitor ikastolakoak ezagutu genituen.